243. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 19a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

8E/2020 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, zeinaren bidez dirulaguntzen deialdi bat onesten baita Nafarroako toki entitateek gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babes ditzaten 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra. DDBN identifikazioa: 524729.

Nafarroako Gazteriaren Institutua –aurrerantzean NGI– erakunde autonomo bat da, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuari atxikia, eta bere gain dauka gazteriaren arloko eskumena. Hain zuzen ere, eskumen hori garatzeko, azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak (zeinaren bidez sortu baitzen NGI eta haren estatutuak onetsi), 3. artikuluan, honako eginkizun hauek esleitzen dizkio erakunde autonomoari: gazteentzako zerbitzuen eta jardueren garapena bultzatzea, gazteek gizartean erabat parte hartzeko; genero berdintasuna bultzatzea; ohitura osasungarrien sustapena; balioak garatzea; gazteen arteko lankidetza eta elkartasuna; eta Nafarroako gazteen eskaerei erantzuten dieten gainerako arloak.

Apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legeak, Gazteriari buruzkoak, “Toki entitateen eskumenak” jorratzen ditu 7. artikuluan. Zehatzago, 7.2 artikuluan, honako hau dio: “Nafarroako Foru Komunitateko gazteen aukera berdintasuna lortzen laguntzeko xedez, gazteriaren arloan eskuduna den departamentuak laguntza eta aholkuak emanen dizkie Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko tokiko politikak sustatzeko lanean, honako alderdi hauetan zehazki: gazteriaren arloko tokiko planak prestatzea, gazteentzako instalazioak sustatzea, gazteentzako zerbitzu eta jarduerak garatzea prebentzioaren, informazioaren, prestakuntzaren eta mugikortasunaren arloetan, bai eta gazteen eskaerei erantzuten dieten beste arlo batzuetan ere.”

Nafarroako toki entitateentzako laguntza hori gauzatzeko, Gazteriaren Legean aurreikusirik baitago, Nafarroako Gazteriaren Institutuak bidezkotzat jotzen du ebazpen berri bat onestea toki entitateei 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra eman beharreko dirulaguntzen araubidea ezartzeko.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak laguntza publiko guztiak arautzen ditu, eta bertan ezartzen dira printzipio orokorrak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak eta erantzukizunak, bai eta dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko bidea ere.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak jarritako helburuak betetzearren, beharrezkotzat jotzen da, halaber, Nafarroako toki entitateei norgehiagokako araubidearen bitartez emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia tramitatzea.

Deialdi honen xedea da toki entitate horiei laguntzea, partzialki finantzatuz Nafarroako gazteek bizitza sozialean parte-hartze aktibo hobea izan dezaten entitate horiek gauzatzen dituzten programen gastuak, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra arteko deialdiak ezarritako aldian.

Nafarroako Gazteriaren Institutuak aurkeztu duen txosten batean, toki entitateentzako laguntzek duten garrantzia baloratzen da, horiei esker ahalbidetzen delako herriko gazteek gizartean parte hartzea; horrexegatik, NGIk gazteriaren arloko teknikariak kontrata daitezela eta/edo aurretik zeudenak mantendu daitezela babestu nahi du, eta tokiko gazteria planak eta diagnostikoak egin daitezela, edo gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatu daitezela, bai eta gazteentzako programak eta azterlan sektorialak egin daitezela ere.

Hortaz, bidezkoa da ebazpen bat onestea tokian tokiko gazteentzako programak egiten dituzten toki entitateei eman beharreko dirulaguntzen araubidea ezartzeko.

Horrenbestez, Nafarroako Gazteriaren Institutua erakunde autonomoa sortzen duen eta haren estatutuak onesten dituen azaroaren 15eko 327/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra arteko aldian gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko.

2. Dirulaguntza emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen eranskinean jaso dira.

3. Deialdi honi aurre egiteko, 320.000,00 (hirurehun eta hogei mila) euroko gastua baimentzea. Dirua partida hauei egotziko zaie:

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

ZENBATEKOA

090002-09120-4609-232103: (E) Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak

2020ko partidaren baliokidea

2021

320.000,00

Laguntzak emateko eta ordaintzeko, kreditu egokia eta behar adinakoa izan beharko da 2021erako Nafarroako Aurrekontu Orokorretan.

4. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko da, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, galarazi gabe Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egiteko aukera, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epeetan.

5. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Iruñean, 2020ko irailaren 21ean.–Nafarroako Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailea, Carlos Amatriain Busto.

I. ERANSKINA

Oinarriak

1. Xedea.

Deialdi honen xedea da Nafarroako toki entitateei gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatu eta babesteko emanen zaizkien dirulaguntzen araubidea ezartzea. Dirulaguntzak norgehiagokako araubidearen bidez emanen dira.

Deialdi honetako dirulaguntzen xedea da Nafarroako toki entitateei laguntza ematea, honako ekintza hauen ondoriozko gastuak partzialki finantzatuz:

a) Tokiko gazteria plana, aurretiazko diagnostikoa edo 2022. urteko programazioa prestatzea, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta herriko gazteriarekin lotura duten gaien inguruko azterlan sektorialak egitea (aisialdiko lokalak, ohitura osasungarriak, kontsumoak, kirol praktika, partaidetza eta abar).

b) Gazteriaren arloko teknikari berriak kontratatzeko eta/edo aurretik zeudenak mantentzeko laguntza ematea.

c) Nafarroako gazteek, hamalau urtetik hogeita hamar urtera bitartekoek, biak barne, bizitza sozialean duten parte-hartze aktiboa hobetzeko helburua duten gazteentzako jardueren programak/proiektuak gauzatzea. Gazteriari buruzko apirilaren 1eko 11/2011 Foru Legearen 2. artikulua betez.

Ekintza horiek 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte gauzatu beharko dira.

2. Entitate onuradunak.

Oro har, deialdi honetan dirulaguntza eskatzen ahalko dute Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean arauturik egon eta oinarri hauetan ezarritako baldintzak betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek.

3. Helburua.

Hona hemen zertan datzan deialdi honen onura publikoa: Nafarroako tokiko entitateei laguntza ematea gazteentzako neurriak gauzatzeko, gazteen garapen pertsonala helburu, eta udalerriko gazteen parte-hartzea sustatzeko, betiere aukera berdintasuneko baldintzetan Nafarroako Foru Komunitate osorako.

