244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

115/2020 EBAZPENA, urriaren 5ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezartzen duena goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa egiteko eskaintza eta onesten dituena ikasleak ikastetxe publikoetan onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia 2020-2021 ikasturterako.

Legeriari jarraikiz, Lanbide Heziketaren zuzendaritza nagusiari dagokio urtero ebazpen batean finkatzea ikasturte bakoitzeko prozesua zehaztuko duten datak eta jarraibideak, bai eta hura garatzeko beste gai batzuk ere. Hala ezartzen da apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 2. oinarriko 3. apartatuan (foru agindu horren bidez oinarri batzuk onetsi ziren, arautzearren zer prozedurari jarraituko zaion ikasleak ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan onartzeko, Hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakaskuntzetako erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloak eta goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa egiteko), apirilaren 28ko 53/2017 Foru Aginduan emandako idazketaren arabera.

Borondatezko irakasgaiak Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 42.5 artikuluan aipatzen dira, Hezkuntzaren kalitatea hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoan emandako idazketaren arabera. Haien antolaketa modu esperimentalean egin zen Hezkuntzako zuzendari nagusiaren maiatzaren 6ko 151/2016 Ebazpenaren bidez, nola eta goi mailako zikloetarako sarrera ikastaro delako baten bidez. Zenbait ikasturtetan indarrean egon ondoan, eskarmentuak komenigarri egiten du goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroaren ezaugarri batzuk aldatzea.

Hori horrela, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 20ko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroaren eskaintza ezartzea 2020-2021 ikasturterako, ziklo horietarako trantsizioa errazteko. Ebazpen honen 1. eranskinean aipatzen dira sarrera ikastaroaren modalitateak eta ikastetxeak.

2. 2020-2021 ikasturtean ikasleak ikastetxe publikoetako goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan onartzeko prozeduraren jarraibideak, egutegia eta beste alderdi batzuk onestea. Ebazpen honen 2., 3. eta 4. eranskinetan daude jasota.

3. Ebazpen honen eta eranskinen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

4. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Azterlan Ekonomikoen eta Nominen Zerbitzura, Ikastetxeen Finantzaketaren, Ikasketetarako Laguntzen eta Zerbitzu Osagarrien Zerbitzura, Hezkuntzako Azpiegituren Zerbitzura, Irakasleak Hautatzeko eta Lanpostuak Betetzeko Zerbitzura, Aldi Baterako Langileak Kudeatzeko Zerbitzura, Nafarroako Eskolatze Batzorde Nagusira, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Orientazio Bulegora eta Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko urriaren 5ean.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

Sarrera ikastaroen eskaintza eta ezaugarriak

2020-2021 ikasturtea

Eskaintza.

1. Donapea IBPan eskaintzen dira. 25 ikaspostu eskaintzen dira ondoren adierazten diren sarrera ikastaro mota bakoitzean:

–Talde bat Zientziak eta Ingeniaritza modalitaterako sarrera ikastarorako. Hizkuntza: gaztelania.

–Talde bat Gizarte Zientziak modalitaterako sarrera ikastarorako. Hizkuntza: gaztelania.

–Talde bat Osasun Zientziak modalitaterako sarrera ikastarorako. Hizkuntza: gaztelania.

–Talde bat Arteen modalitaterako sarrera ikastarorako. Hizkuntza: gaztelania.

Oro har, modalitate bakoitzeko sarrera ikastaroa aurrera atera dadin, 15 ikaslek eman beharko dute izena gutxienez. Edonola ere, egindako izen-emate kopuruaren arabera, bi modalitate edo gehiagokoak biltzen ahalko dira eta talde mistoak sortu.

Ezaugarri orokorrak.

1. Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa arratsaldeko ordutegian eskaintzen da, eta oro har 15 eskola saio eginen dira astean, 55 minutukoak, astean 4 edo 5 egunetan garatuko direnak.

2. Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa bi irakasgai multzoren inguruan antolatuko da:

a) Irakasgai komunen multzoa: guztiendako hiru irakasgai.

b) Modalitateko irakasgaien multzoa: modalitateko bi irakasgai ditu sarrera ikastaroaren modalitate bakoitzeko.

3. Zientzien eta Ingeniaritzaren, Gizarte Zientzien eta Osasun Zientzien modalitateetako irakasgai komunak hauek dira:

a) Komunikazioa, gaztelaniaz.

b) Komunikazioa, atzerriko hizkuntzan: Ingelesa.

c) Matematika aplikatua.

