245. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 21a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

OBANOS

Hiri lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean
lurren eta orubeen garbiketa arautzen duen ordenantza.
Behin betiko onespena

Obanosko Udalak, 2020ko ekainaren 4an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Hiri lurzoruan, lurzoru urbanizagarrian eta urbanizaezinean lurren eta orubeen garbiketa arautzen duen udal ordenantza.

Onespenaren erabakia 2020ko 132. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 17an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Obanosen, 2020ko irailaren 29an.–Alkate udalburua, Arantxa Hernández Lacalle.

HIRI LURZORUAN, LURZORU URBANIZAGARRIAN ETA URBANIZAEZINEAN LURREN ETA ERAIKUNTZEN GARBIKETA ARAUTZEN DUEN UDAL ORDENANTZA

Herritar guztiek dakite Obanosko udal mugarteko lur asko ez daudela batere garbi. Zikin egoteak infekziogune bihur ditzake kasu batzuetan, eta horrek ondorio kaltegarriak ekar ditzake bai osasun eta higiene publikoarentzat bai gure herriaren estetikarentzat. Egoera hori, gainera, herritarrek beraiek salatu dute, eta Udalean hainbat eskaera aurkeztu dituzte, Udalak jardun dezala eskatzeko.

Azaldu diren egoera horiek ikusirik, esku hartzea beharrezkoa da, udal mugarte guztian aplikatuko den tresna juridiko arin eta eraginkor bat sortzeko, herriaren apaindura eta garbiketa maila handi dadin.

Ordenantza honek jaso eta garatzen du era guztietako lur eta eraikuntzen jabeen betebeharra dela horiek egoera onean edukitzea segurtasunaren, osasungarritasunaren, apaindura publikoaren eta bizigarritasunaren aldetik, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan ezarritako moduan, horixe baita lege oinarria. Lurrak garbitu eta hesitzeko betebehar material eta formalak arautzen dira, beharra dagoenean. Horrez gain, betearazpen subsidiarioa arautzen da, jabe batzuek ezer egiten ez badute Udalak emanen duen erantzun gisa. Gainera, Udalak egin beharreko lanak erraztu nahi dira, aldez aurretik aurrekontuetan diru kopuru bat jarrita, horrek sortu dituen gastuak itzultzeko bermearekin, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102.3 eta 4 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Ordenantza ez-fiskal honen bitartez eta Toki-araubidearen oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearekin, Kode Zibilarekin eta aplikatu beharreko beste edozein araudirekin bat etorriz, Obanosko Udalak ingurumenarekin lotura duten jarduerak eta jokabideak erregulatuko ditu, lurrak eta eraikuntzak garbi egon daitezen eta, hala, ez dadin gertatu ez suterik ez izurririk.

Ordenantza hau nahitaez bete behar dute Obanosko Udalaren udal mugartean lurrak edo eraikuntzak dituzten pertsona fisiko nahiz juridiko guztiek.

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Kontserbazio eta mantentze lanen oinarrizko betebeharra.

Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 85.1 b) artikuluan xedatutakoarekin bat, udal mugartean dauden lurren eta eraikuntzen jabeak behartuta daude horiek egoera onean edukitzera segurtasunaren, osasungarritasunaren eta apaindura publikoaren aldetik.

Ordenantza honek osasunari eta segurtasunari lotutako alderdiak jorratzen ditu, baita soil-soilik teknikoak diren beste alderdi batzuk ere. Ondorioz, hiri poliziaren ordenantza bat da, ez dago planeamendu zehatz baten jarraibideei loturik, eta bere berezko indarra izan dezake planetatik kanpo.

2. artikulua. Definizioak.

Ordenantza honi dagokionez, honako esanahi hau izanen dute ondokoek:

a) Orubea: eraikitzeko modukoak diren hiri lurzoruaren gainazalak, edo eraiki gabe dauden lur sail zatiak.

b) Hiri lurzorua (hiri lurzoru finkatuaren eta hiri lurzoru finkatugabearen kategoriak sartzen dira): Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 90. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.

c) Lurzoru urbanizaezina: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 92. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.

d) Lurzoru urbanizagarria: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 93. artikuluan zehazten diren baldintzak betetzen dituen lurzorua.

e) Orubea hesitzea: eraikuntza berriko kanpoko obra, aldi baterakoa, orubea fisikoki ixteko baino ez dena.

