246. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 21a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

57/2020 FORU AGINDUA, urriaren 21ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

2020ko ekainaren 20an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Nafarroako Gobernuaren erabaki bat, 2020ko ekainaren 19koa, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratzen zuena eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurriak ematen zituena, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Erabaki horren xedea zen prebentzio, euste eta koordinazio neurri urgenteak ezartzea COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko eta, orobat, gerta litezkeen agerraldiei aurrea hartzeko, behin Nafarroako Foru Komunitatean 3. fasea gaindituta eta alarma egoerak indarra galdu ondoren.

Aipatutako erabakiaren 5. puntuan xedatzen denez, bertan ezarritako prebentzio neurrien etengabeko jarraipena eta ebaluazioa eginen da, unean uneko epidemiologia eta osasun egoerara egokitzen direla bermatzeko.

Erabaki horrek ezartzen du, halaber, Osasun Departamentuaren titularrak, osasun arloko agintari gisa, erabakia aplikatzeko beharrezko neurriak hartzen ahalko dituela eta, aplikatzekoa den araudiaren arabera, eta bilakaera epidemiologikoa ikusirik, erabaki horretan ezarritakoa gehitu, osatu edo murrizteko neurriak ezartzen ahalko dituela, beharrezkoak badira.

Nafarroako Foru Komunitatean, 2020ko irailaren 11n argitaratu zen 42/2020 Foru Agindua, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz, 14 eta 7 egunetan 100.000 biztanleko 335 eta 175 kasuko intzidentzia metatu ondoren, 1,9ko ratioarekin.

37. eta 38. asteetan intzidentzia metatuak gora egin zuenez, 100.000 biztanleko 603 eta 303 kasuko intzidentzia metatuarekin, Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Agindua argitaratu zen. Agindu horretan, igerilekuetan eta gorputz- eta kirol-jardueretan edukiera murriztu zen, eta alkoholaren salmenta arautu zen 22:00etatik 08:00etara.

Neurri horiek irailaren amaierara arte iraun dute; izan ere, 14 eta 7 egunetara metatutako intzidentzia 100.000 biztanleko 678 eta 375 kasukoa izanik, 1,8ko ratioarekin, urriaren 1eko 47/2020 Foru Agindua argitaratu zen. Agindu horretan, aurreko neurriei eusteaz gain, beste neurri batzuk gehitu ziren edukiera murrizteari dagokionez jendaurreko txikizkako establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionaletan (%50), merkataritza-gune eta -parkeetako lokaletan (%50) eta leku horietako espazio komunetan (ez da %40tik gorakoa izanen). Halaber, gomendatzen zen 65 urtetik gorako adinekoei lehentasunezko arreta ematea.

Ondoren, urriaren 11ko 54/2020 Foru Agindua argitaratu zen, 14 eta 7 egunetara metatutako intzidentziak hazkunde handia izan ondoren, 100.000 biztanleko 741 eta 438 kasutara iritsiz, hurrenez hurren, 1,7ko ratioarekin. Ospitalizazioak ere gora egin zuen eta horrek ZIUn ere eragina izan zuen, infekzio aktiboa diagnostikatzeko proban positibotasunaren ehunekoak pixkanaka gora egin ondoren.

Gaur egun ikusten da agerraldi aktiboen %85 gertatzen direla familiaren eta gizartearen esparruetan eta esparru mistoetan, inplikaturiko 2637 pertsonen %68 hartuz. Horrek justifikatu egiten du eremu pribatu eta publiko guztietan neurri murriztaileagoak hartzea, beti ongi planifikatuta ez dauden interakzio sozialak ekar ditzaketenetan (esparru pribatuko eta publikoko topaketak aisialdiaren inguruan, zeinetan jan-edana dagoen eta, beraz, maskararik gabeko espazioak sortzen diren eta distantziak mantentzea zailagoa den), espazio itxietan eta/edo intentsitate txikiko edo handiko jarduera fisikoak arrisku handiagoa sortzen duen espazioetan, agentzia nagusiek deskribatzen duten bezala.

Oraindik argitaratu ez den asteko txosten epidemiologikoaren arabera, 42. astean (urriaren 12tik 18ra) 3354 kasu baieztatu dira PCR edo antigeno bidez (508 kasu 100.000 biztanleko), aurreko astean baino %15 gehiago. Horrek esan nahi du azken 14 egunetan eta 7 egunetan intzidentzia metatua izan dela 946 eta 508 kasukoa 100.000 biztanleko. Kasu berri horien %70 sintomatikoak ziren, eta %63 baieztatutako beste kasu batzuen kontaktuak izan ziren. Kasuak ugaritu egin dira 35-54 urteko helduen artean (%36), 55-74 urtekoen artean (%24) eta 5-14 urteko haurren artean (%14). 15-34 urtekoen artean, kopurua egonkortu egin da, eta 75 urtetik gorakoen artean (-%9) eta 5 urtetik beherakoen artean, berriz, jaitsi egin da (-%22).

Une honetan 399 agerraldi aktibo daude, eta horien %87 familia barruko agerraldiei (%35), agerraldi sozialei (%38) edo familia eta gizarte esparruko agerraldi mistoei (%14) dagozkie. 3445 pertsona dira osotara, %26 familia esparruarekin lotutako agerraldietakoak, %14 familia eta gizarte esparruko agerraldi mistoetakoak eta %31 gizarte esparruko agerraldietakoak.

