238. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 13a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

VALTIERRA

Ordenantza, Ekintzailetza sustatzeko, enplegua bultzatzeko eta jarduera ekonomikoak sendotzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Valtierrako Udalak, 2020ko ekainaren 29an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ekintzailetza sustatzeko, enplegua bultzatzeko eta jarduera ekonomikoak sendotzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza.

Espedientea jendaurrean paratu zen iragarkia argitaratuta 2020ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 27an. Jendaurreko epean ez zaio espedienteari inolako alegaziorik aurkeztu. Beraz, eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325.1 artikuluan xedatutakoaren arabera, hasierako onespenaren erabakia behin betikoa bilakatu da.

Argitara ematen da, aipatu ordenantzaren testu osoarekin batera, behar diren ondorio juridikoak izan ditzan.

Valtierran, 2020ko irailaren 17an.–Alkatea, Manuel Resa Conde.

VALTIERRAKO UDALAREN ORDENANTZA, EKINTZAILETZA SUSTATZEKO, ENPLEGUA BULTZATZEKO ETA JARDUERA EKONOMIKOAK SENDOTZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da diruz laguntzea pertsona ekintzaileek jarduera ekonomiko berriak sortu eta abian jartzeko gastuak, bai eta enplegua eta autoenplegua sustatzea ere, eta lehendik ezarrita dauden jarduerak garatzea. Valtierrako Udalak ekintzailetza sustatu nahi du, bai eta enplegua eta autoenplegua eragin eta bulkatu ere, eta jarduera ekonomikoak sendotzen lagundu.

2. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.

Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak emateko organo eskuduna, hark izanen baitu dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko ahalmena.

3. artikulua. Onuradunak eta onuradun izateko baldintza orokorrak.

Ordenantza honetan aurreikusitako laguntzak honako hauek jaso ahalko dituzte:

a) Valtierrako herrian erroldatutako pertsona fisikoak, baldin eta langile autonomoak badira eta Valtierrako ekonomia-jardueren zergan alta emanda badaude.

b) Valtierran erroldatuta egon ez arren, langile autonomoak diren eta Valtierrako ekonomia-jardueren zergan alta emanda dauden pertsona fisikoak, betiere Valtierran irekita badute merkataritza-lokala edo garatzen duten jarduera ekonomikoari atxikitako lokala.

c) Hamar langile baino gutxiago eta 1.000.000 eurotik beherako fakturazioa duten pertsona juridikoak, betiere helbide fiskala Valtierran badute, Valtierrako ekonomia-jardueren zergan alta emanda badaude eta Valtierran irekita baldin badute merkataritza-lokala edo garatzen duten jarduera ekonomikoari atxikitako lokala.

Ordenantza honetan araututako laguntzak eskuratzeko baldintzak izanen dira:

a) Gizarte Segurantzako kotizazio betebeharrak beteak izatea, baita Nafarroako Foru Ogasuneko eta Valtierrako Udaleko zerga betebeharrak ere. Ziurtagirien bitartez egiaztatu beharko da.

Valtierrako Udalarekiko zerga betebeharrei dagokienez, Udalak ofizioz egiaztatuko du inguruabar hori eta behar den eginbidearen bitartez jasoko. Era berean, dirulaguntza emateko proposamena egin aitzin, ofizioz egiaztatuko da interesdunak ez duela Udal Diruzaintzari ordaindu beharreko zenbatekorik.

b) Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozedura hastea eskatu izana (obra-lizentziak, jarduera sailkatuen lizentzia, irekitzeko lizentzia...).

c) Proiektuaren bideragarritasun tekniko eta ekonomikoa egiaztatzea.

4. artikulua. Baztertzeak.

Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

1. Administrazio publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

2. Lanbide-elkargoak eta elkarteak.

3. Langile autonomoak, autonomoen erroldan alta emanik egon badira ekonomia-jardueren zergako epigrafe berean edo antzekoan, jarduera hasi aurreko azken hamabi hilabeteetan.

4. Lehenagoko enpresa baten izenaren edo forma juridikoaren aldaketa baten, kapital handitze baten edo egiturazko aldaketa baten ondoriozko enpresak.

5. Ez dira jarduera ekonomiko berritzat joko jardueraren zabalkuntzak, hau da, hasierako jarduerari eutsita EJZaren epigrafe berri batean altan emandakoak.

