232. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

49/2020 FORU AGINDUA, urriaren 7koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira irailaren 22ko 43/2020 Foru Aginduaren neurriak. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek irailaren 30eko 46/2020 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren.

Irailaren 23an Osasuneko kontseilariaren 43/2020 Foru Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Zehazki, foru agindu horretan neurri murriztaileak ezarri ziren, eremu sozialean eta familiarenean batez ere, hala nola murrizketak ostalaritzan eta jatetxeetan, txikizkako merkataritzan, kultur eta kirol jardueretan, arautu gabeko prestakuntza zentroetan, merkatu txikietan, parke publikoetan eta beste batzuetan; orobat, bilkura sozialak murriztu ziren sei lagunera, eremu publikoan zein pribatuan, eta mugimenduak murriztu ziren udalerritik atera eta sartzeko.

Foru agindu hori judizialki berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 25eko 117/2020 Autoaren bidez.

Irailaren 30ean, irailaren 30eko 46/2020 Foru Agindua argitaratu zen, zeinak luzatu baitzuen Osasuneko kontseilariak irailaren 22an emandako 43/2020 Foru Agindua. Azken horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu hori judizialki berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren urriaren 2ko 148/2020 Autoaren bidez, herriguneari buruzko aipamena izan ezik, foru aginduak Azkoiengo udal-mugarte osoari eragiten diola ulertu behar baita.

Irailaren 22ko 43/2020 Foru Aginduan ezarri ziren neurrien indarraldia ez zen zazpi egun naturaletik gorakoa, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egin behar zitzaien, bermatzeko egokitzen zirela egoera epidemiologikora. Egoera epidemiologikoa aldatzen ez bazen, beste zazpi egun naturalez luzatzen ahal ziren neurriak, edo aldatu, edo eraginik gabe utzi. Irailaren 30eko 46/2020 Foru Aginduaren bitartez, beraz, urriaren 7ra arte luzatu ziren neurriak, hura barne.

2020ko irailaren 28an, Azkoienen metatutako intzidentzia 4.870 kasukoa zen 100.000 biztanleko azken hamalau egunean, eta 3.004 kasukoa 100.000 biztanleko azken zazpi egunean. Une hartan intzidentziak oso handiak zirenez, justifikatuta zegoen luzatzea kutsatzeak murrizteko asmoz Azkoien udalerrirako ezarritako neurriak.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2020ko urriaren 5ean egin txostenaren arabera, metatutako intzidentzia 4.056 kasukoa da 100.000 biztanleko azken 14 egunean, eta 1.052 kasukoa 100.000 biztanleko, azken 7 egunean. Bi datuetan argi ageri da beheranzko joera dagoela, baina mailak handiak dira oraindik ere. Orobat , agerraldi asko identifikatu dira, barnean hartzen dutenak baieztatutako kasuen ehuneko handia (%61). Agerraldi horietako gehienak arlo sozialean eta familiarrean gertatu dira. Agerraldien artean, nabarmentzekoa da adinekoen egoitza soziosanitarioan izandakoa.

Datu horiek kontuan izanik, eta nahiz eta azken aste honetan kasuen kopuruak behera egin duen nabarmen, Azkoiengo udalerrian azken hamalau eta zazpi egunotan metatutako intzidentzia oso handia da, oraindik ere: 1.000tik gora bietan ere. Inguruabar horrek justifikatzen du euts dakion aurretik ezarritako neurri guztien luzapenari, uste baita proportzionatua dela neurriak luzatzea, zazpi egun naturalez soilik luzatzea aurreikusi delako. Orobat, uste da neurriak beharrezkoak eta egokiak direla, osasun publikoa babesteko, kutsatzeen kurba gutxitzen jarraitzeko eta saihesteko etorkizunean neurri murriztaileagoak hartzea, herriko bizitza sozialari eta ekonomikoari kalte larria ekar liezaieketenak.

Gainera, ikusirik zenbat kutsatze izaten ari diren arlo sozialean eta familiarrean, beharrezkotzat jo da beste murrizketa neurri bat gehitzea, mugatzeko ezkontzetara, jaunartzeetara eta bestelako ospakizun sozial, erlijioso edo zibiletara joaten diren pertsonen kopurua, ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak dituzten establezimenduetan egiten direnean: establezimendu barruan, muga hemezortzi pertsona da; kanpoan, 36. Muga hori ezarri da egiaztatu delako zenbait agerraldi izan direla era horretako ospakizunetan bai eta, zenbaitetan, gure autonomia erkidegoan izan diren ekitaldietan ere, zeinetan ez diren bete osasun agintaritzek ezarritako prebentzio eta higiene neurriak. Udalerri horretako intzidentzia tasak handiak direnez oraindik ere, komeni da neurriak zorroztea arlo sozialean eta familiarrean, kutsatzeak murrizteko eta, etorkizunean, beste neurri zorrotzago batzuk hartu behar ez izateko.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justiziaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezarritako neurriak ebaluatuko dira egoera epidemiologikoaren arabera.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta udal agintaritza eskudunari kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–2020ko urriaren 8tik 14ra luzatzea, bi egun horiek barne, Osasuneko kontseilariaren 43/2020 Foru Aginduan ezarritako berariazko prebentzio neurri aparteko guztiak Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Neurri horiek irailaren 30eko 46/2020 Foru Aginduaren bidez luzatu ziren.

Bigarrena.–8. apartatua gehitzen da irailaren 22ko Osasuneko kontseilariaren 43/2020 Foru Aginduaren lehen puntuan. Foru Agindu horren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Azkoiengo udalerrian, COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Hona hemen:

8. Ezkontzak, jaunartzeak eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuk.

Ezkontza, jaunartze eta beste ospakizun sozial, erlijioso edo zibil batzuetan, zeremoniaren ondotik ospakizunak egiten badira ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak dituzten establezimenduetan, bete beharko dira pertsonen arteko segurtasun neurri orokorrak eta, kasu guztietan, 1,5 metroko tartea, eta ez da behin ere gaindituko hemezortzi pertsonaren kopurua, gehienez, establezimenduen barruan, eta hogeita hamasei pertsonarena, kanpoan bada. Ez dago baimenduta dantzatzeko pista edo horretarako prestatutako eremua erabiltzea.

Hirugarrena.–Neurri hauek zazpi egun naturalean izanen dira indarrean, urriaren 8ko 00:00etatik aurrera zenbatzen hasita, eta hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Laugarrena.–Foruzaingoaren, Estatuko segurtasun kidego eta indarren eta Udaltzaingoaren lankidetza eskatzen da foru agindu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin. Horretarako, foru agindu honetan Azkoiengo udalerrirako ezartzen den konfinamendu orokorrerako agindua ez betetzea irailaren 16ko 9/2020 Foru Lege-dekretuaren arabera zehatuko da, horren bidez ezartzen baita, Nafarroako Foru Komunitatean, COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko osasun arloko prebentzio eta euste neurriak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen araubidea.

Bosgarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Azkoiengo Udalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Seigarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 8an hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko urriaren 7an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011655