3. artikulua. Behartuta dauden subjektuak.

Ordenantza honetan zehazten diren garbiketa eta hesitze betebeharrak lurren eta eraikuntzen jabeei dagozkie.

Oraindik zatitu eta esleitu gabeko jaraunspenak dituzten lurren eta eraikuntzen kasuan, aski izanen da jaraunsle ezagunetako bati jakinaraztea, jaraunspen erkidegoaren ordezkaritzat hartuko baita ondorio horietarako.

4. artikulua. Udalaren ikuskapena.

Alkateak edo bere ordezkoak udal mugarteko eraikuntzak eta lurrak ikuskatuko ditu, ordenantza honetan ezarritako baldintzak betetzen diren ikusteko.

II. KAPITULUA

Lurrak garbitzea

5. artikulua. Garbitzeko betebeharra.

Eraikuntzetan eta lurretan zaborrak edo hondakinak botatzen dituen pertsonaren erantzukizunaren kalterik gabe, eraikuntza eta lurren jabeak horiek garbi edukitzeko betebeharra du.

Lurrek garbi egon behar dute beti, batere hondakinik edo berezko landarerik gabe, inolako hondakin organiko edo mineralik gabe, ez ditzaten elikatu edo babestu eritasunak dituzten edo kutsa ditzaketen landareak edo animaliak, eta ez dadin usain txarrik sortu.

Era berean, lurretan dauden putzuak edo desnibelak babestu edo ezabatu behar dira, istripurik ez egoteko.

6. artikulua. Belar sastrakak garbitzea.

1. Jabeek lurrak eta eraikuntzak belar sastrakarik gabe mantendu beharko dituzte. Horretarako, landare geruza, material sukoiak edo suteak eragin ditzaketen materialak kendu beharko dituzte. Gainera, jabeen ardura da material horiek biltzea eta ezabatzea, baita beren lur eta eraikuntzetan uzten den beste edozein material ere.

2. Betebehar hori urte osoan zehar betearazten ahalko da hiri lurzoruetan. Hala ere, lurzoru urbanizagarri nahiz urbanizaezinean, ekainaren 1etik urriaren 1era arte soilik betearazten ahalko da.

3. Udalak aitzineko apartatuan zehazten den betebeharra betetzen den egiaztatzen ahal du. Hori betetzen ez bada, betearazpen subsidiarioko prozedurari jarraituko zaio belar sastrakak garbitzeko, ordenantza honetan ezartzen denarekin bat etorriz.

7. artikulua. Hondakinak botatzeko debekua.

Debeku da lurretan eta eraikuntzetan zaborra, obra-hondakinak, altzariak, hondakin-materialak eta, oro har, edozein motatako hondakinak botatzea.

III. KAPITULUA

Orubeak hesitzea

8. artikulua. Hesitzeko betebeharra.

Zaborra, altzariak, materialak eta, oro har, beste hondakin mota batzuk ez pilatzeko eta gure herriaren apaindura hobetu eta bizilagunek, bisitariek eta turistek hori gozatzeko, alkateak edo bere ordezkoak lurzatiak hesitzeko agindu dezake, lurzati horien garbiketa nahitaez betearazteko espediente bat egon den kasuetan.

9. artikulua. Hesia berriz jartzea.

Jabearen betebeharra da, halaber, hesia berriz jartzea, edozein arrazoirengatik kalteak izan baditu edo hondatu bada edo erabat edo hein batean eraitsi bada.

10. artikulua. Hesien ezaugarriak.

Orube bat hesitutzat jo dadin, ordenantza honen ondorioetarako, honako ezaugarri hauek bete beharko ditu:

a) Fatxadaren edo fatxaden lerro osoan zabalduko da, horretarako ezartzen den lerrokaduraren trazadurari jarraikiz.

b) Hesiak egonkorra izan behar du eta oinezkoen segurtasuna bermatu behar du.

c) Hesiak Obanosko Udal Plan Orokorrean zehazten diren baldintzak errespetatu beharko ditu, edo, bestela, Udalaren baiezkoa izan beharko du, lizentzia eskatu aitzin. Hesia ez bada egokia ordenantza honen helburuak betetzeko, Udalak ezezkoa ematen ahal du, eta, edozein kasutan, erabakia arrazoitu beharko du.

d) Orubean sartzeko ate bat jarriko da, eta hondakinak atera eta garbiketa lanak egiteko modua emanen duten neurriak izan behar ditu.