6. Dirulaguntza hori behin bakarrik jaso ahalko da kontzeptu beragatik, eta ezin izanen da hurrengo edizioetan parte hartu.

7. Enpresa proiektu inkongruenteak, edo nahi ez diren jarduerak garatzeko bide ematen dutenak.

8. Udalaren laguntzak behin eta berriz eskatu dituzten sustatzaileak edo lehenago eskuratutako laguntzak eraginkortasunez eta behar bezala baliatu ez dituztenak.

9. Ezin izanen dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluko inguruabarretako batean dauden pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

5. artikulua. Eskaerak nola aurkeztu: epea eta ebazpena.

1. Eskabidea Valtierrako Udalaren erregistroan aurkeztu beharko da, eskatzaileak sinatua eta deialdiari erantsitako eredu normalizatuaren araberakoa (I. eranskina). Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz ayuntamiento@valtierra.es helbide elektronikora.

2. Eskabideak, ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), urte bakoitzeko deialdian ezartzen den epearen barnean aurkeztuko dira.

3. Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela iritziko zaiola. Horrelakoetan, eskaera artxibatu eginen da, beste izapiderik egin gabe.

4. Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen dirua.

5. Udalak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatu ahalko ditu.

6. Ebaluazioa bukatuta, instrukzio-organoa arduratuko da datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko egin behar diren izapide guztiak ofizioz egiteaz; izan ere, datuok oinarri hartuta eginen zaio ebazpen proposamena organo eskudunari, hark ebazpena eman dezan. Ebazpen proposamena dagokion batzordera igorriko da, eta batzorde horrek txosten loteslea eginen du. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskabidea aurkezten den egunetik hasita.

6. artikulua. Eskatzaileek kasu bakoitzean aurkeztu beharreko agiriak.

1. Eskabidea, Valtierrako Udalari zuzendua (I. eranskina).

2. NANaren fotokopia (pertsona fisikoak) eta eraketa edo aldaketa eskriturarena (pertsona juridikoak), baita enpresaren IFK ere, hala dagokionean.

3. Gizarte Segurantzarekin, Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Valtierrako Udalarekin dituzten betebeharrak egunean izatearen ziurtagiria.

4. Alta ekonomia-jardueren gaineko zergan eta ordainagiria.

5. Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea egiaztatzen duen frogagiria.

6. Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena (I. eranskina).

7. Erantzukizuneko adierazpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (I. eranskina).

8. Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Halaber, aditzera emanen dira, deialdi honetan parte hartzeko garaian, beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaerak (I. eranskina).

9. Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

10. Jarduera berrien kasuan, proiektuaren bideragarritasun txostena, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa.

11. Erroldaren ziurtagiria.

12. Bizileku-baimena, egoiliar berrien kasuan.

13. Enplegua sortzeko dirulaguntza eskatuz gero, TC2 eredua (enpresako langileen kopurua) eta dirulaguntzaren xede den lan-kontratua.

Jatorrizko agiriak eta frogagirien kopiak: fakturak eta ordainagiriak, kronologikoki ordenatuak. Ez da eskura egindako ordainketarik onartuko.

Egindako gastuen fakturek 205/2004 Foru Dekretuak agindutakoa bete beharko dute (haren bidez onartu zen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua). Fakturek, bidenabar, dirulaguntza eskatu duenaren izenean egon behar dute beti.

Dirulaguntza lortzeko aurkezten diren faktura guztiek aitzinetik ordainduta egon beharko dute. Epeka zatituta badaude, ezarritako epeen barneko data dutenetarako emanen da dirulaguntza. Fakturak ordaindu direla frogatzeko, bankuko ordainagiriak edo zordunketak aurkeztuko dira. Ez dira kontuan hartuko esku-dirutan ordaindutako 2.500 euroko edo gehiagoko eragiketak, edo atzerriko dibisetan kontrabalio hori dutenak, eragiketa horretan parte hartzen duen alderdietako batek enpresari gisa edo profesional gisa diharduenean; izan ere, halaxe xedatu da urriaren 29ko 7/2012 Legean (iruzurraren kontrako prebentzio-ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza-araudia egokitzekoa). Nolanahi ere, zenbatekoari jarritako muga gaurkotu eginen da lege indardunak une bakoitzean zer finkatzen duen kontuan hartuta.