4. Aurrekontu kreditua.

Deialdi honi aurre egiteko aurrekontua 320.000,00 eurokoa (hirurehun eta hogei mila euro) da osotara, “(E) Toki entitateek gazteentzako programak egiteko dirulaguntzak” izeneko 090002-09120-4609-232103 partidaren kargura (Nafarroako 2021eko Aurrekontu Orokorretan horretarako gaitzen den partida ekonomikoaren kargura).

5. Entitate onuradunen betebeharrak.

Entitate onuradunek baldintza hauek bete beharko dituzte:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen babesean eratuak izatea.

–Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean izatea.

–Dirulaguntzen onuradun izateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debekuetatik kanpo egotea.

–Adingabeen Babes Juridikoari buruzko urtarrilaren 15eko 1/1996 Lege Organikoaren 13. artikuluko 5. apartatuan –uztailaren 28ko 26/2015 Legeak aldatua– ezartzen denez, adingabeekin ohiko harremana duten lanbide, ogibide eta jardueretan lanean hasi eta aritzeko baldintza da epai irmo baten bidez kondenatua ez izatea sexu askatasun eta sexu ukigabetasunaren kontrako delitu batengatik, eta horren barnean sartzen dira sexu eraso eta abusua, sexu jazarpena, exhibizionismoa eta sexu probokazioa, prostituzioa eta sexu esplotazioa, adingabeak galbideratzea, eta gizakien salerosketa. Hartara, lanbide, ogibide edo jarduera horietan hasi nahi dutenek Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboa aurkeztu beharko dute, inguruabar hori frogatzeko. Hori horrela, deialdi honi heltzen dion toki entitateak Sexu Delitugileen Erregistro Zentralaren ziurtagiri negatiboak aurkeztu beharko ditu (Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua), baldin eta egin beharreko jarduerek adingabeekin harremana izatea badakarte. Hori guztia adingabeekin harremana duten boluntario eta/edo profesional guztiei eskatuko zaie.

Ziurtagiri horrek izan beharko du deialdiaren urte natural berean emana.

–Dirulaguntza mota bakoitzerako ezarritako berariazko baldintzak betetzea, hots, 6.2, 7.2 eta 8.2 oinarrietan aipatutakoak.

6. Honako hauetarako dirulaguntza: tokiko gazteria plana, bere aurretiazko diagnostikoak eta 2021. urteko programazioa prestatzea, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta herriko gazteriari buruzko azterlan sektorialak egitea.

6.1. Apartatu honen xedea da oinarriak ezartzea, jarraian adierazten direnak prestatzen laguntzeko dirulaguntza emateko: tokiko gazteria plana, gazteriaren diagnostikoak (aipatu plana idatzi baino lehen egiten badira), gazteentzako jarduerak programatzea 2021. urterako, eta gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea.

Toki entitateek laguntza ekonomikoa eskatzen ahalko dute tokiko gazteria planak, aurretiazko diagnostikoak eta 2021. urteko jarduera programak egiteko kanpoko kontratazioak sortzen dituen gastuetarako. Kontratazioak 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra egina izan beharko du.

Tokiko gazteria plana da agiri bat, zeinetan modu estrategikoan biltzen baitira zenbait gidalerro, neurri, ekintza eta baliabide, epe jakin batean beharrezkoak izanen direnak udalerrian, proposaturiko gazteriaren arloko politikak gauzatu daitezen. Gazteria plana egin aurreko pausua da gazteriaren diagnostikoa egitea. Oro har, diagnostikoa ekitaldi ekonomiko batean eginen da, eta plana hurrengoan.

Gazteria plana egiteko aurreko deialdietan dirulaguntza jaso duten udalek ezin izanen dute beste dirulaguntzarik eskatu horretarako plan horrek indarrean dirauen bitartean (plan horiek 3 urteko indarraldia dute).

Diagnostikoa deitzen zaio aldez aurretik egiten den eta beharrezkoa den azterketari, gazteriaren arloko eskaera eta beharrei buruzko datuak eta informazioa jasotzen dituenari, gerora tokiko gazteria plana egiteko.

Urteko programazioa deitzen zaio herri batean gazteriaren arloan urtebetean egin beharreko jarduera planifikatuen multzoari.

Gazteen arteko solaserako gunetzat hartzen dira gazteen foro eta elkarrizketak. Gazteriaren arloko kargu politikoek eta teknikariek ere parte har dezakete, komunikazioa hobetzeko entzute aktibo eta enpatikoa sustatuz; prestakuntza eskuratzeko eta pentsamendu kritikoa dakarten tresnak bereganatzeko; egoeren eta errealitateen diagnostikoak egiteko; eta konponbide proposamenak garatzearren kudeaketa tresnak lortzeko. Gazteriaren arloan eskudunak diren tokiko agintaritzei igorriko zaizkie ondorioak.

Azterlan sektorialak dira herriko gazteen bizimodua islatzen dutenak, non gazteen iritziak (beren intereseko gaiei buruz) jasotzen baitira.

6.2. Tokiko gazteria plana edo aurretiazko diagnostikoa egiteko laguntza eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek:

a) Udala bada, 500 biztanle edo gehiago izatea, eta Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea bada, 3.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2020ko urtarrilaren 1eko populazio datuen arabera.

b) Beren egitura organikoan Gazteriaren Zinegotzitza, gazteriaren arloa edo gazteriaren arloko egitura izatea, eta arlo horretarako aurrekontuko partidak edo diru izendapenak izatea.

Bestalde, Nafarroako toki entitate guztiek eskatzen ahalko dute laguntza 2022rako jardueren urteko programazioa prestatzeko, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeko, eta herriko gazteriari buruzko azterlan sektorialak egiteko.

6.3. Betebeharrak tokiko gazteria plana, aurretiazko diagnostikoak, urteko programazioa, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzea eta azterlan sektorialak diruz laguntzeko.

a) Tokiko gazteria planaren azken agiriak honako informazio hau edukiko du gutxienez: udalerriko gazteriaren egoeraren diagnostikoa eta jarduketen plangintza hiru urterako, gutxienez. Plangintza horrek honako hauek izanen ditu: helburuak, ildo estrategikoak, arloak, ekintzak, aplikaziorako aurrekontu ekonomikoa, ebaluazioa eta arlokako adierazleak.

