244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

GARES

Deialdia, taxi lizentziarako

Garesko Udalak, 2020ko irailaren 17an egin osoko bilkuran, honako erabaki hau hartu zuen:

Lehena.–Onestea deialdia argitaratzea Garesko udal-mugartean oso-osorik gauzatuko den hiri-taxi zerbitzua emateko lizentzia lehiaketa bidez emateko, prozedura irekiaren eta izapidetze arruntaren bidez, 2020ko irailaren 17ko gobernu batzarraren bilkuran onetsitako oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Argitaratzea deialdiaren oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Hirugarrena.–Eskabideak aurkezteko hilabete bateko epea irekitzea, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Laugarrena.–Alkateari ahalmena ematea lizentzia ebazpen bidez eman dezan, Balorazio Batzordeak proposatuta.

DEIALDIAREN OINARRIAK

1. Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea da Garesko udal-mugartean hiri-taxi zerbitzua eskaintzeko lizentzia bat lehiaketa bidez ematea.

Zerbitzua Gares udalerrian emanen da oso-osorik. Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 16. artikuluaren aginduz, hiriarteko zerbitzuak emateko, lizentziaren titularrak dagokion baimena eskatu beharko dio Nafarroako Gobernuari.

2. Araubide juridikoa.

Ondoko araudiak jasotzen du deialdi honen xedeko lizentziari ezarriko zaion araubide juridikoa:

–6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzkoa.

–Udalbatzetako Zerbitzuen Erregelamendua onesten duen 1955eko ekainaren 17ko Dekretua.

–Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen Erregelamendua onesten duen 280/1990 Foru Dekretua.

–Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legea eta hura aldatzen duen uztailaren 2ko 22/2013 Foru Legea.

–Eta aipatutakoak garatu edo osatzen dituzten gainerako xedapenak.

3. Taxi lizentziaren titular izateko lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak.

Lehiaketan parte hartzeko bete behar diren baldintzak honako hauek dira:

a) Pertsona fisikoa izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea, edo Europako Batasuneko herrialde batekoa, edo Espainiak sinaturiko nazioarteko akordio, itun eta hitzarmenen ondorioz halako baldintzarik eskatu behar ez zaion atzerriko beste herrialde batekoa; edo bestela, norberaren kontura garraioan aritzeko lan baimen egokia izatea, Espainian dauden atzerritarren eskubide eta askatasunei buruzko legeetan xedatutakoaren arabera.

c) Ibilgailua edukitzea frogatzea, jabetzan nahiz errentan hartua, edo antolamendu juridikoan onartutako beste titulu baten bitartez.

d) Indarrean dagoen araudian ezarritako zerga-, lan- eta gizarte-arloko betebeharrak betetzea, eta Garesko Udalarekin zerga-betebeharrak egunean izatea. Deialdira aurkezte hutsarekin udalari baimena ematen zaio egin beharreko egiaztapen oro egin dezan.

e) Zerbitzuan eragin daitezkeen kalteengatiko erantzukizun zibila estalita izatea, indarra duen araudian ezarritako moduan.

f) Ez edukitzea beste taxi lizentzia bat.

g) 500 euroko bermea jartzea.

4. Eskaerak aurkezteko epea eta tokia.

Eskabideak I. eranskineko eskabide ereduaren arabera aurkeztu beharko dira Garesko udal-bulegoetan (Garesko Mena plaza, z.g.), hilabete bateko epean, oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen diren egunaren biharamunetik hasita, 13:00etan.

5. Dokumentazioa.

Eskaerak hiru gutun-azal itxitan aurkeztuko dira, idazkun honekin: “Taxi zerbitzua egiteko lizentzia bat adjudikatzeko lehiaketa” eta izen abizenak, NAN zenbakia eta eskaera egiten duen pertsonaren sinadura, baita gutun-azal bakoitzaren izenburua ere; honako hauek, hurrenez hurren:

–1. gutun-azala: Dokumentazio administratiboa.

–2. gutun-azala: Dokumentazio teknikoa.

–3. gutun-azala: Proposamen ekonomikoa.