Udalak edozein dokumentazio eskatu ahalko du, argigarria dela baderitzo.

14. Ziurtagiria, frogatzen duena legez eratutako pertsona fisiko edo juridikoaren xedea dela Valtierrako lurralde-eremuan turismoa sustatzea eta garapen sozio-ekonomikoa bultzatzea, eta bere egoitza soziala Valtierran (Nafarroa) duela.

7. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Dirulaguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoaren arabera, Valtierrako Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunari ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki irizten dizkion ikuskapen bisitak egin ahalko ditu.

Onuradunak edo erakunde kolaboratzaileak eta dirulaguntzarekin edo haren justifikazioarekin lotura duten hirugarrenak behartuak daude kontrol funtzio horiek erraztera eta horietan laguntza ematera.

Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozein aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baldin baziren dirulaguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, onuradunak onartutako konpromisoak edo betebeharrak aldatu badira.

Gerta liteke deialdi honen babespean eskatu eta eman izan den edozein dirulaguntza eskatu eta haren onuradun izan den enpresaren titulartasuna edo izena aldatzea, edo enpresa subrogatzea. Era horretako aldaketarik gertatuz gero, unean bertan jakinarazi beharko dute onuradunek, baita horien frogagiriak aurkeztu ere, dirulaguntza eman eta bi urte igaro artean.

8. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

Deialdi honetako dirulaguntzen xede diren jarduerak bateragarriak dira edozein administrazio, entitate edo pertsonak xede berarekin emandako beste dirulaguntza batzuk hartzearekin, baina jasotako dirulaguntzen zenbatekoa, guztira, ez da inoiz izanen diruz lagundutako jardueraren edo proiektuaren kostua baino handiagoa.

9. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Onuradunak dirulaguntza justifikatu ondoren eginen da ordainketa, itzulketaren bidezkotasunari buruzko ebazpena eman ondoren. Dirulaguntza osorik edo partez kobratzeko eskubidea galduko da behar bezala justifikatzen ez bada edo Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorrean dirua itzultzeko aurreikusitako arrazoietako bat gertatzen bada.

10. artikulua. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntza emateko ebazpena aldatu ahalko da eta, kasua bada, emandako onurak deuseztatu, dirulaguntzak emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen badira, edo aldi berean beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek, nazionalak nahiz nazioartekoak, emandako dirulaguntzak edo laguntzak lortzen badira, edo deialdi honetan ezarritako baldintzak betetzen ez badira, emandako datuak faltsutu, itxuragabetu edo ezkutatzen badira, eta laguntzak emateko erabakigarriak izan diren gertaerak eta inguruabarrak egiaztatzeko lanak oztopatzen badira.

11. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

a) Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honako kasu hauetan:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.

b) Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa eta neurrikoa izanen da itzultzeko eskaera.

c) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, beste erantzukizun batzuk gorabehera, halakorik bada.

d) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi %25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

e) Lau urtera preskribatuko du Administrazioaren eskubideak, itzulketa aitortu edo likidatzeko. Itzulketa eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

f) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo ezeztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratibotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako egiteak edo ez egiteak. Zehapen prozedura, zigorren graduazioa eta zehapen motak aipatu legean ezarritakoak izanen dira.

13. artikulua. Publizitatea.

Dirulaguntzak jasotzen dituztenak behartuta daude behar bezala iragartzera dirulaguntzaren xede diren programa, jarduera, inbertsio edo jarduketak Valtierrako Udalak finantzatu dituela.

Onuradunak zabalkunderako hartu beharreko neurriak bat etorriko dira dirulaguntzaren xedearekin, hala formari nola iraupenari dagokienez; hartara, horiek izan ahalko dira Valtierrako Udalaren irudi instituzionala txertatzea, finantzaketa publikoari buruzko testuak paratzea kartel, material inprimatu, baliabide elektroniko edo ikus-entzunezko baliabideetan, edo komunikabideetan aipamena egitea.

II. TITULUA

Dirulaguntzak

14. artikulua. Dirulaguntza emateko irizpideak eta baldintzak.

Dirulaguntza honekin izaera ekonomikoko laguntza emanen da, eta onuradunek erabiliko dute enpresa sortzeak lehenengo hilabeteetan eragindako hasierako gastuak eta gastu orokorrak estaltzeko. Horri dagokionez, JEZeko alta eguna izanen da jardueraren hasierako eguna.

