238. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 13a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

919E/2020 EBAZPENA, irailaren 24koa, Ingurumenaren zuzendari nagusiak emana, ingurumen txosten estrategikoa egiten duena Berueten (Basaburua) turismoko kanpaleku bat jartzeko Plan Bereziaren gainean; sustatzailea Iban Pascual Matelo da.

Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 11ko 21/2013 Legearen 5. eta 6. artikuluetan aurreikusitakoari jarraikiz, ingurumen ebaluazio sinplifikatuko prozeduraren menpe jartzen da Plan Berezi hori.

Plan Bereziak Basaburuko Udalaren hasiera bateko onespena du, 2019ko martxoaren 29ko bilkuran emana, eta jendaurrean jartzeko tramitea egin da, iragarki bat argitaratu ondoren 2019ko 84. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, maiatzaren 2koan.

2019ko ekainaren 14an, Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko Departamentuan Plan Bereziaren dokumentazio osoa aurkeztu zen, ingurumen azterketa estrategikoa, memoria eta planoak biltzen zituena, eta hasiera eman zitzaion ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedurari.

Ingurumen Eraginaren eta Paisaiaren Atalak txostena egin zuen 2019ko abuztuaren 20an, ingurumen neurri batzuk txerta zitezen eskatzeko eta ingurumen ebaluazio sinplifikatuaren menpe jartzen zela adierazteko.

Ondoren, 2020ko otsailaren 3an, ingurumen agiria osatzeko informazioa aurkeztu zen.

Plan Bereziak xede du hirigintza-determinazioak ezartzea 12. poligonoko 548. lurzatian kanpaleku turistiko baten garapenerako. Jarduera horrekin prestakuntza eta aisialdia uztartu nahi dira, inguruaren balio naturalei eta baliabide kulturalei bultzada emanez, eta inguru horretako sektore ekonomikoa sustatu.

Plan Bereziaren eremua lurzati bakarrari dago atxikirik, alegia, 12. poligonoko 548. lurzatiari, zeinak 21.154 m²-ko azalera baitu. Leku hori Berueteko herrigunetik hego-mendebaldean dago, Etzano alderdian, eta zuzeneko sarbidea dauka Eztanobideko bidetik. Belardiz inguratuta dago hala ekialdean nola mendebaldean, eta Aldatzeko bidetik datorren mendiko pista batekin egiten du bat eremuaren hegoaldeko mugan.

Lurzatiak bi erabilera desberdin ditu gaur egun; belardi erabilera da nagusi (A azpilurzatia), eta baso-eremu txiki bat dago (2.250 m²) pistaren aldamenean. Proposamena honako zonakatze honekin bat garatzen da:

–A zona: 548A azpilurzatiko 8.812,86 m²-ko azalera du, Etzanobideko sarbidearen ondoan. Bertan proposatzen dira zuzkidura-eraikina (443,98 m²), haurrendako jolasgunea, kanpaldirako eremua (10 partzela) eta 15 bungalow jartzeko 3 eremu. Sarreratik, noranzko biko bide bat abiatzen da, irteerarik gabea, kanpaldirako eremura doana. Oinezkoentzako bideen sareak partzelak eta bungalowak lotzen ditu zerbitzuen eremuarekin. Kasu bietan, bertako topografiaren arabera egokituko dira bideak, lur-mugimenduak ahalik eta gutxien izan daitezen. Sarbidearekin paraleloan, aparkatzeko 22 tokirako gune bat prestatuko da.

–B zona: A eta B azpilurzatietako 5.509 m²-ko azalera du eta mendiko pistarako sarbidetik gertuen dago. Gune hori ingurune naturalarekiko harremana eta ikaskuntza laguntzera bideratuko da. Horretarako, prestakuntzarako ikas-eremu bat proposatzen da (3.515,90 m²): fauna eta astronomia behatzeko prestatutako instalazio bat eta baserri txiki bat, bertan dagoen aterpe bat baliatuta. Bada, baita ere, baso partikularra izeneko eremu bat (548 B azpilurzatia, 2.249 m²), baina hor ez da jarduketarik aurreikusi.

Kanpalekuan, ur hornidurako, hondakin-uren arazketako eta elektrizitate hornidurako zerbitzuak behar adinakoak dira. Hornidura eta saneamenduko sareen konexioak Etzanobide bidetik egitea proposatzen da, eta 240 m inguruko azken zatia, 12. poligonoko 553. eta 507. lurzatietako belardiak gurutzatzen dituena. Sare elektrikoaren konexioa lurpekoa izanen da.

