244. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 20a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

1597/2020 EBAZPENA, urriaren 9koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeak emana. Honen bidez onesten da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren II. edizioaren deialdia, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua.

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako tituluetan sar daitezen sustatzeko (ZTIM tituluak).

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egiteko laguntza.

Ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2020. urterako prestatutako jardueren programazioan, diru kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan defendatutako ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Ikusirik Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoaren akta eta proposamena.

Ikusirik Unibertsitateko Aholkularitza Juridikoak egin duen txostena.

Ikusirik kreditu erreserbaren ziurtagiria eta Ekonomia Gaietarako Zerbitzuak egin duen txostena.

Kontuak ikuskaturik eta aldeko fiskalizazioa eginik.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak 2019ko uztailaren 3an emandako 1420/2019 Ebazpenaren bidez ematen dizkidan eskudantziak erabiliz.

EBAZTEN DUT:

Lehenbizikoa.–Onestea emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko poster lehiaketaren II. edizioaren deialdia (gradu amaierako lanak eta master amaierako lanak), Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sustatua, ebazpen honen eranskineko oinarriekin bat etorriz.

Bigarrena.–Baimena ematea deialdi honek sortutako gastua egiteko. Gastua, 2.700,00 erokoa gehienez, sarietarako izanen da, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren aurrekontuaren bidez finantzatuko da.

Sorturiko gastua Nafarroako Unibertsitate Publikoak 2020ko ekitaldirako duen Gastuen Aurrekontuetako partidaren kargura ordainduko da.

2020

30.31.24.82.70 0380 480.25 Katedren sarietarako: 2.700,00 euro

Hirugarrena.–Deialdiak bi sari ditu modalitate bakoitzean (gradu amaierako lana eta master amaierako lana): 900,00 euro irabazlearentzat eta 450,00 euro bigarren sailkatuarentzat.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat jotzen dira; beraz, aplikatuko zaien atxikipena %15ekoa izanen da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Erregelamenduaren 78. artikuluaren arabera.

Laugarrena.–Ebazpen hau aditzera ematea Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrari, Aurrekontuen eta Plangintza Ekonomikoko Atalari, Kontabilitate Atalari, Ikerketa Zerbitzuari, Ikerketako errektoreordeari eta Kontuhartzailetzari.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitara dadila agintzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek administrazio bidea amaitzen du, eta honen aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa jartzea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko Auzietako Epaitegian, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iruñean, 2020ko urriaren 9an.–Ikerketako errektoreordea, Francisco J. Arregui San Martín.

NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOAREN EMAKUMEAREN, ZIENTZIAREN ETA TEKNOLOGIAREN KATEDRAK DEITU DUEN IKASKETA AMAIERAKO LANEI BURUZKO POSTER LEHIAKETAREN II. EDIZIOAREN OINARRIAK

2020ko urriaren 9ko 1.597/2020 Ebazpenaren eranskina

Nafarroako Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra sortu zuten Nafarroako Unibertsitate Publikoan, zientziaren eta teknologiaren berezko arloetan emakumeen parte-hartzea handiagoa izan eta, ondorioz, zientziako, teknologiako, ingeniaritzako eta matematikako tituluetan sar daitezen sustatzeko (ZTIM tituluak).

Helburu horiek lortzeko ezarri diren jardueren artean, nabarmentzekoa da emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan gradu eta master amaierako lanak egiteko laguntza.

Ondorioz, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren Segimendu Batzorde Mistoak, 2020. urterako prestatutako jardueren programazioan, diru kopuru bat ezarri zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloan defendatutako ikasketa amaierako lanik onenak saritzeko (gradukoak eta masterrekoak).

Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei (IAL) buruzko poster lehiaketaren II. edizioaren deialdia egin du.

Lehenbizikoa.–Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea ikasleen sintesi-ahalmena piztea da, beren ikasketa amaierako lanaren –hots, gradu amaierako lanaren edo master amaierako lanaren– laburpena den poster bat prestatuz.

Bigarrena.–Finantzaketa.

Deialdi honek 2.700,00 euroko aurrekontua du guztira. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren 2020ko gastuen aurrekontuko 30.31.24.82.70 0380 480.25 “Katedren sarietarako” izeneko partidaren kargura ordainduko dira.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak jarriko du diru kopuru hori.