Laguntza emanen zaie, halaber, dagoeneko finkatuta dauden eta lanpostu berri egonkorrak sortzen dituzten pertsona fisiko edo juridikoei.

Dirulaguntzaren erabilera pertsonala eta besterenezina da, eta zerbitzu publiko horretarako ezarritako arau orokorrak errespetatu behar dituzte onuradunek.

Udal Administrazioak ikusten badu onuradunak dirulaguntza hau oker erabiltzen ari direla, zilegi izanen du horren gaineko ikerketa egitea. Dirulaguntza iruzurrez erabiltzeak laguntza berehala kentzea ekarriko du.

Onuraduna behartuta dago bere egoeran izaten diren eta dirulaguntza jasotzeko eskubideari eragiten dioten aldaketen berri ematera.

15. artikulua. Dirulaguntza jaso dezaketen kontzeptuak.

Honako kontzeptu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

a) Web-orria egitea. %50eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 300 euro (hirurehun euro). Behin bakarrik emanen da web-orriak egiteko dirulaguntza.

b) Bai ekintzaileak bai langileak enpresa jarduerarekin zerikusia duten ikastaro, mintegi eta jardunaldietara joatea. Masterrak ez dira diruz lagunduko. %50eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 150 euro (ehun eta berrogeita hamar euro) parte-hartzaile bakoitzagatik eta behin bakarrik.

c) Inbertsio txikiak, negozioaren lokala eta establezimenduaren irudia hobetzera bideratuak. Esate baterako: pintura, altzari berriak, zaharberritze obra txikiak, barneko eta kanpoko errotulazioak, eta erakusleihoak berritzea. %50eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 1.000 euro (mila euro).

d) Establezimenduko kontsumoak (argia, ura eta gasa) murriztera bideratutako inbertsioak. Esate baterako: argiak kontsumo baxukoez ordeztea, tenporizadoreak eta termostatoak jartzea, deskarga dualeko sistema duten zisternak jartzea, ura aurrezten duten txorrotak paratzea, hondakinak bereizten dituzten ontziak jartzea, odonizatzaileak instalatzea, kontsumoak murriztera bideratutako obrak. %50eko dirulaguntza emanen da, gehienez ere 400 euro (laurehun euro).

e) Lanpostuak: sortzen den lanaldi osoko lanpostu mugagabe bakoitzeko, ekintzailearena berarena ez dena, 750 euroko (zazpiehun eta berrogeita hamar euro) dirulaguntza emanen da.

Kontratatzen badira 45 urtetik gorako langileak, edo legez onarturiko %35eko desgaitasuna edo handiagoa dutenak, edo kontratazioaren unean Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuta dauden eta langabe gisa urtebeteko antzinatasuna edo handiagoa dutenak, dirulaguntza 1.000 eurora igoko da. Kontratuak lanaldi osokoak ez direnean, zati proportzionalari emanen zaio dirulaguntza.

f) Inbertsioak ekipamendu teknikoan, zenbait jarduera egiteko, hala nola etiketak paratzeko sistemak, kodeen irakurgailuak, balantza elektronikoak, salmenta-puntuko terminalak etab., ekipo informatikoak bazterturik. %50eko dirulaguntza emanen da, eta gehienez ere 250 euro.

g) Lokalaren alokairuaren gastu arruntak: gehienez ere 3 hilabeteko alokairuaren %50 emanen da, jarduera hasten den egunetik hasita, eta gehienez ere 600 euro.

Kanpoan gelditzen dira:

–Errentatzaile eta errentariaren arteko harreman juridikoa edo ahaidetasunekoa duten alokairuak, odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren hirugarren graduraino; edo pertsona fisiko edo juridikoren bat aldi berean denean errentatzaile eta errentari.

–Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan duten alokairuak.

–Fidantza eta berme kontzeptuak.

–Aldez aurretik ordaindutako zenbatekoak.

h) Uraren, berogailuaren eta argiaren gastuak: gehienez ere 3 hilabeteko kontsumoaren gastuen %50 emanen da, jarduera hasten den egunetik hasita, eta gehienez ere 300 euro.

Kanpoan gelditzen dira:

–Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan dagoenean sortutako gastuak.

