243. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

EZKAROZE

Ordenantza, Udal-mugarteko auzo-bideak eta mendiko
pistak erabiltzeko tasak eta fidantzak arautzen dituena.
Behin betiko onespena

Ezkarozeko Udalak, 2020ko irailaren 18an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezkarozeko udal-mugarteko auzo-bideak eta mendiko pistak erabiltzeko tasak eta fidantzak arautzen dituen ordenantza.

Ordenantza hori 30 egun baliodunean egon zen jendaurrean, iragarkia paratu ondoan 2020ko 125. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, ekainaren 10ean, eta Udalaren iragarki-taulan.

Jendaurreko epea bukatu denez inork erreklamaziorik aurkeztu gabe, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ordenantza behin betiko onetsitzat jotzen da. Eta inguruabar hori argitaratzen da, behin betiko testuarekin batera, ondorio juridikoak izan ditzan.

Ezkarozen, 2020ko irailaren 21ean.–Alkatea, Pablo Miqueleiz Compains.

ORDENANTZA, EZKAROZEKO UDAL-MUGARTEKO AUZO-BIDEAK ETA MENDIKO PISTAK ERABILTZEKO TASAK ETA FIDANTZAK ARAUTZEN DITUENA

Ezkarozeko Udalak, auzo-bideak eta mendiko pistak zaintzeko duen eskumena erabiliz, onetsi du tasak eta fidantzak ezartzea, bideak eta mendiko pistak behar bezala erabiltzen eta mantentzen direla bermatzeko.

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Ezkarozeko udal-mugarteko auzo-bideak eta mendiko pistak erabiltzeko tasen eta fidantzen ezarpena arautzea.

2. artikulua. Zerga-egitatea.

Tasak ezartzeari begira, zerga-egitateak izanen dira honako kasu hauek:

a) Egoitza Ezkarozen duten lur orotako ibilgailuen, nekazaritzako traktoreen, motozikleten eta quad-en titularra izatea.

b) Egoitza Ezkarozen duen nekazaritza ustiategi baten titularra izatea, Nafarroako Nekazaritzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta dagoena.

c) Ezkarozeko pista eta bideetatik baso-aprobetxamendua ateratzea, beste udal-mugarte batzuetan baimendu diren eta egiten diren aprobetxamenduak barne (haien titulartasuna publikoa zein pribatua izan).

Fidantza eratzeko zerga-egitea honako kasu hauetan sortuko da:

a) Basoko zurgaiak Ezkarozeko pista eta bide horietan barrena ateratzea, baldin eta ibilgailu motordunen bidez ateratzen badira. Berariaz salbuesten da partikularrek nekazaritza produktuak eta etxerako egurra ateratzea, horiek garrantzi txikikoak baitira.

Erabat debekaturik dago basoko produktuak arrastaka eramatea bide eta pista horietatik, dela ibilgailu motordunen bidez edo animaliak erabiliz, baldin eta behar bezala eta ibilgailu egokian kargaturik ez badaude. Debeku honen aurkako arau-hausteak zehatu eginen dira: eragindako kalteak konpondu beharko dira eta basoko produktuek balio dutenaren halako bi ordainaraziko da, isun gisa.

b) Profesionalek etxerako epaitzak ateratzea, gero saltzeko.

3. artikulua. Subjektu pasiboak.

Subjektu pasiboak dira eta tasa eta fidantza, dagokionaren arabera, ordaintzera beharturik daude pertsona fisiko zein juridikoak, toki entitateak, nortasun juridikorik ez izanik ere unitate ekonomikoa edo ondare berezia osatzen duten entitateak, jaraunspen jasogabeak, ondasun-erkidegoak, elkarteak eta korporazioak, publikoak zein pribatuak; salbuespen bakarra Ezkarozeko Udala izanen da. Hona hemen:

a) Lur orotako ibilgailuen, nekazaritzako traktoreen, motozikleten eta quad-en titularrak, egoitza Ezkarozen dutenak dagokion urteko urtarrilaren 1ean.

b) Ezkarozeko udal-mugartean abeltzaintzako ustiategi baten titularrak direnak; erreferentziatzat hartuko da abeltzaintzako azken errolda, udal honek Animalien Ekoizpenaren Atalari eskatuko baitio.

c) Baso-aprobetxamendurako Nafarroako Gobernuaren baimena duen titular partikularra, baldin eta salmenta kontratuak ez badu esaten erosleak edo beste subjektu batek ordaindu behar duela. Kasu horretarako, salerosketa-kontratuaren kopia aurkeztuko da.

4. artikulua. Tasen kuota, zergaldia, sortzapena, likidazioa eta ordainketa.

