245. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

237E/2020 EBAZPENA, irailaren 27koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendari nagusiak emana. Honen bidez berrikusten da ibilgailuetarako transmisio osagaiak egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Iruñeko udal mugartean dago, eta Mecanizados Industria Auxiliar SA da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren otsailaren 5eko 241/2008 Ebazpenaren bidez emana, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren maiatzaren 22ko 236E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua eta gero Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren ekainaren 19ko 172E/2017 Ebazpenaren bidez aldatua.

Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginak, zeina abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi baitzen, 26. artikuluan ezartzen du ezen baimenaren baldintzak berrikusi egin behar direla teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratzen direnetik lau urteko epean. Instalazio honetan egiten den jardueraren sektore industrialari dagokionez, aipatu ondorioak argitara eman ziren Batzordearen ekainaren 13ko 2016/1032 Erabakiaren bidez; erabaki horretan metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak ezarri ziren, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industria emisioei buruz emandako 2010/75/EB Zuzentarauarekin bat.

Aplikatuz uztailaren 1eko 16/2002 Legearen testu bateginaren 26. artikuluan ezarritakoa (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen lege horren testu bategina), 2019ko apirilaren 17an eskatu zitzaion Mecanizados Industria Auxiliar SAri aurkez zezala ingurumen baimen integratua berrikusteko prozedura tramitatzeko beharrezkoa zen dokumentazio teknikoa, horrela, instalazioa Batzordearen 2014/687/EB Betearazpen Erabakian eskatzen diren baldintzetara egokitzeko. Titularrak 2020ko urtarrilaren 20an aurkeztu zuen dokumentazioa.

Aurkezturiko agiriak aztertu ondoan, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak ondorioztatu du instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen ekainaren 13ko 2016/1032 Betearazpen Erabakiari (erabaki horren bidez ezarri ziren metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak).

Espedientea jendaurrean egon da hogeita hamar egunez, eta ez da alegaziorik aurkeztu.

Espedientea tramitatu da bat etorriz Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legea garatzen duen Industria isurien Erregelamenduaren 16. artikuluan ezarritako prozedurarekin. Erregelamendu hori urriaren 16ko 815/2013 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Berrikustea ibilgailuetarako transmisio osagaiak egiteko instalazio baten ingurumen baimen integratua. Instalazioa Iruñeko udal mugartean dago, eta Mecanizados Industria Auxiliar SA da titularra. Izan ere, egiaztatu da ezen instalazioa egokitzen zaiola Batzordearen ekainaren 13ko 2016/1032 Betearazpen Erabakiari (erabaki horren bidez ezarri ziren metal ez-ferrosoen industrietarako teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak), bat etorriz teknika erabilgarri onenen ebaluazioarekin, zeina jasotzen baita ebazpen honen eranskinean. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte.

Bigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, modu subsidiarioan, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen-araubidean jasotakoak.

Hirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Laugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Bosgarrena.–Ebazpen hau igortzea Mecanizados Industria Auxiliar SAra eta Iruñeko Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 27an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumen Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2011345