Arteen modalitateko irakasgai komunak hauek dira:

a) Komunikazioa, gaztelaniaz.

b) Komunikazioa, atzerriko hizkuntzan: Ingelesa.

c) Artearen historia.

4. Honako hauek dira modalitateko irakasgaiak:

a) Zientziak eta Ingeniaritza modalitatea: Industria-teknologia aplikatua eta Marrazketa teknikoa.

b) Gizarte Zientziak modalitatea: Ekonomia aplikatua, eta Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak.

c) Osasun Zientziak modalitatea: Giza biologia aplikatua eta Kimika aplikatua.

d) Arteen modalitatea: Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak eta Marrazketa teknikoa.

5. Honako hau izanen da goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroaren irakasgaien orduen banaketa aste bakoitzeko:

a) Irakasgai komunak: 9 eskola saio astean, honela banaturik:

–Komunikazioa gaztelaniaz: 3 eskola saio astean.

–Komunikazioa atzerriko hizkuntzan (Ingelesa): 3 eskola saio astean.

–Matematika aplikatua: 3 eskola saio astean.

–Artearen historia: 3 eskola saio astean.

b) Modalitateko irakasgaiak: 6 eskola saio astean, honela banaturik:

–Zientziak eta Ingeniaritza modalitatea. Industria-teknologia aplikatua: 3 eskola saio astean; eta Marrazketa teknikoa: 3 eskola saio astean.

–Gizarte Zientziak modalitatea. Ekonomia aplikatua: 3 eskola saio astean; Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak: 3 eskola saio astean.

–Osasun Zientziak modalitatea. Giza biologia aplikatua: 3 eskola saio astean; Kimika aplikatua: 3 eskola saio astean.

–Arteen modalitatea: Informazioaren eta komunikazioaren teknologia aplikatuak: 3 eskola saio astean; eta Marrazketa teknikoa: 3 eskola saio astean.

6. Komunikazioa atzerriko hizkuntzan irakasgaian (Ingelesa), bi talde eginen dira eskola saioan elkarrizketa egiteko, taldean 25 ikasle edo gehiago badaude. Gainerako irakasgaietan, talde banaketei dagokienez, Batxilergoko ikasketei aplikatu beharreko araudi indardunean ezarritakoari jarraituko zaio.

2. ERANSKINA

Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia

Ikaspostu eskaera.

1. Izena emateko eskaera aurkezten ahalko dute lanbide heziketako teknikarien, arte plastikoetako eta diseinuko teknikarien edo kirol teknikarien titulua dutenek, baita ikastetxean ematen diren zikloko modulu guztiak gainditu eta 2020-2021 ikasturtean Lantokiko Prestakuntzako modulua, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia edo kirol irakaskuntzetako amaierako edo bigarren mailako ziklo baten prestakuntza praktikoa bakarrik egiten ari direnek ere.

2. Eskatzaile bakoitzak izena emateko eskaera bakarra aurkeztuko du, behar den moduan betea, eta gehienez ere lehentasun hurrenkeraren arabera zehaztutako hiru aukera dakartzala. Izena emateko eskaera eredu ofizialaren araberakoa izanen da, zeina jasota baitago Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa” izeneko tramite fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

3. Izena emateko eskaera aurkezteko epea 2020ko urriaren 21etik 23ra bitartekoa da (14:00ak arte).

4. Izena emateko eskaera Donapea IBPko administrazioaren bulegoetan aurkeztuko da edo ikastetxe horri zuzenduko zaio.

Ikastetxeak eskaera orriaren fotokopia zigilatua emanen die ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

Izena emateko eskaera honela aurkez daiteke:

a) Educa-Ataria erregistro telematikoaren bidez, Donapea IBPari zuzendua, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa” izeneko tramite fitxaren bidez, esteka honetatik abiatuta:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

b) Modu presentzialean, Donapea IBPan.

2020-2021 ikasturtean onartua izateko prozesuan, salbuespenez, izena emateko eskaerak jasotzen dituen ikastetxeko zuzendaritzak irakasle batzuei eskatzen ahalko die antolaketa eta kudeaketa lan batzuk egin ditzatela 2020-2021 ikasturteari dagokion izen-emate eta onarpen prozesurako.

Aipatu tramite fitxan onarpen prozesurako jarraibideak dituzten agiriak izanen dira.

5. Izena emateko eskaeran gehienez ere hiru aukera adierazi beharko dira, lehentasunaren arabera ordenatuak. Aukera sarrera ikastaroaren modalitateari dagokio.