Tokiko gazteria planak gazteen parte-hartzea izanen du.

b) Tokiko gazteria planaren aurretik eginen diren gazteriaren diagnostikoek informazio hauek bilduko dituzte gutxienez: helburuak, metodologia, azterketa soziodemografikoa, gazteen eskari eta beharren identifikazioa, gazteek udalerrian duten parte-hartzearen azterketa, politiken balorazioa eta egokitzapena, egungo zerbitzu eta programak, eta jarduketa ildoen definizioa.

c) 2022. urterako programazioak informazio hauek bilduko ditu, gutxienez: helburuak, hartzaileak, jarduerak, lortu beharreko emaitzak, jarraipenerako adierazleak eta aurrekontua. Gazteriaren arloko teknikaria duten toki entitateek ez dute urteko programazioa egiteko laguntzarik jasoko.

d) Gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta garatzeko, honako informazio hau jaso beharko da: topaketak, helburuak, eragile sozialak, hartzaileak.

e) Azterlan sektorialek honako informazio hauek jasoko dituzte gutxienez: herriko gazteen inguruko azterlanaren helburuak, metodologia eta analisia.

Apartatu honetako lanak 6.1 oinarrian adierazitako epean gauzatu behar dira; hots, diruz lagungarria den epean.

6.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa tokiko gazteria planetarako, aurretiazko diagnostikoetarako, jardueren urteko programaziorako, gazteekin foroak eta elkarrizketak egiteko eta azterlan sektorialak egiteko.

a) Tokiko gazteria plana prestatzen laguntzeko dirulaguntza %50era artekoa izaten ahalko da:

a.1) Diagnostikoa prestatzeko gastuaren %50; gehienez ere 3.000 euro.

a.2) Tokiko plana prestatzeko gastuaren %50; gehienez ere 3.000 euro.

b) Urteko programazioa egiteko dirulaguntza, gehienez ere, %50ekoa izanen da 2022rako, 1.500,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

c) Gazteekin foroak eta elkarrizketak egiteko dirulaguntza, gehienez ere, %75ekoa izanen da, 1.500,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

d) Azterlan sektorialak egiteko dirulaguntza, gehienez ere, %50ekoa izanen da, 3.000,00 euroko mugarekin toki entitate bakoitzeko.

6.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

Tokiko gazteria planak, aurretiazko diagnostikoak eta urteko programazioa prestatzeko, edo gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzeko eta azterlan sektorialak egiteko dirulaguntza eskatzen duten entitateek honako dokumentazio hau aurkeztu beharko dute toki entitateko idazkariak edo idazkari lanetan ari denak sinatutako eskabide orokorrarekin batera (Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean ezarritakoarekin bat), Nafarroako Gazteriaren Institutuari zuzendua –aurrerantzean NGI– eta II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua.

a) Idazkari lanetan ari denak sinaturiko eskabidea, horretarako egin den II. eranskina-1.fitxaren araberakoa. Eredua NGIn, Internet bidez (www.juventudnavarra.es/eu) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

b) Erantzukizunpeko adierazpena, toki entitatean idazkari lanetan ari denak edo entitatearen ordezkariak emana, non azaltzen den entitatea ez dagoela Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan ezarritako debeku egoera batean.

c) Tokiko gazteria plana prestatzeko proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, metodologia, faseak eta aurrekontua, eta dirulaguntzaren xede den tokiko plana zein entitate edo enpresak eginen duen adieraziko da.

d) Tokiko gazteria planaren aurreko diagnostikoa egiteko proiektua. Bertan zehatz azalduko dira helburuak, metodologia, azterketa eremuak, epeak eta aurrekontua, eta adieraziko da zein entitate edo enpresak eginen duen dirulaguntzaren xede den tokiko planaren aurreko diagnostikoa.

e) Udalaren Osoko Bilkurak, Gobernu Batzordeak edo organo eskudunak hartutako erabakia tokiko gazteria plana edo planaren aurretiazko diagnostikoa prestatzea, gazteekin foroa eta elkarrizketa gauzatzea edo azterlan sektoriala egitea onesteko.

6.6. Apartatu honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 30.000,00 euro gordetzen dira deialdirako ezarritako diru-kopuru osotik, eta horiek ez badira guztiz agortzen, soberakina gazteentzako programen garapenerako apartatura sartuko da. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena dirulaguntzaren entitate onuradunen artean hainbanatuko da, portzentaje berean.

7. Gazteriaren arloko teknikarien kontratazio berriak egiteari eta/edo mantentzeari laguntza emateko dirulaguntza.

7.1. Apartatu honen xedea da gazteriaren arloko udal teknikarien kontratazio berriak egiteko, hobetzeko eta/edo mantentzeko dirulaguntzaren oinarriak ezartzea, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra.

7.2. Gazteriaren arloko teknikariak kontratatzeko eta/edo mantentzeko dirulaguntza eskatzen ahalko dute baldintza hauek betetzen dituzten Nafarroako toki entitateek:

a) Udala bada, 1.200 biztanle edo gehiago izatea, eta mankomunitatea bada, 5.000 biztanle baino gehiago biltzea, 2020ko urtarrilaren 1eko erroldako datuen arabera.

b) Beren egitura organikoan Gazteriaren Zinegotzitza, gazteriaren arloa edo gazteriaren arloko egitura izatea, eta arlo horretarako aurrekontuko partidak edo diru izendapenak izatea.

c) Konpromisoa hartzea gazteriaren arloko teknikariek parte har dezaten NGIk gazteen arloan antolatutako etengabeko prestakuntza programetan.

7.3. Diruz lagundu beharreko kontratazioaren araubidea.

Toki entitateek laguntza eskatzen ahalko dute gazteriaren arloko teknikari bat kontratatzeko 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartean, betiere irizpide hauei jarraituz:

a) Toki entitateak kontratatzen duen lehenbiziko aldia bada, lehenbizikoz entitatearen plantilla organikoan agertzen den lanpostua izatea edo administrazio edo lan araubideko kontratu berri bat izatea.

b) Lanpostua B mailakoa eta lanaldi erdikoa izatea gutxienez.

c) Bete beharreko eginkizunak hauek izatea: gazteriaren arloko tokiko politiken diseinua, kudeaketa eta ebaluazioa; gazteentzako programak eta/edo jarduerak asmatu eta antolatzea; gazteek parte hartzeko espazioak sustatzea; eta udalerrian gazteen garapena erraztuko duten beste batzuk.

d) Gazteriaren arloko teknikaria hautatzean administrazio publikoan kontratazioari buruz indarra duten arauak betetzea, eta NGIko aholkularitza teknikoarekin egitea.

