244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

625/2020 EBAZPENA, urriaren 13koa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez, alarma egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Deklarazioak Estatuko lurralde osoari eragin zion, hasiera batean hamabost egun naturaleko epean, eta, ondoren, sei luzapen onartu ziren, Diputatuen Kongresuak baimenduta.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen zela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk eman ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak ekainaren 23an emandako 459/2020 Ebazpenaren bidez onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Abuztuaren 17ko 8/2020 Foru Lege-dekretuak ohiz kanpoko neurriak onetsi zituen Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19aren kasu positiboen igoerak eragiten duen arrisku bereziko egoerari erantzuteko; agindu horren 9. artikulua ekitaldi jendetsuak baimentzeko ohiz kanpoko neurriez ari da.

Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak abuztuaren 27an emandako 551/2020 Ebazpenaren bidez aldatu zen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak onesten dituena, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoaren bilakaera dela eta, ikusirik kutsapenen kopurua gora egiten ari zela, Osasuneko kontseilariak irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua eman zuen, Nafarroako Foru Komunitate osorako prebentzio neurriak hartzeko.

Horren ondorioz, ohartarazi zen beharrezkoa zela kontaktu- eta/edo oposizio-kiroletan entrenamendu osoak hasteko datak atzeratzea. Horrela, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak irailaren 14ko 577/2020 Ebazpena eman zuen, 2020ko abuztuaren 27ko 551/2020 Ebazpena aldatzen zuena, eta 2020ko urriaren 1era arte atzeratu zen kontaktu- eta/edo oposizio-kiroletan entrenamendu osoak hasteko data.

Nolanahi ere, handituz zihoan kutsapenen kopurua eta egoera epidemiologikoak zuen bilakaera arriskutsua zirela medio, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak 593/2020 Ebazpena eman behar izan zuen irailaren 25ean, eta haren bidez aldatu zen Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

Osasuneko kontseilariak irailaren 11n emandako 42/2020 Foru Aginduaren bidez Nafarroa osorako oro har ezarritako neurriek ez dute lortu nahi zen eragina. Horrek berekin ekarri du onestea Osasuneko kontseilariaren urriaren 11ko 54/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartzen baitira Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori 237. Nafarroako Aldizkari Ofizial berezian argitaratu zen, urriaren 12koan.

Aipatu foru aginduan, besteak beste, kirol esparrurako neurri murriztaileak daude jasota, eta Nafarroako Kirolaren Institutuaren esku uzten da arlo hori berariaz arautzea. Osasuneko kontseilariak hartutako neurri orokorrak 2020ko urriaren 13tik 26ra bitarte, biak barne, egonen dira indarrean, eta unean uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Hartara, eta Osasuneko kontseilariaren urriaren 11ko 54/2020 Foru Aginduaren esparru materialean eta denborazkoan, bidezkoa da zenbait neurri ezartzea kirol jarduera modu seguruan egin dadin lortzeko, diagnostikatutako kasuetan gorakada eragin gabe. Prebentzio neurri horiek ebazpen honen eranskinean zehazten dira, eta osasun publikoaren arloan nagusi den zuhurtasun printzipioan oinarrituta hartzen, Foru Komunitateko kirol administrazioaren jardun eremuan eritasunaren hedapena ekiditeko.

Horrenbestez, Nafarroako Kirolaren Institutuaren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 326/2019 Foru Dekretuak eskuordetu dizkidan ahalmenekin bat,

EBAZTEN DUT:

1. Berariazko prebentzio neurri apartekoak onestea Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Ebazpen honi eranskin bat atxikitzen zaio, zeinean zehazten baitira onetsitako prebentzio neurriak.

2. Indarrik gabe uztea 593/2020 Ebazpena, irailaren 25ekoa, Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, aldatzen zuena Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 23ko 459/2020 Ebazpena, zeinaren bidez onetsi baitziren Nafarroako Foru Komunitatean normaltasun berrian kirol jarduera garatzeko baldintzak eta kirol entrenamendu eta lehiaketak hasteko egutegiak, bai eta normaltasun berrian Nafarroan kirol jarduera egiteko eta kirol ekitaldiak eta lehiaketak antolatzeko protokolo orokorrak ere.