Halaber, sarrerako baldintza adierazi beharko da izena emateko eskaeran.

Izena emateko epearen barnean egiaztatu behar dira sarrerako baldintza eta nota.

6. Onarpen prozesuan parte hartuko dute, bakar-bakarrik, izena emateko epean izena emateko eskaera aurkeztu eta sartzeko baldintzak betetzen dituztela frogatzen dutenek.

7. Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa edo prestakuntza ikastaroa egina dutenek ezin izanen dute izena eman 2020-2021 ikasturterako sarrera ikastaroan.

8. Izena emateko eskaerak jasotzen dituen ikastetxeak EDUCA bidez sartuko ditu denak, horretarako ezarritako epean, atal guztiak beteta dituztela.

Ikasle adingabeak inskribatzeko eskabideak aurkeztea, eta banantze eta dibortzio kasuetan nola jokatu.

Nafarroan 2020-2021 ikasturterako erdi mailako eta goi mailako zikloetako onarpen prozesua arautzen duen maiatzaren 4ko 43/2020 Ebazpenaren izen bereko oinarrian xedatutakoari jarraituko zaio.

Izena emateko eskabidearekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa.

1. Izena emateko eskaeraren ereduan adierazten dena izanen da, ukatu gabe atzerritarrek derrigorrezkoa ez den irakaskuntza sisteman espainiarren baldintza berberetan sartzeko duten eskubidea, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzko urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoaren arabera.

2. Hona hemen izena emateko eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroko sarrera baldintza betetzen dela frogatzen duen dokumentazioa.

–Sarrera ikastaroari dagokion sarrerako nota frogatzen duen dokumentazioa, ikasleak zikloetan onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 12. oinarrian zehaztutakoarekin bat.

Sartzeko baldintza betetzen dutela frogatzen dutenek, baina sarrerako nota izan gabe, hala adierazi beharko dute izena emateko eskaeran. Sarrera notarik ez dutenez, ikasle horiek sarrerako nota duen azkenaren atzetik kokatuko dira hurrenkera zerrendan, dagokien taldean.

–Ikaspostuak gordetzeko ezarritako hiru kasuetako baten bidez eskatzen bada ikaspostua, dagokion dokumentazioa aurkeztu beharko da: desgaitasuna frogatzen duen dokumentazioa, goi mailako edo errendimendu handiko kirolariaren ziurtagiria, edo hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikasle izatearen ziurtagiria.

3. Ikasleek izena emateko eskaeraren fotokopia zigilatua jasoko dute, sarrera data izanen duena, edo antzeko dokumentu bat, onarpen prozesuan kasuan kasuko aukerekin parte hartuko dutela egiaztatzen duen frogagiri gisa.

Ikaspostuak gordetzeko aurkeztu beharreko dokumentazioa, desgaitasuna izateagatik, goi mailako edo errendimendu handiko kirolaria izateagatik eta hezkuntza laguntzako berariazko premiak izateagatik.

1. Aplikagarri izanen da 2020-2021 ikasturtean Lanbide Heziketako zikloetan ikasleak onartzeko prozeduraren jarraibideak eta egutegia arautzen dituen maiatzaren 4ko 43/2020 Ebazpenaren I. eranskinaren izen bereko oinarrian xedatutakoa.

Ikasleak hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituela egiaztatzeko agiria aurkezten bada, derrigorrezkoaren ondoko ikasketak zein ikastetxetan egin dituen azkenekoz, ikastetxe horretako orientatzaileak sinatuta egon beharko du, ebazpen honen 4. eranskineko ereduari jarraikiz.

2. Ikaspostua gordetzeko eskatzen duten ikasleek 2020ko urriaren 23ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko dute horretarako baldintzak betetzen dituztela frogatzen duen dokumentazioa, izena emateko eskaera aurkeztu zuten ikastetxean.

Dokumentazio hori adierazitako datan aurkezten ez badute, ez dute aukerarik izanen kasuko onarpen prozesuan eskatutako ikaspostuak gordetzeko.

Jaiegunak.

Ebazpen honetan adierazitako egunak aginduzkoak dira. Aipatutako hasiera- edo amaiera-egunen bat jaieguna bada ikastetxe batean, jaieguna ez den hurrengo egunera aldatuko da. Egoera horretan suertatzen den ikastetxeak behar bezalako publizitatea eman beharko die data aldaketei.

Onartzeko baremoa.