7.4. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Gazteriaren arloko teknikariak kontratatzeko eta/edo mantentzeko dirulaguntza honako irizpide ekonomiko hauei jarraikiz emanen da:

–Erreferentziatzat hartuko da Nafarroako administrazio publikoetako B mailako langileen hasierako soldata, 2020an dutena, egoki diren soldata osagarriekin, eta enpresak Gizarte Segurantzari ordaindu beharreko kuota.

–Dirulaguntzen deialdi honen ondorioetarako, kontuan hartuko den kontratazioaldia 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartekoa izanen da, edo kontratua hasten denetik 2021eko urriaren 31rainokoa.

–Dirulaguntzen xede diren gastuetatik kanpo gelditzen dira kontratatutako pertsonak kontratua amaitzeagatik edo beste arrazoi batzuengatik jaso ditzakeen kalte-ordainak.

7.5. Eskaerak aurkezteko dokumentazioa.

Gazteriaren arloko teknikari berriak kontratatzeko dirulaguntza eskatzen duten entitateek ondoko dokumentazioa aurkeztu beharko dute idazkariak sinatutako eskabide orokorrarekin batera, NGIri zuzendua, II. eranskinean dagoen ereduaren arabera prestatua.

a) Idazkari lanetan ari denak sinaturiko eskabidea, horretarako egin den II. eranskina-2.fitxaren araberakoa. Eredua NGIn, Internet bidez (www.juventudnavarra.es/eu) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

b) Idazkari lanetan ari denaren erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko entitateak ez duela urratzen Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan dirulaguntza publikoen onuradun izateko ezarritako debekurik.

c) Idazkari lanetan ari denaren ziurtagiria, 7.2. oinarriko baldintzak betetzen dituela ziurtatzen duena.

d) Entitateak eta gazteriaren arloko teknikaria izateko kontrataturiko pertsonak sinatutako kontratuaren fotokopia konpultsatua, 2021eko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte indarra duena. Eskaera aurkezteko epea bukatzen den egunerako dokumentu hori aurkezterik ez badago, entitateak formalizatu bezain laster bidaliko dio NGIri.

Betebehar horiek Foru Komunitateko Administrazioko organoek ziurtatu behar dituztenean edo administrazio horren esku dauden agiriak direnean, ez da beharrezkoa izanen agiri horiek aurkeztea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 9.4 artikuluan xedatu bezala.

7.6. Apartatu honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 160.000,00 euro gordetzen dira deialdirako ezarritako diru-kopuru osotik, eta horiek ez badira guztiz agortzen, soberakina jarduera-programen garapenerako apartatura sartuko da.

8. 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitartean gazteentzako programak egiteko dirulaguntza.

A) Dirulaguntzaren xede dira herriak berak antolatutako edo bultzatutako ekintzak, gazteei zuzenduak eta haien inplikazioa eta erantzukizuna sustatzen dutenak, biltzen dituzten programak:

8.1. Gazteen integrazioa eta parte-hartzea sustatzen dituztenak.

8.1.1. Gazteei, ikuspegi integral batetik, bizitza sozialean parte-hartze aktiboa izateko bitartekoak eta tresnak ematen dizkieten ekintzak.

8.1.2. Gazteen bizi-ibilbidea hobetzen duten ekintzak, haien beharrak aintzat hartuta.

8.1.3. Belaunaldien arteko harremanak sustatzen dituzten ekintzak, gazteen eta zaharragoen arteko interakzioa errazteko, tradizioa eta teknologia berriak uztartuz.

8.1.4. Gazteen parte-hartze solidarioa bultzatzen duten ekintzak, boluntariotzaren, hezkuntzaren eta garapenerako lankidetzaren bidez.

8.1.5. Elkarrizketa egituratuari lotutako ekintzak, gazteriaren arloko erabakiak hartzeko ardura dutenen eta gazteen arteko debateak.

8.1.6. Gazteen adimen emozionala garatzen duten ekintzak.

8.1.7. Toki entitateak gazteen garapena eta udalerrian duten parte-hartzea hobetzearren antolatzen ahal dituen beste jarduera batzuk.

8.2. Gazteen prestakuntza hobetzen dutenak.

8.2.1. Gazteek prestakuntza eta enplegua izan dezaten laguntzen duten ekintzak.

8.2.2. Osasun-hezkuntzako ekintzak.

8.2.3. Gazteriaren Asteari lotutako jarduerak, balio demokratikoak sustatzen dituztenak.

8.2.4. Indarkeria, arrazakeria, xenofobia, sexismoa, homofobia eta intolerantzia prebenitzen duten ekintzak.

8.2.5. Emakumeen eta gizonen aukera berdintasunaren aldeko ekintzak.

8.3. Gazteen aisia eta astialdi osasungarria bultzatzen dituztenak.

8.3.1. Aisialdiko eta jostetako jarduerak. Aisia eta jostetako jardueratzat hartuko dira lokaletan nahiz eremu irekietan egiten direnak eta jolasa, josteta edo hezkuntza ez formala helburu dutenak, betiere deialdiaren 8.7 oinarrian zehaztutako salbuespenak salbuespen.

8.3.2. Gazteen artea sustatzen duten ekintzak. Gazteengan arte zaletasuna sustatu eta gazte talentudunei bultzada ematen dieten jarduerak dira. Hala, eman daiteke dirulaguntza NGIren “Nafarroako artista gazteen topaketak” programako pertsona eta taldeak protagonista dituzten ikuskizunak kontratatzeko.

8.3.3. Irtenaldiak. Herritik kanpora egiten diren irteerak, hala nola kanpalekuak, aterpetxeetara joatea, txangoak.

8.3.4. Gazteen aisialdiko eta astialdiko proiektuak, non baztertzeko arriskuan dauden gazteek eta/edo desgaitasuna duten gazteek parte hartzen baitute.

B) 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jardueren programak egiteko dirulaguntza jaso dezaketen gastuak.

8.4. Deialdi honetan gastu diruz lagungarriak dira jarduerak gauzatzearekin zuzeneko lotura dutenak, hala nola:

–Garraioko gastuak; halakotzat joko dira garraio kolektiboak, publikoak nahiz pribatuak, erabiltzearen ondorioz sortutakoak.

–Mantenu eta ostatu gastuak, gaua kanpoan ematea barne hartzen duten irtenaldietan.

–Dirulaguntzaren xedeko jarduera egiteko beharrezkoak diren material suntsigarrien gastuak.

–Gazteentzako programetan jasotako jarduerak antolatu eta garatzeko profesionalak kontratatzetik etorritako gastuak.

–Jarduerarekin zerikusia duten argitalpen edota material didaktikoak, gazteei zuzenduak, argitaratzeko gastuak.

