240. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 15a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

112/2020 EBAZPENA, irailaren 28koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetako Hipikako hasierako ziklora sartzeko proba espezifikoak arautzen dituena eta horietarako deialdia egiten duena 2020-2021 ikasturterako.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 3. artikuluak xedatzen du kirol irakaskuntzak araubide bereziko irakaskuntza gisa integratuko direla hezkuntza sisteman. Halaber, I. tituluko VIII. kapituluan irakaskuntza horien printzipio orokorrak ezartzen dira eta hezkuntza administrazioen esku uzten da irakaskuntza mota bakoitzaren curriculuma ezartzea, Gobernuak finkatutako oinarrizko alderdiak sartuta betiere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bidez, araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendu orokorra ezarri zen. Horren 30.1 artikuluan ezartzen denez, hezkuntza administrazioek antolatu eta kontrolatuko dituzte kirol irakaskuntzetako zikloetara sartzeko proba espezifikoak. Artikulu beraren 2. apartatuan xedatzen da titulua eta gutxieneko ikasketak ezartzen dituen errege dekretuak egitura, irakastorduak, edukia eta proba espezifikoen ebaluazio irizpideak zehaztuko dituela, bai eta kasuan kasuko ziklora sartzeko eskatzen diren kirol merezimenduak ere.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak xedatzen du ezen, abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako kirol modalitate eta espezialitateetako titulu eta irakaskuntza berriak sortu artean, kasuan kasuko titulua eta gutxieneko ikasketak arautzen dituen errege dekretuan aurreikusi bezala irakatsiko direla, salbu eta aipaturiko bigarren xedapen iragankorreko 2. eta 3. puntuetan zehazten diren alderdiei dagokienez.

Errege dekretu beraren 33. artikuluak goi errendimenduko kirolariak kirol irakaskuntzetara sartzea arautzen du, eta 1. apartatuan xedatzen duenez, Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 67. eta 85. artikuluetan eta Kirolari buruzko urriaren 15eko 10/1990 Legearen 53. artikuluan aurreikusitakoarekin bat, goi errendimenduko kirolari izaera egiaztatzen dutenak kasuan kasuko modalitateko edo espezialitateko kirol irakaskuntzetara sartzeko baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren hirugarren xedapen gehigarriak ezartzen duenez, desgaitasuna duten pertsonak gainerako ikasleen baldintza beretan sartuko dira kirol irakaskuntzetara, eta administrazio eskudunen betebeharra izanen da beharrezkoak diren doikuntzak egitea sarbide horrek aukera berdintasunaren printzipioaren aurkako murriztapenik ekar ez dezan.

Urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrak abenduaren 19ko 1913/1997 Errege Dekretuaren babesean ezarritako irakaskuntzen indarraldia ezartzen du, eta 2. apartatuan, berriz, adierazten du honako hauek irakaskuntza horietara sartzeko proba espezifikoetatik salbuetsiak egonen direla: kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean goi mailako kirolari izaera egiaztatzen dutenak; kasuan kasuko modalitate edo espezialitatean, autonomia erkidegoek goi errendimenduko kirolaritzat edo baliokidetzat hartzen dituztenak; eta kasuan kasuko modalitate edo espezialitateetan hautatuak izan direla edo sailkatu direla egiaztatzen dutenak, aipatu 2. apartatuko c), e) eta f) puntuetan adierazi bezala.

Nafarroako Foru Komunitatean araubide bereziko kirol irakaskuntzen antolamendua eta garapena arautzen dituen abenduaren 28ko 248/2011 Foru Dekretuaren 8.3.a) artikuluak ezartzen du, irakaskuntza horietara sartzeko, Hezkuntza Departamentuak antolatu eta kontrolatutako proba espezifiko bat gainditzea eskatzen ahalko dela. Artikulu horren 4. apartatuarekin bat, goi mailako edo goi errendimenduko kirolari izaera frogatzen dutenak baldintza espezifikoak betetzetik salbuetsiko dira, dagokien modalitate edo espezialitateko kirol irakaskuntzetan sartzerakoan.