11. artikulua. Hesiaren lerrokadura.

Hesiaren lerrokadura ez dago eraikuntzarako lerrokadura ofizialaren mende eta ez dio horri eragiten. Horrenbestez, jabeak ezin du aitzakiatzat hartu orubearen eraikuntzarako lerrokadura, udal lizentzia ematean edo erantzukizunpeko adierazpena aurkeztean berariazko ohartarazpenik egiten ez denean ere.

12. artikulua. Hesitzeko lizentzia.

Orubeen jabeek hesia jartzeko udal lizentzia eskatu behar diote Udalari, edo, bestela, dagokion erantzukizunpeko adierazpena.

IV. KAPITULUA

Prozedura

13. artikulua. Arauak aplikatzea.

Ordenantza honetan zehazten diren arauak orubeak hesitzean aplikatuko dira, baita orubeak eta ordenantzan erregulatzen diren beste eraikuntza eta lurrak garbitzean ere.

14. artikulua. Espedientea irekitzea.

Eraikuntzak eta lurrak osorik edo zati batean garbitzeko eta/edo hesitzeko espedienteak ofizioz edo edozein interesdunek eskaturik has daitezke.

15. artikulua. Norbanakoari dagokion errekerimendua.

Alkate udalburuaren Dekretu bidez espedientea abiarazten delarik, jabeek beharrezko lanak edo obrak egin behar dituzte ordenantza honetan ezartzen dena betetzeko.

Ebazpenak berak adieraziko du zein diren lanak betetzeko baldintzak eta epeak, agindu den jarduketaren funtsaren arabera.

16. artikulua. Nahitaezko betearazpena.

Alkateak formulatutako errekerimenduan ezartzen dena betetzen ez bada, Udalak nahitaezko betearazpena abiatzen ahal du, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 99. artikuluaren eta ondorengoen arabera.

Ondorioz, Udal Zerbitzu Teknikoek, dagokion txostenaren bidez, nahitaezko betearazpenaren eraginpeko lur eta eraikuntzetan zer lan edo obra egin behar diren zehaztuko dute, 6. artikuluan ezartzen diren kasuetarako izan ezik, horietarako ez baita txosten teknikorik egin behar.

Nahitaezko betearazpenaren prozedura abiarazten delarik, interesdunari jakinarazi eta entzunaldia emanen zaio hamar egunez, bai ahalmen hori erabiltzeko asmoari bai kasuan kasuko aurrekontuari dagokienez, epe horretan alegazioak egiteko aukera egon dadin.

Aurrekontu horretan, lanei eta obrei dagozkien gastuez gain, EIOZ zergari dagozkion zenbatekoak, Udalari ordaindu ez zaizkionak, hartuko dira kontuan, baldin eta jarduera zerga horri lotuta badago.

17. artikulua. Nahitaezko betearazpenaren ebazpena.

Entzunaldi-epea amaituta, Alkatearen Dekretu bidez ebatziko dira alegazioak eta, kasua delarik, lanen betearazpen subsidiarioa aginduko da.

Lan horiek Udalak berak eginen ditu edo, bestela, pertsona edo enpresa bat hautatuko du horretarako, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearekin bat etorriz. Esleipen hori udal aurrekontuaren kargura eginen da, hots, dagokion aurrekontu aplikazioaren kargura.

18. artikulua. Gastuak kobratzea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 102. artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz, betearazpen subsidiarioaren ondoriozko gastuak eta kalteak subjektu behartuaren kargura izanen dira, eta administrazio premiamenduaren bidez eskatzen ahalko dira.

Behin betiko likidazioa egiten ez den bitartean, behin-behinean likidatzen ahalko da delako zenbatekoa, eta lanak hasi aitzin egin.

20. artikulua. Errekerimendu orokorra.

Alkateak, bando bidez, ordenantza honen 6. artikuluan ezartzen den betebeharra oroitarazten ahal du, hots, belar sastrakak garbitzeko betebeharra, ordenantza honetan agintzen den dataren aitzinetik.

Iragarkiaren kodea: L2011297