–Gazteriaren arloko teknikari eta informatzaileak NGIrekin koordinatzeko egin beharreko bileretara joateko bidaia-gastuak.

Gastu diruz lagungarriak dira, bakar-bakarrik, gastu arruntak, baldin diruz laguntzen den jardueraren izaerari zuzenean eta zalantzarik gabe lotuak badaude eta diruz lagundutako jarduerak egiteko ezarri den epe berari baldin badagozkio.

8.5. Diruz lagungarriak diren gastuetarako gehieneko muga hauek ezarri dira:

a) Joan-etorrietako gehieneko gastua 1.500 eurokoa izanen da, joan-etorri bakoitzeko. Banakako txartelen bidezko garraio gastuetarako, tarifa arrunt merkeenaren prezioa ordainduko da (turista maila).

b) Herritik kanpora egiten diren jardueretan, gaua kanpoan ematea beharrezkoa denean, ostatu eta mantenu gastu gehienekoak 28 eurokoak izanen dira, parte-hartzaile eta egun bakoitzeko.

8.6. Atal honetako behar ekonomikoei aurre egiteko 130.000,00 euro jarriko dira, edo horiei 6. eta 7. oinarrietako soberakinak gehituta ateratzen den diru-kopurua, soberakinik izanez gero.

C) 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jardueren programak egiteko dirulaguntzatik kanpo geratzen diren esparrua eta gastuak.

8.7. Deialdi honetako dirulaguntzatik kanpo daude:

a) Irakaskuntzako jarduerak, indarra duten ikasketa planetan aurreikusitakoak, edo hezkuntza formalaren xedea edo edukiak dituztenak.

b) Kirol-kluben jarduerak eta, oro har, kirol jarduerak.

c) Inauteriak, dantzaldiak, kontzertuak, tokian tokiko jaiak, gazteria festak, desfileak eta unean uneko beste festa batzuk, gazteentzako berariazko proiektu batean garbi egokitzen ez direnak.

d) NGIren aurretiazko baimenik izan gabe 14 urtetik beherako haurrentzat antolatzen diren programa edota jarduerak.

e) Toki entitateen dirulaguntzekin beste entitate edo talde batzuek egiten dituzten jarduerak.

f) Nafarroako Gobernuaren beste departamentu batzuen eskumeneko gaiei buruzko programak, diruz lagunduak badira.

g) Beste deialdi berariazkoago baten helburu diren jarduerak.

h) Gazteentzako azpiegituren funtzionamendu eta/edo mantentze gastuak.

i) Gazteentzako informazio zerbitzuen kudeaketa eta funtzionamendu gastuak.

j) Material inbentariagarria erostea.

k) Bazkari, hamaiketako, askari eta horrelakoen gastuak, irtenaldietako mantenu gastuak izan ezik.

l) Aldizkari, egunkari, telebista-kanal eta abarren harpidetzak.

m) Sariak eta opariak.

n) Jarduerarekin zuzeneko loturarik ez duten beste gastu batzuk.

9.–2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jardueren programak egiteko eskaerak eta hasierako agiriak.

Gazteentzako programak garatzeko dirulaguntza eskatzen duten entitateek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte:

9.1. Eskaerek II. eranskineko ereduari jarraituko diote. Eredua NGIn, Internet bidez (www.juventudnavarra.es/eu) eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan eskuratzen ahalko da.

9.2. Behar bezala prestatutako eta ekonomikoki baloratutako proiektua. Proiektu horiek, gutxienez, eduki hau izanen dute: helburuak, hartzaileak, metodologia, jardueren deskribapena, gauzatu beharreko ekintzen banaketa geografikoa, jardueren egutegia eta aurrekontu zehaztua, bai eta diru-sarreren aurreikuspena ere; hala jasotzen da II. eranskineko 3. eta 4. fitxen araberako eskaera ereduan, idazkari lanetan ari denak izenpetu beharrekoan. Eredu horiek eskura egonen dira NGIren bulegoetan, www.juventudnavarra.es/eu webgunean, eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan.

9.3. Eskaerak hobeki ebaluatzen laguntzeko, NGIk eskatzen ahalko die eskatzaileei aurkeztutako proiektuetako informazioa argitzeko.

9.4. Eskaerarekin batera, idazkari lanetan ari denak sinatutako ziurtagiri bat aurkeztu beharko da, II. eranskinean agertzen den ereduaren araberakoa (eredua eskura daiteke NGIren bulegoetan, www.juventudnavarra.es/eu webgunean, eta Nafarroako Gobernuko Atariko Zerbitzuen Katalogoan). Ziurtagiri horretan, toki entitatearen gaineko honako alderdi hauek frogatu beharko dira.

a) Toki entitateak ez duela dirulaguntzen onuradun izateko debekurik. Debeku horiek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluko 2. eta 3. apartatuetan jasota daude.

b) 22. oinarrian ezarritakoa gertatu ezean, entitate onuradunak ez duela gardentasunaren gaineko betebeharrik, deusetan galarazi gabe deialdia kudeatzen duen unitateari egiaztapenak eta ikuskapenak egiteko esleitu zaizkion ahalmenak.

c) Aipatutako entitateak bere publizitatean jasotzen duela Nafarroako Gobernuaren dirulaguntza hartu duela.

9.5. Sexu Delitugileen Erregistro Zentraleko ziurtagiri negatiboa (Adingabeen Babes Juridikoari buruzko 1/1996 Lege Organikoaren 13.5 artikulua), baldin eta egin beharreko jarduerek adingabeekin harremana izatea badakarte. Adingabeekin harremana duten boluntario eta/edo profesional guztiei eskatuko zaie.

10. Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

10.1. Dirulaguntzarako eskaerak eta hasierako agiriak eta frogagiriak NGIri zuzenduko zaizkio, eta telematika bidez aurkeztuko dira nahitaez, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren (www.nafarroa.eus) izapideen katalogoan dagokion esteka erabiliz.

Eskaera NGIri zuzendu beharko zaio eta horretarako ezarritako eredu ofizialaren araberakoa izanen da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.8 eta 66.6 artikuluetan xedatutakoarekin bat.

10.2. Eskaerak aurkezteko epea hilabete izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

10.3. Deialdi honetan eskatzen diren eranskin guztiak NGIren bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren atarian (www.nafarroa.eus) dagoen izapideen katalogoko berariazko fitxan jaso daitezke.