Hirugarrena.–Deialdiko sariak.

Deialdiak lau sari ditu emakumeek zientziaren eta teknologiaren arloetan egindako ikasketa amaierako lanei buruzko posterrik onenentzat; bi sari daude modalitate bakoitzean (GAL eta MAL): 900,00 euro irabazlearentzat eta 450,00 euro bigarren sailkatuarentzat.

Laugarrena.–Hautagaiek bete beharreko baldintzak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoko emakumezko ikasle guztiek izanen dute sari hauen deialdian hautagai izateko aukera, baldin 2019-2020 ikasturtean zientziaren eta teknologiaren arloko ikasketa amaierako lan bat -dela gradu amaierako lana (GAL), dela master amaierako lana (MAL)- defendatu edo defendatuko badute.

GALei buruzko posterren kasuan, gainera, ikasketak beste unibertsitate batean egin dituzten emakumezko ikasleek ere har dezakete parte, baldin 2020-2021 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan matrikulatuak badaude.

Bosgarrena.–Eskabideen aurkezpena.

Sariketan parte hartu nahi duten hautagaiek eskaera egin beharko dute, IALSarietarakoInprimakiaEZTKatedra estekan dagoen inprimaki normalizatuaren bidez. Inprimakia Nafarroako Unibertsitate Publikoko Erregistro Orokorrean aurkeztu behar da, edo Administrazio Prozedura Arautzen duen Legeak ezartzen duen edozein bide baliatuz, lege horrek ezartzen dituen tokietan.

Horretaz gainera, mezu elektroniko bat bidali behar dute catedra.mujercienciaytecnologia@unavarra.es helbide elektronikora, hautagaitzak aurkezteko epea amaitu baino lehen, eta gaian “IAL Sariak-Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra” jarri behar dute, hautagaiaren izen-deiturekin, eta dokumentazio hau erantsirik:

–Posterra, PDF formatuan, 120 x 90 cm-ko tamainakoa (A0) gehienez.

Posterrak aurkezteko epea deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasi eta 2020ko azaroaren 4an bukatuko da.

Eskaerak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.

Sarietara aurkezteak deialdiaren oinarriak onartzea dakar berekin.

Seigarrena.–Lehiaketa.

6.1. Lehiaketa 2020ko azaroaren 20an eginen da, online formatuan. Posterren defentsa, epaimahaiaren erabakia eta sari-banaketa zer ordutan izanen diren lehiaketa baino 10 egun lehenago argitaratuko da beranduenez, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean (http://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia).

6.2. Lehiaketa gauzatzeko modua:

1. Lehiakideek IALaren ideiarik garrantzitsuenak agertzen dituen poster bat diseinatu beharko dute; 120 x 90 cm-ko tamaina izanen du gehienez (A0), eta bere diseinua horizontala nahiz bertikala izan daiteke.

2. Posterra catedra.mujercienciaytecnologia@unavarra.es helbidera bidali behar dute, PDF formatuan, 2020ko azaroaren 4a baino lehen.

3. Lehiaketaren egunean, hautagai bakoitzak online saiora konektatu eta bere IALa azaldu beharko du, eta epaimahaikideek edo ekitaldira bertaratutako edonork egin diezazkioketen galderei erantzun.

4. Hautagai bakoitzak 5 minutu izanen ditu posterraren azalpena egiteko.

5. Irabazleek, gainera, jende guztiarentzako aurkezpen ireki bat egiteko aukera izanen dute Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko Jardunaldien itxiera ekitaldian.

6. Era berean, posterrak Liburutegian egonen dira ikusgai 2020ko azaroaren 4tik 25era eginen diren Emakumeari, Zientziari eta Teknologiari buruzko Jardunaldiek iraun bitartean. Antolakundea arduratuko da posterrak kolorean eta paper matean inprimatzeaz, eta sortutako gastuak bere gain hartuko ditu. Horrez gain, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak 2020ko abendura arte gordeko ditu poster guztiak.

7. Saririk irabazten ez duten hautagaiek 2021eko urtarriletik aurrera izanen dute beren posterrak eskatzeko aukera. Saritutako posterrak, berriz, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrarentzat izanen dira.

Zazpigarrena.–Sarien epaimahaia.

Honako hiru kide hauek osatutako epaimahaiak erabakiko du sariak nori eman:

–Marisol Gómez Fernández andrea, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendariorde eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiburu lanetan arituko baita.