Halaber, funtsezkoa da kirol administrazioarekin eta kirol federazioekin batera lankidetzan aritzea Nafarroako kirola hobetzeko. Hori horrela, 25. artikuluak adierazten duen bezala, Nafarroan araubide bereziko kirol irakaskuntzak ezartzeak berekin dakar Nafarroako Gobernuan hezkuntzaren eta kirolaren arloetan eskumena duten departamentuen arteko lankidetzan oinarritutako garapen eredu baten alde egitea, bai eta Nafarroako kirol federazioekin lankidetzan aritzea ere.

Uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuak hipikako arlo hauetako kirol teknikarien tituluak ezartzen ditu: jauzia, heziera eta lehiaketa osoa, batetik, eta erresistentzia, orientazio eta zaldi turismoa, bestetik. Horrekin batera, titulu horietako gutxieneko ikasketak eta sarbiderako baldintzak ere finkatzen ditu.

Abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzekoak, 9. artikuluan (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako Tasa eta Prezio Publikoei buruzko Foru Legeari buruzkoa), martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen zenbait manuren testu berria ezartzen du 2014ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioekin; horietako bat “Bat bis. 99. artikulua” da, 16. eta 17. tarifak sortzen dituena, hain zuzen ere, araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa eta hipikako modalitateko araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoan izena emateari buruzkoa.

Ikusirik Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak eman duen aldeko txostena, Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetarako 2020-2021 ikasturterako deialdiaren gainekoa,

Erabiliz Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitutako ahalmenak,

EBAZTEN DUT:

1. Arautzea Nafarroako Foru Komunitatean ezarrita dauden araubide bereziko kirol irakaskuntzetara hipikako modalitatean hasierako ziklora sartzeko proba espezifikoak, 2020-2021 ikasturteari dagozkionak, eta horietarako deialdia egitea, ebazpen honi atxikitako oinarrietan ezarritakoari jarraikiz.

2. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Heziketaren Plangintza, Antolamendu eta Garapenerako Atalera, Argibide eta Agiri Bulegora eta ukitutako ikastetxeetara, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2020ko irailaren 28an.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

1. ERANSKINA

OINARRIAK

Alderdi orokorrak

1.–Xedea eta aplikazio eremua.

1. Ebazpen honen bidez, 2020-2021 ikasturterako deialdia egiten da Nafarroako Foru Komunitatean ezarritako araubide bereziko kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoetarako, 2020-2021 ikasturterako.

2. Deialdi honetako proba araubide bereziko kirol irakaskuntza honetara sartzeko egiten da:

–Diziplina hipikoetako erdi mailako hasiera-zikloa.

2.–Proba espezifikoa egitetik salbuetsita egotea.

1. Diziplina hipikoak: hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko ezarritako proba espezifikotik salbuetsiak egonen dira uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuaren 27. artikuluan ezarritako kasuren bat egiaztatzen duten kirolariak.

3.–Desgaitasuna duten pertsonei egokitutako sarrera probak.

1. Desgaitasuna duten pertsonek erakunde eskudunak luzatutako minusbaliotasunaren egiaztagiria aurkeztu beharko dute sarrera proba espezifikoak egiteko inskripzioarekin batera.

2. Hezkuntza Departamentuak txostena eskatuko dio erakunde eskudunari, epaimahaiak baloratu ahal izan dezan izangaiak gai ote diren irakaskuntza hauek probetxuz egiteko –bakoitzaren desgaitasunaren eta mugen maila eta ezaugarriak kontuan harturik–, bai eta zikloari dagozkion gaitasunak eskuratzeko eta lanbidean aritzeko ere.

3. Epaimahaiak baldintza horietan dauden izangaiek gainditu beharreko sarrera proba espezifikoak egokitzen ahalko ditu. Nolanahi ere, urriaren 24ko 1363/2007 Errege Dekretuaren 2. artikuluan ezarritako helburu orokorrak errespetatu beharko dira, bai eta kasuan kasuko tituluak, gutxieneko irakaskuntzak eta horietara sartzeko baldintzak ezartzen dituzten errege dekretuetan kirol ikasketetarako definitzen diren helburuak ere.

Inskripzioa

4.–Sarrera proba espezifikoetarako inskripzioa.

1. Kasuan kasuko kirol irakaskuntzak zein ikastetxetan ematen diren, bertako administrazio-bulegoetan aurkeztuko da probak egiteko eskabidea:

TOKIA

KIROL IRAKASKUNTZAK

Hezkuntza Departamentuko erregistro orokorra: San Domingo kalea, z.g.

Diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa

Izangai bakoitzak inskripzio eskabide bakar bat bete beharko du, “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxako ereduaren araberakoa (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es. web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori). Inskripzio eskabide horren eredua ebazpen honen 2. eranskinean ezarritakoa da.

Eskabidea hartzen duen ikastetxeak inskripzioa eskatu izanaren frogagiri bat emanen du.

2. Taula honetan ageri da kirol irakaskuntza bakoitzean sartzeko proba espezifikoetarako inskripzioa aurkezteko epea:

EPEA

KIROL IRAKASKUNTZAK

2020ko urriaren 21etik 23ra

Diziplina hipikoetako kirol teknikaria, hasiera-zikloa.

5.–Dokumentazioa.

Inskripzio eskabidearekin batera, dagokion dokumentazioa aurkeztuko da, kasuaren arabera, emandako datuak frogatzeko:

–Nortasun agiri nazionalaren fotokopia, pasaportearena edo atzerritarren nortasun txartelarena.

–Erdi mailako edo goi mailako kirol ikasketetan sartzeko eskakizun akademikoa, eskatzen denaren arabera, betetzen dela frogatzen duen agiriaren fotokopia.

–Kasua bada, desgaitasuna egiaztatzen duen dokumentazioa.

–Kasua bada, salbuesteko dokumentazioa.

6.–Inskripzio tasak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen tasei eta prezio publikoei buruzko martxoaren 27ko 7/2001 Foru Legearen (Zenbait zerga aldatu eta beste tributu neurri batzuk hartzeko abenduaren 28ko 38/2013 Foru Legeak aldatua) 99. artikuluan xedatutakoari jarraituz, hauek dira probetan inskribatzeko tasak:

a) Diziplina hipikoetako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko probak:

–Tarifa arrunta: 80 euro.

–1. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria orokorra): 40 euro.

–2. kategoriako familia ugariko kideak (kategoria berezia): doakoa.

Onartu eta baztertuen zerrenda

7.–Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

1. Deitutako probetan izangai kopuru hau onartuko da gehienez:

–25 izangai Diziplina hipikoko proban.

Adierazi den gehieneko kopuru hori baino pertsona gehiagok ematen badute izena, gainerako izangaiekin zozketa publikoa eginen da inskripzioa egin zeneko ikastetxean, inskripzioa egiteko epea bukatu ondoko bi egunetan. Onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak, baztertzeko arrazoi eta guzti, epea bukatu ondoko hiru egunetan argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol-irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” izeneko fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orritik abiatuta).

Zerrenda horietan adieraziko da, halaber, izangaiek eskatutako salbuespenen eta probaren egokitzapenen gaineko ebazpena. Hauek dira argitaratze eta erreklamazio datak:

Onartuen behin-behineko zerrenda

Urriaren 27a

Erreklamazioak

Urriaren 27tik 29ra

Onartuen behin betiko zerrenda

Urriaren 31a

2. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren erregistroan aurkezten ahalko dira, 3. eranskineko ereduari jarraikiz, ebaluazio epaimahaiburuari zuzenduta.

Sarrera proba espezifikoen egitura eta edukia

8.–Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoaren ezaugarri orokorrak.

Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoaren bidez, izangaiak egiaztatzen du baduela gaitasun profesionala ekitazioaren oinarrizko teknikak menderatzeari dagokionez, kirol hastapenari dagozkion zereginak garatzeko behar beste; hain zuzen ere, uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuaren 8. artikuluan adierazten den bezala. Proba horri, 240 eskola orduko prestakuntza esleitzen zaio tituluan Hipikako erdi mailako hasiera-ziklo osoaren barnean.

Proba hori uztailaren 23ko 933/2010 Errege Dekretuaren VIII. eranskinean dago definitua.

9.–Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoa egiteko oinarrizko baldintzak: espazioak eta ekipamenduak.

1. Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoa egin ahal izateko, honako ezaugarri hauek dituzten espazioak beharko dira:

–40 eta 60 m² arteko gela.

–Jauzietarako pista, gutxienez ere 1.600 m²-koa.

–Espazio librea zelaian 1.000 metro inguruko ibilbiderako.

2. Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoa egin ahal izateko, honako ezaugarri hauek dituzten ekipamenduak beharko dira:

–Bi izangairentzako zaldi bat, gutxienez, egunean, probak egiteko gaitasun nahikoa duena.

