244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

926/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako behi eta ardi azienda mihi urdinaren 8. serotipoaren kontra txertatzea nahitaezkoa eta urgentea dela deklaratzen duena eta 2020an eta 2021ean txertaketa egiteko prozedura ezartzen duena.

Mihi urdina eritasun biriko bat da, zenbait espezietako hausnarkariei eragiten diena eta Culicoides generoko eltxo jakin batzuek transmititzen dutena. Nafarroan izan genuen eritasun hori duela urte batzuk, baina beste serotipo batek eragindakoa, zeina berariazko txertaketari esker kontrolpean hartu eta desagerrarazi baitzen; orduko agerraldi hartan argi geratu zen txertoa dela eritasun hau kontrolatzeko eta borrokatzeko tresnarik eraginkorrena.

Mihi urdina eskualde edo herrialde batean agertzeak ondorio larriak ekartzen ditu, osasun arlokoak eta ekonomikoak, eta nahitaez aitortu beharreko eritasuna da, OIEren zerrendan sartuta dagoena: mihi urdina dagoelarik, debekaturik daude abereen, haziaren eta enbrioien esportazioak, eta murriztu behar dira mugimenduak etxean, abeltzaintzako ferietan eta bestelako abere-pilaketetan.

2020ko irailean agerraldi batzuk deklaratu dira Frantziako hegoaldeko departamentuetan. Eritasun honen transmisioa bektore bidezkoa denez, noiznahi ager daiteke birus hau Nafarroan, ez baitago oztopo geografikorik bektoreak mugan barna igarotzea eragozten duenik. Eritasuna zabaltzen ari dela kontuan hartuta, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak uztailaren 14ko AAA/1424/2015 Agindua eman zuen argitara, mihi urdinari dagokionez berariazko hainbat babes neurri ezartzeko helburuarekin. Agindu horretan 8. serotipoaren kontrako borondatezko txertaketa ezartzen da albaitaritza-eskualde zehatz batzuetan, Aragoiko, Kataluniako eta Euskadiko autonomia erkidegoetako eta Nafarroako Foru Komunitateko iparraldean.

Kontuan hartuta, gainera, bektore horien jardueraren garai betean gaudela, hau da, apiriletik abendura bitarteko hilabeteetan, txertaketa lehenbailehen egin behar da, eritasunaren hedapena geldiarazteko.

Abeltzaintza Zerbitzuak jakitera eman du berandu baino lehen egin beharko dela txertaketa, aziendaren immunizazio handiena ahalik eta epe laburrenean lortzeko; horretarako, Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutuaren (INTIA) eta ustiategietan aritzen diren albaitari klinikoen laguntza behar da. INTIA arduratu zen 2016an eta 2017an antzeko txertaketa kanpainak aplikatzeaz, eta emaitzak onak izan ziren. Txertaketa atzeratzen bada eritasuna zabaltzeko arriskua dago, bistan da, eta horrek arriskuan jarriko ditu bai azienda osoa, bai abere azokak, eraginen dituen immobilizazio eta murrizketengatik.

Bestalde, mihi urdina kontrolatzeko programa nazionalaren arabera, ustiategi zaindarien talde bat izan behar dugu, ezarritako zaintza serologikoa egiteko. Haietan, abere multzo bat txertatu gabe edukiko da, eta proba serologikoen bidez ikusiko da ea birusa badabilen.

Gizentzeko ustiategiak ez dira sartuko finantzatutako txertaketa programan, jasotzen dituzten abereetako asko jatorritik txertatuta etortzen direlako; nolanahi ere, abeltzainak baloratuko du txertoa jartzea edo ez, kontuan hartuta abereen jatorria eta jatorrian ezarri zaizkien txerto dosiak.

Horregatik guztiagatik, Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 44. artikulua aplikatuz, agindu behar da sortutako beharrari erantzuteko beharrezkoa dena egin dadila, aipatutako foru legean ezartzen diren betebehar formalen menpe egon gabe, salbuespenekoa eta urgentea baita mihi urdinaren 8. serotipoaren kontrako txertaketa egitea.

Adierazitakoarekin bat, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, bai eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak ere.

EBAZTEN DUT:

1. Deklaratzea mihi urdinaren 8. serotipoaren kontrako txertaketa nahitaezkoa dela ebazpen honen I. eranskinean zehazten diren albaitaritza-eskualdeetan eta udalerrietan, eta borondatezkoa Nafarroako Foru Komunitateko gainerako lurraldean, betiere behi eta ardi azienda duten ustiategietan.

2. Txertaketa kanpaina 2021eko urtarrilaren 15a baino lehen eginen da, eta epe hori luzatzen ahalko da abereen ugalketa eta produkzio egoeraren arabera.

3. Hiru hilabetetik gorako abere guztiak txertatuko dira. Behi aziendaren aurreneko txertaketarako bi dosi jarri behar dira, bien artean 21 eguneko tartea utziz. Ardi aziendaren aurreneko txertaketarako dosi bat edo bi jarriko dira, txerto mota bakoitzaren fitxa teknikoan ezarritakoaren arabera.

