233. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

AKATS ZUZENKETA, Hezkuntzako zuzendari nagusiaren irailaren 14ko 374/2020 Ebazpenarena. Ebazpen horren bidez Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketaren 2021eko deialdia onesten da, eta azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko tarifa ezartzen da.

Ebazpen hori 2020ko 221. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, irailaren 29koan. Oharturik akats bat dagoela, deialdiaren oinarriak jasotzen dituen eranskina falta baita, ondotik ematen dira argitara ebazpenaren testu osoa eta haren eranskina.

Iruñean, 2020ko irailaren 29an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

374/2020 EBAZPENA, irailaren 14koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko azterketaren 2021eko deialdia onesten duena, eta azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharreko tarifa ezartzen duena.

Abenduaren 15eko 463/1998 Foru Aginduan ezartzen da Hezkuntza Departamentuak azterketaren lege esparrua zehaztuko duela eta probak beren gain hartuko dituzten organo eskudunak eratuko dituela.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, honako hau

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) eskuratzeko 2021eko azterketarako deia egitea.

2. Deialdi honen oinarriak, ebazpen honen eranskinean zehaztutakoak, onestea. Era berean, azterketa egiteko eskubideengatik 26,20 euroko tarifa ezartzea.

3. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofiziala eratu eta honako eginkizun hauek esleitzea:

–EGA agiria eskuratzeko probak antolatu, diseinatu eta gainbegiratzea.

–Proben prestatzaileak hautatzea.

–Erreklamazioei eman beharreko erantzuna koordinatzea.

–Probak ebaluatzeko eta zuzentzeko irizpideak ezarri eta Epaimahaiak irizpide horiek aplikatzen dituela begiratzea.

4. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Batzorde Ofizialeko kide honako hauek izendatzea, 2021eko azterketarako:

–Ignacio Miguel Catalán Librada jauna, batzordeburu.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea.

–Nora Iriarte Osés andrea.

–Fernando Rey Escalera jauna.

–Castillo Suárez García andrea.

–Mikel Vilches Plaza jauna.

–Eneritz González Fernández andrea, Batzordeko idazkari.

5. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofiziala eratzea 2021eko azterketarako, eta haren gain uztea probak egin eta zuzentzeko lan teknikoak, laneko batzordeetan parte hartzea eta Batzorde Ofizialak esleituriko eginkizun oro egitea. Eginkizun horiek oro Batzorde Ofizialak koordinatuko ditu.

6. Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiriaren (EGA) Epaimahai Ofizialeko kide honako hauek izendatzea:

–Eneritz González Fernández andrea, epaimahaiburu.

–Miren Garbiñe Basurto Luzuriaga andrea, idazkari.

–Monika Agirre Cascallana andrea.

–Pedro Aguirre Sarasola jauna.

–Izaskun Fernández de Las Heras andrea.

–Manuel Fontalba Romero jauna.

–Patxi Flores Lazkoz jauna.

–Maite Gorospe Lizaso andrea.

–Ion Hernan Mendibe jauna.

–Amaia Irazusta Zarra andrea.

–Nora Iriarte Osés andrea.

–Luis Marcelo Los Arcos Pérez jauna.

–Margarita Macho Aguillo andrea.

–Jose Ramón Olano Etxabe jauna.

–Yolanda Olasagarre Mendinueta andrea.

–Miren Oteiza Piera andrea.

–Fernando Rey Escalera jauna.

–Castillo Suárez García andrea.

–Ana Telletxea Coscolin andrea.

–Orreaga Urroz Goicoechea andrea.

–Mikel Vilches Plaza jauna.

7. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak bere gain hartuko ditu matrikulatzeko eta kontrolatzeko lanak, tituluak luzatzea proposatzekoak eta, orobat, gai horietan eskudunak diren beste erakunde ofizial batzuekin izan beharreko harreman instituzionalak.

8. 2021eko azterketa bukaturik, Epaimahaiak probak gainditu dituztenen eta huts egin dutenen aktak Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura igorriko ditu. Hezkuntzako zuzendari nagusiak, ebazpen baten bidez, baimena emanen du probak gainditu dituztenei Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) luzatzeko. Agiri horiek Hezkuntzako Kontseilari jaunak sinatuko ditu.

9. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

10. Ebazpen hau eta dagokion eranskina igortzea Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Euskara Atalera, EGAren Bulegora, Euskararen Irakaskuntzarako Baliabide Zentrora, Langileen Araubide Juridikoaren Zerbitzura, Idazkaritza Tekniko Nagusira, eta goian aipatu Batzordeko eta Epaimahaiko kideei, behar diren ondorioak izan ditzaten.

11. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahal da, Hezkuntza Departamentuko Kontseilariari zuzendua, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 14an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

ERANSKINA

Deialdiaren oinarriak

1. oinarria.–Baldintzak:

a) Azterketan parte hartzeko, 16 urte beterik izan beharko dira 2020ko abenduaren 31rako.

b) Desgaitasunen bat duten pertsonek azterketa egiteko neurri bereziak jartzeko eska dezakete. Eskaera izena emateko orrian adierazi beharko da, eta hori frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana, aurkeztu beharko da. Batzorde Ofizialak beharrezkoak diren egokitzapenak ezarriko ditu eta une oro azterketan frogatu beharreko gaitasun maila ez dela murrizturik geldituko bermatuko du.

2. oinarria.–Azterketaren egitura.

Azterketak hiru proba ditu:

1. Atariko Proba.

Test erako 80 galdera (80 puntu), honako gaitasun eta jakintza hauek ebaluatzeko:

–Hizkuntza baliabideen erabilera. Bi ariketa izanen ditu, hizkuntzaren erabileraren zuzentasuna eta egokitasuna neurtzeko:

a) 40 itemeko testa, aukera anitzekoa (a-b-c-d). 40 puntu.

b) 10 itemeko cloze testa, aukera anitzekoa (a-b-c). 10 puntu.

–Ahozkoaren ulermena. Grabatutako testuen gaineko zenbait ataza dira. Grabazioak bi aldiz entzunen dira. Atazak zenbait motatakoak izan daitezke: aukera anitzeko itemak, ahozko testuak adierazpenekin lotzea...

–Idatziaren ulermena. Testu idatzien gaineko zenbait ataza dira. Atazak zenbait motatakoak izan daitezke: aukera anitzeko itemak; testu idatzietako zatiak adierazpen laburrekin lotzea; paragrafoak adierazpen luzeekin osatzea; hutsuneak osatzea, erantzuteko emandako aukeretako bat hautatuz...

Atariko Probak 2 ordu eta 30 minutuko iraupena du.

2. Proba Idatzia. Bi ataza ditu:

–1. idazlana: erreklamazio, eskaera edo kexa bat egiteko gutun formala edota gutun pertsonala, lagunarteko erregistroan. 180 hitz, gutxienez. Aukeran emandako bi gaietatik bat hautatu beharko da.

–2. idazlana: argudio edo azalpen testua, 250 hitzekoa, gutxienez. Aukeran emandako bi gaietatik bat hautatu beharko da.

Proba Idatziak 2 orduko iraupena du.

3. Ahozko Proba. Bi ataza ditu:

–Gai bat ahoz azaltzea, testu batetik abiaturik. Azterketari bakoitzak 5 minutu izanen ditu testu hori ahoz azaltzeko. Aurretik 30 minutu izanen ditu prestatzeko.

–Solasaldia: bakarkako azalpenak bukaturik, azterketariek bat-bateko iritzi-trukea eginen dute azalpen horien gainean. Bigarren zati hau 10 minutukoa izanen da.

Ahozko Proba, salbuespenak salbuespen, binaka eginen da.

3. oinarria.–Proben balorazioa:

a) Atariko Proban 80 puntu atera daitezke, gehienez. Proba hori gainditzeko ebaketa-nota logit unitatean oinarritutako neurri sistema baten bidez zehaztuko da. Azterketari bakoitzak lortutako puntuazioa zenbaki eskala batean emanen da eta logitetan lortutako puntuazioaren baliokidea izanen da.

b) Proba Idatziko atazetako kalifikazioetan alderdi hauek hartuko dira kontuan:

a.–Genero diskurtsiboari egokitzea;

b.–Diskurtsoaren antolaketa;

c.–Hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna;

d.–Zuzentasuna.