Osasun Ministerioak urriaren 20an argitaratutako datuen arabera, pixkanaka hartu diren neurri guztien ondoren, Nafarroa da intzidentzia-tasa metatu handiena duen autonomia-erkidegoa 14 egunetara (1002,73 kasu 100.000 biztanleko) eta 7 egunetara (543 kasu 100.000 biztanleko), eta goranzko joera du aurreko astearekin alderatuta. Autonomia-erkidego guztietako intzidentziarik handiena da, eta Europako altuenetako bat.

Bestetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenaren arabera, infektatutako pertsonen kopurua azkar eta nabarmen ari da handitzen. Nafarroako Ospitaleguneko Mikrobiologia Zerbitzuaren datuen arabera, soilik laborategi horretan, irailaren 29ko astean infektaturiko 1.969 pertsonak detektatzetik urriaren 12ko astean 3.193 detektatzera (%62ko igoera) pasatu ziren.

Larrialdietako, ospitalizazio konbentzionaleko eta etxeko ospitalizazioko arreta eta zainketa intentsiboetako oheetan sartzea beharko duten pertsona infektatuen kopurua nabarmen handituko da ondoko asteetan, eta kontingentzia-planean aurreikusitako edukierak gainditzeko arriskua dago.

Aurretik deskribatutako egungo kontingentzia-planean ezarritako baliabideen ahalmena gainditzen bada, hurrengo urratsean kontsulta-, ospitaleratze- eta kirurgia programatuaren jarduera eten eginen da, baliabide materialak eta profesionalak COVID-19 pazienteen beharretara birbideratzeko.

Egoera dela-eta, udazkenean eta neguan arnas infekzioak areagotzeak eta gure erkidegoan hastear behar duen gripearen eraginak, SARS-CoV-2ak eragindako infekzioen mailarekin batera, arrisku handiko egoeran jarriko dute osasun-arreta emateko gaitasuna gure erkidegoko ohiko estandarretan.

Horrek aldaketa azkar eta zorrotzak egitera behartuko du, itzultzerik noiz izanen den argi izan gabe. Kontuan izan behar da 2020ko martxoan, infekzioari eusteko gaitasuna gainditu ondoren, biztanleria erabat konfinatu behar izan zela egoera lehengoratzeko.

Arreta bermatzeko muga nagusia izanen da COVID-19 patologiari eta gainerako patologiei aldi berean arreta emateko beharrezkoak diren profesionalen prestasuna. Gaur egun, gero eta profesional gehiago behar dira kontingentzia-plan aktiboei erantzuteko, eta gero eta gehiago dira egoera epidemiologiko orokorraren ondoriozko infekzio aktiboa edo isolamendua duten profesionalak (gizarte- eta familia-harremanak). Hori dela eta, ezohiko jardueretara jo behar da, eta arriskuan jartzen da datozen asteetan profesionalek nahitaezko atsedena hartzeko aukera.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren txostenak adierazten duenez, orain arte hartu diren neurri doituak eta proportzionalak ez dira gai izan infekzioaren hedapena geldiarazteko. Testuinguru horretan, premiazko neurri indartsuak hartu behar dira, infekzioaren hedapena azkar gelditzeko eta ospitale-baliabideen okupazioa murrizteko, paziente guztiei osasun-arreta behar bezala ematen jarraitu ahal izateko.

Bestalde, Osasun Zuzendaritza Nagusiaren txostenak adierazten duenez, Nafarroan, jasaten ari garen bigarren olatu honi dagokionez, une oro saiatu gara erantzun mailakatua, proportzionala eta ahalik eta orekatuena ematen. Ahal dela, osasun publikoa babestu beharreko ondasun goren gisa zaindu behar da, osasun komunitarioaren gaineko inpaktu positiboak maximizatuz eta gizarte-bizitzaren eta jarduera ekonomikoaren gaineko inpaktu negatiboak minimizatuz. Hau da, jardueretan muga puntualen politika aplikatzea eta “kirurgia selektiboa” egitea soilik premia larriko kasuetan, esaterako, mugikortasunari ezarritako mugak, epaitegiek bere garaian ontzat jo dituztenak. Horrekin batera, baheketa selektiboak egin dira osasun publikoaren ikuspegitik justifikatuta zeuden kasuetan (Mendillorri, Bera, Leitza, Tutera, Valtierra, Cadreita, Zarrakaztelu).

Hala ere, txosten horretan adierazten denez, orain arte hartutako neurriak ez dira nahikoak izan birusaren hedapena geldiarazteko, duela astebete pasatxo agindutakoak barne, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen txostenean egiaztatu denez. Eta gaur egun erabiltzen ditugun datuek, alerta-sistemek eta proiekzioek adierazten dute arestian aipatutako neurrien balizko emaitzak eragin neurrizkoa eta pixkanaka beheranzkoa izanen lukeela ondoko aste eta hilabeteetan. Une honetan, “talka-politika eta -neurri” sendoak behar dira, agerraldien kausa nagusietara zuzenduak, datozen bi/hiru asteetan birusaren kutsatze- eta transmisio-maila nabarmen jaisteko. Hala eginen ez bagenu, gure arreta-sistema arriskuan jarriko genuke, eranskin gisa ageri den Nafarroako Ospitaleguneko zuzendari-kudeatzailearen txostenak agerian jartzen duen bezala, bai COVID-19aren kalitatezko arretari dagokionez, bai bestelako patologiei eta horiekin lotutako morbimortalitateari dagokienez, eta, gainera, arriskuan jar genezake erkidego gisa dugun errealitate ekonomiko eta soziala.