4. Ustiategietako albaitari klinikoek edo Nafarroako Nekazaritzako Industrien Teknologien eta Azpiegituren Institutukoek (INTIA) eginen dute txertaketa. Orobat, albaitariek Botiken Agentziari eta Abeltzaintza Zerbitzuari emanen diete kontrako edozein erreakzioren berri, INTIArekin batera prestatzen den prozeduraren arabera.

5. Txertoa aplikatzeko ardura duten albaitaritza zerbitzuei txerto dosia ematea erregistratu eginen du INTIAk, Abeltzaintza Zerbitzuak ezarritako prozedurarekin bat.

6. Albaitari bakoitzak Nafarroako Gobernuaren albaitaritzarako kudeaketa telematikoaren atarian ezarritako aplikazioan erregistratuko ditu jarritako txertoak. Behien kasuan, txertatutako abereen banakako identifikazioa grabatuko da. Ardi aziendaren kasuan, aski izanen da txertatutako abere guztien kopurua grabatzea.

7. Txertoaren erosketa laborategiei ordainduko zaie 2020ko gastu aurrekontuko “Larrialdietako txertaketa ofizialak” izeneko 71004 71320 2279 412205 partidaren kargura eta, beharrezkoa bada, 2021eko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura.

8. Txertaketaren kostuak albaitariei ordainduko zaizkie, ebazpen honen II. eranskinean ezarritako baremoaren arabera, behin justifikatu ondoren eta espedientea formalizatzeko tramiteak eginik daudela, 2020ko gastu aurrekontuko “Larrialdietako txertaketa ofizialak” izeneko 71004 71320 2279 412205 partidaren kargura eta, beharrezkoa bada, 2021eko gastu aurrekontuko partida baliokidearen kargura.

9. Sailkapen zooteknikoaren arabera gizentzekoak diren ustiategiei ez zaie ordainduko txertaketaren kostua.

10. Nafarroako Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Institutua (INTIA) arduratuko da antolaketaz, logistikaz, txertoaren banaketaz, kanpaina betetzen dela kontrolatzeaz, datuen erregistroaz eta albaitari klinikoei tarifak ordaintzeaz, 8. puntuan aipatzen diren tarifekin bat. INTIAk ere jasoko du dagokion diru kopurua, justifikatuta aurkezten dituen gastuena, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren martxoaren 9ko 117/2020 Foru Aginduaren bidez unitate bakoitzeko onetsitako prezioen arabera.

11. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

I. ERANSKINA

1.–Nahitaezko txertaketarako eremuak:

–Albaitaritza-eskualde osoak:

• Elizondo.

• Doneztebe.

• Irurtzun.

• Iruña.

• Otsagabia.

–Lizarrako albaitaritza-eskualdeko udalerriak:

120 Gesalatz.

154 Lezaun.

260 Deierri.

074 Zirauki.

167 Mañeru.

039 Artazu.

121 Guirgillao.

214 Jaitz.

002 Abartzuza.

011 Allin.

013 Ameskoabarrena.

143 Larragoa.

021 Aranaratxe.

100 Eulate.

–Zangozako albaitaritza-eskualdeko udalerriak:

199 Orotz-Betelu.

132 Itzagaondoa.

159 Irunberri.

241 Urraulgoiti.

242 Urraulbeiti.

209 Erromantzatua.

158 Longida.

019 Agoitz.

092 Erroibar.

028 Artzibar.

098 Esteribar.

248 Luzaide.

058 Auritz.

211 Orreaga.

2.–Borondatezko txertaketarako eremua.

Eranskin honen 1. puntuan jaso ez diren eremuak.

II. ERANSKINA

Albaitari klinikoei ordaindu beharreko tarifa, Nafarroako Foru Komunitateko ustiategietan mihi urdinaren 8. serotipoaren kontrako txertaketa egiteagatik:

FINKOA, USTIATEGI BAKOITZEKO

Behi azienda

29,70 euro

Ardi azienda

19,80 euro

TXERTATUTAKO ABERE BAKOITZEKO

JARRITAKO DOSI BAKOITZEKO

Haragitarako eta esnetarako behi azienda

Lehenengo 200 buruak

1,76 euro

0,88 euro

200 burutik 1000 buru bitarte

0,8 euro

0,40 euro

1000 burutik gora

0,1 euro

0,05 euro

Zezenketarako behi azienda eta betizuak

Lehenengo 200 buruak

2,76 euro

1,38 euro

200 burutik 1000 buru bitarte

1,98 euro

0,99 euro

1000 burutik gora

0,56 euro

0,28 euro

Ardi azienda

Lehenengo 200 buruak

0,6 euro

0,6 euro

200 burutik 500 buru bitarte

0,2 euro

0,2 euro

500 burutik gora

0,1 euro

0,1 euro

Iragarkiaren kodea: F2011825