1. 1. gutun-azala: “Administrazio agiriak”:

1.1. Eskaera egiten duenaren nortasun agiri nazional indardunaren fotokopia.

1.2. Bermea: lizitatzaileek 500 euroko bermea aurkeztu beharko dute Garesko Udalaren alde.

Bermea, Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legearen 70. artikuluan ezarritakoarekin bat, aurkezten ahalko da banku-abalaren bidez, edo diru-sarrera eginez banku transferentzia bidez Udala titulartzat duen kontu zenbakira: La Caixa ES51 2100 5077 8322 0004 4443.

Berme horrek horrek bermatuko du behin-behineko adjudikazioa onetsi arte eusten zaiola eskaintzari.

Organo eskudunak onetsitako lizentzia behin-behinekoz adjudikatu eta hurrengo 5 eguneko epean itzuliko zaie bermea interesdunei, baina berme hori atxiki eginen zaio behin-behineko adjudikaziodun gertatzen denari.

Behin-behineko adjudikazio-hartzaileei atxikitako bermea bahitu eginen da baldin eta, lizentziaren behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean, eskatutako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez bada; bereziki, ibilgailuaren dokumentazioa, aseguruen kontratazioa, soldatapeko gidariarena (halakorik bada) eta lizentzia osorik ordaindu izanarena.

Lizentzia behin betiko adjudikatu ondoren itzuliko zaie atxikitako bermea adjudikazio-hartzaileei.

1.3. Indarrean dagoen gidabaimenaren fotokopia.

1.4. Erantzukizunpeko adierazpena, indarrean dagoen araudian ezarritako zerga, lan eta gizarte arloetako betebeharrak betetzeari buruzkoa, I. eranskinari jarraikiz.

–Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren ziurtagiria eta, halaber, lizitatzaileak zerga betebeharrak dituen administrazio publikoetako organo eskudunen ziurtagiria, ordainketak egunean dituela diotenak. Ziurtagiri horiek izanen dira proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoak edo berriagoak.

–Gizarte Segurantzak emandako ziurtagiria, indarrean dauden xedapenetan agindutakoa Gizarte Segurantzari ordaindu izana frogatzen duena, proposamenak aurkezteko epea bukatzen den eguna baino sei hilabete lehenagokoa edo berriagoa.

–Lizitatzailearen deklarazioa edo, bestela, ahalordedunarena edo ordezkariarena, non bere erantzukizunpean baieztatuko baita betebehar guztiak egunean daudela Segurtasun arloan, laneko osasunean eta laneko arriskuen prebentzioan, indarra duten xedapenetan agindu bezala.

1.5. Hiru argazki, nortasun agirirako tamainakoak.

2. “Dokumentazio teknikoa” izeneko 2. gutun-azalean, II. eranskineko ereduarekin bat, eskatzaileak oinarri hauen 6. klausulari begira aurkezten duen dokumentazioa sartuko da, proposamen ekonomikoa izan ezik, klausula horretan ezarritako irizpideen arabera baloratu eta puntuatu dadin.

3. “Proposamen ekonomikoa” izeneko 3. gutun-azalean, eskaintza ekonomikoa aurkeztu beharko da III. eranskineko ereduarekin bat.

6. Adjudikaziorako irizpideak.

Lizentziak adjudikatzeko, honako irizpide hauek erabiliko dira, behar bezala haztatuak:

1. Ibilgailua egokiturik egotea desgaitasuna duten pertsonak garraiatzeko, mugitzeko gurpil-aulkia behar badute, plataforma jasotzailearekin: 10 puntu.

2. Edukiera handia: 9 puntu bitarte.

–9 lagunendako tokia, gidaria barne: 9 puntu.

–8 lagunendako tokia, gidaria barne: 8 puntu.

–7 lagunendako tokia, gidaria barne: 7 puntu.

3. Eskaintza ekonomikoa, gutxienez 500 eurokoa, gehienez ere 5 puntu. Gutxieneko eskaintza ekonomikoa 500 eurotan handitzen den bakoitzean puntu bat gehiago emanen zaio.

4. Zerbitzu eskaintza.

Alderdi honetan 3 punturekin baloratzen da zerbitzua aldi berezi batzuetan emateko konpromisoa, hala nola gauez, jaiegun eta asteburuetan.

5. Gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren bereizgarrien arabera:

Gehienez ere 6 puntu emanez baloratuko da gutxiago kutsatzen duten erregai eta motorrak erabiltzea dakarten ibilgailuez baliatzeko eskaintzen den konpromisoa. Baremo honi jarraikiko zaio:

–Zero isurtzeen bereizgarria: 6 puntu.

–ECO bereizgarria: 4 puntu.

–C bereizgarri berdea: 2 puntu.

–B bereizgarria: 0 puntu.

Ingurumen bereizgarria, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren araberakoa; (https://www.pegatinasdirecciongeneraldetrafico.com/tipos-distintivos).

6. Hizkuntzak jakitea.

Hizkuntzen ezagutza egiaztatzeagatik, gehienez ere hiru puntu emanen dira, honako sailkapen honen arabera:

–Euskarako B2 maila: 3 puntu.

–Ingeleseko B2 maila: 2 puntu.

–Frantseseko B2 maila: 1 puntu.

Puntuazio osoa eginda berdinketarik bada, uztailaren 6ko 9/2005 Foru Legearen 5.5 artikulua betetzeko, emakumea taxiaren sektorean sartzeko eskaintzaren alde eginen da, alegia, eskatzaile emakumezkoaren alde. Berdinketak jarraituz gero, zozketa bidez ebatziko da.

Espainiako Gobernuko Industria, Energia eta Turismo Ministerioko Energiaren Dibertsifikazio eta Aurrezpenerako Institutuak (IDAE) prestaturiko datu basean oinarrituriko sailkapena (http://coches.idae.es)

7. Balorazio batzordea.

Agiriak kalifikatu eta proposamenak baloratuko dituen batzordea honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Oihan Mendo Goñi, alkatea.

1. mahaikidea: Daniel Arana Belloso, Tokiko Gobernu Batzarreko kidea.

2. mahaikidea: Manuel Ayechu Redín, Tokiko Gobernu Batzarreko kidea.

3. mahaikidea: Carlos Velez Medrano, Tokiko Gobernu Batzarreko kidea.

Idazkaria: Udaleko idazkaria.

8. Proposamenen balorazioa.

Proposamenak aurkezteko epea bukatuta, Balorazio batzordeak, barne ekitaldi batean, lizitatzaileek 1. gutun-azalean aurkeztutako dokumentazio orokorra egiaztatuko du.

Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta gehienez ere 15 egun natural igarota, Udalaren iragarki-taulan argitaratuko da eskaera onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda. Eskatzaileek erreklamazioak egiten ahalko dituzte, eta akatsak zuzendu, onartutako eskatzaileen behin-behineko zerrendan adieraziko den epean.

Eskatzaileen behin-behineko zerrendan adierazitako egunean, Udalaren iragarki-taulan eta webgunean argitaratuko da onartutako eta baztertutako izangaien behin betiko zerrenda. Behin-behineko zerrendan bazterturik ez badago, behin-behineko zerrenda behin betikoa bilakatuko da eta horrela adieraziko da.

Eskatzaileen behin betiko zerrendan zehaztuko da gutun-azal ekonomikoak irekiko diren eguna, ordua eta tokia.

Onartutako eskaerak ezagututa, barne ekitaldian, 2. gutun-azala ireki eta edukia aztertuko da, 6. oinarrian adjudikaziorako bildutako irizpideei jarraituz.

9. Proposamenak irekitzea.

Batzordeak, behin betiko zerrendan zehazten den egunean, orduan eta tokian eginen den ekitaldi publikoan 2. gutun-azalaren edukiaren azterketan lortutako puntuazioaren berri emanen du, adjudikatzeko irizpideekin bat.

Ondoren, kalifikazio epaimahaiko idazkariak 3. gutun-azala ireki eta irakurriko du.

Ekitaldia egin ondotik, gehienez ere 5 eguneko epean, Udalaren iragarki-taulan lehentasun ordenaren araberako puntuazio zerrenda emanen da argitara, lehiaketan den lizentzia eskuratzeko 10. oinarrian zehaztutako moduan.

