244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EGUESIBAR

Oinarri arautzaileak, laguntza ekonomiko bereziak emateko Eguesibarko merkataritzari, ostatuei eta zerbitzuei, COVID-19a prebenitzeko eta hari aurre egiteko hartutako neurrietarako, 2020rako. Laburpena

Argitara ematen da deialdiaren laburpena, bat etorriz azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 17.3.b eta 20.8.a artikuluekin (Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorra); haren testu osoa kontsultatu daiteke Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean (https://www.infosubvenciones.es/bdnstrans/GE/eu/convocatoria/527755). DDBN (Identifikazioa): 527755.

Helburua eta xedea:

Laguntza hauen xedea da sustatzea har daitezela neurriak COVID-19a prebenitzeko eta hari aurre egiteko, bezeroak eta langileak babeste aldera, merkataritzako, ostalaritzako eta zerbitzuetan establezimenduetan, eta karga ekonomikoa arintzea sektoreko enpresei, neurri horiek ezartzeari dagokionez.

Onuradunak:

Laguntza horien onuradun izan daitezke Eguesibarren aritzen diren pertsona fisiko edo juridikoak, baldin merkataritzako, ostalaritzako edo zerbitzuetako sektorean ari badira.

Gainera, baldintza hauek bete beharko dituzte:

1. Jarduera egiten den lokalak egon behar du Eguesibarko udal-mugartean, eta alta emanda ibarreko jarduera ekonomikoen gaineko zergan.

2. Lokalak bere jarduera aurrera eramateko, beharrezko lizentzia eta baimen guztiak izan behar ditu, hirigintzaren, osasunaren eta ingurumenaren alorretan.

3. Lokalaren jabe direnek egunean izan beharko dituzte udal ordainarazpenak, barnean direla alokatutako lokalaren titulartasunaren ondoriozkoak, eta ez dute egon behar Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 13.2 eta 13.3 artikuluetan jasotako egoeretako batean; bereziki, egunean izan behar dituzte Foru Ogasunarekiko tributu-betebeharrak.

4. Jardueraren titularrak autonomoa behar du izan, edo 50 langiletik behera duen enpresa bat, eta 10 milioi eurotik beherako urteko negozio bolumena. Orobat, enpresa txiki eta ertaina ez den enpresa bat ezin da izan bazkide edo partaide %25etik gorako partaidetzarekin (kontuan harturik ETEen zer definizio ematen den Europako Batzordearen 2003ko maiatzaren 6ko Gomendioan, zeinak hizpide baitu mikroenpresen, enpresa txikien eta ertainen definizioa).

Deialdi honetatik kanpo gelditzen dira, berariaz, elkarteak, jabetza horizontalaren araubideko jabeen erkidegoak, erakunde publikoak, erlijio kongregazioak eta erakundeak, Estatuko eta autonomia erkidegoetako administrazio organoak, apustu-etxeak eta joko-aretoak.

Eskaerak aurkezteko epea:

Eskaerak aurkezteko epea hasiko da deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta bukatuko da azaroaren 14an.

Eskabidea aurkeztean erantsi beharko dira egindako eta ordaindutako gastuen fakturak eta frogagiriak.

Sarrigurenen (Eguesibar), 2020ko urriaren 9an.–Alkatea, Amaia Larraya Marco.

Iragarkiaren kodea: L2011932