11. Dirulaguntzak emateko irizpideak.

11.1. Eskaerak tokiko gazteria plana, aurretiazko diagnostikoa edo 2022. urteko programazioa prestatzen laguntzeko, bai eta gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzeko eta azterlan sektorialak egiteko ere, deialdi honen 6. oinarriari jarraikiz baloratuko dira. Horretarako, lehentasuna emanen zaie tokiko gazteria planei lehenik, aurretiazko diagnostikoei bigarrenik (krediturik badago), urteko programazioei hirugarrenik (oraindik krediturik badago), gazteekin foroak eta elkarrizketak egin daitezela proposatu eta horiek garatzeari laugarrenik (oraindik ere krediturik badago), eta azterlan sektorialak egiteari bosgarrenik (horretarako ere krediturik badago). Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, edozein aukeratarako, dagoena hainbanatuko da dirulaguntza aukera horretan eskatu duten entitateen artean, portzentaje berean.

11.2. Gazteriaren arloko teknikariak berritik kontratatzeko eta/edo mantentzeko laguntzarako eskaerak deialdi honen 7. oinarriari jarraikiz baloratuko dira. Aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren entitate onuradunen artean, portzentaje berean.

11.3. 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jardueren programak egiteko dirulaguntzen eskaerak honako irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira, irizpideen balorazio bateratua eginez. Nolanahi ere, aurrekontuan dagoen kreditua ahituz gero, dagoena hainbanatuko da dirulaguntzaren entitate onuradunen artean, portzentaje berean.

a) Proiektua zenbateraino egokitzen zaien deialdi honetako helburuei (45 puntu gehienez).

b) Proiektuaren kalitatea (35 puntu gehienez). Atal honetan baloratzekoak: jardueren plangintza, helburuen, ekintzen eta aurrekontuaren arteko koherentzia, proiektuaren izaera berritzailea eta emaitzen adierazleak.

c) Proiektua gauzatzeko toki entitateak jartzen dituen baliabideak (20 puntu gehienez).

70 puntu baino gutxiago lortzen dituzten proiektuek ez dute dirulaguntzarik jasoko.

12. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

a) Tokiko gazteria plana, aurretiazko diagnostikoak edo urteko programazioa prestatzea, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta azterlan sektorialak egitea:

6.4 oinarrian jasotakoei egokitu beharko zaizkie apartatu honetako zenbatekoak.

b) Toki entitateko gazteriaren arloko teknikariaren soldatak eta gizarte segurantzako gastuak, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra, edo kontratua hasten denetik 2021eko urriaren 31ra.

7.4 oinarrian jasotakoei egokitu beharko zaizkie apartatu honetako zenbatekoak.

c) Gazteentzako programak garatzea.

Herrian bertan gazteentzako egindako ekintzen finantzaketa ez da izanen ekintza bakoitzaren defizitaren erdia baino handiagoa.

Toki entitate bakoitzak 35.000,00 euro jasotzen ahalko ditu gehienez, deialdi honen atal guztien kontura.

13. Laguntzak emateko prozedura.

Dirulaguntzak emateko prozedura norgehiagokakoa izanen da, bat etorriz Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluarekin.

14. Antolamendua eta instrukzioa.

14.1. Gazteentzako Programen eta Entitateekiko Harremanen Atala da laguntza ekonomiko hauek emateko prozedura antolatzeko eta instruitzeko organo eskuduna.

14.2. Eskaerak hobeki ebaluatu ahal izateko, aurkeztutako edo eskatutako dokumentuetako informazioa zabaltzeko edo hobetzeko eskatzen ahalko die NGIk eskatzaileei.

Aurkeztutako dokumentazioa osorik ez badago edo deialdiko betebeharrak betetzen ez badira, entitate interesdunari errekerimendua eginen zaio dokumentazioa osatu edo akatsak zuzendu ditzan 10 egun balioduneko epean, eta, halaber, ohartaraziko zaio ezen, hala egin ezean, bere eskaerari uko egin diola ulertuko dela, bidezkoa den ebazpena emanda, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 68. artikuluari jarraikiz.

14.3. Gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriz eginen da dokumentazioa osatu edo zuzentzeko errekerimendua, aurreko paragrafoan ezarri dena.

15. Dirulaguntza emateko ebazpena.

15.1. NGIko zuzendari kudeatzaileak ebazpena emanen du, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta 3 hilabetean, gehienez ere. Epe horretan ebazpen espresik eman eta jakinarazten ez bada, eskaera ezetsitzat jo beharko da.

15.2. Dirulaguntzen deialdi honetan egiten diren ebazpen guztiak jakinarazteko, gaitutako helbide elektronikora jakinarazpen elektronikoa igorriko da.

Hala ere, horiek guztiak Nafarroako Gobernuaren tramiteen katalogoan kontsultatzen ahalko dira (www.nafarroa.eus).

15.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa agertuko da. Orobat, dirulaguntza jasoko duten entitate eskatzaileen zerrenda ere bildu beharko du, eta gainerako eskaeren ezespena adierazi beharko da berariaz, halakorik bada.

15.4. Ekitaldi ekonomiko jakin baten kargura dirulaguntza emateak ez du eskubiderik sortzen hurrengo urteetan ere dirulaguntzak jasotzeko.

16. Justifikazio-agiriak.

Dirulaguntza ordainduko da dirulaguntzaren xede den jarduera bukatu eta frogagiriak aurkeztu ondoren. (III. eranskina).

Diruz laguntzen den gastu osoa justifikatu beharko da; horretarako, 2021eko azaroaren 5a izanen da azken eguna.

Gastu diruz lagungarriaren %100 justifikatzen ez bada, gauzatutako gastua zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza. Horretarako, entitate onuradunak edo entitate laguntzaileak betebeharrak ia osorik bete behar ditu, eta bere konpromisoak zalantzarik gabe betetzeko jarrera frogatu (Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2015 Foru Legearen 35. artikulua).

Onuradunak edo, halakorik egonez gero, entitate laguntzaileak lortutako betetze-maila nahiko hurbil badago erabateko betetze-mailatik, eta ezbairik gabe erakusten badu bere konpromisoak betetzen ahalegindu dela, foru lege honen 14. artikuluko 1. apartatuko p) letran aipatutako irizpideak eta Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35.3 artikulua erabiliko dira itzuli behar duen zenbatekoa zehazteko.

