245. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 21a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

121E/2020 EBAZPENA, irailaren 24koa, Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez ingurumen ukipenetarako baimena ematen baitzaio proiektu honi: “Barrio Alto” izeneko transformazio zentroa eta hari loturiko azpiegitura elektrikoa eraberritzeko proiektua. Transformazio zentroa Mendigorriko udal mugartean dago, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2020ko maiatzaren 27an, Biodibertsitatearen Zerbitzuan sartu zen aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena emateko eskaera. Espedientea abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 2C eranskineko I. epigrafean (energia instalazioak) jasotzen direnetakoa da. Foru dekretu horren bidez onetsi zen Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamendua.

Abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren 36. artikuluak ezartzen du Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitzako kontseilariak ebazpen arrazoitua emanen duela ingurumen ukipenetarako baimena eman edo ukatzeari buruz.

Foru dekretu horren 31.2 artikuluak ezartzen du ingurumen ukipenetarako baimenak barne hartuko duela lurzoru urbanizaezinean baimen daitezkeen jardueretarako baimena ere, eta uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuak, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duenak, 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Proiektaturiko jarduketaren xedea da aldatzea “Mendigorria-Gares” izeneko 13,2 kV-eko erdi tentsioko linearen deribazioa (4678-L-01), airekoa izan beharrean lurpekoa izan dadin, 8. euskarritik 301. euskarrira, Barrio Alto-Mendigorria transformazio zentroaren ondoan, eta zentro horretarako sarbidea ezartzea atzeko fatxadatik oraingo harri-hormaraino; izan ere, 301. euskarriak egiturazko akats bat dauka: estaldura galdu du, eta altzairuzko armadura agerian gelditu da.

Deribazio hori Mendigorriko herrigunearen ipar-mendebaldeko mugan dago. 8. euskarria lurzoru urbanizaezinean dago, eta 301. euskarria eta transformazio zentroa, berriz, herrigunearen barnean daude. Deribazioaren luzera 102 metrokoa da, eta lehenbiziko 40 metroak lurzoru urbanizaezinean daude, Mendigorriko 2. poligonoko 619. lurzatiko A azpilurzatian. Landaredia nabarmenik gabeko larreak daude hor, eta %31ko malda dago Arga ibairantz (ibaitik 70 metrora dago). Abifauna babesteko eremuaren barnean dago, abuztuaren 29ko 1432/2008 Errege Dekretuaren arabera (dekretu horren bidez, hegaztiak goi tentsioko linea elektrikoak jo eta elektrokutatzetik babesteko neurriak ezarri ziren). Lurpeko kanalizazio bat eginen da, eta hor polietilenozko bi hodi jarriko dira, 160 mm-ko diametrokoak, baita beharrezkoak diren kutxatilak ere. Horrek ekarriko du LA-56 eroalea kentzea aipatu euskarrien artean, baita 301. euskarria kentzea ere. 8. euskarrian, honako lan hauek eginen dira: beheko gurutzeta 90º biratuko da, autobalbulak eta kanpoko terminalak jarriko dira, U70YB66P AL isolagailua jarriko da, eskuzko OCRa jarriko da, zubiak, terminalak, autobalbulak eta grapak estaliko dira abifauna babesteko, inor ez igotzeko babesa jarriko da euskarrian, plataforma ekipotentziala eraikiko da eta PASa eginen da.

Espedientean jasota dago Mendigorriko Udalaren aldeko txostena, baldintza batzuk jartzen dituena eta 2020ko uztailaren 9ko data duena. Lurraldearen Antolamenduaren Atalak aldeko txostena eman du 2020ko abuztuaren 3an. Ingurumen Eraginaren Atalak aldeko txostena eman du, baina baldintza batzuk ezarrita.

Espedientean dauden txostenak ikusirik eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordetutako eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea proiektu honi: “Barrio Alto” izeneko transformazio zentroa eta hari loturiko azpiegitura elektrikoa eraberritzeko proiektua. Transformazio zentroa Mendigorriko udal mugartean dago, eta I-DE Redes Eléctricas Inteligentes SAU da proiektuaren sustatzailea.

2. Baimen honek neurri hauek aplikatzeko betebeharra ezartzen du:

–Ingurumen arlokoak:

  • 8. euskarria egokituko da, abifauna babesteko elementu hauek jarri beharko baitira:
  • Dokumentazioan adierazitako U70YB66P AL isolagailu modeloa erabili beharko da, eta metro isolatu bateko distantzia errespetatu beharko da elementu eroalearen eta pausalekuaren artean.
  • Deribazioko zubi lasai guztiak erabat isolatuko dira, bai eta linea nagusiko zubi lasaiak ere. Halaber, kable eroalea finkatzeko grapak isolatu beharko dira grapa-estalki aurreformatuen bidez.
  • Lotura zubiak erabat isolatuko dira lineako eroaleen eta autobalbula-tximistorratzen artean, baita, kasua bada, ebakigailuen eta loturako botilen artean. Autobalbula-tximistorratzak, gainera, BCAC (“Bushing Connection Animal Cover”) aurremoldeatutako estalkiekin edo antzekoekin babestuko dira.
  • Beharrezko obrak bukatu ondoren, ukitutako eremuak leheneratuko dira. Horretarako, obrak hasten direnean, landare lurreko geruza kendu eta aparte pilatuko da, hondeaketaren gainerako materialetatik bereiz, bukaeran zangaren gainazala estaltzeko eta obrek ukitutako gainazalak leheneratzeko lanetan erabili ahal izateko. Horietan, landare lurra barreiatu eta profilatuko da, inguruko lurrarekin doitze fisiografiko egokia izan arte.
  • Leheneratze lanak egitean, makinak pasatzean ukitutako lurrak destrinkotu beharko dira.
  • Obrak gauzatu ondoan, zuhaixka espezie autoktonoen haziak ereinen dira, ukitutako mendi-hegalaren eremukoak, eta ezaugarri horiek dituzten zenbait ale landatuko dira.
  • Zerbitzutik kanpo gelditzen diren instalazio guztiak kenduko dira. Sortzen diren material soberakinak edo hondakin guztiak era egokian kudeatu behar dira, haien ezaugarrien arabera, bat etorriz hondakinei buruzko araudi indardunarekin.
  • Lanak bukatuta, garbitzeko kanpaina bat eginen da, proiektuaren jarduketa eremuan gelditzen diren hondakin eta zabor guztiak kentzeko.
  • Baldin inguruabarren bat dela-eta (obra hasiera, landaredia naturala ukitzea, elementu bereziak aurkitzea, eta abar) sustatzaileak abisua eman behar badio Ingurumena Zaintzeko Atalari, Lizarra 1 Koordinazio Unitatearekin jarri beharko du harremanetan (telefonoa: 686-504345; helbide elektronikoa: gmaestellanorte@navarra.es).