Foru agindu honek izaera murriztailea eta apartekoa duten neurriak onartzen ditu, hala nola, lehenik eta behin, “Osasun-hesia” ezartzea: mugatuko dira Nafarroako Foru Komunitate osoaren perimetroko sarrerak eta irteerak, eten eginen da ostalaritza- eta jatetxe-zerbitzuen jarduera, mugatuko da txikizkako merkataritza ixteko ordutegia eta hipermerkatu, merkataritza-azalera ertain eta handi, merkataritza-parke edo horien parte diren establezimenduena eta bestelako zerbitzuena, mugatuko da garraio publikoaren jarduera, mantenduko da pertsona kopuru mugatua eremu publiko eta pribatuko bilkuretan, mugatuko da aire zabalean erabiltzen diren kirol-eremuen, haurren jolas-eremu edo -parkeen erabilera, eten eginen da joko- eta apustu-lokalen jarduera, bai eta ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dituzten establezimenduena ere. Foru agindu honetan, indarrik gabe uzten da urriaren 11ko 54/2020 Foru Agindua, bertan jasotzen ziren neurriak bateratu egiten dira eta beste batzuk gehitzen dira.

Intzidentziaren areagotzea prebenitzeko neurriak hartzeko erreferentzien artean, Erresuma Batuko Scientific Advisory Group for Emergencies (Sage) zerbitzuak argitaratutako berrikuspena dago. Bertan, zehatz-mehatz aztertzen dira birusaren transmisioa eta hedapena geldiarazteko esku-hartzeak, bai eraginkortasunari dagokionez, bai izan ditzaketen eragin kaltegarriei dagokienez. Esku-hartze horiek, bakarka, ondorio apalak izan arren, batera hartuta, badute eragina.

Neurri berrien artean nabarmentzekoa da ostalaritzaren eta jatetxeen itxiera, foru aginduan jasotzen diren salbuespenekin. Neurri hori justifikatzen da establezimendu horiek harreman sozialerako espazio nagusia direlako eta elkarreragin soziala errazten dutelako, elkarrekin bizi diren pertsonez harago, eta establezimendu horietan gauden bitartean arrisku-faktore handiagoak ematen dira bestelako jarduera batzuetan baino. Arrisku faktore horiek lotura dute establezimenduan gauden denbora guztian edo denborarik gehientsuenean maskara ez erabiltzearekin eta mahaiko baimenduta dagoen taldekatzearen baitan segurtasun tartea ez mantentzearekin, denbora tarte luze antza batean. Gainera, establezimendu horietako barne-espazio askok ez du aireztapen egokirik, eta horrek transmisioa errazten du. Alkoholaren kontsumoak ere eragina du pertsonen portaeran, eta segurtasun-neurriak lasaitzen ditu. Autobabeserako neurriak (maskara eta segurtasun-tartea) dira birus bat pertsonatik pertsonara transmititzea saihesteko neurririk garrantzitsuenak, eta neurri hauek lasaitu egiten ditugu establezimendu horietan, elikagaiak eta edariak kontsumitzen aritzen baikara bertan gauden bitartean.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenaren arabera, gizarte-topaketak dira Nafarroan kutsadura-iturri garrantzitsuenetako bat. Bilaketa zerbitzuaren arabera, urriaren 14tik 19ra bitartean, agerraldiren bateko pertsona baten edo gehiagoren kasuan item gisa identifikatu dira ondoko terminoak: “Jatetxeak eta tabernak” (19 agerralditan), “Jatetxeak eta tabernak eta ahaideen/lagunen bilerak” (3 agerralditan), “Ahaideen eta lagunen bilerak” (59 agerralditan) eta “oporretako bidaiak” (4 agerralditan).

Txikizkako merkataritzaren, handizkako merkataritzaren eta hainbat jardueraren ordutegien muga 21:00etan ezartzen duten neurriei dagokienez, xedea da pertsonen mugikortasuna murriztea eta transmisioa errazten duen gizarte-kontaktua saihestea. Erresuma Batuko Scientific Advisory Group for Emergencies (SAGE) zerbitzuak argitaratutako berrikuspenaren arabera – Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean aipatzen da –, intzidentziaren igoera prebenitzeko eta eteteko gomendioetako bat da, hain zuzen ere, establezimenduen barruko jarduera mugatzea, bai eta harremanak mugatzeko estrategiak sustatzea ere, etxean bizi direnengandik eta eremu sozialekoengandik harago. Horregatik, denbora-tarte jakin batean jarduera jakin batzuk egiteko ordutegi-mugarekin, xedea da biztanleriaren mugikortasuna mugatzea, horrela sustatzeko estrategirik eraginkorrena, hau da, “etxean geratzea” (stay at home order), eraginkorrena dela frogatu baita.

Nafarroako Foru Komunitateko sarreren eta irteeren murrizketari buruz hartutako neurria, foru agindu honek jasotzen dituen salbuespenak salbuespen, neurri egoki eta beharrezkotzat jotzen da osasunaren ikuspegitik eta osasun publikoaren irizpidearekin. Nafarroaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Errioxako eta Aragoiko autonomia-erkidegoen artean egoera epidemiologikoa eta intzidentzia-tasa desberdinak direnez, ezinbestekoa da “osasun-hesia” ezartzea, gure erkidegoko herri eta lurralde mugakideen arteko mugikortasuna ahalik eta gehien murrizteko. Ebidentzia aho batekoa da mugikortasunak SARS-CoV-2aren zirkulazioan eta transmisioan duen garrantziari dagokionez. Kontuan hartuta, gainera, gure erkidego mugakideetako egoera epidemiologikoa, une honetan nabarmenki goranzko fasean dagoena, argi eta garbi da beharrezkoa lurraldeen eta herrien arteko mugikortasuna murriztea. Bereziki kontuan hartuta gure erkidegoko hotel-establezimenduak ixten direla, eta irekita daudela Errioxako (Haro, Calahorra, eta hiriburua bera), Euskal Autonomia Erkidegoko (Beasain, Tolosa, Irun), Aragoiko (Gallur, Tauste, Ejea, Tarazona) eta inguruko herrietan, harreman eta intermugikortasun berezia duten herrietan. Beste erkidego batzuetan, agerikoa da bezero ugari joaten ari direla ostalaritza- eta jatetxe-jarduera etenda ez dagoen erkidego mugakideetara.