–Espezialitate ezberdinetako ekipo osoak.

–Oztopo-jokoa pistarako, honakoak prestatzeko: 4 oztopo bertikal eta beste 4 bide luzekoak eta boleak.

–8 oztopo, gutxienez; horietarik, 4 gutxienez iraunkorrak izanen dira, kroseko proban prestatuak.

10.–Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoaren antolaketa.

Hipikako erdi mailako hasiera-ziklora sartzeko proba espezifikoan honakoak sartuko dira:

1. Proba praktikoa:

1.1. Zaldiaren maneiuaren proba praktikoa.

1.2. Zaldia eta boxa garbitzeko eta egokitzeko proba praktikoa.

1.3. Ekipoa muntatu, kokatu eta garbitzeko proba praktikoa.

1.4. Zaldiz ibiltzeko proba praktikoa.

2. Ahozko proba:

2.1. Zaldia baloratzea haren gainean ibili baino lehen.

2.2. Zaldia baloratzea zaldizkoa haren gainean dabilela.

3. Proba idatzia:

3.1. Ekitazio teknikari buruzko proba teorikoa.

3.2. Proba elkartua: zaldia, materialak eta instalazioak zaldi gainean ibiltzeko prestatzeari buruzko proba teorikoa.

11.–Informazio bilera.

Sarrera proba espezifikoak egin baino lehen, informazio bilera bat egiten ahalko da kasuan kasuko ikastetxeen instalazioetan, eta izangai onartuek joateko aukera izanen dute. Bileran, honako alderdi hauei buruzko argibideak emanen dira: probaren edukia eta ezaugarriak, probak egiteko behar diren jantziak eta kirol materiala, eta probekin loturiko beste alderdi batzuk.

Informazio bilerarik egiten bada, garaiz eginen da horretarako deialdia, eta kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko da (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).

12.–Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egiteko eguna, ordutegia eta tokia.

Probak egun batean baino gehiagotan egiten ahalko dira, araudi indardunean xedatutakoaren eta inskribatutako izangai kopuruaren arabera. Proba zenbait egunetan egiten bada, egun bakoitzean joan behar duten izangaien zerrendak argitaratuko dira.

Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak egun honetan eginen dira:

DATA (1)

KIROL IRAKASKUNTZAK

2020ko azaroaren 2a

Diziplina hipikoetako kirol teknikariaren hasiera-zikloa

(1) Datak inguruabarren arabera aldatzen ahalko dira. Nolanahi ere, datak garaiz argitaratuko dira kasuan kasuko ikastetxearen iragarki-taulan eta “Kirol ikasketetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web-orrian dago fitxa hori).

Probaren aurreko informazio bileretan jakinaraziko dira proba egiteko eguna, ordua eta tokia, bai eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan ere (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).

Probak hasteko ezartzen den ordua baino ordu erdi bat lehenago eginen da proba bakoitzerako deia. Izangaiek nortasun agiri nazionala, pasaportea edo atzerritarren identifikazio txartela aldean dutela agertu beharko dute, eta ariketak egiteko beharrezkoa den materiala eta ekipamendua eraman beharko dute.

13.–Proba espezifikoak gidatzeko eta betebehar espezifikoak baloratzeko epaimahaia.

1. Epaimahai espezifikoek antolatu, kontrolatu eta ebaluatuko dituzte probak. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak izendatuko ditu epaimahai horiek.

2. Epaimahai bakoitzean, epaimahaiburu bat, idazkari bat eta hiru ebaluatzaile izanen dira. Sarrera proban ebaluatzaile gisa aritzen diren pertsonek honako titulu hauek izan beharko dituzte:

KIROL IRAKASKUNTZAK

TITULAZIOAK

Diziplina hipikoetako kirol teknikariaren hasiera-zikloa

Hipikako goi mailako kirol-teknikaria

3. Epaimahaiburua eta epaimahaiko idazkaria Hezkuntza Departamentuaren Lanbide Heziketaren Zerbitzuko kideak izanen dira. Haren zeregina izanen da probaren garapenari buruzko aktak egitea, eta egiaztatzea proba hori ebazpen honetan ezarritakoarekin eta gainerako araudi indardunarekin bat egiten dela. Halaber, epaimahaiburuaren eginkizunak beteko ditu hura ez dagoenean.