Atazetako bakoitzak 10 puntu balioko du, gehienez ere, eta amaierako puntuazioa bi ataza horietan lortutako puntuazioen batura izanen da. Proba gainditzeko 10 puntu atera behar dira, gutxienez. Amaierako kalifikazioa zenbakiz eta Gai edo Ez Gai jarriz adieraziko da.

c) Ahozko Probako atazetako kalifikazioetan alderdi hauek izanen dira kontuan:

a.–Egokitasuna;

b.–Jariotasuna;

c.–Diskurtsoaren antolaketa;

d.–Hizkuntzaren aberastasuna eta zehaztasuna;

e.–Zuzentasuna;

f.–Elkarreragina.

Atazetako bakoitzak 10 puntu balioko du, gehienez ere, eta amaierako puntuazioa bi ataza horietan lortutako puntuazioen batura izanen da. Proba gainditzeko 10 puntu atera behar dira, gutxienez. Amaierako kalifikazioa zenbakiz eta Gai edo Ez Gai jarriz adieraziko da.

d) EGA agiria eskuratzeko, azterketaren hiru probak (Atarikoa, Idatzia eta Ahozkoa) nahitaez eta elkarren jarraian gainditu beharko dira. Aipatutako probak baztergarriak izanen dira eta deialdi batetik bestera ez da notarik gordeko.

4. oinarria.–Agiriak eta matrikula egiteko epea:

a) Azterketan matrikula egiteko epea azaroan eta/edo abenduan izanen da. Data zehatzak www.nafarroa.eus eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

b) Matrikula gauzatzeko, interesdunek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte (behar bezala bete ondoren) Hezkuntza Departamentuko Erregistroan, Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarraren arabera:

–Eskabide orokorra.

–NANaren fotokopia.

–Matrikula inprimakia.

–Familia ugariko agiriaren edo Familia Liburuaren fotokopia (bidezkoa denean), argi irakurtzeko modukoa.

–Azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharrekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Diru-bilketa Kontuan sartu izanaren gordekina (bidezkoa denean).

–Legeen arabera desgaitasunen bat dutela frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

–Legeen arabera genero indarkeriaren biktima izatea frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

–Legeen arabera familia gurasobakarra izatea frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

–Legeen arabera ekintza terroristetako biktima izatea frogatzeko agiriaren kopia konpultsatua, organo eskudunak emana.

d) Azterketa egiteko eskubideak.

–Azterketa egiteko eskubideengatik 26,20 euro ordaindu beharko dira.

–1. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko da, eta 2. kategoriako familia ugariko kide izanez gero, matrikula doan izanen da. Bi kasuetan deskontuak 21 urte bete arte balioko du, hots, matrikula egiten den egunean 21 urte edo gutxiago badute. Deskontua 25 urte bete arte luza daiteke, azterketaria bere adinaren eta titulazioaren araberako ikasketak egiten ari bada. Hala denean, ikasketa horiek egiaztatzeko, ziurtagiria edo matrikula ofizialaren agiria eta matrikula ordaindu izanaren frogagiria aurkeztu beharko ditu.

–Familia gurasobakar orokorreko kide izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko da, eta familia gurasobakar bereziko kide izanez gero, matrikula doan izanen da.

–Ekintza terroristetako biktimek eta baita beren ezkontideek eta seme-alabek ere ez dute azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharko.

–Genero indarkeriaren biktimek eta baita beren seme-alabek ere ez dute azterketa egiteko eskubideengatik ordaindu beharko.

–%33ko edo hortik gorako desgaitasun aitortua izanez gero, 13,10 euro ordaindu beharko da.

–%65eko edo hortik gorako desgaitasun aitortua izanez gero, matrikula doan izango da.

