231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

868E/2020 EBAZPENA, irailaren 18koa, Ingurumeneko zuzendari nagusiak emana, Valtierrako udal-mugartean zerri aziendaren instalazio baten aldaketa funtsezkoa baimentzen duena. Instalazioaren titularra Samanes Miranda A. y Samanez Sanz S. da.

Instalazio hori funtzionamenduan dago gaur egun, eta badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 7ko 0695/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren urtarrilaren 26ko 53E/2015 Ebazpenaren bidez aldatua.

Halaber, instalazioa jasota dago abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 1. eranskineko 9.3 b) epigrafean, “Oilategiko hegaztien edo zerrien hazkuntza intentsiborako instalazioak, 30 kg-tik gorako hazteko zerrientzat 2000 toki baino gehiago dituztenak” izenekoan, baita Europako Parlamentuak eta Kontseiluak industriako emisioei buruz (kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuak) emandako azaroaren 24ko 2010/75/EB Zuzentarauaren I. eranskineko 6.6 b) epigrafean ere (testu bategina).

2019ko urtarrilaren 30ean, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, 4560 hazteko zerri izatetik 7200 izatera pasatzeko. 2019ko otsailaren 11n Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak aldaketa funtsezkotzat jo zuen, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Horrenbestez, eta Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginaren 10.3 artikuluan xedatutakoarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsi zuen testu bategin hori), aldaketa funtsezkoa ezin da egin ingurumen baimen integratua aldatu arte.

Instalazioa, orobat, Ingurumen ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen I. eranskineko 1. taldeko a) ataleko 3. puntuan dago sartuta.

2019Ko abuztuaren 27an, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak erabaki zuen proiektuak ingurumen-inpaktuaren ebaluazio arrunta pasatu behar zuela, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluak ezartzen duena aplikatuz, aipatu legearen I. eranskinean sartuta dagoelako.

Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren prozedura hasi baino lehen, kontuan hartuz Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 34. artikuluak ezartzen duena, titularrak ingurumen inpaktuaren azterketaren norainokoa zehazteko eskatu zuen, proiektuaren hasierako dokumentu bat aurkeztuz.

Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bateginak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) 12.1.f) artikuluan xedatutakoarekin bat, berrikusi egin dira substantzia arriskutsu garrantzitsuen erabilera, ekoizpena eta emisioa, eta, lurzorua eta lurpeko urak kutsatzeko arriskua baloraturik, erabaki da, ingurune horiek kutsatzeko aukera handirik ez dagoenez, ez dela beharrezkoa oinarrizko txosten bat egitea egungo kokapenari buruz, lurzoruaren eta lurpeko uren kutsadurari dagokionez.

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin bat, baimen honen barnean dago atmosferara emisioak egiteko baimena, Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13. artikulua aplikatuta eskatzen dena; izan ere, artikulu horretan ezartzen denez, atmosfera kutsa dezaketen jardueren katalogoko A edo B taldeetako jardueraren bat egiten duten instalazioek autonomia erkidegoaren administrazio baimena izan beharko dute aurretik.

Titularrak eskatu zuen ingurumen inpaktuaren ebaluazio arruntaren prozedurari hasiera ematea, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 39. artikuluak aurreikusten duenari jarraikiz.

Espedientea tramitatu da, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 15. artikuluan ezarritako prozedura erraztuaren bidez (urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori). Prozeduran sartu dira Ingurumen-ebaluazioari buruzko abenduaren 21eko 21/2013 Legean aurreikusten diren ingurumen ebaluazioko jarduketak.

Espedientea jendaurrean jarri zen eta, aldi berean, kontsultak egin ziren ukitutako administrazio publikoekin eta pertsona interesdunekin, hogeita hamar eguneko epean, inork alegaziorik aurkeztu gabe. Ebazpen honen eranskinean zerrenda bat jasotzen da, egindako kontsultek eta jasotako txostenek osatua.

Egiaztatu da aurkeztutako dokumentazioak Batzordearen 2017ko uztailaren 31ko 2017/1442 (EB) Betearazpen Erabakiak ezartzen duena betetzen duela, zeinaren bidez ezartzen baitira dauden teknika erabilgarri onenei (TEO) buruzko ondorioak, Europako Parlamentuak eta Kontseiluak hegaztien edo zerri aziendaren hazkuntza intentsiboari buruz onetsitako 2010/75/EB Zuzentarauari jarraikiz.

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamabost egunez, eta hark ez du proposamenaren aurkako alegaziorik aurkeztu.

Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuaren laugarren xedapen gehigarriak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.g) artikuluan ezarritakoarekin bat,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Valtierrako udal-mugartean dagoen zerri aziendaren instalazioaren funtsezko aldaketa baimentzea, 4560 hazteko zerri izatetik 7200 izatera pasatzeko proiektua gauzatzeko. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, baita ebazpen honen eranskinean adierazitako baldintzak ere. Instalazioaren titularra Samanes Miranda A. y Samanez Sanz S. da.