4. Ebaluatzaileak hezkuntza administrazioek proposaturik izendatuko dira. Haien zeregina izanen da izangaiak proba osatzen duten ariketetan ebaluatzea, modu independentean, eta horretarako, kasu bakoitzerako ezarritako irizpideak jarraituko dituzte. Hortaz, ebaluatzaileak izanen dira proba baloratuko duten bakarrak eta oinarri honen 2. atalean adierazitako titulazioa izan beharko dute.

6. Epaimahaiak proposamena egiten ahalko dio Lanbide Heziketaren Garapen eta Berrikuntzarako Zerbitzuko Zuzendaritzari kasuan kasuko arloko teknikari espezialistak izenda ditzan; horien zeregina probak egiterakoan aholkularitza eta laguntza ematea izanen da. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaria arduratuko da, baita ere, espezialista horiek izendatzeaz.

7. Epaimahaiari dagokio sarrera proba espezifikoa martxan jartzean eta garatzean sortzen ahal diren kontu tekniko eta logistiko ororen berri izatea eta horiek ebaztea. Halaber, epaimahaiak ebazpen honen edukia interpretatzeko ahalmena izanen du proben garapenarekin lotutako alderdietan eta, aipatutako gaiei dagokienez, oinarri arautzaileetan aurreikusi ez diren kasuetan.

8. Epaimahaikideei eta haiekin batera parte hartzen duten aholkulariei giza baliabideen kudeaketa sisteman ezarritako elementu aldagarrien zerrendako kontzeptuengatik diru konpentsazioak ordainduko zaizkie.

Proben emaitzak eta erreklamazioak

14.–Azken ebaluazioa.

Sarrera proba espezifikoak “Gai” edo “Ez gai” terminoekin kalifikatuko dira. “Gai” balorazioak esan nahi du probaren zati guztiak gainditu direla, kasu bakoitzean ezartzen diren irizpideen arabera.

15.–Proben emaitzak eta erreklamazioak.

1. Proben behin-behineko emaitzak kasuan kasuko ikastetxeen iragarki-taulan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” fitxan argitaratuko dira (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orriko zerbitzuen katalogoan dago fitxa hori).

Proba bakoitza bukatu ondoko hiru eguneko epean argitaratuko dira sarrera proba espezifikoen behin-behineko emaitzak.

2. Izangaiek hiru egun balioduneko epea izanen dute sarrera probaren kalifikazioari buruzko erreklamazioa jartzeko, behin-behineko emaitzak argitaratzen diren egunetik zenbatzen hasita. Erreklamazioak Hezkuntza Departamentuaren Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira (San Domingo kalea, 8), eta dagokion epaimahaiburuari zuzenduko zaizkio, 4. eranskineko ereduaren arabera.

3. Erreklamazioen ebazpena eta probaren behin betiko emaitzak probaren kalifikazioaren aurkako erreklamazioak jartzeko ezarritako epea bukatu ondoko bi egunetan argitaratuko dira, kasuan kasuko ikastetxeen iragarki-taulan eta “Kirol irakaskuntzetara sartzeko proba espezifikoak” izeneko fitxan (Hezkuntza Departamentuaren www.educacion.navarra.es web orritik abiatuta).

Behin betiko emaitzak argitaratzearekin beteko da epaimahai ebaluatzaileak aurkezten diren erreklamazioei buruz hartutako ebazpena jakinarazteko prozedura.

Egiaztagiriak

16.–Proba espezifikoen balioa eta egiaztapena.

Proba espezifikoa gainditzen duen izangaiak horren egiaztagiria eskatzen ahalko du, zeinak Estatu osorako balioko duen. Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak emanen du egiaztagiri hori.

Ebazpen horren xede diren sarrera proba espezifikoak gainditu izanaren gaineko egiaztagiriak interesdunek hartzen ahalko dituzte, inskripzioa egin zuten ikastetxean, behin betiko emaitzak argitaratu ondoko zazpi eguneko epea iragandakoan.

Ez da inola ere emanen probaren zatiren bat gainditu izanaren frogagiririk edo egiaztagiririk.

Proba espezifikoak gainditzeak hemezortzi hilabeteko indarraldia izanen du, proba horiek bukatzen direnetik zenbatzen hasita.

2. ERANSKINA

Inskripzio eskabidea.

3. ERANSKINA

Erreklamaziorako inprimakia.

4. ERANSKINA

Erreklamaziorako inprimakia.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2011271