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Aretoaren abalarekin udalerri mailan ezartzen ari diren mugikortasunaren mugei dagokienez, une honetan, egungo erregulazioan planteatzen diren neurri gehigarriekin, oro har haiek eragin zituen funtsezko zentzua izateari utzi diote. Helburua zen, funtsean, udalerrien arteko aisialdiko jarduerak murriztea, aisialdiko jarduera mugatzean, muga horiek zituen udalerriko biztanle batzuk aisialdia irekita zuten beste herri batzuetara joan ez zitezen. Aisialdiko jarduera horiek eten egin dira orain Nafarroa osorako, eta, beraz, ez du zentzurik orain udalerrien arteko mugikortasuna mugatzeak; nolanahi ere, etorkizun hurbilean, eta transmisio komunitario handiko salbuespenezko eta arrisku handiko kasuetan, beharrezkoa izan daiteke orain arte bezala udalerri-mailan mugikortasun-muga gehigarriak planteatzea.

Foru aginduan beste neurri batzuk jasotzen dira, batez ere edukiera murriztekoak, aurretik hartzen ziren neurrien ildotik, pilaketak saihesteko, eta jarduera bera eta jarduera egiten den lekuak direla-eta (funtzio anitzeko espazioak, joko eta apustuetarako lokalak eta antzekoak) arriskutsutzat jotzen diren jarduera jakin batzuk etetekoak, beren jardueraren ezaugarriengatik kutsatzeko arrisku handia dakartenak. Funtzio anitzeko espazioak, kasu gehienetan, jaiak, bilerak edo antzekoak egiteko aretoak edo espazioak alokatzen diren tokiak dira, arauak betetzeko aurrez aurreko kontrolik ez dutenak eta zeinetan jarduerak bezeroek ostalaritzako establezimenduetan egiten dituztenen antzekoak diren, baina establezimenduen aurrez aurreko kontrolik gabe. Joko eta jolaseko lokal eta aretoak ere ostalaritzako lokalen parekoak dira, beren jardueragatik beragatik.

Azken batean, hartzen diren neurrien funtsezko helburua biztanleriaren mugikortasuna murriztea da, horixe baita, orain arte, herrialde guztietan eraginkorrena izan den neurria. Ostalaritzaren eta jatetxeen itxierarekin batera, Foru Komunitateko sarrerak eta irteerak murriztu behar dira, mugikortasuna saihesteko, hau da, herritarrak mugakide diren eta horrelako murrizketarik ez duten beste lurralde batzuetara joaterik ez izateko, ostalaritza itxi den beste erkidego batzuetan gertatzen ari den bezala. Era berean, jarduera jakin batzuk irekitzeko gehieneko ordutegia mugatzeak eta beste batzuk eteteak helburu bera dute: mugikortasuna murriztea, kutsatzea saihesteko. Gauza bera esan daiteke eremu publikoan eta pribatuan egindako bilkurak sei pertsonara mugatzeari buruz. Neurri horiek guztiak eraginkorrak izan daitezen modu sinergikoan bateratu behar dira, eta, beraz, ez dira bata bestea gabe ulertzen eta osatu egin behar dira. Ahal den esparru guztietan jardun behar da, Foru Komunitateak duen lege-esparruaren babesean, hala nola 3/1986 Lege Organikoa, osasun publikoaren arloko neurri bereziei buruzkoa, eta herritarren eskubideetan ahalik eta modu proportzionalenean esku hartzen saiatuz. Erresuma Batuko Scientific Advisory Group for Emergencies (SAGE) erakundeak argitaratutako berrikuspenaren arabera (Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenean aipatzen da), intzidentziaren handitzea prebenitzeko eta gure kasuan murrizteko gomendioetako bat da suebaki-estrategia bat egitea (“circuitt-breaker”) epe labur batean (2 astetik 3 astera), mugikortasuna murriztea sustatzeko eta harremanak mugatzeko eremu sozialean eta pribatuan, etxean bizi direnez gain, ahal den neurrian “etxean geratzea” (stay at home order) bilatuz.

Hauek dira Nafarroak une honetan har ditzakeen gehienezko neurriak, Erkidegoan dagoen kutsatze-egoera dela eta, ezarritako lege-esparruaren barruan. Helburua da kutsapenak zorrotz murriztea, ondoko neurriak saihesteko; izan ere, neurri horietakoa izan daiteke etxeko konfinamendua, eta horrek kalte egin liezaieke herritarrei eta Erkidegoaren jarduera ekonomikoari.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Foru agindu honetan jasotzen diren neurri guztien artean bereziki bi dira garrantzitsuak, horiek ezartzeak dakartzan ondorioengatik eta pertsonen oinarrizko eskubideak murrizten dituelako. Bata, Nafarroako Foru Komunitateko sarreren eta irteeren mugikortasuna mugatzea da, eta bestea, berriz, biltzeko eskubidea mugatzea eremu publiko eta pribatuetan, zeina, bestetik, Justizia Aretoak aldez aurretik berretsi baitzuen urriaren 11ko 54/2020 Foru Aginduan, eta orain horri buruz gehitzen da gomendio bat, eremu pribatuetan elkartzen diren pertsonak elkarrekin bizi diren pertsonak bakarrik izan daitezen, kontuan harturik kutsatze-foku garrantzitsuak sortzen ari direla eremu horietan, non prebentzioko osasun neurriak laxatzen diren.