1. Jendaurrean egon beharko dute bai barematzeko irizpideek, bai erreklamazioren bat egin ahal izateko ezarri den prozedurak.

2. Dokumentuz egiaztatzen ahal diren irizpideak bakarrik onartuko dira baremorako.

Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan inskribatzen diren ikasleen sarrerako nota. Irizpideak.

1. Ikasleak onartzeko prozedura arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduan ezarritakoaren arabera kalkulatuko dira onarpen prozeduran erabiliko diren sarrerako notak.

2. Teknikari titulua duten ikasleei dagokienez, sarrerako nota heziketa zikloaren batezbestekoa izanen da, dagokion irakaskuntzako (lanbide heziketa, arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntza profesionalak, araubide bereziko kirol irakaskuntzak) ebaluazioa eta ziurtapena arautzen dituen araudiaren arabera.

3. Ikastetxean ematen diren erdi mailako zikloko modulu guztiak gainditu eta 2020-2021 ikasturtean Lantokiko Prestakuntzako modulua, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia edo kirol irakaskuntzetako amaierako edo bigarren mailako ziklo baten prestakuntza praktikoa bakarrik egiten ari diren ikasleei dagokienez, sarrerako nota heziketa zikloaren curriculuma osatzen duten modulu guztien batezbestekoa izanen da, Lantokiko Prestakuntzako modulua, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia eta kirol irakaskuntzetako prestakuntza praktikoa alde batera utzita, dagokion araudiak zikloaren batezbestekoa kalkulatzeko adierazten duenaren arabera.

4. Ikasleek erdi mailako zikloa zer ikastetxetan gainditu duten edo zer ikastetxetan egiten ari diren, bakar-bakarrik, Lantokiko Prestakuntzako modulua, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia edo kirol irakaskuntzetako amaierako edo bigarren mailako ziklo baten prestakuntza praktikoa, ikastetxe horrek kalkulatu beharko du sarrerako nota, edo, bestela, jatorriko hezkuntza administrazioak.

5. Erdi mailako heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeek ondoko bi gauzetako bat egin beharko dute, garaiz egin ere, goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan inskribatu behar diren beren ikasle eta ikasle ohientzat, ikasleek ezarritako datetan eman dezaten izena:

5.1. Heziketa zikloa burutu eta gainditu duten ikasleen kasuan:

–Ikastetxeak bermatu beharko du EDUCA aplikazio informatikoan sartu direla titulazioari edo titulazio ezari dagozkion erabakiak, eta sarrerako nota bakoitzaren kalifikazioak, ikasleek eskatu ahal dezaten EDUCAn agertzen den batezbesteko nota gehitu dakiola izena emateko egindako eskaerari.

–Ikastetxeak ez baditu kalifikazioak EDUCA bidez kudeatzen, titulazioari edo titulazio ezari dagozkion ziurtagiriak eman beharko dizkie bere ikasle ohiei, bai eta sarrerako notarena ere.

5.2. Ikastetxean ematen diren zikloko modulu guztiak gainditu dituzten ikasleen kasuan, bakarrik matrikulaturik daudenean Lantokiko Prestakuntzako moduluan, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldian edo kirol irakaskuntzetako amaierako edo bigarren mailako ziklo baten prestakuntza praktikoan:

–Ikastetxeak sarrera notaren ziurtagiria eman beharko die beren ikasleei, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa” izeneko tramite fitxako ereduari jarraikiz. Hura helbide honetan agertzen da:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

6. Ez denez garatu eta ezarri teknikari tituluaren eta sarrera ikastaroaren modalitatearen arteko lehentasun ordena, onarpena arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2. apartatuan aipatzen den hori, eta 2020-2021 ikasturteko sarrera ikastaroan izena emateko prozesua irakaskuntzak abiarazteko egun gisa ezarritako egunetan baino beranduago garatu denez –eta ez 2019-2020 ikasturtearen barneko egunetan–, beharrezkoa da honako azalpen hauek ematea lehentasun irizpideen inguruan:

–Teknikari titulua 2019-2020 ikasturtean eskuratu duten ikasleak apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2.a) taldean sartutzat joko dira, 2020-2021 ikasturtean sarrera ikastarorako izen-ematearen eta baremazioaren ondorioetarako.

–Teknikari titulua 2019-2020 ikasturtea baino lehen eskuratu duten ikasleak apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2.c) taldean sartutzat joko dira, 2020-2021 ikasturtean sarrera ikastarorako izen-emataren eta baremazioaren ondorioetarako.

