243. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 19a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

BAZTAN

(H)ilbeltza beka. Laburpena

Dirulaguntza orokorrei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Legearen 17.3.b eta 20.8.a artikuluetan ezarritakoaren arabera, deialdiaren laburpena argitaratzen da. Horren testu osoa Dirulaguntzen Datu Base Nazionalean kontsulta daiteke (http://www.pap.minhafp.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index). DDBN (Identif.): 526256.

Tokiko Gobernu Batzarrak 2020ko irailaren 30ean egin bilkuran onetsia.

Lehendabizikoa.–Dirulaguntzaren xedea.

Baztango Udalak, (H)ilbeltza elkartearen eta Txalaparta argitaletxearen laguntzarekin, euskal literatura beltza hedatu eta munduko literatura beltza euskaratzeko asmoz, (H)ilbeltza beka plazaratzen du urtero.

Bigarrena.–Kopurua.

Deialdi honi 6.000,00 euro esleituko zaizkio: 3.000,00 euro udalaren 2020. urteko aurrekontu luzatuko 1 3350 4890000 Euskara-Dirulaguntzak partidaren kargura, bertze 2.000,00 euro (H)ilbeltza ekimenaren kargura eta 1.000,00 euro Txalaparta argitaletxearen kargura.

Lagin irabazleari 3.000,00 euro emanen zaizkio 2021eko ilbeltzean, eta idatzia akitutakoan bertze 3.000,00 euro.

Hirugarrena.–Argitalpena.

Deialdi hau iragarriko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, Baztango Udalaren webgunean, udaletxeko iragarki-taulan eta eskualdeko komunikabideetan.

Laugarrena.–Aurkezteko epea eta lekua.

Deialdirat aurkeztu nahi dutenek, eranskinean heldu den bezala, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkeztu beharko dituzte, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta bertze inondik moldatuak ez direnak. Formatu digitalean (PDF bertsioa) edo paperean aurkezten ahalko dute.

Lanak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da. Eskaria 2020ko abenduaren 4a artio egin beharko da Baztango Udaleko erregistroan, eguna bera barne.

Deialdi honetan parte hartu nahi duen orok Baztango Udaleko erregistroan (H)ilbeltza beka izena daraman gutun-azala hertsirik aurkeztu beharko du, eta horren barnean bertze 2 gutun-azal, horiek ere hertsirik:

Gutun-azala, Proiektua izenekoa: eskaria eta borzgarren puntuko a) b) eta c) dokumentuak.

Gutun-azala, Idazlea izenekoa: borzgarren puntuko d) eta e) dokumentuak.

(H)ilbeltza beka dioen gutun-azal hori bertze gutun-azal batean sartu beharko da, erregistrorako behar diren datuekin, erregistrorako nahitaez izen bat eman behar baita. Erregistroa egin bezain fite, eta anonimotasuna mantentzeko, administrariak izena duen gutun-azala hautsiko du, bertze gutun-azala erregistro zenbakiarekin bakarrik heltzeko epaimahaikideei.

Posta arruntaz igortzeko aukera baliatu nahi duenak zertifikatua igorri beharko du, igorri zeneko eguneko zigiluarekin.

Epaimahaiak jasotako proiektu guztiak aztertuko ditu, eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2021eko ilbeltzaren 18a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe uzten ahal dute epaimahaikideek. Erabakia publiko egin baino lehen, Baztango Udala paratuko da irabazlearekin harremanetan. Ondotik, hiru hiletik lanaren martxaz jakinaren gainean izanen ditu antolatzaileak eta editoreak.

Idazle saridunari hurrengo (H)ilbeltza sormen bekaren epaimahaikide izatea proposatuko zaio (2023).

Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 145.000 karaktere gutienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi badu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.

Idazlan irabazlearen jabetza dirulaguntza jaso duen idazlearena izanen da. Alabaina, lan horrek ezin izanen du bertze inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aitzinetik ez eta ondotik ere, argitaratu ondoko sariak izan ezik.

Borzgarrena.–Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskariarekin batera honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da:

Landu nahi duen kontakizunaren azalpena, 2-4 orri bitarteko luzerakoa, egoki iritzitako ezaugarriak zehaztuz, hala nola, argumentua, egitura, luzera, estiloa, etab.

Idazlanaren lagina edo erakusgarria, 30.000 karaktere ingurukoa, ez nahitaez kontakizunaren hasmentakoa, baina bai zati bakarra osatzen duena.

Nortasun Agiri Nazionalaren kopia.

Laguntza zein banku-kontutan jaso nahi duen eta hori eskatzailearen izenean dagoela ziurtatzen duen banku-etxearen agiria.

Aipatu agiri horiek jatorrizkoak izan behar dute, edo, bertzela, kopia konpultsatuak.

Aurkezturiko dokumentazioa osaturik ez badago, interesdunari galdeginen zaio dagokion dokumentazio osagarria hamar eguneko epean aurkeztea.