–Ez dira sartzen lotune eskubideak.

i) Jarduera hasi eta lehen hiru hilabeteko gizarte-segurantzako kuoten %50 emanen da, eta gehienez ere 450 euro (laurehun eta berrogeita hamar euro).

Kontzeptu horietatik guztietatik BEZa salbuetsiko da.

16. artikulua. Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 (1) Legearen 14.1 artikuluan ezarritako beharkizun orokorrak eta ebazpen honetan aipatzen diren bestelakoak bete beharko dituzte.

a) Ordenantza honetan ageri diren dirulaguntzak jasotzeko behar den jokabidea izan, xedea bete, proiektua gauzatu edo jarduera egitea.

b) Organo eskudunari frogatzea betebeharrak eta baldintzak bete direla eta jarduera egin dela.

c) Organo emaileak eginen dituen egiaztapenak eta Estatuko nahiz Europar Batasuneko kontrol organo eskudunek egin ditzaketen egiaztapen eta kontrol finantzarioak onartzea eta jarduketa horietan eskatzen zaizkien argibide guztiak ematea.

d) Diruz lagundutako jarduerak finantzatzeko lortutako beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, beti, jasotako funtsak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

e) Dirulaguntza emateko ebazpen proposamena eman baino lehen, zerga guztiak pagatu eta Gizarte Segurantzarekiko betebehar guztiak egunean dituela frogatzea, arauz ezarri bezala eta Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen hemezortzigarren xedapen gehigarrian xedatua deusetan galarazi gabe.

f) Egiaztapen eta kontrolak egiteko ahalmenak erabili ahal izan daitezen, kontabilitate liburuak, erregistro eginbidetuak eta gainerako agiriak edukitzea, behar bezala ikuskaturik, onuradunari aplikatu behar zaizkion merkataritzako legeetan eta lege sektorialetan agindutako moduan, eta halaber, deialdietako oinarri arautzaileetan berariaz eskatzen diren kontabilitate orriak eta erregistroak edukitzea.

g) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrolaren xede izan daitezkeen bitartean.

h) Foru lege horren 18. artikuluko 4. apartatuan adierazitako zabalkunde-neurriak hartzea.

i) Lege horren 37. artikuluan aipatzen diren kasuetan, harturiko dirua itzultzea.

Gainera, bereziki, gutxienez ere bi urtez dirulaguntza edo laguntza kobratzeko oinarria izanen den jarduera egin beharko dute, eta Gizarte Segurantzan edo horren baliokidean kideturik egon eta dirulaguntzaren xede izan diren aktibo finko materialak mantendu. Ez bada hori betetzen, salbu eta onuradunari ezin egotz dakizkiokeen arrazoiak egiaztatzen badira, harturiko dirulaguntzak proportzionalki itzuli beharko dira, bi urteak betetzeko falta den denboraren arabera.

17. artikulua. Laguntzen zenbatekoa.

Laguntzen deialdia urtekoa izanen da eta ekitaldi bakoitzeko urtarrilaren 1etik aurrera gauzatuko da. Dagokion ekitaldirako gehieneko diru-izendapena izanen du aurrekontuan, “Enplegu autonomoa sortu eta sendotzeko laguntzak” izeneko partidan.

Onuradun bakoitzak gehienez ere 2.250 euro jasoko ditu kontzeptu guztiengatik, salbu eta jardueraren helburua bada Valtierrako lurralde-eremuan turismoa eta garapen sozio-ekonomikoa bultzatzea, egoitza soziala Valtierran (Nafarroa) izanik; kasu horretan, %25 gehitu ahalko dio ordenantza honen 15. artikuluan aipatzen den zenbateko bakoitzari, guztira 2.500 euro gainditu gabe.

18. artikulua. Gastu diruz lagungarriak.

Dirulaguntza bildu ahalko dute diruz laguntzen den jardueraren ezaugarriekin bat heldu diren gastuek. Diruz lagun daitezkeen gastuen kostua ez da inoiz izanen merkatuko balioa baino handiagoa. Benetan egindako gastutzat joko da deialdi honetan ezartzen den justifikazio epea bukatu baino lehen ordaindu dena.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek hartuko du indarra Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunaren biharamunean, eta berariaz indargabetzen den arte egonen da indarrean.

I. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: L2010841