Ordenantza honetan ezarritako tasak kuota hauen arabera eskatuko dira:

a) Egoitza Ezkarozen duten lur orotako ibilgailuak, nekazaritzako traktoreak, motozikletak eta quad-ak: 10 euro urtean, ibilgailu bakoitzeko.

b) Abeltzaintzako ustiategiak: 2 euro urtean, azienda larriko unitate (AzLU) bakoitzeko.

c) Baimendutako baso-aprobetxamendua ateratzea: Nafarroako Gobernuak emandako baso-aprobetxamenduaren baimenean adierazitako metro kubiko bakoitzeko, 0,40 euro.

a) eta b) letretan aurreikusitako tasak likidatzeko zergaldiak bat eginen du urte naturalarekin, eta ekainean sortu, likidatu eta bilduko dira helbideratutako ordainagiriaren bitartez, Zirkulazioaren gaineko udal zergaren (TMIZ) igorpenarekin batera. Kuotak ez dira hainbanatuko urte bat baino gutxiagoko aldietan, kontuan hartu gabe alta, baja edo aldaketa noiz gertatzen diren.

c) letrako tasen likidazioa ezarriko da partikularrari baso-aprobetxamendua mendiko pista eta herriko bideetatik garraiatzeko baimena ematen dion Alkatetzaren ebazpenean. Baimenduak Ezkarozeko Udalaren kontu zenbakian ordaindu beharko du, Alkatetzaren ebazpenean adierazitako epean.

5. artikulua. Fidantzaren kuota, sortzapena, eraketa eta itzulketa.

Profesionalek zuraren garraioa eta etxerako epaitzen salmenta egiten dutenean, fidantza ordainduko da Nafarroako Gobernuko Mendi Zerbitzuaren markaketa-orrietan, horren ondoriozko baso-aprobetxamendu partikularren kontzesio erabakietan jasota dauden horietan, adierazitako bolumenaren arabera, edo partikularrak ordenantza honen eranskinean ezarritako zenbatekoen arabera aurkezten duen tasazioari jarraituz.

Udalaren pista eta bideetatik partikularrek baso-aprobetxamendua ateratzeko baimena ematen duen Alkatetzaren ebazpenean adieraziko dira horri dagokion tasa eta utzi beharreko fidantzaren zenbatekoa.

Jarduera hasi aurretik utziko da fidantza, udal honen kontuan diru-sarrera eginez, banku-abalaren edo taloi adostuaren bitartez edo indarreko legedian ezarritako moduetako edozein baliatuz.

6. artikulua. Fidantza itzultzea.

Fidantza ezartzen da lanak ongi eginen direla segurtatzeko, eta ez da likidatuko Udalak egiaztatu arte lanak modu egokian burutu direla eta bideak eta mendiko pistak egoera onean gelditu direla.

Fidantzaren itzulketa idatziz eskatuko zaio Ezkarozeko Udalari, eta bertan adieraziko da lanak burutu direla eta, kasua bada, eragindako kalteak konpondu direla.

Alkateak fidantzaren itzulketa onartu edo ukatuko du, horretarako arrazoiak emanez. Ebazpena ezezkoa bada, Udalak interesdunari jakinaraziko dizkio egin beharreko konponketak, eta horiek epe jakin batean egiteko eskatuko dio. Alegazioetarako epea emanen dio. Ezezkoa izaten jarraitzen badu, konponketak egiteko epe bat ezarriko dio Udalak interesdunari. Epe horretan konponketak egiten ez baditu, Udalak berak eginen ditu lizentziaren titularraren kontura, eta haiei dagokien zenbatekoa kenduko du fidantzatik.

Utzitako fidantzak ez baditu estaltzen zuzenean edo zeharka eragindako kalteak konpontzeko gastuak, Udalak horren ondoriozko erantzukizuna eskatuko du eta espedientea irekiko dio interesdunari, fidantzak estaltzen ez dituen zenbatekoak erreklamatzeko.

Udalak egindako konponketen kostua fidantzaren zenbatekoa baino txikiagoa bada, Udalak gainerako zenbatekoa itzuliko dio interesdunari.

7. artikulua. Pasatzeko debekua, tasak eta fidantza ez ordaintzeagatik

Tasak ordaintzen ez badira edo fidantza uzten ez bada, Udalak bideak eta mendiko pistak erabiltzea debekatuko du, eta erabaki horren aurka ezin izanen da errekurtsorik aurkeztu, zor diren kopuruak ordaintzen ez diren bitartean. Halaber, aurretik erabakitakoa ezertan ukatu gabe, ordaintzen ez bada, Udalak betearazpenaren bidera jo ahalko du.

8. artikulua. Udalaren aurretiazko baimena, baso-aprobetxamendua bide eta pistetatik pasatzeko.

Aprobetxamendua bide eta pistetatik pasatzeko asmoa dutenek aldez aurretik esan beharko diote Ezkarozeko Udalari, baimena eskatuz idazki baten bitartez, bertan argi adierazita:

1.–Jabea eta kontratista identifikatzeko datuak.

