244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

3. ESTATUKO ADMINISTRAZIOA

EBROKO KONFEDERAZIO HIDROGRAFIKOA

Lodosako Ubideko ura erabiltzeko tarifa onestea

Apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 309. artikuluan (Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamendua onetsi zuen errege dekretu horrek) eta Konfederazio hidrografikoen lehendakaritzen mendeko egitura organikoa zehazten duen uztailaren 28ko 984/1989 Errege Dekretuaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, Ebroko Konfederazio Hidrografikoko Zuzendaritza Teknikoko 1. Ustiapen Zerbitzuak Lodosako Ubideko ura erabiltzeko 2021eko tarifaren kalkulua eta azterlan teknikoa eta ekonomikoa egin zituen, eta azken horretan 1. Ustiapen Batzordeak parte hartu zuen (2020ko apirilaren 13ko bilkura).

Hori guztia ikusirik, erakunde honetako Zuzendaritza Teknikoak, 2020ko maiatzaren 15ean, Lodosako Ubideko ura erabiltzeko 2021eko tarifaren proposamena onetsi zuen, Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamenduaren 309. artikuluan aurreikusitako ondorioak sortzeko eta balioen proposamena jendaurrean jartzeko.

Horretarako, 2020ko uztailaren 3an eta 8an eta abuztuaren 4an, Errioxako, Zaragozako eta Nafarroako aldizkari ofizialetan argitaratu zen iragarki bana; haren bidez, erabaki zen jendaurrean jartzea Lodosako ubideko ura erabiltzeko 2021eko tarifa jasotzen duen balio proposamen hau hamabost egun baliodunetan:

1.–Hektareak, ureztalurretan: 27,04870721 euro/ha.

2.–Hektareak, neguko ureztalurretan (%30): 8,11461216 euro/ha.

3.–Metro kubikoak, ureztalurretan: 0,00508709 euro/m³.

4.–Metro kubikoak, horniduretan eta industriako erabileretan: 0,04542673 euro/m³.

Iragarkia argitaratu zenetik aipatutako epea iragan delarik erreklamaziorik aurkeztu gabe, ikusirik Jabari Publiko Hidraulikoari buruzko Erregelamendua onesten duen apirilaren 11ko 849/1986 Errege Dekretuaren 309. artikuluan eta Uren Legearen Testu Bategina onetsi zuen uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuaren 30.d) eta 30.e) artikuluaren eta Uraren Administrazio Publikoaren eta Plangintza Hidrologikoaren Erregelamendua onetsi zuen uztailaren 29ko 927/1988 Errege Dekretuaren 33.2.i) artikuluaren bidez emandako eskumenaz baliatuz, burutza honek erabaki du Lodosako Ubideko ura erabiltzeko 2021eko tarifa onestea, jendaurrean jarritako proposamenarekin bat.

Jabari Publiko Hidraulikoaren Erregelamenduaren 313. artikuluan xedatutakoarekin bat, ebazpen hau ekonomiko administratiboa da eta, beraz, haren kontra berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahal izanen da, hautazkoa, edo erreklamazio ekonomiko administratiboa; erreklamazioaren kasuan Aragoiko Auzitegi Ekonomiko Administratibora igorriko da. Aurkaratzeko bi bideak ezin dira aldi berean erabili. Bi errekurtsoak Ebroko Konfederazio Hidrografikoan aurkeztu beharko dira, ebazpen hau argitaratu eta hurrengo hilabetean, Tributuei buruzko abenduaren 17ko 58/2003 Lege Orokorraren 222., 223., 225., 229. eta 235. artikuluetan ezarritakoaz baliatuz.

2020ko irailaren 30ean.–Idazkari nagusia, Carolina Marín Hijano.

Iragarkiaren kodea: E2011343