247. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

72/2020 FORU DEKRETUA, urriaren 7koa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua aldatzen duena.

ZIOEN AZALPENA

Nafarroako Foru Komunitateko Lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezarri zuen. Halaber, abuztuaren 14ko 85/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren oinarrizko egitura ezarri zen.

Urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren bidez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezarri zen.

Barneko Zuzendaritza Nagusiak proposatu du aldaketa bat egitea Departamentuaren egituran, Segurtasun Politikak Garatzeko Zerbitzuari eta Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuari eragiten diona.

Era berean, Lehendakaritza eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusiak eta Komunikazioko eta Erakundeekiko Harremanetako Zuzendaritza Nagusiak proposatu dute hobekuntza tekniko bat egitea horietako lehenaren eskumenen esparruaren deskribapenean.

Horrenbestez, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta hogeiko urriaren zazpian egindako bilkuran harturiko erabakiarekin bat,

DEKRETATZEN DUT:

Artikulu bakarra.–Aldatzea 259/2019 Foru Dekretua, urriaren 30ekoa, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena.

Honela aldatzen da urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretua, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duena:

Bat. 63. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“63. artikulua. Segurtasunaren Koordinazio Atalaren esparru material eta funtzionala.

Udaltzaingoak koordinatzeari buruz Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioari dagozkion eskudantziak kudeatuko ditu Segurtasunaren Koordinazio Atalak, eta foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu honako hauei dagokienez: instalazio, zerbitzu eta horniduren kudeaketa administratiboa, Nafarroako Segurtasun Sistema Publikoari lotutako informazio sistemen mantentze-lana eta erosketen kudeaketa, eta zuzendaritza nagusi honen eskumeneko segurtasunari lotutako kudeaketako jarduera materialak eta administrazio prozedurak arrazionalizatu eta arintzea.

Segurtasun zerbitzuen kudeaketari dagokionez, azterlanak eta proiektuak prestatuko ditu, eta segurtasun zerbitzua duten eraikinen segurtasun neurrien katalogoa prestatu eta eguneratuko du. Segurtasun pribatuaren zerbitzuak eta sistemak kontratatzeko kudeaketa zentralizatua ebaluatu eta kontrolatuko du administrazioaren aldetik, baita zaintza eta segurtasun zerbitzuen kontratazioa eta segimendua ere. Gainera, segurtasun pribatuaren kontratuak gainbegiratu, koordinatu eta kontrolatuko ditu eta koordinatu, aholkatu, kontratatu eta segimendua eginen du segurtasun sistemak jartzeko.

Halaber, Segurtasunaren Koordinazio Atalak foru dekretu honetan aurreikusitako eginkizunak beteko ditu, herrietan Nafarroako Segurtasun Publikoko Sistema osatzen duten partaidetza eta koordinazio organoak abian jarri eta haien funtzionamendua burutzeari dagokionez.

Bi. 70. artikulua aldatzen da, eta testu hau izanen du:

“70. artikulua. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren egitura.

1. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak atal hauek ditu bere egituran:

a) Prebentzio, Ikuskapen eta Zabalkunde Atala.

b) Gai Teknikoen, Logistikaren eta Ekipoen Atala.

c) Esku-hartze Operatiboaren, Suhiltzaile Etxeen, Kanpainen eta Taldeen Atala.

d) Prestakuntza Atala.

e) Gai Administratiboak eta Langileria Kudeatzeko Atala.

2. Atalek talde operatiboak izaten ahalko dituzte, bai eta erreskate taldeak eta talde bereziak ere, su-itzaltzearen eta salbamenduaren arloan eskumenak dituen departamentuko titularraren foru aginduaren bidez sortuko direnak. Agindu horietan taldeen tamainari eta berezitasunei buruzko irizpideak agertuko dira.

Talde bakoitzean suhiltzaile agintari bat izanen da buru. Haren maila ezaugarrien arabera ezarriko da, eta aipatutako foru aginduan agertuko da.

3. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak eskualdeak eta suhiltzaile etxeak ditu bere lurralde egituran.

4. Eskualdeak banaketa geografikoak dira, beren baitan suhiltzaile etxe bat edo batzuk hartzen dituztenak. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez ezarriko dira.

Eskualde bakoitzean suhiltzaile agintari bat izanen da buru. Haren maila ezaugarrien arabera ezarriko da eta aipatutako foru aginduan agertuko da.

5. Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuko suhiltzaile etxeak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko kontseilariaren foru agindu bidez sortu eta deseginen dira. Bertan zehaztuko dira haien tipologia, langileen eta esku-hartzearen kopurua, xede dituzten herriak eta arriskuen mapa.

Suhiltzaile etxe bakoitzean suhiltzaile agintari bat izanen da buru. Haren maila suhiltzaile etxearen motaren araberakoa izanen da eta aipatutako foru aginduan agertuko da.

6. Erregelamendu bidez, bigarren jarduerako taldeak ezar daitezke, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuaren menpe eginkizunei eta antolaketari dagokienez. Haien ezaugarriak, lan baldintzak eta lehentasunak Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren titularraren foru aginduaren bidez alda daitezke.”

Hiru. Kendu egiten da s) letra Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 8. artikulutik.

Lau. Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 259/2019 Foru Dekretuaren 8. artikuluko u) letrak testu hau izanen du:

“u): Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren prozeduren katalogoa edo inbentarioa.”

Azken xedapen bakarra.–Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko urriaren 7an.–Nafarroako Gobernuko lehendakaria, María Chivite Navascués.–Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilaria, Javier Remírez Apesteguía.

Iragarkiaren kodea: F2011673