231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

219E/2020 EBAZPENA, irailaren 14koa, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendariak emana, zeinaren bidez aldaketa nabarmena baimentzen baita Arbizuko udal-mugartean dagoen hondakin ez arriskutsuen transferentzia zentroaren eta zabortegiaren instalaziorako. Titularra Sakanako Mankomunitatea da.

Instalazio horrek badu ingurumen baimen integratua, Ingurumenaren eta Uraren zuzendariaren apirilaren 30eko 888/2008 Ebazpenaren bidez emana, gero Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 24ko 304E/2015 Ebazpenaren bidez eguneratua; ondoren, honakoek aldatu zuten: Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren apirilaren 7ko 81E/2017 Ebazpenak, Ingurumenaren eta Uraren zuzendari nagusiaren ekainaren 19ko 176E/2017 Ebazpenak, eta Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariaren martxoaren 21eko 64E/2018 Ebazpenak.

2020ko urtarrilaren 29an, titularrak instalazioa aldatzeko proiektuaren berri eman zuen, konposta egiteko instalazio bat ezartzeko, zeina irekia egonen baita ekialdetik, mendebaldetik eta hegoaldetik. Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak 2020ko otsailaren 28an emandako irizpenaren arabera, aldaketa hori “ez-funtsezkoa” zen, kontuan harturik Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legea garatzen duen Erregelamenduaren 25. artikuluan ezarritako irizpideak (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen). Horregatik, ez zen beharrezkoa ingurumen baimen integratu berria ematea. Baina aldaketa “nabarmena” ere badela zioen irizpenak, aldaketa handiak ekartzen baititu instalazioaren funtzionamendu baldintzetan. Hortaz, egun duen ingurumen baimen integratua aldatu behar da, aldaketak jasotzeko.

Era berean, Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuak, 2020ko otsailaren 28an emandako irizpenaren arabera, adierazi zuen ezen, Ingurumen Ebaluazioari buruzko abenduaren 9ko 21/2013 Legearen 7. artikuluan xedatutakoa aplikatuz, handitzeko proiektuak ez zuela ingurumen inpaktuaren ebaluazio arrunta edo sinplifikatua egin behar, lege horren eranskinetako batean ere agertzen ez zelako, eta ulertzen zelako proiektuak ez zuela eragin kaltegarri nabarmenik izanen ingurumenean, ez zekarrelako aipatu 7. artikulu horretan zehaztutako handitzerik edo ukipenik.

2020ko martxoaren 11n, titularrak ingurumen baimen integratua aldatzeko eskatu zuen, dagokion proiektua egin ahal izateko, hau da, konposta egiteko instalazio berri bat ezartzea Arbizuko 1. poligonoko 391. lurzatian. Instalazio hori irekita egonen da ekialdetik, mendebaldetik eta hegoaldetik.

Espedientea tramitatu da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legea garatzeko Erregelamenduaren 29. artikuluan ezarritako prozedurarekin bat (erregelamendu hori abenduaren 28ko 93/2006 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen).

Ebazpen proposamena instalazioaren titularrari entzunaldia emateko tramitean egon da hamar egunez. Ebazpen honen eranskinean jaso dira titularrak aurkeztu dituen alegazioen zerrenda eta haiei emandako erantzunak.

Adierazitakoarekin bat, eta Ingurumeneko zuzendari nagusiaren azaroaren 8ko 107/2019 Ebazpenaren bidez eskuordeturik ditudan eskumenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

Lehendabizikoa.–Baimentzea Arbizuko udal-mugartean hondakin ez arriskutsuen transferentzia zentroaren eta zabortegiaren instalazioaren aldaketa nabarmena: ezartzea konposta egiteko instalazio berri bat, irekita egonen dena ekialdetik, mendebaldetik eta hegoaldetik. Hortaz, instalazioak eta jarduerak berak ingurumen baimen integratuaren administrazio espedienteetan adierazitako baldintzak bete beharko dituzte, eta, betiere, ebazpen honen eranskinetan adierazitako baldintzak. Instalazioaren titularra Sakanako Mankomunitatea da.