–Dagokion erdi mailako zikloaren modulu guztiak gainditu eta 2020-2021 ikasturtean Lantokiko Prestakuntzako moduluan, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldian edo prestakuntza praktikoan matrikulatuta dauden ikasleak apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2.c) taldean sartutzat joko dira, 2020-2021 ikasturtean sarrera ikastarorako izen-ematearen eta baremazioaren ondorioetarako.

–Ez dago apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2.b) eta 2.d) taldeetan sartu beharreko ikaslerik.

Beste hezkuntza sistema batzuetatik datozen ikasleak.

1. Atzerriko hezkuntza sistemetatik datozen ikasleek, izena emateko eskaerarekin batera, ikasketen homologazioari buruzko agiri baldintzapeko edo behin betiko egiaztagiria aurkeztu beharko dute izena emateko ikastetxean, batezbesteko nota erakutsiko duena.

Dokumentazio hori 2020ko urriaren 23ko 14:00ak baino lehen aurkeztu beharko da.

2. Barematzeko orduan, kontuan hartuko da zer urtetan eman zen jatorrizko herrialdeko tituluaren homologazioa:

–Homologazioa eskuratu bada 2019ko irailaren 1etik 2020ko abuztuaren 31 bitartean, biak barne, 2019-2020 ikasturtean lortu dela ulertuko da. Apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2.a) taldean sartutzat joko dira, 2020-2021 ikasturtean sarrera ikastarorako izen-ematearen eta baremazioaren ondorioetarako.

–Homologazioa eskuratu bada 2019ko irailaren 1a baino lehenago edo 2020ko abuztuaren 31 baino geroago, ulertuko da lortu dela 2019-2020 ikasturtea baino lehenago edo 2020-2021 ikasturtean, hurrenez hurren. Bi kasuetan, apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 9. oinarriaren 2.c) taldean sartutzat joko dira, 2020-2021 ikasturtean sarrera ikastarorako izen-ematearen eta baremazioaren ondorioetarako.

Zozketa.

2020ko otsailaren 14an egin zen 2020-2021 ikasturteko onarpen prozesuko berdinketak hausteko zozketa, onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren oinarrietan aipatzen dena, eta haren emaitza besterik gabe aplikatuko zaie zerrendei Educa aplikazioan, behar den kasuetan.

Sartu berrien ikaspostuen banaketa, goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan.

Sarrera ikastaroetan, oro har, sartu berriendako 25 postu daude talde bakoitzean. Sarrera ikastaroko taldea mistoa denean, alegia, talde batek sarrera ikastaroko modalitate bateko baino gehiagoko ikaspostuak dituenean, oro har, kopuru beretan banatuko dira ikaspostuak taldea osatzen duten modalitateen artean.

Hezkuntza Departamentuak modalitate desberdinetako ikaspostuen banaketa alda dezake, modalitateren baterako norgehiagokarik ez bada.

Epe arrunteko onarpen prozesuaren lehen fasea eta bigarren fasea: Onartuen behin-behineko eta behin betiko zerrendak.

1. Onartuen zerrendak, behin-behinekoak nahiz behin betikoak, izanen dira baliabide ofiziala onarpen prozeduraren emaitzen berri emateko. Zerrenda horiek EDUCAtik hartutako zerrenda erabiliz eginen dira publiko, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa” izeneko tramite fitxan argitaratuko dira, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

Interesdunek EDUCAn kontsultatzen ahalko dituzte zerrendak, EDUCArako dituzten kredentzialak erabiliz.

2. Onartzen diren ikasleen behin-behineko zerrenda 2020ko urriaren 27an argitaratuko da.

3. Zer ikastetxetan aurkeztu den izena emateko eskaera, hango zuzendaritzara igorri beharko dira behin-behineko zerrendari egiten zaizkion erreklamazioak, 2020ko urriaren 27tik 29ra bitarte (14:00ak arte).

4. Onarpen prozesuko lehen fasean, onartuen behin betiko zerrenda bakar bat eta dagokion matrikulazio epea emanen dira argitara:

a) Onartuen behin betiko 1. zerrenda: 2020ko urriaren 30ean argitaratuko da. Behin betiko 1. zerrendaren arabera ikaspostua lortu duten ikasleen matrikula: 2020ko azaroaren 2tik 4ra bitarte (14:00ak arte).

Data horiek aginduzkoak dira. Data horietako bat jaieguna baldin bada ikastetxea kokatuta dagoen herrian, herriko bestak izateagatik, jaieguna ez den hurrengo egunera aldatuko da, eta behar den publizitatea emanen zaio aldaketari.