Alde horretatik, jurisprudentzia konstituzionalak onartzen du oinarrizko eskubideak mugatzen ahal direla, kontuan hartuta balio konstituzionalen artean talka egon daitekeela. Jurisprudentzia konstituzionalaren arabera, oinarrizko eskubideak mugatzen ahal dira egiaztatu behar diren baldintza batzuk tarteko direla. Lehenengo eta behin, horren oinarria izatea beste eskubide edo ondasun konstituzional batzuk babestea (STC 43/1983, maiatzaren 27koa), murriztapenak beharrezkoak izatea bilatzen den helburua lortzeko (STC 13/1985, urtarrilaren 31koa), helburu horrekin proportzionalak izatea (STC 37/1989, otsailaren 11koa), eta ukitutako oinarrizko eskubidearen funtsezko edukia errespetatzea. (STC 42/2000, otsailaren 14koa, STC 24/2015, otsailaren 16koa, besteak beste).

Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoak aukera ematen die, osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariei, beren eskumenen esparruan, transmisio arriskuko kasuan beharrezkotzat jotzen diren neurriak hartzeko, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Urgentziazko edo premiazko osasun-arrazoiak argi eta garbi ageri dira foru agindu honekin batera doazen txosten teknikoetan: kutsadura-tasen zenbakiak, positibitate-indizearen etengabeko igoeran eta ospitale-okupazioaren indizea ere etengabe igotzen gure erkidegoan. Horrek, epe laburrean, ospitale-sistema tenkatuko dela iragartzen du, eta hala, ohiko jardueraren prestazioan urritasuna ekar dezake, baita COVID-19aren ondoriozkoak ez diren heriotzak ere, beste testuinguru batean, gertatuko ez zirenak. Horretaz gain, urgentzia edo premiazko arrazoiak justifikatzen dira herritarrak kutsaduretatik babesteko eta, azken batean, osasun publikoa babesteko premian. Era berean, beharrezkotzat jotzen dira lortu nahi den helburua lortzeko, hau da, osasun publikoaren interesa babesteko; izan ere, datuekin eta datekin azaldu den bezala, lehen hainbat arlotan neurriak hartu izan dira, baina neurri horiek ez dira nahikoak izan argi eta garbi. Horregatik, eskueran zeuden alternatiba guztiak agortuz joan direnez, eta kutsatzeak areagotzen ari zirenez, beharrezko egiten dira neurri horiek guztiak, saihesteko osasun-sistema arriskuan jartzen duten egoerak ere, herritarrek oro har osasunerako duten eskubidea behar bezala bermatu gabe ez uzteko.

Konstituzio Auzitegiak eskubideak mugatzeko eskatzen duen proportzionaltasun-printzipioa ere betetzen dute. Lehenik eta behin, epe laburrerako hartzen dira, eta onura bakarra osasun publikoa babestea dela esan daiteke: eskubidearen murrizketan ezartzen den sakrifizio indibiduala. Azkenik, eskubidearen funtsezko edukia ere errespetatzen da, mugitzeko askatasunaren murrizketak dagozkion salbuespenak dituelako, hezkuntzarako, osasunerako, lanerako eta abarrerako funtsezko eskubideak bermatu ahal izateko.

Horregatik, eskubideak mugatu arren, neurri horiek beharrezkotzat jotzen dira, dauden alternatibak, proportzionatuak, agortu direlako; izan ere, herritarrei ezartzen zaien sakrifizioa ez da lortzen den onura baino handiagoa, hau da, kutsatze-kurba lautzea eta, oro har, herritarren osasuna babestea, lehen esan bezala. Neurri horiek hartu ezean, argi dago etorkizunean beste neurri batzuk ere hartu beharko direla, askoz ere kaltegarriagoak izanen direnak herritarren eskubideentzat, eta etxean konfinatu beharra ere etor daiteke, zeinak ondorio negatiboak dituen herritarren osasunean, bai eta jarduera ekonomikoan ere.

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzak osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere zazpi egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko apirilaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehenik.–Berariazko prebentzio neurri aparteko hauek hartzea Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaera dela-eta.

1.–Prebentzio neurri orokorrak.

1.1. Birusaren transmisioa murrizteko hartu beharreko prebentzio neurri orokorrak dira maskarak egoki erabiltzea, Osasuneko kontseilariaren uztailaren 15eko 34/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (foru agindu horren bidez hartu baitziren maskararen erabilerarekin lotutako prebentzio neurriak) eta abuztuaren 28ko 40/2020 Foru Aginduan araututakoaren arabera (maskarak hezkuntzaren eremuan erabiltzeari buruzkoa), pertsonen artean gutxienez ere 1,5 metroko segurtasun-tartea mantentzea, eskuak garbitzeko soluzio hidroalkoholikoa edo ura eta xaboia erabiltzea, aireztapena, ahal dela, naturala eta etengabekoa izatea erabilera publikoko establezimenduetan, eta azalerak garbitu eta desinfektatzea.

1.2. Ebidentzia zientifikoa badago, eta gero eta sendoagoa, erakusten duena birusa barnealdeko eta itxitako espazioetan transmititzen dela, eta bereziki, gutxi edo gaizki egurastuta daudenetan. Aurrekoan oinarrituta, erabilera publikoko establezimenduek ahalik eta gehien aireberritu beharko dituzte lokalak, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

1.3. Esparru publikoko espazio itxi guztietan, ahal den neurrian, Osasun Ministerioak indarrean dituen gomendioei jarraituko zaie, hots, SARS-CoV-2a hedatzea eragozteko eraikin eta lokaletako klimatizazio eta aireztapen sistemak ibiltzeko eta mantentzeko emandako gomendioei.