Kanpalekuaren diseinu eta antolamendurako hartutako neurri nagusiak, prebentiboak eta zuzentzaileak direnak, ondoko hauek dira:

–Itxitura perimetrala, eremua zedarritzeko, eta 3 metro zabaleko berdegune-banda bat, bertako zuhaitz eta zuhaixkez osatua.

–Erdiko eremu bat, 12 metro zabal, berdegunerako; haren bidez estaliko da gutxieneko lerro topografikoa, ibarreko euri-urak bertatik igaro daitezen, eta debeku izanen da eraikuntza-elementurik paratzea bertan.

–Drainatze-materialak aparkalekurako eremuan.

–Gaueko ingurunea babesteko neurriak.

–Energia aurreztea sustatzen duten sistemak ezarriko dira.

Plan Bereziak eragiten dituen inpaktuak honako hauek sortzen dituzte nagusiki: lur-mugimenduek, luberritzeek eta erabilera berriak ezartzeko jarduketek, esate baterako bide- eta urbanizatze-lanek (A eremua) kanpalekua eraikitzeko eta ezartzeko fasean. Eragin horiek aldi baterakoak dira, eta itzulgarriak. Ustiatze fasean, eragin nagusiak loturik daude zirkulazioaren, giza joan-etorrien eta baliabide-kontsumoaren igoerari. Orobat, jarduera horrek eragin positiboa dauka ibarrean, bai gizarterako bai ekonomiarako.

Berueteko udalerri ia osoa dago sarturik Belate Kontserbazio Bereziko Eremuan. KBE gisa aitortu eta haren kudeaketa plana onesten duen azaroaren 5eko 105/2014 Foru Dekretuarekin bat etorriz, hiriguneak eta haien inguruak horren barruan txertatzeak KBE eremua zedarritzeko koherentzia-irizpideei jarraitzen die. Plan Bereziaren eremua Belate KBEren barruan dago; haatik, hirigune aldean eta lurzatian izan ohi den abeltzaintzarako erabilerak berekin ekarri du KBEaren flora edo basafauna bereizgarriarentzako habitat naturalik edo interesgunerik ez egotea. Hori dela-eta, Plan Bereziko proposamenek ez dute eragin zuzenik KBEaren ezaugarri giltzarrietan, ez eta intereseko floran edo faunan ere.

Paisaiarengan duen eraginari dagokionez, inpaktua arina dela jotzen da, proiektuaren ezaugarriengatik eta aurreikusitako integrazio-neurriengatik (zuzkidura-eraikina erdi-lurperaturik eta bideen diseinua lurraren topografiari eta perimetroko landareei egokiturik eginen da). Jarduketa Belate KBEaren barnekoa denez, bertako zuhaitzak landatuko dira, lizarrak (Fraxinus excelsior), ezkiak (Tilia platypyllos), haginak (Taxus baccata), astigarrak (Acer campestre), hurrondoak (Corylus avellana) eta gaztainondoak kasu (Castanea sativa).

Arriskuei dagokienez, ez da atzeman gertuko ibilgu naturalik, eta hortaz, egoki jo da erdigunean kokatutako berdegunea euri-urak hartzeko erreserbatzea, prebentzio neurri gisa.

Ingurumen txostenak inpaktu arintzat baloratzen du ingurumenaren gaineko eragin globala; izan ere, prebentzio-neurriak hartu dira eremuaren plangintza eta antolamendua egitean, eta jarraipen eta zaintze neurriak, obra-faseari begira.

Natur Ingurunearen Zerbitzuak 2019ko urriaren 15ean egindako txostenak, sustatzaileari igorria, obra faserako eta jarduera ustiatzen denerako baldintza sorta bat biltzen du. Plan Bereziaren ezaugarriak eta inplikazioak ikusirik, ondorioztatu da proposamenak ez duela ondorio nabarmenik izanen ingurumenean. Biodibertsitatearen Zerbitzuak adierazi du bete dela ingurumen ebaluazio estrategikoaren prozedura, eta aldeko txostena eman du.

Adierazitakoarekin bat, eta honako hauek ematen dizkidaten eskudantziak erabiliz: Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikulua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren departamentuen egitura ezartzen duen Nafarroako Foru Komunitateko lehendakariaren abuztuaren 6ko 22/2019 Foru Dekretua, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretua,

EBAZTEN DUT:

1. Ingurumen txosten estrategikoa egin da Berueten (Basaburua) turismoko kanpaleku bat ezartzeko Plan Bereziaren gainean, eta planak, Iban Pascual Matelok sustatuak, ingurumen ondorio nabarmenik ez duela jo da.

2. Plana ingurumen agirian ingurumena zaintzeko aurreikusi diren neurri eta jarraibideekin bat garatuko da.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau Hirigintza Atalari eta Basaburuko Udalari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 24an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Iragarkiaren kodea: F2011158