16.1. Tokiko gazteria plana, aurretiazko diagnostikoa edo 2022. urteko programazioa prestatzeko, edo gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzeko eta azterlan sektorialak egiteko jasotako dirulaguntza justifikatzeko:

–Azken agiria, diruz lagundu beharreko tokiko gazteria planarena, aurretiazko diagnostikoena, 2022. urteko programazioarena, azterlan sektorialarena edo gazteekin egindako foro eta elkarrizketen garapenarena.

16.2. Gazteriaren arloko teknikariak kontratatzeko dirulaguntza justifikatzeko:

–Gazteriaren arloko teknikariek 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra (edo kontratua hasten denetik 2021eko urriaren 31ra) zein eginkizun eta jarduketatan parte hartu duten, horiek biltzen dituen memoria.

16.3. Gazteentzako 2020. urteko programetarako dirulaguntza justifikatzeko:

Egindako programak identifikatzeko datuak jasoko dituzten frogagiriak, bai eta diruz lagundu eta gauzatu diren jarduera guztien deskripzio-memoria. Besteak beste, honako hauek jasoko dira: jardueren izenak, helburuak, zer adinetako jendearentzat izan diren, iraupena, non egin diren, monitore kopurua, zenbat parte-hartzaile izan diren eta jardueraren ebaluazioa. (III. eranskina - 1. fitxa).

Kasu guztietan:

16.4. Dirulaguntzaren xede izanik, ordaindu diren gastu guztien faktura eta frogagirien zerrenda xehakatu eta zenbakitua, 6. eta 8. oinarrietan ezarritakoari jarraikiz. Jardueraren izena, hartzekoduna, fakturaren/frogagiriaren zenbakia eta data, kontzeptua eta zenbatekoa jasoko dira (III. eranskina-2. fitxa).

Faktura eskaneatuak ere aurkeztu beharko dira, edo merkataritzako trafiko juridikoan froga balioa edo eraginkortasun administratiboa duten balio bereko agiriak, eta haiekin batera, ordainagiriak: bankuko frogagiriak, “ordainduta” zigilua daramaten fakturak, hornitzaileak sinatuak eta zigilatuak, edo faktura ordaindu dela edo gastua egin dela frogatzen duen beste edozein dokumentu, zerrenda horretako ordena berean eta zenbaki berarekin aurkeztuak, dirulaguntzaren xedea bete dela egiaztatzeko.

Dokumentazio horren ordez, idazkari lanetan ari denak sinatutako ziurtagiri bat aurkezten ahalko da, gastu/faktura horiek izan direla eta ordaindu direla egiaztatzen duena. (III. eranskina - 3. fitxa).

Gazteriaren arloko teknikariak kontratatzeko eta/edo horiek mantentzeko dirulaguntza justifikatzeko (7. oinarria), idazkari lanetan ari denaren ziurtagiria erantsiko da, ordainketa egiaztatzen duena. (III. eranskina - 3. fitxa).

16.5. Justifikaziorako epea bukatuta, entitate onuradunak ez baditu beharrezko agiriak aurkeztu, justifikatzeko betebeharra bete gabe gelditu dela ulertuko da.

16.6. Justifikazioan egindako akatsak zuzentzea.

Dirulaguntza egiaztatzeko eskumena duen administrazio organoak ikusten badu akats zuzengarririk dagoela onuradunak aurkeztutako justifikazioan, horren berri emanen dio, eta hamar egun balioduneko epea emanen dio zuzentzeko (uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren 71.2 artikulua); horretarako, jakinarazpen elektronikoa igorriko dio gaitutako helbide elektronikora, akatsak zuzentzeko eskatuz, eta ohartaraziko dio hala egin ezean, dirulaguntza itzultzeko edo ez ordaintzeko prozedura hasiko dela.

17. Dirulaguntza ordaintzeko modua eta epea.

17.1. Frogagiriak aurkeztu ondoan emanen da ordaintzeko ebazpena, 16. oinarrian ezarritakoari jarraikiz.

17.2. Ematen den dirulaguntza transferentzia bidez ordainduko da, dagokion ebazpena onetsi eta bi hilabeteko epean gehienez, justifikatu ondoren.

18. Betebeharrak.

18.1. Dirulaguntzen onuradun diren entitateek dirua nahitaez dirulaguntzaren helburuetan erabili beharko dute, eta hala egin dela justifikatu dokumentuen bidez. Gainera, NGIk eskatzen dituen egiaztapen guztiak onartu eta erraztu beharko dituzte, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraituz.

18.2. Egiaztatu eta kontrolatzeko lanak bermatzeko, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko dituzte, indarra duten legeetan xedatu bezala.

18.3. Halaber, entitate onuradunak behartuak egonen dira diruz lagundutako jardueraren publizitate eta zabalkundean Nafarroako Gobernuak horretarako ezarriko duen marka (anagramaz eta logotipoz osatua) edo zehaztuko diren beste batzuk erabiltzera, baita jardueraren ezaugarrien arabera erabilitako beste publizitate bideetan ere, hala badagokio, betiere Nafarroako Gobernuaren sinbolo ofiziala eta haren erabilera arautzen dituen urtarrilaren 27ko 4/2016 Foru Dekretua betez.

18.4. Generoaren ikuspuntuaren tratamenduari dagokionez, erabiliko da hizkuntza berdinzalea komunikazio, argitalpen, programa eta antzeko guztietan; emakumeenganako bereizkeria islatzen duen irudi oro saihestuko da, eta berdintasunari, aniztasunari, rolen pluraltasunari eta erantzukidetasunari lotutako baloreak sustatuko dira.

18.5. Pertsona guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko, edozein jarduera antolatzen duten toki entitateek euskararen eta gaztelaniaren presentzia bermatuko dute komunikazio guztietan: paperak, inskripzio-orriak, kartelak, zabalkunderako bitartekoak, megafonia eta publizitateko logotipoak.

18.6. Antolatzen diren jardueretan, Nafarroako 2017-2027ko Hondakinen Plana bete behar da. Plan horretan, hondakinen kudeaketa plana eta prebentzio programa aipatzen dira, eta horietan ezartzen da zein diren hartu beharreko neurri zehatzak, hala nola hondakinen gaikako bilketa eta bereizketa sustatzea.

18.7. Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritako kasuetan, dirulaguntzen onuradun diren entitateek jasotako funtsak itzuli beharko dituzte.

19. Bateragarritasuna.

Deialdi honetan aurreikusitako dirulaguntzak jasotzen dituzten toki entitateek beste administrazio, entitate eta erakunde publiko edo pribatu batzuen laguntzak eta dirulaguntzak hartzen ahalko dituzte helburu eta xede beretarako; baina haiek, guztira, ezin izanen dute proiektu bakoitzaren gastuaren %100 gainditu, barnean dela deialdi honetan oinarrituta emandako zenbatekoa.