2.–Joan-etorriak mugatzea.

2.1. Nafarroako Foru Komunitatearen lurralde osoan pertsonak libreki sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuta egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a) Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotzen diren irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetara joatea, unibertsitateko irakaskuntza barne.

b) Lan arloko betebeharrak, profesionalak edo enpresarialak betetzea.

c) Ohiko bizilekura itzultzea.

d) Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

e) Kirol arloan, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzen ahalko dira, eta horretatik atera, txapelketa profesionaletan parte hartzen duten taldeak (kirolariak zein teknikariak), baita lehen eta bigarren kirol mailetako estatuko eta izaera ez-profesionaleko txapelketa ofizialetan parte hartzen dutenak ere.

Banakako kiroletako kirolariei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartzen ahalko dira, eta horretatik atera, goi mailako kirolaritzat jotzen direnak, baldin eta kategoria absolutuko Espainiako txapelketetan edo nazioarteko txapelketa ofizialetan parte hartzen badute.

f) Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

g) Antzeko beste edozein jarduera.

2.2. Nafarroaren lurraldea gurutzatzen duten errepideetan eta bideetan zirkulatzea baimenduta dago, baldin eta bidaiaren jatorria eta destinoa horretatik kanpo badaude.

2.3. Herritarrek foru agindu honetan prebentziorako ezartzen diren osasun neurriak bete beharko dituzte.

3.–Garraioa.

3.1. Iruñerriko bidaiarien hiri-garraio erregularreko ibilgailuen okupazioa murriztu eginen da baimendutako gehieneko edukieraren %50era, ordu-tarte guztietan, betiere flotaren gehieneko edukierak horretarako aukera ematen badu.

3.2. Iruñerriko bidaiarien hiri garraioko ibilgailuetan, honako baldintza hauek bete beharko dira:

–Ireki daitezkeen leihatilak izanez gero, horien erdiek irekita egon beharko dute airearen zirkulaziorako.

–Sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoaren banagailuak paratuko dira, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

–Hiriarteko garraioari dagokionez, eskatuko da autobusetan gel hidroalkoholikoa egotea sarreran zein irteeran, eta erabiltzaileei gogoraraziko zaie komeni dela eskuak garbitzea autobusera sartzean eta horretatik ateratzean.

3.3. Aurreko paragrafoetan xedatutakoa ez zaio eskola-garraioari aplikatuko, jada aplikagarriak zaizkien osasun-babeserako neurriei kalterik egin gabe.

4.–Ostatuak eta jatetxeak.

4.1. Nafarroako Foru Komunitateko tabernak, jatetxeak eta ostalaritzako establezimenduak ixtea agintzen da.

4.2. Ixteko betebehar horretatik kanpo daude hoteletako eta bestelako ostatuetako jantokiak, baina otorduetako zerbitzua ematen ahalko diete horietan ostatu hartu dutenei bakarrik. Horretarako, zorrotz bete beharko dira osasun arloko prebentzio neurri orokorrak, eta gehienez sei pertsona egonen dira mahai bakoitzean.

4.3. Ogia eta/edo eramateko kafea saltzeko zerbitzua duten establezimenduetan, zerbitzu hori baimenduko da (baina ezin da establezimenduan kontsumitu). Nolanahi ere, 21:00etan itxi beharko dute.

4.4. Halaber, janariak prestatu eta zerbitzatzen ahalko dira, etxera eramateko edo aurretiko hitzordua izanda establezimenduan hartzeko, 21:00ak arte.

4.5. Debeku horretatik kanpo daude honako hauek ere: zentro eta zerbitzu sanitarioen eta soziosanitarioen barneko ostalaritza zerbitzuak, eskola-jantokiak eta jantoki sozialeko zerbitzuak.

4.6. Funtsezko zerbitzuei eragiten dieten kasuetan, salbuespen gisa, osasun-agintaritzak establezimenduak irekitzeko baimena ematen ahalko du.

5.–Beilak eta hiletak.

5.1. Hiletetan eta beiletan gehienez ere 25 pertsona biltzen ahalko dira aire zabalean direnean eta 10 pertsona gehienez toki itxietan direnean. Hileten segizioan 25 pertsona elkartzen ahalko dira gehienez.

5.2. Hilerrietan, Santu guztien egunean, hilerrietako edukiera hau izanen da: pertsona bat hiru metro koadroko hilerriko espazio librean. 100.000 biztanlez gorako herrietan, edukiera 2.000 pertsonakoa izanen da, gehienez ere.

Aldez aurretik eta behar den denboraz planifikatuko dira ateen irekiera-itxierak, sarrera eta irteerak modu ordenatuan eta mailakatuan egiteko.

Bisitak 4 pertsona arteko taldeetan eginen dira. Gainera, pertsonen arteko 1,5 metroko distantzia gordeko da eta ez da kontaktu pertsonalik izanen.

Garbiketa-lanak eta lore-jartzeak aurreko egunetan egin beharko dira.

Hilerrien titulartasuna duten udalek ezarritako osasun neurriak bete beharko dira.

6.–Kultua.

Kultu-lekuetan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta, kasu guztietan, 2,25 metro koadro egon beharko dira erabiltzaile bakoitzeko.

7.–Txikizkako merkataritza establezimenduak eta lokalak eta jarduera eta zerbitzuetakoak.