6. Onarpen prozesuko bigarren fasean, onartuen behin betiko 2. zerrenda 2020ko azaroaren 6an argitaratuko da. Behin betiko 2. zerrendaren arabera ikaspostua lortzen duten ikasleen matrikula 2020ko azaroaren 9an eta 10ean eginen da (14:00ak arte).

7. Onartuen zerrenda horietako batean ikaspostua lortzen duten ikasleek apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 13. oinarrian ezarritakoaren arabera jokatu beharko dute.

Matrikula egiteko, “Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa” izeneko oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa.

1. Matrikula formalizatzeko, ikasleek matrikularen inprimakia bete beharko dute; bertan, ikastetxeak eskatzen duen informazioaz gain, adierazitako oinarrizko informazioa jaso beharko da, Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko ‘Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa’ izeneko tramite fitxan jasotakoaren arabera; helbide honetan dago fitxa:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

2. Honako dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:

–NANaren, AIZren, AITaren (Atzerritarrak Identifikatzeko Txartela), ikasle txartelaren edo horien baliokide baten fotokopia.

Izena emateko eta matrikulatzeko tramiteei dagozkien prozesu eta dokumentazio guztietan, ikaslearen izen-deiturak bat etorriko dira aipatu dokumentazioan agertzen direnekin.

Atzerritarrek eskubidea dute Espainiakoen baldintza beretan egiteko ikasketa hauek, halaxe xedatu baita urtarrilaren 11ko 4/2000 Lege Organikoan, hots, Atzerritarrek Espainian dituzten eskubide eta askatasunei eta haien gizarteratzeari buruzkoan.

–Behar bezala justifikatutako kasuetan, eskatzaileei Osasun Txartelaren fotokopia eskatzen ahalko zaie.

–Egindako osasun azterketen txostena, ikasleak desgaitasunik, gaixotasunik edo beste osasun arazorik baldin badu, ikastetxeak jakin beharrekorik.

–Ikaspostua lortu den ikastetxean eskatzen zaion beste edozein dokumentazio.

3. Batxilergoan edo heziketa ziklo batean matrikulaturik dagoenak, ikaspostua lortu badu goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan, bertan matrikula formalizatzeko tenorean baja eginen du Batxilergoko edo heziketa zikloko matrikulan, salbu eta bakarrik matrikulaturik dagoenean Lantokiko Prestakuntzako moduluan, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldian edo prestakuntza praktikoan.

Matrikula: aukera hobetzea.

1. Onartuen behin betiko 1. zerrendan ikaspostua izena emateko inprimakian lehen aukera gisa adierazitakoaz beste batean lortu duten ikasleek bi aukera hauetako bat hautatu beharko dute matrikula formalizatzen dutenean:

a) “Aukera ez hobetzea”. Aukera hau hautatzeak berekin dakar uko egitea hobetsitako aukeretako batean ikaspostua lortzeko aukerari, onarpen prozeduraren epe arrunteko onartuen hurrengo behin betiko zerrendan.

b) “Aukera hobetzea”. Aukera hau hautatzeak berekin dakar aukera izatea hobetsitako aukeretako batean ikaspostua lortzeko, onarpen prozeduran onartuen hurrengo behin betiko zerrendan.

2. Onarpeneko epe arruntean onartutakoen behin betiko 2. zerrendan ikaspostua lortu duten ikasleek, lehenbiziko aldian zein “aukera hobetzearen” ondorio izan, matrikula formalizatzean ezin izanen dute “Aukera hobetzea” adierazi, zerrenda horrekin amaitzen direlako onarpeneko epe arruntari dagozkion ikaspostuen esleipenak.

Onartuen behin betiko 2. zerrenda horri dagokion matrikula egin ondoren hutsik gelditzen diren ikaspostuak adjudikatuko dira ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran.

3. Matrikula formalizatzean, izena emateko eskabidean lehen aukera gisa adierazitako ikaspostua lortzen duten ikasleek ezin izanen dute “aukera hobetzea” hautatu matrikulan, lehen aukeran lortu dutelako ikaspostua.

4. “Aukera hobetzea” erabiliz ikaspostua lortzen duten ikasleek, matrikula berria egiteko, sarrera ikastaro berrian eta, zein den kasua, ikastetxean eskatzen zaien dokumentazioa aurkeztu beharko dute.

Onarpen prozesutik kanpo uztea.