Toki entitate onuradunek, helburu berbera duten beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide batzuk lortuz gero, horren berri eman beharko diote organo emaileari edo entitate laguntzaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri eta, betiere, hartutako funtsei emandako aplikazioa justifikatu baino lehen, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritakoari jarraituz. III. eranskina.

20. Onarpena.

Deialdi honetan parte hartzeak berekin dakar oinarri guztiak onartzea.

21. Ez-betetzeak.

21.1. Deialdi honen arauetan ezarri dena ez betetzeak, gezurrezko datuak emateak edo NGIren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea ekarriko du berekin, eta jasotako dirua itzuli beharra –Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35. artikuluan ezarritakoari jarraikiz–, antolamendu juridikoan ezarritako gainerako erantzukizunak galarazi gabe.

21.2. Nolanahi ere, entitate onuradunak betebeharrak ia osorik bete dituenean eta zalantzarik gabe bere konpromisoak betetzeko jokabidea frogatzen denean, itzuli beharreko zenbatekoa proportzionaltasun irizpideari jarraituz zehaztuko da.

22. Gardentasun betebeharrak.

22.1. Entitate onuradunek bete beharko dute Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargurako dirulaguntzen onuradunen gardentasun betebeharrak arautzen dituen irailaren 11ko 59/2013 Foru Dekretuan eta Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean xedatutakoa.

22.3. Apartatu honetan aipatzen den informazioa dirulaguntza emateko ebazpena jakinarazi eta hilabeteko epean aurkeztu beharko da. Telematika bidez aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bitartez, NGIri zuzendua.

22.4. Onuradunak informaziorako betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, apartatu honetan agindutako informazioa ez aurkezteak berekin ekarriko du onetsitako dirulaguntza ez ordaintzea eta, bidezko bada, kobratutako zenbatekoak itzuli beharra, Dirulaguntzei buruzko Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

22.5. Nolanahi ere, entitate onuradunek dokumentuak ez aurkezteko eskubidea izanen dute baldin eta haiek dagoeneko Foru Komunitateko Administrazioaren esku badaude (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 28.3 artikulua).

22.6. Eskaeran eta deialdi honetan eskatzaileak aurkeztutako gainerako dokumentazioan jasotako datu pertsonalak honako hauei jarraikiz tratatuko dira deialdia ebazteko: Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren apirilaren 27ko 2016/679 (EB) Erregelamendua, Datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa, eta abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa, Datu Pertsonalak Babestekoa eta Eskubide Digitalak Bermatzekoa, eta gainerako xedapen osagarriak.

22.7. Entitate onuradunek ematen duten informazioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Gobernu Irekiaren Atariko webgunean argitaratuko da. Informazio hori urtebetez egonen da ikusgai argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

23. Azpikontratazioa.

23.1. Toki entitate onuradunek zilegi dute diruz lagundutako jarduerak azpikontratatzea, guztiz edo partez, eta ez dago horretarako portzentaje-mugarik. Nolanahi ere, onuradunak berak egiten badu dirulaguntza jasotzen duen jarduera, horretarako behar diren gastuen kontratazioa kontzeptu honetatik kanpo geldituko da, eta kontratistak toki entitateen betebeharrak bete beharko ditu, bereziki sexu delituen ziurtagiri negatiboa aurkeztea.

23.2. Ez da inola ere azpikontraturik eginen baldin horrek diruz lagundutako jardueraren kostua garestitzen badu eta proiektuari ezer berririk eransten ez badio.

23.3. Kontratistek toki entitate onuradunaren aurrean erantzun beharko dute, bakar-bakarrik. Administrazioaren aurrean, aldiz, onuradunak du diruz lagundutako jarduera gauzatzearen erantzukizun osoa.

Bestalde, toki entitate onuradunek hirugarrenekin ituntzen duten jardueran errespetatu egin beharko dira dirulaguntzari buruzko araudian ezarritako mugak, dirulaguntzaren xede izan daitezkeen gastuen izaerari eta zenbatekoari dagokienez, eta toki entitate onuradunen ardura izanen da baldintza hori betetzea. Kontratistek, berriz, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 39. artikuluan ezarritako betebeharra izanen dute; hau da, lagundu egin beharko dute, behar bezala egiaztatu ahal izan dadin aipatutako muga horiek ez direla gainditzen.

23.4. Entitate onuradunak ezin du inolaz ere hitzartu diruz lagundutako jarduera osoa edo zati bat gauzatzea Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 26.7 artikuluan adierazitako pertsonekin.

23.5. Nafarroako toki entitateek eta haien erakunde autonomoek Kontratu Publikoei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen xedapenak bete beharko dituzte, Toki Administrazioaren arloko foru legeek eragindako berezitasunekin betiere.

24. Baliabideak.

Toki entitateek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute deialdi honen oinarrien aurka eta horiek aplikatzeko egintzen aurka, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita, deusetan galarazi gabe aurretik errekerimendua egin ahal izatea Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

25. Aplikatzekoa den legedia.

Oinarriotan ezarrita ez dagoen orotan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean ezarritakoa aplikatuko da.

II. ERANSKINA

Eskaera, Nafarroako toki entitateek gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatzeko eta babesteko 2020-2021 aldian.

1. fitxa.–Honako hauek prestatzeko laguntza: tokiko gazteria plana, aurretiazko diagnostikoak eta 2022. urteko programazioa, gazteekin foroak eta elkarrizketak proposatu eta gauzatzea, eta herriko gazteriari buruzko azterlan sektorialak (6. oinarria).

2. fitxa.–Gazteriaren arloko teknikariak lehen aldiz kontratatzea eta/edo lehengoak mantentzea (7. oinarria).

3. fitxa.–Gazteentzako programak garatzea (8. oinarria).

4. fitxa.–Gazteentzako programak garatzea (8. oinarria).

III. ERANSKINA

Justifikazioa, Nafarroako toki entitateei dirulaguntzak emateko deialdirako, entitate horiek gazteriaren arloko tokiko politika publikoak bultzatzeko eta babesteko 2020-2021 aldian.

1. fitxa.–Frogagiriak. 16.3 oinarria.

2. fitxa.–Frogagiriak. 16.4 oinarria.

3. fitxa.–Ziurtagiria: 2020-2021 aldian izandako diru-sarreren eta gastuen zerrenda osoa.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2010922