3. Ebazpen honen bidez onetsitako neurriak indarrean egonen dira 2020ko urriaren 13tik 26ra bitarte, biak barne, eta uneko egoera epidemiologikoaren arabera, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Edonola ere, indarrean jarraituko dute Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emandako ebazpen hauetan ezarritako xedapenek, ebazpen honetan xedatutakoari aurka egiten ez dioten heinean: 593/2020 Ebazpena, irailaren 25ekoa; 459/2020 Ebazpena, ekainaren 23koa, eta 551/2020 Ebazpena, abuztuaren 27koa.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea. Horrez gain, informazioa emateko xedez, ebazpen hau Nafarroako Kirolaren Institutuaren webgunean argitaratuko da, eta, gainera, Nafarroako Kirolaren Institutuaren sare sozialetan eta hedabide orokorretan zabalduko da.

Ebazpen honetan ezarritako neurriak sinatzen den egunetik jarriko dira indarrean eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko dira soilik publikotasun ondorioetarako.

Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal da, Kultura eta Kiroleko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

5. Erabaki hau igortzea Kirolaren Zuzendariordetzari eta Administrazio eta Kudeaketa Atalari eta Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko urriaren 13an.–Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Miguel Ángel Pozueta Uribe-Echeverría.

ERANSKINA

Berariazko prebentzio neurri apartekoak
Nafarroako Foru Komunitatean garatzen diren kirol jardueretarako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz

1.–Kontuan hartu beharreko gai orokorrak.

–Birusaren transmisioa murrizteko prebentzio neurri orokorrak mantentzea: maskara uneoro erabiltzea (bereziki jarduera egin aurretik eta ondoren), eskuak sarri garbitzea, gel hidroalkoholikoa eskuragarri edukitzea eta hura erabiltzea, etab.

–Kirol jarduera fisikoa aire zabalean edo espazio ireki eta azalera handikoetan egitea lehenestea.

–Beharrezko ez diren jende-pilaketak saihestea, bereziki kirol jarduera egin aurretik eta bitartean.

–Entrenamendu eta txapelketa guztiak ikuslerik gabe eginen dira, txapelketaren kategoria edozein delarik ere.

–Ez daude baimenduta berariazko entrenamendu osoak, ezta zuzeneko oposizioko, kontaktuzko edo duelu egoerak ere, 1x1, 3x3 eta halakoak, baldin eta ezin bada segurtasun-tartea gorde. Neurria ez zaie aplikatuko Espainiako kategoriei, horietan entrenamendu osoak egiten ahalko baitira.

–Kirol instalazio itxiak ahalik eta gehien aireberritu beharko dira, eta, betiere, egunean hirutan gutxienez.

–Maskara derrigorrean erabili beharko da intentsitate baxu edo ertaineko jarduera guztietan. Horri dagokionez, intentsitate baxu edo ertaineko jardueratzat joko dira arnas maiztasuna ez oso altua dutenak; izan ere, halakoetan, maskara erabiltzeak minimoan zailtzen du arnas hartzea, eta ez dakar osasun arriskurik.

–Ezin izanen dira aldagelak erabili ezein entrenamendu edo txapelketatan, salbu eta igerileku estalien kasuan. Edozein kasutan, dutxak ezin izanen dira erabili.

–Talde osoaren entrenamenduak egiten ahalko dira (aire zabalean nahiz instalazio itxietan), bakar-bakarrik, estatuko edo erkidegoen arteko txapelketa ofizial ez-profesionalei dagokien jarduera federatuaren esparruan, txapelketa hasi baino hilabete lehenago.

Kontaktu edo oposizioko modalitateetako goi mailako eta goi errendimenduko kirolariek entrenamendu osoak egiten ahalko dituzte Espainiako Txapelketak edo haien sektore faseak egin baino hilabete lehenagotik, sparring edo entrenamendurako aurkari berarekin beti, eta ezin izanen dute aurkari hori inoiz aldatu.

–Eranskin honetan, partaide taldeen partaide kopurua aipatzen denean, entrenatzaileak eta/edo monitoreak kopuru horien barruan sartzen dira, edozein dela kirol jarduera (igeriketa ikastaroak izan ezik).

2.–Kirol jarduera.

Kirol jarduera da kirol modalitate jakin bat oinarri hartuta egiten dena, federatua izan edo ez, eta, hortaz, sailkapen horren barruan sartzen dira modalitate desberdinetako kirol eskolak, bertako parte-hartzaileen adina edozein delarik ere.

2.1. Aire zabaleko entrenamenduak.

Aire zabaleko entrenamenduetan, gehienez 15 pertsonak parte hartzen ahalko dute entrenamendu talde bakoitzean, salbu eta futbol eta errugbi modalitateetan, non 25 pertsonak parte hartzen ahalko baitute entrenamendu talde bakoitzeko. Horrez gain, partaideak azpitaldetan banatu beharko dira beti, gehienez ere 6 pertsona azpitalde bakoitzean. Azpitalde horietako bakoitzean bermatu beharko da partaide bakoitzak 20 metro koadroko espazioa duela gutxienez, eta azpitalde bakoitzak, 250 metro koadro.

