234. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 8a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

51/2020 FORU AGINDUA, urriaren 8koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak eta horien gainean egindako aldaketak. Osasuneko kontseilariaren foru agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz.

2020ko irailaren 11n, 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Gero, foru agindu hori aldatzeko, beste bi foru agindu eman zituen Osasuneko kontseilariak: irailaren 24ko 44/2020 Foru Agindua eta urriaren 1eko 47/2020 Foru Agindua. Horien bidez, 42/2020 Foru Aginduan ezarritako neurriak luzatu eta aldatu ziren.

Bi foru aginduak judizialki berretsi ziren, hurrenez hurren, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 3. Epaitegiaren 2020ko irailaren 14ko autoen bidez (118/2020 autoa, 2020ko irailaren 29koa, eta 150/2020 autoa, urriaren 2koa), biak ala biak Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak emandakoak.

Foru agindu horietan, uneko egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, eta kutsatzeak saihesteko, gisa honetako neurriak hartu ziren: pertsonen kopurua mugatzea ospakizun sozialetan, ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak ematen dituzten establezimenduetan; mugak ezartzea ostalaritzan eta jatetxeetan; edukiera mugatzea igerilekuetan, bide publikoko merkatuetan, joko eta apustu lokaletan, kultur ekitaldietan; elkarte gastronomikoak eta peñak ixtea; zuzendutako kirol-jarduera fisikoak mugatzea; eta pertsonen bilkurak mugatzea eremu publikoan. Foru agindu horretan ezartzen ziren neurriak hartzeko funtsezko arrazoiak ziren, batetik, kutsatzeen goranzko kurba kontrolatzen saiatzea, berdindu zedin, eta, bestetik, hartu behar ez izatea neurri askoz murriztaileagoak, bizitza soziala eta eremu ekonomikoa nabarmenki mugatuko zituztenak.

Foru agindu horren hirugarren puntuan ezartzen zenez, jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen zaie han aurreikusitako neurriei eta, horren arabera, hamabost egun naturaleko epean gehienez, luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahalko dira. Zentzu horretan, zazpi egun naturalez luzatuz joan dira neurri horiek, Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Aginduaren bidez, eta urriaren 1eko 47/2020 Foru Aginduaren bidez.

Hala adierazten baitu Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostenak, 2020ko urriaren 4an eguneratutakoak, irailaren 28tik urriaren 4ra arteko astean (40. astea), baieztatutako diagnostiko berrien tasa zen 303 kasukoa 100.000 biztanleko, 37. eta 38. asteetakoen antzekoa. SARS-CoV-2aren zirkulazioa maila ertainekoa da intentsitateari dagokionez, eta maila handikoa larritasunari dagokionez; joera, berriz, zertxobait beheranzkoa da. Ikusi da SARS-CoV-2aren zirkulazioa apur bat moteldu dela, nahiz eta intzidentziak behera egin duen, batez ere, 65 urtetik beherakoen artean kasu gutxiago izan direlako. Era berean, hazkunde txiki bat izan da ospitalizazioetan, kasu gehiago egon direlako adinekoen eta adin ertaineko helduen artean. Heriotzek ere gora egin dute, segur aski aurreko astean infekzio gehiago izan direlako. Pandemiaren testuinguruan, egoera nahiko egonkorra da, eta mantendu egin da azken asteotan. Bestalde, duela zenbait astetik hona, eta gainerako autonomia-erkidegoekin alderatuta, Nafarroako Foru Komunitateak izan du metatutako intzidentzia tasarik handienetako bat, bai azken 14 egunean, bai azken 7 egunean.

Horrenbestez, eta ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txosteneko datuak, birusaren transmisioa Foru Komunitatean pixka bat jaitsi den arren, bidezkoa da aurretik ezarritako neurriak luzatzea, helburu hauekin: kutsatzeen kurba kontrolatzen eta jaisten jarraitzea, osasun publikoa babestea eta neurri zorrotzagoak saihestea, kalte egiten ahal diotelako herriko jarduera ekonomiko eta sozialari.

Foru agindu honetan adierazitako neurriek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, hala adierazten baitu bere 26.1 artikuluan Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta galarazi gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, hala xedatzen baitu bere 10. artikuluan Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legeak –Justizia Administrazioaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak–, Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko dira baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzak osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–Luzatzea, zazpi egun naturalez, foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita, Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezarri ziren neurri guztiak. Foru Agindu horren bidez, prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitaterako, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izandako bilakaeraren ondorioz. Horrekin batera, luzatu egiten dira Osasuneko kontseilariaren irailaren 24ko 44/2020 Foru Aginduan eta urriaren 1eko 47/2020 Foru Aginduan onetsitako aldaketak.

Bigarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo indarrik gabe uzten ahalko dira.

Hirugarrena.–Foru agindu hau igortzea, tramita dezan, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, berrespen judiziala lortzeko Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan; igortzea, halaber, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Laugarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunaren biharamunetik izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko urriaren 8an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011717