–Behin izena eman ondoren, hautagaiak ez du matrikularen zenbatekoa itzultzeko eskubiderik izanen, ez bada ezohiko arrazoi bategatik, eta betiere egiaztagiria aurkeztuta.

e) Azterketan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrendak eta behin betikoak 2021eko urtarrilean eta/edo otsailean argitaratuko dira.

f) Azterketan onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenden aurkako erreklamazioetarako epeak behin-behineko zerrendetan ezagutaraziko dira. Data zehatzak www.nafarroa.eus eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira 2021eko urtarrilean eta otsailean.

Epe horiek bukaturik, interesdunek ez dute bestelako dokumentaziorik atxikitzen ahalko.

g) Azterketan onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak erreklamazio epeen ondoren argitaratuko dira, eta epe horiek gorago aipatu diren onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendekin batera ezagutaraziko dira. Data zehatzak www.nafarroa.eus eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

h) Probak egin ahal izateko, azterketariek NANa edo agiri baliokideren bat aurkeztu beharko dute.

5. oinarria.–Probak egiteko eta emaitzak jendaurrean jartzeko egun-orduak:

a) Proba guztiak egiteko ezartzen diren egunak finkoak dira azterketari guztientzat, eta ezin izanen dira aldatu. Azterketaren lehen proba (Atariko Proba) 2021eko otsailean eginen da. Azterketan onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrendak argitaratzeaz batera adieraziko dira data, ordua eta tokia.

Data zehatzak www.nafarroa.eus eta www.ega.navarra.es webguneetan argitaratuko dira.

Geroago, proba bakoitzaren emaitzekin batera, Epaimahaiak jakinaraziko du hurrengo proba noiz eta non eginen den.

b) Egon litezkeen erreklamazioak idatziz aurkeztuko dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluan ezarritako edozein tokitan, urriaren 1eko 39/2015 Legearen xedapen indargabetzaile bakarraren arabera, EGA azterketaren proba bakoitzaren kalifikazioak jendaurrean jarri eta biharamunetik hasita bi egun balioduneko epean. EGAren Batzorde Ofizialak ebatziko ditu erreklamazioak.

c) Probak ikusteko saioak EGA azterketak dituen proba guztiak bukatutakoan eta behin betiko kalifikazioak eta emaitzei egindako erreklamazioen berri argitaratutakoan izanen dira, eta saio horiek ez dute inolaz ere eraginik izanen behin betiko emaitzetan. Azterketaria bera bakarrik agertuko da, NANa edo agiri baliokidea aldean duela.

d) Probak ikusteko saioetan berrikusiko den material bakarra azterketariak emandako erantzunak izango dira, inoiz ez epaimahaiak proba egunetan azterketariei jarritako atazak. Horren arabera, Atariko Probari dagokionez, azterketariak bere erantzun-orria bakarrik ikusten ahalko du, txantiloi ofizialaren arabera zuzendu dena. Proba Idatziaren kasuan, bere idazlanak, eta Ahozko Proban, bere ahozko ekoizpena gordetzeko egin zaion grabazioa.

e) Proba bakoitza bukatutakoan, azterketariari informazio orri bat emanen zaio, bertan proba bakoitzari dagokion informazio garrantzitsua agertzen dela: behin-behineko kalifikazioen argitaratze-data, behin betiko kalifikazioen argitaratze-data, erreklamazio-prozedura eta probak ikusteko prozedura.

6. oinarria.–Ahozko Proba grabatzea.

Oro har, ahozko proba guztiak grabatuko dira.

7. oinarria.–Agiria luzatzeko eskubideak.

Nafarroako Gobernuaren Euskararen Gaitasun Agiria (EGA) lortzeko probak gainditzen dituzten azterketariek, agiria jaso baino lehen, agiri hori luzatzeko tarifa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Diru-bilketa Kontuan ordaindu izanaren gordekina aurkeztu beharko dute Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuan.

Tarifa hori foru lege batean ezarriko da, hots, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoan, agiria emateko unean indarra duen hartan.

Era berean, agiri berri bat eskatzen bada, dela aurrekoa galdu delako, dela azterketariaren datuak aldatu direlako, foru lege horretan ezarritako tarifa ordaindu beharko da.

Iragarkiaren kodea: F2011299