Jendaurreko txikizkako merkataritza establezimendu eta lokaletan eta jarduera eta zerbitzu profesionalekoetan, ezin izanen da gainditu gehienez baimendutako edukieraren %40.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

8.–Hipermerkatuak, azalera ertain eta handiko establezimenduak eta merkataritza-gune edo -parkeak, edo horien zati direnak.

8.1. Hipermerkatuetan, azalera ertain eta handiko establezimenduetan eta merkataritza-gune edo -parkeetan, ezin izanen da gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %40 bertako merkataritzako lokal bakoitzean.

8.2. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

8.3. Ez da utziko bezeroak gune komunetan egotea, barne direla atsedenguneak, saltokien arteko joan-etorrietarako ez bada.

8.4. Josteta eremuak itxita egon beharko dira, hala nola haurren jolastokiak edo antzekoak.

8.5. Aurreko paragrafoan aurreikusitakoa ez zaio aplikatuko gune komun horietan garatzen den ostalaritza- eta jatetxe-jarduerari, itxita egonen baitira.

9.–Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta bermatuko du erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko segurtasun-tartea gordetzen ahal dela, eta 4,5 metroko zabalera izanen du gutxienez. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da, gutxienez.

Erabiltzaileek ezin izanen dute inolaz ere postuen alboetatik ibili. Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

10.–Akademiak, autoeskolak eta irakaskuntza ez-arautuko zentroak, eta prestakuntza zentroak.

Akademia, autoeskola, eta irakaskuntza ez-arautuko zentroetan eta prestakuntza zentroetan gauzatzen den jarduera aurrez aurre ematen ahalko da, baldin eta gainditzen ez bada baimendutako gehieneko edukieraren %40 eta bermatzen bada 1,5 metroko segurtasun-tartea pertsonen artean.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

11.–Liburutegiak.

11.1. Liburutegiek (titulartasun publikokoak zein pribatukoak izan) beren jarduerei lotutako zerbitzuak emanen dituzte, baina okupazioak ezin izanen du gainditu baimenduriko gehieneko edukieraren %30.

11.2. Sustatuko da erabiltzaileek zerbitzuak telematikoki erabiltzea.

11.3. Ez da haurrendako jarduerarik eginen.

11.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

12.–Kirol jarduerak eta instalazioak.

12.1. Kirol-instalazioen barnean eta egiten diren jardueretan ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30, eta kanpoan, berriz, baimendutako gehieneko edukieraren %40.

12.2. Debekatuta dago aldagelak, dutxak, iturriak, saunak, bainu turkiarrak, jacuzziak edo antzekoak erabiltzea.

12.3. Gimnasioetan kirol-jarduera egiteko, hitzordua eskatu beharko da aurretik. Desplazamendua eskatzen duten jardueretarako, 20 m²-ko espazioa gordeko da pertsona bakoitzeko. Desplazamendurik gabe egiten diren jardueretan, berriz, 8 m²-ko espazioa mantenduko da pertsona bakoitzeko. Nolanahi ere, nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea.

12.4. Kirol ekitaldiak eta txapelketak ikuslerik gabe eginen dira.

12.5. Kirol profesionala izan ezik, 21:00ak arte egonen dira irekita eta/edo jardunean. Hori hala izanik ere, lehiaketa profesionaletan parte hartzen duten taldeek eta lehen eta bigarren kirol-mailakoak diren estatu mailako lehiaketa ofizial ez-profesionaletako taldeek kirol-instalazioak erabil ditzakete 21:00etatik aurrera, baldin eta instalazioaren titularraren baimena badute eta soilik lehiaketak egiteko erabiltzen badira eta ez, orobat, entrenamenduak egiteko.

13.–Igerilekuak.

13.1. Aisialdiko igerilekuetan edukieraren %30eko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

13.2. Aldagelak erabiltzen ahalko dira, baina ez dutxak.

13.3. Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol-jardueretarako igerilekuen erabilera.

13.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

14.–Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak egitea espazio itxietan.

14.1. Zuzendutako kirol-jarduera fisikoak espazio itxietan egiteko, taldeetan ez dira arituko 6 pertsona baino gehiago, eta Nafarroako Kirolaren Institutuak xedatutakoaren arabera arautuko dira.

14.2. Nahitaezkoa izanen da maskara erabiltzea instalazioetako sarbide eta joan-etorrietan, bai eta kirol-jardueretan ere, intentsitate txikiko modalitateak badira. Kirol-praktika mota bakoitzaren modalitatea arautuko da Nafarroako Kirolaren Institutuan xedatutakoaren arabera.

14.3. Kirol-jarduera fisikoak salbuetsirik daude 1. puntuko aurreikuspenetik, baldin eta egiten badira Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan aipatzen diren irakaskuntzen babesean.

14.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

15.–Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak.

Haurren jolastokiak eta aire zabaleko kirol eremuak erabiltzen ahalko dira, baldin eta ez bada gainditzen baimendutako gehieneko edukieraren %30.

21:00etan itxiko dira beranduenez.

16.–Bilerak esparru publikoan eta pribatuan:

16.1. Ezertan galarazi gabe osasun agintaritzak COVID-19a prebenitzeko asmoz ezarritako segurtasun eta higiene neurriak betetzeko betebeharra, edozein motatako talde edo bilkuretan sei pertsona elkartzen ahalko dira gehienez espazio publiko eta pribatuetan, salbu eta elkarrekin bizi diren pertsonen kasuan.

16.2. Hala ere, eremu pribatuan, bizikidetza-unitatera mugatzea gomendatzen da, hau da, etxe berean bizi diren pertsonetara, zaintzaileak eta/edo laguntzaileak barne.