Nafarroan zikloetan onartzeko prozedura arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 13. oinarrian ezarritakoa garatzeko, ikaspostua lortu eta horretarako ezarritako datetan hartan matrikulatzen ez diren ikasleak, lehenbiziko aldian zein “aukera hobetzearen” ondorio izan, onarpen prozesutik kanpo utziko dira erabat.

Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako gelditzen diren ikaspostu hutsak.

1. Hezkuntza Departamentuak 2020ko azaroaren 12an zehaztuko du zenbat ikaspostu huts gelditu diren sarrera ikastaroaren modalitate bakoitzean.

2. Onarpen prozesuko epe arrunta bukatu ondoren gelditzen diren ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedura baten bitartez eskainiko dira, Nafarroan ikasleak onartzeko prozesua arautzen duen apirilaren 29ko 54/2016 Foru Aginduaren 2. eta 4. oinarrietan ezarritakoari jarraituz.

Sarrera ikastaroko ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedura, epe arruntaren ondoren.

1. Honako hauek aurkezten ahalko dute eskaera ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran:

–Izena emateko eskaera epe arruntean aurkezturik, ikaspostua lortzen ez dutenek.

–Izena emateko eskaera epe arruntean aurkeztu ez dutenek.

–Epe arruntean onartuak izanda ere, matrikula gauzatu ez dutenek edo ikaspostuari uko egin diotenek.

2. Eskatzaile bakoitzak izena emateko eskaera bakarra aurkeztuko du, behar den moduan betea, eta gehienez ere lehentasun hurrenkeraren arabera zehaztutako hiru aukera dakartzala. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaera eredu ofizialaren araberakoa izanen da, zeina jasota baitago Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa” izeneko tramite fitxan, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

3. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaera aurkezteko epea ebazpen honen 2. eranskinean dago jasota: 2020ko azaroaren 13tik 16ra (14:00ak arte).

4. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaera modu telematikoan zein presentzialean aurkezten ahalko da, izena emateko epe arruntean bezala.

Ikastetxeak eskaera orriaren fotokopia zigilatua emanen die ikasle eskatzaileei, zein egunetan sartu den adierazita.

5. Ezin izanen da eskaera bat baino gehiago aurkeztu ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran. Eskaera bat baino gehiago aurkeztuz gero, bertan behera geratuko dira guztiak, eta, ondorioz, ez dira tramitatuko.

6. Ezin izanen da eskabiderik aurkeztu sarrera ikastaro mota eta ikastetxe baterako, ez badago ikaspostu hutsik.

7. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaerak jasotzen dituzten ikastetxeek EDUCA bidez sartuko dituzte denak, horretarako ezarritako epean, puntu guztiak beteta dituztela.

8. Ikasleak onartzeko epe arruntean izena eman eta onarpen prozesuan parte hartu duten ikasleek ez diote dokumentazio osagarririk erantsi beharko ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaerari.

9. Epe arruntean izena eman ez duten ikasleek honako dokumentazio hau erantsi beharko diote ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaerari:

–NANaren, AIZren, pasaportearen edo baliokidearen fotokopia.

–Sartzeko baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Kasuan kasuko sarrerako nota frogatzen duen dokumentazioa, eranskin honetako jarraibide honetan adierazten denari jarraikiz: “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan inskribatzen diren ikasleen sarrerako nota. Irizpideak”.

Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran onartzen direnen behin betiko zerrendak. Matrikula. Aukera hobetzea. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduratik kanpo uztea.

1. Onartuen behin betiko zerrendak izanen dira ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduraren emaitzen berri emateko bitarteko ofiziala. Zerrenda horiek EDUCAtik hartutako zerrenda erabiliz eginen dira publiko, eta Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoko “Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa” izeneko tramite fitxan argitaratuko dira, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/3112/Curso-de-acceso-a-ciclos-de-grado-superior

Interesdunek EDUCAn kontsultatzen ahalko dituzte zerrendak, EDUCArako dituzten kredentzialak erabiliz.

2. Onartuen behin betiko zerrenda bakar bat argitaratuko da.

–Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran onartzen direnen behin betiko 1. zerrenda: 2020ko azaroaren 18an argitaratuko da. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran, behin betiko 1. zerrendaren arabera ikaspostua lortu duten ikasleen matrikula: 2019ko azaroaren 19an eta 20an, 14:00ak arte.