–Cristina García Ustarroz andrea, Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrako Batzordeko kide eta Nafarroako Berdintasunerako Institutuko Programen eta Zeharkakotasunaren Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona.

–María Milagros Ganuza Hernández andrea, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Komunikazioko Ataleko burua, edo hark eskuordetzen duen pertsona, zeina epaimahaiko idazkari lanetan arituko baita.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren zuzendariak eskatuta eratuko da epaimahaia, eta, horretarako, kideei dei eginen die. Halaber, Katedrak behar diren kudeaketa-lanak eginen ditu epaimahaiaren jarduna errazteko.

Zortzigarrena.–Sariak emateko prozesua.

8.1. Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu aintzat parte-hartzaileak baloratzeko garaian:

1. IALaren kalitatea: zientziaren eta teknologiaren arloari egindako ekarpena.

2. Posterraren kalitatea: laburra eta argia izatea eta ongi aurkeztua egotea.

3. Azalpenak eta epaimahaikideen galderei emandako erantzunak: erantzunen zehaztasuna eta lanari buruzko galdera teknikoei labur erantzuteko gaitasuna.

4. Finkatutako denborara egokitu izana.

8.2. Jendaurrean azaldu eta defendatzeko ekitaldiaren ondoren, epaimahaiak sariak emateko proposamena eginen du, txosten arrazoituan oinarrituta.

8.3. Epaimahaiak Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikerketako errektoreordeari bidaliko dio sariak emateko proposamena. Errektoreordeak dagokion ebazpena emanen du, aurkeztu diren ikasketa amaierako lanik onenei sariak emateko. Ebazpen horretan, saritutako hautagaien izena baino ez da agertuko, eta gainerako hautagaitzak atzera bota direla ulertuko da.

8.4. Saria eman gabe utz daiteke epaimahaiaren iritziaren arabera, edo hautagairik ez dagoelako.

8.5. Ikerketako errektoreordearen behin betiko esleipen-ebazpenaren aurka zilegi da berraztertzeko errekurtsoa aurkeztea, errektoreari zuzendua, hilabeteko epean, edo administrazioarekiko auzi-errekurtsoa Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegietan, bi hilabeteko epean, ebazpena argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

8.6. Ekitaldi publikoa eginen da sariak banatzeko.

8.7. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak zabalduko du sarien behin betiko esleipenaren ebazpena.

Bederatzigarrena.–Sarituen betebeharrak.

Sarituek jasotzen duten diru kopurua nahi bezala erabiliko dute, eta 2020ko abenduaren 31a baino lehen ordainduko zaie.

PFEZari dagokionez, sari hauek jarduera profesionalaren errendimendutzat hartuko dira, eta, beraz, Unibertsitateak %15eko atxikipena eginen du.

Deialdiko oinarriak bete ezean, edo datuak ezkutatu, aldatu edo haietan iruzur egiten bada, zilegi izanen da saria kentzea. Hala gertatzen denean, hartutako dirua itzuli beharko du interesdunak.

Hamargarrena.–Irudi-eskubideak eta datuak argitaratzekoak.

Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak sare sozialetan eta hedabideetan argitaratzen ahalko ditu parte-hartzaileen datuak eta posterrak, baita lehiaketan egindako argazkiak argitara eman eta publikoki zabaldu ere.

Hamaikagarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau eta oinarriak Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean (https://www.unavarra.es/catedra-mujer-ciencia-tecnologia) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

Halaber, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedra arduratuko da oinarriak zabaltzeaz.

Deialdi hau aplikatzeko emandako gainerako egintzak Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedraren webgunean eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren egoitza elektronikoan argitaratuko dira.

Bitarteko horiek dira Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Emakumearen, Zientziaren eta Teknologiaren Katedrak onarturiko tresna bakarra; nolanahi ere, interesdunei posta elektronikoaren bidez eginiko jakinarazpen bat bidal liezaieke modu osagarrian eta ez ofizialean.

Hamabigarrena.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka, interesdunek zilegi dute berraztertzeko errekurtsoa jartzea, hilabeteko epean, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreari zuzendua, edo, bestela, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa maila bereko Nafarroako epaitegietan, bi hilabeteko epean, biak ere argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Iragarkiaren kodea: F2011938