Seigarrena.–Idazlana edo proiektuaren aurkezpena.

Eskatzaileak laguntza emanen zaiola jakinarazi ondotik urte bateko epean aurkeztu beharko du idazlana; epea gainditurik ez da lanik onartuko eta Udalak erreklamatzen ahalko du emandako dirulaguntza.

Idazleak bere lana entregatzen ez badu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaiaren iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmen kaxkarragoak badira, Idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.

Dirulaguntzaren jasotzaileak, liburua buruturik, (H)ilbeltza, euskal nobela beltzaren astean aurkeztuko du.

Zazpigarrena.–Balorazio, kudeaketa eta ebazpen organoak.

Aurkeztutako lanak helburu horrekin osaturiko epaimahaiak baloratuko du. Bertan Baztango Udalaren ordezkaria (Joseba Otondo), Txalaparta argitaletxearen ordezkaria (Garazi Arrula) eta (H)ilbeltza elkarteak izendatutakoa (Miren Gorrotxategi) egonen dira. Denek aurkezten ahalko dute beren ordezkoa, lan hori egitea posible ez balute.

Ebaluazio batzordea izanen da bekaren inguruko prozedura bideratuko duen organoa, eta proposamena eginen dio Tokiko Gobernu Batzordeari, ebazteko eskumena duen organoa.

Nolanahi ere, beka eman gabe utz daiteke, epaimahaiaren iritziz aurkeztutako proiektuetatik bakar batek ere ez badu gutxieneko kalitaterik erdietsi

Epaia apelaezina izanen da.

Zortzigarrena.–Balorazio irizpideak.

Aurkeztutako proiektua genero beltzekoa izatea eta lanaren originaltasuna eta kalitatea baloratuko dira.

Bederatzigarrena.–Esleipenaren ezeztapena, betebeharrak ez betetzeagatik.

Baldin eta esleipendunak ez baditu oinarri hauek eta ezarritako epeak –idazlana aurkeztekoak edo epaimahaiari lanaren egoeraren berri ematekoak– errespetatzen, edo eskatutako agiriak ez baditu aurkezten, edo lanak ez baditu proiektuan ezarritako ezaugarriak betetzen, edo proposatutako idazlana baino aise ere kalitate gutxiagokoa bada, epaimahaiak Udalaren organo eskudunari eskatzen ahalko dio laguntzaren esleipena ezeztatzeko, eta esleipendunak jasotako dirua itzuli beharko dio Baztango Udalari. Era berean, kasu horietakoren bat gertatu dela irizten badio, argitaldariak ez du lana karrikaratuko.

Hamargarrena.–Idazlanaren argitalpena.

Idazlana argitaratzen bada Udalari 10 ale dohainik emanen zaizkio.

Txalaparta argitaletxeak argitaratuko du idazlana; horretarako, lana eskuratzeko dagozkion egile-eskubideak negoziatuko, ordainduko eta kudeatuko ditu. Epaimahaikoek lan osoari onespena ematen dutenetik bortz hilabeteko epean karrikaratu beharko da liburua, eta, bertan, bekaren aipamena eginen da nahitaez.

Hamaikagarrena.–Arau-hausteak eta zehapenak.

Deialdian parte hartzen dutenek oinarri hauek onartzen dituzte, eta men eginen diete Baztango Udalak hartzen ahal dituen erabakiei. Lehiaketaren oinarriak ez betetzeak lehiakidea baztertzea ekarriko du berekin.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, azaroaren 17ko Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legeak xedatutakoak aginduko du.

Hamabigarrena.–Datuen babesa.

Eskatzaileen datuen tratamendua abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren araberakoa izanen da, eta 2016/679 Erregelamendua eta maiatzaren 17ko 5/2018 Gardentasunaren, Informazio Publikorako Sarbidearen eta Gobernantza Onaren Foru Legea errespetatuko du.

Hamahirugarrena.–Aplikatuko den araudia.

Deialdi honetan aurreikusten ez den orotarako 39/2015 Legea, urriaren 1ekoa, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearena, eta Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Legea, azaroaren 17koa, aplikatuko dira.

Hamalaugarrena.–Ebazpena eta helegiteak.

Deialdi honek administrazio-izaera dauka, eta, horrenbertzez, Udalak du ahalmena hala hori lehenik interpretatzeko nola haren aplikazioan eta ebazpenean sor daitezkeen gorabeherak oro ebazteko. Emanen diren administrazio-ebazpenen aurka ondoko errekurtso hauetako bat paratzen ahal da, aukeran:

Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio-egintzaren egile den organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo, bertzela, argitara eman eta biharamunetik aitzina.

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta hortik aitzina.

Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Iruñeko Administrazioarekiko auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Epe hori errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina kontatuko da.

Elizondon, 2020ko irailaren 30ean.–Alkatea, Joseba Otonodo Bikondoa.

ERANSKINA

Parte hartzeko eskaria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2011411