2.2. Entrenamenduak instalazio itxietan.

Instalazio itxietan egiten diren entrenamenduetan gehienez ere 6 pertsonako taldeak eginen dira, oro har, eta azalera 500 metro koadro baino handiagoa bada, talde bat baino gehiago egiten ahalko dira. Horrek esan nahi du gutxienez 250 metro koadroko espazioa behar dela 6 pertsona bitarteko talde bakoitzarentzat. Adibide gisa, areto-futboleko edo eskubaloiko 40x20 metroko arauzko pista duen kiroldegi batean, 6 pertsonako 3 talde egotea baimenduko da, elkarren arteko kontakturik ez dutela eta bakoitzaren espazioa argi bereizita.

2.3. Txapelketak.

Ez daude baimenduta kontaktu edo oposizioko kirolen erkidegoetako kirol txapelketak.

Kontaktu edo oposizioko kirolen Espainiako kirol txapelketen kasuan, Espainiako Kirol Federazioek eta Kirol Kontseilu Gorenak dute haiek egiteko eskumena. Nolanahi ere, Nafarroako Kirolaren Institutuak gomendatzen du kontaktu edo oposizioko kirolen Espainiako kirol txapelketa ez-profesionalak atzeratzea, egoera epidemiologikoak hala aholkatzen duen bitartean, parte hartzen duten talde guztiak Nafarroako Foru Komunitatekoak baldin badira.

Nafarroako Foru Komunitateko goi mailako eta goi errendimenduko kirolariek bakarrik parte hartzen ahalko dute Espainiako txapelketetan eta haren sektore faseetan.

Nafarroako aire zabaleko txapelketak baimenduta daudenean (ez direlako kontaktu edo oposizioko kirolenak), partaidetza-indizea handia bada, esate baterako, txirrindularitza probak, atletismo lasterketak, mendi-lasterketak, irristaketa, triatloia eta abar, ezin izanen dira 50 partaide baino gehiago egon.

2.4. Kirol ekitaldiak.

Ebazpen hau indarrean dagoen bitartean, ezin izanen da kirol ekitaldirik egin, salbu eta Espainiako Txirrindula Itzuliko etapak, gizartean duten interesa eta oihartzunagatik.

3.–Jarduera zuzenduak.

Ebazpen honen ondorioetarako, jarduera zuzenduak izanen dira aisialdiarekin, prestakuntza fisikoarekin eta osasunarekin zerikusia duten jarduera fisikoak oro, partaideen adina edozein delarik ere. Ez dira jarduera horien barruan sartzen kirol modalitate bateko entrenamenduak edo kirol hastapeneko eskolak.

Jarduera zuzenduak egiteko, taldeak 6 pertsonaz osatuta egonen dira gehienez ere. Talde bat baino gehiago egiten ahalko dira baldin eta horietako bakoitzarentzat 250 metro koadroko azalera badago, eta talde guztiak batuta 20 pertsona egoten ahalko dira gehienez ere.

Atal honen barruan sartzen dira igeriketa ikastaroak, non taldeek 6 pertsonako muga izanen baitute, haien adina edozein delarik ere. Jaioberriei edo haur oso txikiei ematen zaizkien ikastaroen kasuan, familiako bizikide bat (beti bera) haiekin joatea baimenduko da, eta 6 partaideen gehieneko kopururako zenbaketan aintzat hartuko. Aitzitik, monitorea ez da gehieneko kopuru horretan zenbatuko. Horrez gain, ezin izanen da monitorearekiko kontakturik egon, eta, horrenbestez, kontakturik ez egotea bermatzen duten lan-metodologiak bilatu beharko dira.

4.–Jarduera autonomoa gimnasioetan.

Maskara erabiltzea nahitaezkoa da. Jarduera egitean, 6 erabiltzaile egoten ahalko dira gehienez 100 metro koadro bakoitzeko, eta gehienez ere 20 pertsona. Halaber, erabiltzaileen arteko tarte hau gorde beharko da: 20 metro mugikortasun handiko jardueretan, eta 8 metro, mugikortasun txikikoetan. Mugikortasun handiko eta txikiko jarduerak bereizteko, Nafarroako Kirol Institutuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 27ko 551/2020 Ebazpenaren I. eranskineko 3. puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.

Iragarkiaren kodea: F2012029