3. Ikaspostua lortu duten ikasleek matrikula formalizatu beharko dute, eta horretarako “Matrikula. Matrikularen inprimakia eta dokumentazioa” izeneko oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztu beharko da.

4. Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran ikaspostua lortu duen ikaslea matrikulatzen ez bada horretarako ezarritako datetan, ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduratik kanpo utziko da.

Sarrera ikastaroen eskaintza.

Sarrera ikastaroko talde batean edo modalitate batean inskribatuen kopurua hamabostetik beherakoa baldin bada, Hezkuntza Departamentuak eskaintza bertan behera utz dezake, beste aldagai batzuk kontuan hartuta. Aldagai horiek dira, besteak beste, sartzeko delako ikastaroan aurreko ikasturteetan matrikulak izan duen bilakaera historikoa, lurralde kohesioko irizpideak, eta gizarte edo hezkuntza arloetako laguntzarekin loturikoak.

Matrikulen bateragarritasuna.

1. Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan matrikulatuta dauden ikasleak aldi berean egoten ahalko dira matrikulaturik Lantokiko Prestakuntzako moduluan, Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldian eta kirol irakaskuntzetako prestakuntza praktikoan, erdi mailako ziklo bati dagokionean.

2. Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan matrikulatutako ikasleak aldi berean egoten ahalko dira matrikulaturik araubide bereziko kirol irakaskuntzetan; betiere, bete gabeko ikaspostuak beharko dira irakaskuntza horietako zikloetan, ez da itxaron zerrendan inor egonen onarpen prozesua bukatu ondoren eta ikastorduen bateragarritasuna gutxienez ere %90ekoa izanen da.

3. 2020-2021 ikasturtean goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroan matrikulatuta dauden ikasleak Batxilergoko ikasketetan ere matrikulaturik egon daitezke aldi berean, baldin eta, sartzeko baldintzak betetzeaz gainera, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduendako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira urrutiko irakaskuntzen araubidean.

Komunikaziorako bideak.

–Helbide elektronikoa: nescolar@navarra.es eta ordenafp@navarra.es.

–Gurasoei eta ikasleei aholkuak eta orientazioa ematea: 848 426617.

–Tramitazioari eta ikastetxeetan onartzeari buruzko kontuak: 848 426977.

–Eskolatze Arloko koordinatzailea: 848 426557.

–Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atala: 848 426628 - 848 426036.

3. ERANSKINA

2020-2021 ikasturteko onarpen prozesuaren egutegia

Goi mailako zikloetarako sarrera ikastaroa

PROZESUA

HASIERA EGUNA

BUKAERA EGUNA

EPE ARRUNTAREN LEHEN FASEA

Izena emateko epea (izena emateko eskabideak eta hari atxiki beharreko dokumentazioa aurkezteko)

Urriaren 21a

Urriaren 23a

14:00ak arte

Azken eguna, izena eman duten ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko

Urriaren 26a

Onartuen behin-behineko zerrenda argitaratzea

Urriaren 27a

Onartuen behin-behineko zerrendari buruzko erreklamazioak aurkeztea

Urriaren 27a

Urriaren 29a

14:00ak arte

Onartuen behin betiko 1. zerrenda argitaratzea

Urriaren 30a

Onartuen behin betiko 1. zerrendari dagozkion matrikulazio egunak

Azaroaren 2a

Azaroaren 4a

14:00ak arte

EPE ARRUNTAREN BIGARREN FASEA

Onartuen behin betiko 2. zerrenda argitaratzea

Azaroaren 6a

Onartuen behin betiko 2. zerrendari dagozkion matrikulazio egunak

Azaroaren 9a

Azaroaren 10a

14:00ak arte

IKASPOSTU HUTSAK ADJUDIKATZEKO PROZEDURA

Hezkuntza Departamentuak hutsik dauden ikaspostuak zehaztea, ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako

Azaroaren 12a

Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozedurarako eskaerak aurkeztea

Azaroaren 13a

Azaroaren 16a

14:00ak arte

Azken eguna, ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran izena eman duten ikasleen datuak EDUCA bidez sartzeko

Azaroaren 17a

24:00ak arte

Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran onartu direnen zerrenda argitaratzea

Azaroaren 18a

Ikaspostu hutsak adjudikatzeko prozeduran onartu direnen zerrendako ikasle onartuen matrikula

Azaroaren 19a

Azaroaren 20a

14:00ak arte

IKASTAROAREN HASIERA EGUNA

Azaroaren 5a

4. ERANSKINA

Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituen ikaslearen ziurtagiria(PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2011572