2.–Garraiorako ibilgailuei buruzko datuak (marka eta ardatz kopurua), eginen dituzten bidaien kopuru zehatza eta bidaia bakoitzaren karga.

3.–Egin nahi diren jardueren azalpena.

4.–Garraiatuko den materialaren tona edo metro kubiko kopurua.

5.–Garraioaren hasiera eta amaiera egunak.

6.–Materiala aterako den tokiaren izena eta kokapena, katastroko erreferentzia adierazita.

7.–Zuhaitzak mozteko lizentzia eta egindako neurketak. Lizentzia hori basogintzako agintaritza eskudunak eman beharko du.

Udalak, eskaerak ikusten dituelarik, zer pista erabiliko diren zehazteko ahala izanen du.

9. artikulua. Udal baimenaren epeak eta edukiak.

Erabilera baimena eskatu eta dokumentazioa aurkeztu ondoko hilabeteko epean. baimena eman eta jakinarazi beharko da, bai eta erabilera baldintzak ere, eta tasa eta fidantza zehaztuko dira. Hilabete igarota ez bada Udalaren erabakirik jaso, eskaera ez onartutzat joko da. Inoiz ere ez da baimena eman dela ulertuko administrazio-isiltasunaren kasuan.

Udal baimenak indarra izanen du haren xedeko jarduera burutu arte, eta ezeztatu ahalko da ondoko kasu hauetan:

–Tasa ez ordaintzeagatik.

–Fidantza ez uzteagatik.

–Bideak eta pistak erabiltzeagatik lizentzian ezarritako baldintzak bete gabe, edo ordenantza honetan ezarritakoa urratzeagatik.

–Interes edo ordena publikoko aparteko arrazoiengatik.

Udalaren bide eta pistetatik pasatzeko baimena ematen duen Alkatetzaren ebazpena emanen da jabetza eskubidea salbu utzirik eta hirugarrenei kalterik egin gabe, eta ez du inoiz salbuetsiko bestelako nahitaezko lizentziak eskuratu behar izatetik.

Udalaren baimenak erabilera arau orokorrak ezarriko ditu, bai eta kasu zehatz bakoitzaren baldintza partikularrak ere, nahitaez bete beharko direnak.

10. artikulua. Pisten eta bideen egoeraren baldintzak, baimendutako jarduera egin ahal izateko.

Baimendutako jarduera egin ahalko da soilik pisten sostengu-ahalmenak horretarako aukera ematen duenean, bide-zoruaren zeharkako profila hondatu gabe. Edozein kasutan, gomendagarria da jarduera eguraldi lehorreko egunetan egitea, pistak erabiltzeko egoera onean daudenean.

Udalak lanak geldiarazi ahalko ditu, ikusten badu pistak hondatzen ari direla, kamioien joan-etorria desegokia eta gehiegizkoa delako.

Monumentu megalitikoak: jarduteko eremuan monumentu megalitikorik aurkitzen bada (pistak eta kargatokiak barne), jabea edo kontratista behartua egonen da hura zaintzera, eta Ezkarozeko Udalari jakinaraziko dio, osorik gordeko dela bermatzeko. Horretarako, balizatu eta seinaleztatu eginen dira, inolako gorabeherarik gerta ez dadin.

Ibilbideak eta bidezidorrak: jarduerak ukitzen baditu Ezkarozeko udal-mugartetik pasatzen diren bidezidorrak/ibilbideak, neurriak zorroztuko dira bertatik pasatzen direnen segurtasuna bermatzeko, seinale egokiak paratuz; arduraz ibiliko da kalterik ez egiteko bidezidorrean bertan eta seinalatzeko balizetan, eta azpiegituretan kalterik eragin bada horiek lehengoratzeaz arduratuko da.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honetan jasota ez dagoen orotan aplikatzekoak izanen dira Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea eta indarra duen legeria sektoriala. Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoan hartuko du indarra eta sortuko ditu erabateko ondorio juridikoak.

ERANSKINA

Fidantza:

EUROAK

15 m³ arte

Salbuetsirik

15-44 m³

150,25

45-134 m³

450,75

135-299 m³

692,00

300-399 m³

1.352,00

400-499 m³

1.653,00

500-599 m³

2.104,00

600-699 m³

2.404,00

700-799 m³

3.005,00

800-899 m³

3.456,00

900-999 m³

3.907,00

1000-1199 m³

4.508,00

1200-1399 m³

5.108,00

1400-1599 m³

5.710,00

1600-1799 m³

6.311,00

1800-1999 m³

7.212,00

2000-3999 m³

8.414,00

4000-5999 m³

10.414,00

6000-7.999 m³

12.414,00

8000-9999 m³

18.414,00

10000 m³ baino gehiago

25.000,00

Iragarkiaren kodea: L2011159