Bigarrena.–Instalazio hori handitzeko proiektuari buruzko ingurumen-inpaktuaren adierazpena egitea, aldekoa, hain zuzen, ebazpen honetan ezarritako baldintzetan. Adierazpen honek babesten duen proiektua gauzatzeko lanak lau urteko epean hasi beharko dira, ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik kontatzen hasita; epe hori igarota, ingurumen-inpaktuaren adierazpenak automatikoki galduko ditu ondorioak, eta eraginkortasunik gabe geldituko da, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 43. artikuluan ezarritakoarekin bat.

Hirugarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen V. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten duen jardueraren edo jarduketen exekuzioa edo abian jartzea jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu beharko da gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Laugarrena.–Instalazioa herri-lurretan jarriko denez, obra-lizentzia lortu baino lehen, Herri-lurren Atalak 2019ko urriaren 25ean emandako txostenean ezartzen diren baldintzak bete beharko dira (txostena, baldintzekin, ebazpen honen IV. eranskinean daude.

Bosgarrena.–Abeltegiko simaurrak sortu eta kudeatzeko 2490100279/1/5 plana onestea. Ebazpen honen IX. eranskinean dago.

Seigarrena.–Atmosferara emisioak egiteko baimena ematea, zeina jasota baitago Airearen Kalitateari eta Atmosfera Babesteari buruzko azaroaren 15eko 34/2007 Legearen 13.2 artikuluan, bat etorriz Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 5. artikuluan xedatutakoarekin. Ebazpen honen I. eranskinean jasotzen da instalazioak zer emisio egiten ahalko dituen atmosferara eta zer baldintza bete beharko dituen. Baimenak zortzi urteko indarraldia izanen du, eta epe hori igarotakoan, berritzeko aukera izanen da iraupen bereko epeetarako. Atmosferara egiten diren emisioetan izandako edozein aldaketa jakinarazi beharko zaio Nafarroako Gobernuko Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuari.

Zazpigarrena.–Halaber, zuzendaritza nagusi honek ingurumen baimen integratuko baldintzak berrikusten ahalko ditu, eta, behar denean, egokitu, baldin eta teknika erabilgarri onenetan dauden aurrerapenek ahalbidetzen badute emisioak nabarmen murriztea, eta, betiere, jarduera nagusiaren gainean teknika erabilgarri onenei buruzko ondorioak argitaratu eta gehienez ere lau urtera, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuei buruzko Legearen testu bateginaren 26. artikuluarekin bat (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia).

Zortzigarrena.–Instalazioan edozein aldaketa egiteko, titularrak aldez aurretik jakinarazi beharko du, aldaketa funtsezkotzat jotzen duen arrazoiz adieraziz, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 14. artikuluan ezarritako irizpideei jarraikiz (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen). Halaber, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7.artikuluan xedatutakoa aplikatu beharko da; hau da, instalazioaren aldaketari ingurumen-inpaktuaren ebaluaziorako prozedura arrunta edo sinplifikatua ezartzen ahalko zaio, kasuaren arabera.

Bederatzigarrena.–Instalazioan handitutako zatia funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du, Kutsaduraren prebentzio eta kontrol integratuaren legearen testu bategina garatzen duen Erregelamenduaren 12. artikuluan ezartzen denarekin bat (erregelamendu hori urriaren 18ko 815/2013 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen).

Hamargarrena.–Martxan jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpenarekin batera, titularrak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu:

–Jarduketa plan bat, non deskribatuko baita zer neurri hartuko diren ingurumenean eragina izan dezaketen ohiz kanpoko ustiatze baldintzak gertatzen direnean.

–Herri-lurren Atalak ebazpen honen IV. eranskinean ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Ebazpen honen V. eranskinean ezarritako hirigintza-baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa.

–Titularraren adierazpen bat, non konpromisoa hartuko baitu lurzorua jatorrizko egoerara lehengoratzeko gehienez ere bost urteko epean, baimendutako jarduera bertan behera uzten bada.

–Instalazioan ingurumena kudeatzeko ezarrita dagoen sistema.

Hamaikagarrena.–Titularrak handitzeko proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Hamabigarrena.–Ebazpen honetan bildu diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuari buruzko Legearen testu bategina onesten duen abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuaren IV. tituluan jasotakoak, ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikagarri izaten segituko baitu.

Hamahirugarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamalaugarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamabosgarrena.–Ebazpen hau Samanes Miranda A. y Samanez Sanz Sra, Valtierrako Udalera, Greenpeacera, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura, Lurralde eta Paisaia Zerbitzura, Biodibertsitatearen Zerbitzura, Basozainen Zerbitzura eta Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzura igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 18an.–Ingurumeneko zuzendari nagusia, Pablo Muñoz Trigo.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2010838