–Hirigintza arlokoak:

  • Baimen honek ez du babesten lurzoru urbanizaezinean dauden edo ezarri gogo diren beste jarduera zehatz batzuk sare elektrikora konektatzea edo handik lotura hodirik ateratzea.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 111.2 artikuluaren arabera, azpiegituraren elementuek, kanpora ateratzen direnek, 3 metroko zortasun eremua errespetatu beharko dute, bide publikoen kanpoko bazterretik neurtuta.
  • Ezagutzen ez den aztarna arkeologikoren bat agertzen bada, legeak agintzen du Arkeologia Atalari horren berri eman behar zaiola berehalakoan (helbide elektronikoa: registrobmarqueologia@navarra.es), hala jasota baitago ondare historikoaren arloan indarra duen legerian (Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 59. artikuluan eta Espainiako Ondare Historikoari buruzko ekainaren 25eko 16/1985 Legearen 42.3 eta 44. artikuluetan). Hala egin ezean, eginbehar hori ez betetzeagatik ondare historikoari eragiten zaizkion ukipen guztiak arau-hauste astuntzat hartuko dira, aipatutako foru lege horren 101.h artikulua aplikatuz.
  • Egin gogo den jarduerak uki ditzakeen edo horren trabagarri izan daitezkeen azpiegitura eta zortasunei dagokienez, sustatzaileak, obrak hasi baino lehen, behar diren kontsultak eginen ditu, eta, hala badagokio, behar diren baimen guztiak eskuratuko ditu kasuan kasuko gaian eskudun diren organoetatik. Zehazki, ur hornidurarako hodiekin gurutzatzeko, kontsulta egin beharko zaio Izarbeibarko Mankomunitateari.
  • Bete beharko da Herri-lurren Atalak 2020ko ekainaren 19an emandako txostenean jasotako determinazio hau:
  • Linea elektriko berria herri-jabetzako lurrak zeharkatuz egin nahi da. Hori dela eta, obrarako lizentzia eman aurretik, Mendigorriko Udalak Nafarroako Gobernuaren baimena lortu beharko du, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuko Herri-lurren Atalaren bidez, herri-lur horien erabilpena lagatzeko eta/edo bide zortasun elektrikoa eta karga eratzeko, aginduzko izapideen ziurtagiriak aurkeztuz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluan eta Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretuaren 143. artikuluan ezarritakoarekin bat.
  • Era berean, ordezkatu eginen den ibilbide zaharrerako zortasun elektrikoa eratzea ekarri zuten xedeak desagertu eginen direnez, lehenik eta behin herri-lurrei dagokien zortasun hori deuseztatu beharko da. Lur horiek toki entitatearen ondasunekoak izatera itzuliko dira, kargarik gabeko herri-ondasun gisa.
  • Herri-lur horiek jatorrizko egoerara lehengoratu beharko dira. Horretarako, lehengo lineako elementu guztiak (kableak, euskarriak, zimenduak, etab.) kendu eginen dira, ez da material edo hondakinik utziko eta landareak jarriko dira berriro.
  • Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 117.4 artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen honen bidez babesten diren jarduera edo jarduketak egin edo martxan jarri beharko dira baimena eman eta bi urteko epean. Epe hori iragandakoan, baimenaren ondorioak bukatuko dira, eta ez du eraginkortasunik izanen. Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.
  • Jarduera uzteak berekin ekarriko du jardueraren titularrak ukitutako lurrak leheneratu beharra, gehienez ere bost urteko epean, eraikuntzak eraitsita eta/edo kenduta. Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren 119. artikuluarekin bat, lizentzia eman baino lehen, udalak sustatzaileari eskatuko dio aitorpen baten bidez konpromisoa har dezala, baimendutako jarduera utziz gero, bost urteko epean, gehienez, lurzorua leheneratzeko.

3. Proiektuaren ingurumen ukipenetarako baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 5.000 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek leheneratu edo gutxituko direla bermatzeko.

4. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen ditu; izan ere, artikulu horretan lurzoru urbanizaezinean eginen diren jarduerak baimentzeko prozedura ezartzen da.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

6. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

7. Ebazpen hau igortzea Lurraldearen Antolamenduaren Atalera, Mendigorriko Udalera, Ingurumena Zaintzeko Atalera (Lizarra 1 Koordinazio Unitatea) eta interesdunari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 24an.–Biodibertsitatearen Zerbitzuko zuzendaria, Enrique Eraso Centelles.

Iragarkiaren kodea: F2011169