231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

UHARTEKO ETA ESTERIBARKO UDALEN ZERBITZUEN MANKOMUNITATEA

Ordenantza, larrialdiko laguntzak emateko. Behin betiko onespena

Uharteko eta Esteribarko Udalen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen Batzar Nagusiak, 2020ko otsailaren 13an egindako bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Larrialdiko laguntzak emateko ordenantza (2020ko 48. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, martxoaren 10ekoa).

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluari jarraikiz, maiatzaren 31ko 15/2002 Foru Legeak aldatu baitzuen, eta jendaurrean egoteko epea iraganik inork alegaziorik aurkeztu gabe, aipatutako ordenantza behin betiko onetsi da, eta argitaratzeko xedatzen da, behar diren ondorioak izan ditzan.

Uharten, 2020ko urriaren 1ean.–Mankomunitateko burua, Iñaki Crespo San José.

ORDENANTZA, GIZARTERATZEKO ETA/EDO LARRIALDI SOZIALEKO PROZESUETARAKO LAGUNTZAK KUDEATZEKOA

Zioen azalpena

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak xedatzen du botere publikoen jarduketek, besteak beste, funtsezko helburu hauek izanen dituztela gizarte zerbitzuen arloan: pertsona guztien bizi kalitatea hobetzea eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa bultzatzea gizartean, politikan, ekonomian, lan arloan, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena bultzatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartzea eta haietaz arduratzea; eta gizarteak behar sozialak konpontzen parte har dezala bultzatzea, batez ere giza talde behartsuenak ordezkatzen dituzten entitateen bidez.

Orobat, xedatzen du Nafarroako toki entitateen titulartasunpeko oinarrizko gizarte zerbitzuak, gizarte zerbitzuen sistema publikoaren oinarrizko unitateak izateaz gainera, sistema horretara heltzeko sarbide ere badirela, bai eta hartzaileengandik eta familiaren eta gizartearen esparrutik hurbilen dagoen maila ere. Gizarte zerbitzu horien eginkizunei dagokienez, besteak beste, arreta ematen diete gizarte zerbitzuen aurrean eskariak egiten dituztenei, lehen erantzuna emateko (30.b artikulua), eta gizarte larrialdietako prestazioak kudeatzen dituzte (30.h artikulua).

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legeak, 31.4 artikuluan, aukera ematen die oinarrizko gizarte zerbitzuei oinarrizko laguntzan egiten den esku-hartzea osatzeko, toki entitateek, nork bere lurralde eremuan eta bere eskumenen barrenean, ezartzen dituzten bestelako programa edo jarduketak garatuz.

2015az geroztik, Nafarroako Gobernuak urtero egin du gizarteratze prozesuetarako eta/edo larrialdietarako laguntzen deialdia. Zenbait toki entitate neurriak hartzen ari dira gizarte larrialdietako laguntzak eta/edo gizarteratze prozesuetan laguntzekoak nola eman arautzeko, beren udalerrietan bizi diren familia-unitateen presako behar sozialak berehalakoan estaltzen direla bermatzeko asmoz.

2018ko abenduan, Mankomunitate honek komunitate terapeutikoan dauden pertsonei banakako laguntzak emateko ordenantza onetsi zuen, berezko partida duela. Laguntza mota horren eskaria, ordea, jaitsi egin da.

2019ko maiatzetik, bada, laguntza horietarako berezko diru kopuru bat dago; Nafarroako Gobernuak emandako aurrekontuko partidari gehitu beharrekoa, hain zuzen.

Horiek horrela, ordenantza honen helburua da gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak arautzeko oinarriak ezartzea. Laguntza horien bidez hainbat premiari eman nahi zaie erantzuna, besteak beste: ohiko etxebizitzako hornidura gastuak ordaintzea; ostatuari lotutako gastuak; laneratzeko aukerak handitzeko prestakuntza; komunitate terapeutikoko tratamenduetarako gastuak eta adierazitako kontzeptuez bestelako oinarrizko premiei lotutakoak. Azken batean, herritarren beharrei azkar eta modu eraginkorrean erantzuteaz ari gara.

1. apartatua.–Definizioak.

1. Gizarteratzeko eta/edo larrialdi sozialeko prozesuetarako laguntzak: ordainketa bakarreko prestazio ekonomiko bat da, gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko behar diren berariazko gastuei (arruntak edo bereziak) aurre egiteko baliabide ekonomiko aski ez duten familia-unitateei ematen zaiena.