Bigarrena.–Indarrik gabe uztea Ekonomia Zirkularraren eta Uraren Zerbitzuko zuzendariak maiatzaren 9an emandako 119E/2019 Ebazpena, zeinaren bidez aldaketa nabarmena baimentzen baita Arbizuko udal-mugartean dagoen hondakin ez arriskutsuen transferentzia zentroaren eta zabortegiaren instalaziorako, konposta egiteko instalazio bat ezartzeko (baina, kasu horretan, alde guztietatik itxita dagoena). Titularra Sakanako Mankomunitatea da.

Hirugarrena.–Instalazio horri lurzoru urbanizaezinean jarduteko baimena ematea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitakoaren arabera, aurkeztutako dokumentazioarekin bat eta kontuan hartuta ebazpen honen III. eranskinean jasotako determinazioak bete beharra. Ebazpen honek babesten dituen jarduera edo jarduketak jakinarazpena egiten denetik bi urteko epean gauzatu edo abian jarri beharko dira gehienez ere; epe hori amaituta, besterik gabe agortuko dira baimenaren ondorioak, eta baimena eraginkortasunik gabe geratuko da.

Laugarrena.–Konposta egiteko instalazioa herri-lurretan egonen denez, obra lizentzia eman aurretik, Arbizuko Udalak jarduera gauzatzeko behar den gutxieneko azaleraren desafektaziorako baimena eskuratu beharko du, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140. artikuluarekin bat, eta urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuak onetsitako Nafarroako Toki Entitateetako Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 142. artikuluari eta hurrengoei jarraikiz.

Bosgarrena.–Konposta egiteko instalazioa funtzionamenduan hasi baino lehen, titularrak abian jartzearen gaineko erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu beharko du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan, bat etorriz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren abenduaren 23ko 448/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan xedatutakoarekin.

Seigarrena.–Konposta egiteko instalazioa martxan jartzen denetik 6 hilabeteko epean, titularrak azterketa olfatometrikoa aurkeztu beharko du. Hori ikuskapen entitate onartu batek egin beharko du, UNE-EN 13725:2004 arauan oinarrituta, eta bermatu beharko du betetzen dela ebazpen honen I. eranskinean ezarritako usain-immisioaren muga-balioa. Usain-immisioaren muga balio hori bete ezean, titularrak ebazpen honen II. eranskinean ezarri bezala jardun beharko du.

Zazpigarrena.–Titularrak proiektua gauzatu dela adierazten duen erantzukizunpeko adierazpena aurkezten duen egunetik hasiko dira aplikatzen ebazpen honetan ezarritako baldintzak, eta, zeinahi kasutan, aldaketa abian jartzen den unetik. Bien bitartean, indarrean dagoen ingurumen baimen integratuan ezarritako baldintzak aplikatuko dira.

Zortzigarrena.–Ebazpen honetan jasotzen diren baldintzak ez betetzeak berekin dakar ingurumeneko diziplina-neurriak hartzea, hain zuzen ere, Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren Legearen testu bateginaren IV. tituluan jasotakoak (abenduaren 16ko 1/2016 Legegintzako Errege Dekretuak onetsia), ezertan galarazi gabe sektoreko legerian ezarritakoa, aplikatzekoa izaten segituko baitu, eta, subsidiarioki, Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen VI. tituluan ezarritako zehapen araubidean jasotakoa.

Bederatzigarrena.–Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

Hamargarrena.–Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean. Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera kontatuko dira.

Hamaikagarrena.–Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Sakanako Mankomunitatera, Arbizuko Udalera, Barne Zuzendaritza Nagusiko Babes Zibilerako Zerbitzura, Abeltzaintza Zerbitzura, Nekazaritza Zerbitzura eta Lurralde eta Paisaia Zerbitzura.

Iruñean, 2020ko irailaren 14an.–Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Oharra: ebazpen honetan aipatzen diren eranskinak interesdunen eskura egonen dira Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiaren bulegoetan (González Tablas kalea 9, behea, Iruña; Ekonomia Zirkularraren eta Klima Aldaketaren Zerbitzua), eta Nafarroako Gobernuaren webgune honetan: http://www.navarra.es/home_es/Temas/Medio+Ambiente/Evaluacion+ambiental/Autorizaciones+ambientales/

Iragarkiaren kodea: F2010672