244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

114/2020 EBAZPENA, urriaren 1ekoa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onesten dituena 2020-2021 ikasturterako.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak aldeko txostena eman duela jarraibideak onets daitezen Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzen 2020-2021 ikasturteko eskola egutegia prestatzeko.

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko jarraibideak onestea 2020-2021 ikasturterako. Eranskinean zehaztu dira.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

4. Ebazpen hau eta eranskina igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Kudeaketa Juridiko-administratiboaren Atalera, Eskolatze Bulegora, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko urriaren 1ean.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Jarraibideak, 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak emanen dituzten ikastetxe publikoetako eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko

1. Egutegia.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia klausula hauen araberakoa izanen da:

1.–Araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan 2020-2021 ikasturtea 2020ko irailaren 1ean hasiko da, eta 2021eko ekainaren 30ean bukatuko.

2.–Ikastetxeek araubide bereziko kirol irakaskuntzetarako egutegi proposamen berariazko bat prestatu beharko dute 2020-2021 ikasturterako, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 51/2020 Ebazpenaren eranskinean ezarritako baldintzen araberakoa; izan ere, horren bidez jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitatearen hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola egutegia eta ordutegi orokorra prestatzeko, betiere, honako salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Eskola-egunen kopuruari dagokionez, bermatu beharko da nahikoak direla Nafarroako Foru Komunitatearen eremuko araubide bereziko kirol irakaskuntzetako kirol teknikarien titulu bakoitzaren egitura eta curriculuma ezartzen dituzten foru dekretuetan finkatzen diren eskola-ordu guztiak emateko.

b) Amaierako ebaluazioaren deialdietako probak egiteko erabiltzen diren ikasturteko egunak, ingurune naturalean egin behar badira, ikastetxeko instalazioetatik kanpo, horretarako erabiltzen diren egunak aukeratuko dira kirol irakaskuntzak 2020-2021 ikasturtean ematen dituzten ikastetxeen antolamendu eta funtzionamenduaren argibideak onesten dituen ebazpenean ezartzen denaren arabera.

c) Oro har, prestakuntza multzo hauek aldi berean ematen ahalko dira: multzo komuna, multzo osagarria eta espezifikoa. Prestakuntza praktikoaren multzoa ondoren eginen da.

d) Aurrekoa gorabehera, ikastetxeak ahalmena du prestakuntza praktikoaren multzoa hasteko multzo espezifikoa bukatu aurretik.

2. Ordutegi orokorra.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen eskola-egutegia Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren uztailaren 28ko 87/2020 Ebazpenaren eranskinean ezarritakoarekin bat etorriko da (horren bidez jarraibideak onetsi baitziren Nafarroako Foru Komunitatean, 2020-2021 ikasturtean, hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeen antolamendu eta funtzionamendua arautuko dituztenak), honako salbuespen hauek kontuan hartuta:

a) Multzo komuna eta osagarria, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko eskolaldietan emanen dira, astelehenetik ostiralera. Eskola saioak 55 minutukoak izanen dira gutxienez.

b) Multzo espezifikoaren moduluen ordu teorikoetarako eskolaldia, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko saioetan emanen da, astelehenetik ostiralera. Eskola saioak 55 minutukoak izanen dira gutxienez.

c) Multzo espezifikoaren moduluen ordu praktikoen eskoladia, oro har, goizeko eta/edo arratsaldeko saioetan eginen da, astelehenetik ostiralera; larunbatetan, igandeetan, jaiegunetan eta oporraldietan ere egiten ahalko da gainerako irakaskuntzetarako, eta are, gauak ere ematen ahalko dira.

3. Prestakuntza multzoen denbora-banaketa.

Mendi-kiroletako eta Eskaladako kirol irakaskuntzen zikloetako prestakuntza multzoak, oro har, honela banatuko dira denboran:

a) Mendi-kiroletako eta Eskaladako lehen maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta multzo espezifikoa: 2020ko azaroaren 5etik 2021eko urtarrilaren 29ra.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: lehen mailako gainerako multzoak gainditzen direnetik bigarren mailara arte.

b) Erdi-mailako Mendiko bigarren maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta multzo espezifikoa: 2021eko urtarrilaren 11tik 2021eko apirilaren 21era.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: bigarren mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.

c) Eskaladako bigarren maila:

–Multzo komuna, multzo osagarria eta multzo espezifikoa: 2020ko azaroaren 5etik 2021eko martxoaren 31ra.

–Prestakuntza praktikoaren multzoa: bigarren mailako gainerako multzoak gainditu ondoren.

Multzo espezifikoei eta prestakuntza praktikoaren multzoei dagozkien denbora-banaketak aldatzen ahal dira, “1. Egutegia” jarraibidearen c) eta d) letrek ezartzen dutenari jarraikiz, baldintza klimatikoen arabera, mendi eta eskalada jarduerak egin beharreko tokiko egoeraren arabera eta kirol horiek dituzten beste ezaugarri berezien arabera.

4. Salbuespenerako arrazoiak.

Aurreko edozein atalen gaineko salbuespenak Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari eskatu beharko zaizkio, hark azter ditzan.

5. Tramitazioa.

Tramitazioa Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ekainaren 12ko 51/2020 Ebazpenaren eranskinean ezarritako arauen arabera eginen da.

6. Egutegia, kontingentzia planaren 4. egoera, “ikastetxeak ixtea”, gertatuz gero.

Kontingentzia planaren 4. egoera, “ikastetxeak ixtea”, gertatuz gero, egutegia egokitzen ahal da edo bertan behera gelditzen ahal da, eta hurrengo ikasturtera pasatu, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen jarraibideak kontuan hartuz, Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako Ministerioak eta osasun-agintaritzak ezartzen ahalko lituzketen jarraibideak aintzat hartuta.

Iragarkiaren kodea: F2011544