233. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 8a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

234E/2020 EBAZPENA, irailaren 21ekoa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez onartzen baita instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea, titularrak hala eskatuta. Instalazioan briketak fabrikatzen dira (burdinazkoak, silizio karburozkoak eta aluminiozkoak), Leitzako udal-mugartean dago eta José Larrañaga SA da titularra.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren zuzendari nagusiak abuztuaren 7ko 1467/2003 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren martxoaren 21eko 115E/2014 Ebazpenaren bidez eguneratua.

2020ko irailaren 1ean, titularrak eskatu zuen ingurumen baimen integratuan sartutako baldintzak aldatzea; zehazki, ingurumen baimen integratuaren III. eranskineko hondakin kudeatuen zerrendan LER 190112 kodea duen hondakin berri bat sartzea (labe hondoko errautsak eta zepak). Aurreikusi da hondakin horrekin R13 prozesua egitea; hots, hondakin ez-arriskutsuen transferentzia egitea.

Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, aurkeztutako eskaera aztertuta, onargarria dela ondorioztatu du; izan ere, eskatzen dena bat dator instalazioak ingurumen aldetik eduki beharreko funtzionamendu egokiarekin eta teknika erabilgarri onenen aplikazioarekin.

Kasu honetan, ikusi da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 27. artikuluko d) letran aurreikusitako inguruabarrak gertatzen direla, eta, horrenbestez, bidezko da ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak ofizioz aldatzea, bat etorriz Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzen duen Erregelamenduaren 28. artikuluan aurreikusitako administrazio prozedurarekin, iritzita ez dela beharrezkoa aldaketa-espediente hau jendaurrean jartzea.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hogeita hamar egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehena.–Onartzea instalazio baten ingurumen baimen integratuan ezarritako funtzionamendu baldintzak aldatzea, titularrak hala eskatu baitu. Instalazioan briketak fabrikatzen dira (burdinazkoak, silizio karburozkoak eta aluminiozkoak), Leitzako udal-mugartean dago eta José Larrañaga SA da titularra. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak instalazioari ingurumen baimen integratua emateko eta aldatzeko lehendik tramitatutako administrazio espedienteetan ezarritako baldintzak bete beharko dituzte, eta, horiez gainera, ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak.

Bigarrena.–Eguneratzea instalazioak hondakinak kudeatzeko dituen baimenak, eta instalazioa inskribatzea Nafarroako Foru Komunitatearen Hondakinen Ekoizpenaren eta Kudeaketaren Erregistroan, 15G01149014462004 erregistro zenbakiarekin, hondakin arriskutsuen azken kudeatzaile gisa, 15G04149014462004 erregistro zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen azken kudeatzaile gisa, eta 15G05149014462020 erregistro zenbakiarekin, hondakin ez-arriskutsuen bilketarako biltegi gisa.

Hirugarrena.–Suteen aurkako segurtasuna dela eta (abenduaren 3ko 2267/2004 Errege Dekretua), instalazioan biltegiratutako hondakin kopuruak edo bukatutako produktuen kopuruak ez du handitu behar ingurumen baimen integratua ematen duen espedientearen dokumentazio teknikoan kalkulatutako arrisku intrintsekoaren maila.

Laugarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea; hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotzen direnak (testu bategin hori abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zen), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoak.

Bosgarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Seigarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Zazpigarrena.–Ebazpen hau igortzea José Larrañaga SAra eta Leitzako Udalera, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 21ean.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/.

Iragarkiaren kodea: F2010928