10. Lizentziaren adjudikazioa.

1. Eskaintzak aztertuta, haietako bakoitzari lehentasun ordena esleituko zaio, guztira lortutako puntuazioarekin bat.

2. Lizentziaren behin-behineko adjudikazio-hartzaile gertatzen den eskatzailea izendatuko du alkateak.

3. Behin-behineko adjudikazio-hartzaileak adjudikazioa jakinarazi eta hiru hilabeteko epean, egiaztagiriak aurkeztu beharko ditu, lizentzia emateko eskatu zaizkion baldintzak betetzen dituela frogatzeko; eta bereziki:

–Lizentzia atxikiko zaion ibilgailua edukitzearen gainekoa. Aurkeztutako eskaintzarekin bat egin beharko du eta Taxiari buruzko Foru Legean ezarritako ezaugarriak beteko ditu.

–Aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena.

–Lizentziaren zenbateko osoa ordaintzea, aurkeztutako eskaintza ekonomikoarekin bat.

4. Behin-behineko adjudikazio-hartzaileak adjudikazioa jakinarazi eta 3 hilabeteko epean lizentzia eskuratzeko baldintzak betetzen dituela frogatzen duen dokumentazioa aurkezten ez badu, eta bereziki, ibilgailuarena, aseguruen kontratazioa eta, hala denean, soldatapeko gidariarena eta lizentziaren zenbateko osoa ordaindu izanarena, atxikitako bermea bahituko zaio eta lizentziak adjudikatzeko prozesutik baztertuko da. Horrela, lehentasun ordenaren arabera lizentziaren behin-behineko adjudikazio-hartzaile izan ez den lehendabiziko hautagaiak hartuko du haren tokia.

Prozedura hau dela eta, behin-behineko adjudikazio zerrendan berronartutako hautagaiek lehen aldiko adjudikazio-hartzaileen baldintza berak izanen dituzte, baita 600 euroko bermea jarri beharra ere, behin-behineko adjudikazioa jakinarazi eta astebeteko epean.

5. Dokumentazio hori aurkeztuta, alkateak behin betiko emanen dio taxi lizentzia adjudikazio-hartzaileari, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuko da nor den Garesen hiri-taxi zerbitzua emateko lizentziaren behin betiko adjudikazioaren hartzailea.

11. Lizentziaren titularren betebeharrak.

Taxi lizentzia baten adjudikazio-hartzaileak Taxiari buruzko 9/2005 Foru Legearen 6. artikuluan ezarritako baldintzak bete beharko ditu, taxi lizentziaren titular izateko.

Era berean, lehiaketan baloratu diren ezaugarriak oro, 6. oinarrian zehaztutako irizpideekin bat, lizentziari atxikita mantendu beharko dira, hark indarra duen bitartean.

12. Jurisdikzioa eta errekurtsoak.

Lizentziak adjudikatzen dituen organo eskudunak erabakiko du lehenik oinarri hauek aplikatu eta interpretatzean sor daitezkeen gorabehera guztiak. Haren ebazpenak Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legean eta 30/92 Legean ezarritakoarekin bat aurkaratzen ahalko dira, eta Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioan errekurrituz gero, jurisdikzio horri buruzko legean ezarritakoarekin bat.

13. Informazio eta adostasun klausulak.

–Tratamenduaren arduraduna: Garesko Udala.

–Xedea: Lizentzien emakida tramitatzea.

–Eskubideak: Datuetan sartu eta haiek zuzendu eta ezerezteko eskubidea, bai eta beste eskubide batzuk ere, udal bulegoetara joz horretarako.

–Informazio gehiago: Konfidentzialtasun politika www.puentelareina-gares.es webgunean.

Garesen, 2020ko irailaren 22an.–Alkatea, Oihan Mendo Goñi.

ERANSKINAK

Behera ekarri I., II. eta III. eranskinak diuen agiria (PDFa). I. eranskina.–Parte hartzeko eskaera eta erantzukizunpeko adierazpena; II. eranskina.–Dokumentazio teknikoa; III. eranskina.–Eskaintza ekonomikoa.

Iragarkiaren kodea: L2010994