Prestazio hauek ondoko ezaugarriak dituzte:

–Helburu zehatz baterako dira, hau da, zertarako ematen diren, hartarako bakarrik izanen dira.

–Pertsonalak eta eskualdaezinak dira, familia-unitate batentzat diren aldetik.

–Berehala tramitatzekoak dira: laguntzak ahalik eta azkarren jasotzeko moduan kudeatuko dira.

–Izaera subsidiarioa dute Nafarroako Gobernuak eskubide sozial eta osasun eskubideen arloan ematen dituen laguntzekiko.

–Profesionalen jardunaren osagarri dira; hau da, oinarrizko gizarte zerbitzuak familia-unitatean egiten duen esku-hartzeari laguntzeko neurri bat dira.

2. Bizikidetzako familia-unitatea: foru agindu honen ondorioetarako, bertan sartzen dira eskatzailea eta, hala badagokio, harekin bizi diren pertsona bat edo gehiago, ezkontzaren bidez edo pareko afektibitate-harreman baten bidez elkartuta daudenak, edo bigarren gradurainoko odol-ahaidetasuneko lotura edo lehen gradurainoko ezkontza-ahaidetasunekoa dutenak.

3. Familia-unitatearen baliabide ekonomikoak: Familia-unitateari egozteko moduko diru-sarrerak eta ondarea (ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak).

Familia-unitatearen diru-sarreratzat hartuko dira eskaera egiten denean unitateko edozein kidek eskuratutakoak kontzeptu hauen bidez:

–Besteren konturako lan etekinak edo enpresa edo lanbide jardueren bidezkoak (zenbateko gordinak kontuan hartuta, hau da, Gizarte Segurantzako kotizazioak eta eskubide pasiboengatik, nahitaezko mutualitateengatik eta antzekoengatik ordaindu beharrekoa kenduta), prestazioak eta pentsioak, eta hilero jasotzen den beste edozein diru-sarrera.

–Ohiko bizilekutik aparteko ondasun higiezinek emandako etekin garbiak (alokairuak, errentak,...).

Ondasun higigarriak eta ondasun higiezinak bosgarren oinarriko 4. eta 5. puntuetan ezarritakoaren arabera baloratuko dira.

2. apartatua.–Familia-unitate onuradunek bete beharrekoak.

1) Eskatzailea 18 urtetik gorakoa izatea, edo bere ardurapean adingabeak dituen adingabe emantzipatua.

2) Familia-unitateak Uharten edo Esteribarren egon behar du erroldatuta.

3) Eskaera egiten denean familia-unitateko kide guztien hileroko diru-sarrerak, bigarren klausularen 3. puntuan adierazitakoaren arabera kalkulatuak, ez izatea hurrengo eskala progresiboan adierazten diren kopuruak baino handiagoak (familia-unitatearen kide kopuruaren arabera):

FAMILIA UNITATEKO KIDE KOPURUA

HILEKO DIRU-SARREREN GEHIENEKO ZENBATEKOAK 2019an

1

1.255 euro familia-unitateko

2

1.506 euro familia-unitateko

3

1.631 euro familia-unitateko

4

1.757 euro familia-unitateko

5

1.882 euro familia-unitateko

6 edo gehiago

2.008 euro familia-unitateko

4) Familia-unitateko kide guztien ondasun higigarriak, eskaera egiten den unean, ezin dira izan azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean ezarritako ondasun higigarri konputagarriak baino handiagoak. Foru lege horren bidez gizarteratzerako eta errenta bermaturako eskubideak arautu ziren.

5) Familia-unitateko kide guztien ondasun higiezinen katastro-balioa, ohiko bizilekua kenduta, ezin da izan kide bateko familia-unitateentzako urtebeteko Errenta Bermatua halako hamar baino handiagoa. Baldintza hori ez da bete beharko justifikatzen denean ezinezkoa izan dela ondare hori egitea.

6) Berariazko gastuei aurre egiteko zailtasunak izatea, eta gastu horiek ordaintzea beharrezkoa izatea gizarte-bazterketako egoerei aurrea hartzeko edo halakoak saihestu edo arintzeko.

Familia-unitate eskatzailea Errenta Bermatua jasotzen ari baldin bada, ulertuko da betetzen duela 3., 4. eta 5. apartatuetan eskatutakoa.