16.3. Halaber, gune pribatu horietan pertsona kalteberenak babestea gomendatzen da, babesteko osasun-neurriak muturreraino eramanez.

17.–Monumentuak, erakustaretoak eta museoak.

17.1. Museoetan eta erakustaretoetan egiten diren jardueretan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30.

17.2. Ez da inauguraziorik edo gertaera sozialik eginen.

17.3. Bisita edo jarduera gidatuak gehienez ere sei pertsonako taldeetan eginen dira.

17.4. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

18.–Zinema-aretoak, antzokiak, auditoriumak, karpadun zirkoak eta antzekoak, aire zabaleko esparruak eta antzeko beste lokal batzuk, eta ikuskizun publikoetarako eta olgetako edo aisialdiko jardueretarako establezimenduak.

18.1. Zinema-areto, antzoki, auditorium, karpadun zirko eta antzekoek beren jarduera gauzatzen ahalko dute aurretik esleitutako eserlekuak erabilita, baldin eta gainditzen ez bada areto bakoitzean baimenduriko gehieneko edukieraren %30. Nolanahi ere, gehieneko edukiera ezin izanen da 100 pertsonatik gorakoa izan. Debeku da elikagaiak kontsumitzea puntu honetan aipatzen diren ikuskizun edo jardueretan.

18.2. Aire zabaleko esparruetan eta antzeko lokaletan egiten diren jardueretan, eta ikuskizun publikoetarako, josteta edo aisia jardueretarako establezimenduetan egiten direnetan, ezin izanen da gainditu baimendutako gehieneko edukieraren %30; edonola ere, 200 lagun bilduko dira gehienez.

18.3. 21:00etan itxiko dira beranduenez.

19.–Turismo-gidarien jarduera garatzeko baldintzak.

19.1. Jarduera horiek, barnean zein kanpoan, ahal dela, aldez aurretik hitzordua eskatuta eginen dira eta taldeak, gehienez ere, hamabi lagunekoak izanen dira. Jarduera egiten den bitartean, saihestuko da pilaketak sor daitezkeen eremu edo tokietatik ibiltzea. Halaber, errespetatu beharko dira monumentuak eta bestelako kultur ekipamenduak bisitatzeko baldintzak, agindu honetan ezarritakoaren arabera.

19.2. Turismo aktiboko eta naturako irteerak gehienez ere hamabi laguneko taldeendako ere onartuko dira, aldez aurretik erreserba eginda, enpresa edo gidari profesionalekin.

20.–Biltzarrak, topaguneak, negozio bilkurak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak.

Biltzarrak, topaketak, negozio-bilerak, hitzaldiak, ekitaldiak eta antzekoak modu ez-presentzialean eginen dira, hala badagokio.

21.–Bingoak, joko- eta jolas-aretoak.

Bingoak, joko- eta jolas-aretoetako jarduera bertan behera uzten da.

22.–Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduak.

Ekitaldietarako funtzio anitzeko espazioak dauzkaten establezimenduen jarduera bertan behera uzten da.

23.–Elkarte gastronomikoak eta peñak.

Bertan behera geldituko da elkarte gastronomikoen eta peñen jarduera, eta itxita egonen dira.

24.–Alkoholaren salmenta.

Debeku da alkohola saltzea 21:00etatik 8:00etara bitarte, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia.

25.–Bisitak eta irteerak desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan.

25.1. Bertan behera uzten dira bisitak eta irteerak desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan.

25.2. Aurreko apartatuan araututakoa salbuespenezko hiru kasutan bakarrik salbuetsiko da: bizitzaren amaieran, egoiliarraren deskonpentsazio neurokognitiboa arintzeko, edo egoiliarraren egoera psikoafektiboa oso kaltetua dagoenean. Kasu horietan, bisitak eginen dira baldintza hauek betez:

a) Bisita aldez aurretik hitzartu beharko da etxebizitzarekin edo egoitzarekin.

b) Bisitak pertsona bakarrekoak izanen dira egoiliar bakoitzeko.

c) Bisitan zehar nahitaezkoa izanen da arrisku mailari egokitutako babes-ekipamenduak erabiltzea, bai senideek bai egoiliarrak.

d) Bisitak iraun bitartean, osasun agintariek ezarritako higiene eta prebentzio neurriak bete beharko dira, eta bereziki, bi metroko segurtasun-tartea eta eskuen higienea zaindu beharko dira.

e) Bisita aurretik, bitartean eta amaitutakoan, eta, bereziki, bisitak erregistratzeko sistemari dagokionez, aplikatuko dira maiatzaren 25eko 161/2020 Foru Aginduan aurreikusitako neurriak. Eskubide Sozialetako kontseilariak emandako foru agindu horren bidez, baldintzak eta betebeharrak ezarri ziren bisitak jasotzeko desgaitasuna dutenen egoitzetan eta adinekoen egoitzetan, bai eta zentro horietako egoiliarrek paseoak egiteko ere.

Bigarrenik.–Neurri hauek mugatu egiten dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakian aurreikusitakoak, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek osotara aplikatzekoak dira bertan arautzen diren gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoak ez badira, eta galarazi gabe izaera orokorrarekin beste xedapen batzuk ematea, aplikagarriak izanen direnak.

Hirugarrenik.–Neurri hauek indarrean egonen dira 2020ko urriaren 22tik azaroaren 4ra bitarte, biak barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrenik.–Indarrik gabe uztea 54/2020 Foru Agindua, urriaren 11koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bosgarrenik.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko, Eskubide Sozialetako Departamentuko eta Hezkuntza Departamentuko idazkaritza tekniko nagusietara.

Seigarrenik.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 22an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urriaren 21ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2012316