7) Komunitate terapeutikora igortzeko laguntzen eskaeretarako, beharrezkoa izango da osasun mentalaren ziurtagiria aurkeztea. Komunitate terapeutikoaren ziurtagiria: kostua, tratamendua eta tratamenduaren epea.

3. apartatua.–Bateragarritasuna.

Laguntza hauek Eskubide Sozialetako Departamenduaren aparteko laguntzen osagarri izango dira, edo ez. Laguntza horien kontzeptuak, baldintzak eta gehieneko zenbatekoak Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzailearen abuztuaren 9ko 3422/2005 Ebazpenaren bidez arautu ziren.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira jarduera garatzeko lortzen ahal diren beste batzuekin, horiek beste administrazio publiko batzuetatik, beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularretatik etorri, Espainiakoak edo nazioartekoak izan.

Horretarako baldintza bakarra da ez gainditzea eskaeraren %100.

4. apartatua.–Gastu diruz lagungarriak.

1. Gastu diruz lagungarriak dira diruz laguntzen den jardueraren izaerarekin bat datozenak, baldin eta behar-beharrezkoak badira, pertsonen gizarteratze prozesua errazten badute eta urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitarte egiten badira.

2. Kategoria edo azpikategoria bakoitzerako ezarritako diru-muga arteko dirulaguntzak emanen dira. Familia-unitate bakoitzeko, 3.000 euroko diru-muga ezarri da urte osorako.

3. Gastu diruz lagungarriak kategoria hauetako batekoak izan beharko dira:

a) Ostatu ematea.

a.1) Honako hauek ordaintzeko: etxebizitzaren alokairua, etxebizitzaren hipoteka maileguaren kuota, etxebizitza partekatuko gela, bestelako ostaturen bat (apopilo etxea, hotela eta abar), auzokideen elkarteko gastuak.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 3.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

a.2) Etxebizitza berrirako alokairuaren kontratua, eskatzailearen benetako eta ohiko bizitokia bada, hasierako ordainketa apartekoa dakarrenean eta diru baliabide aski badu etxebizitzaren ohiko ordainketari aurre egiteko.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

b) Oinarrizko hornidurak.

b.1) Ur hotzaren hornidura gastuak eta bestelako zerbitzuetakoak (estolderia, zaborrak biltzea, eta abar).

b.2) Argindarra, gasa, berokuntza, ur bero zentrala eta bestelako erregaien gastuak (egurra, ikatza, berokuntzarako gasolioa).

b.1) eta b.2) kontzeptuengatiko gehieneko laguntza, urtean eta bi atalak baturik, 800 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

b.3) Oinarrizko horniduren kontratuen altak ohiko bizilekuan; altaren kostuaren kopurua emanen da gehienez ere.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, 2.000 eurokoa izanen da familia-unitate bakoitzeko.

Ez dira sartzen komunikazio eta informazio gastuak.

c) Nutrizioa eta higienea.

c.1) Familia-unitatea osatzen dutenen eguneko elikadurako eta higieneko gastuak (oinarrizko elementuak norberaren eta etxeko higienerako).

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 kide

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 kide

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 kide edo gehiago

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

Dirulaguntza honetan ezin da egotzi kontzeptu honen konturako gastua, baldin eta laguntza jaso duen familia unitateak, eskaera egiten den unean, azaroaren 11ko 15/2016 Foru Legean araututako Errenta Bermatua jasotzen badu. Salbuespena izango da teknikari taldeak premiazko egoera dagoela adieraztea.

d) Prestakuntza eta gizartean eta lan munduan sartzea.

d.1) Gizarteratze eta laneratze prozesuaren barnean norbera gaitzeko arautu gabeko prestakuntza jardueretan eta/edo laneratze eta gizarteratze jardueretan parte hartzeko diren gastuak.

Gehienez ere 800 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

e) Komunitate terapeutikoan tratatzeko laguntzak.

Tratatzeko gehienezko epeak, adikzioaren arabera sailkatuta:

ADIKZIOA

EPEA

Alkohola

24 hilabete

Substantzia toxikoak

18 hilabete

Jokoa

18 hilabete

Mugikorra/ordenagailua

6 hilabete

Gehienez ere 2.400 euro urtean familia-unitate bakoitzeko.

f) Oinarrizko beste premia batzuk.

Apartatu honetan jasoko dira aurreko apartatuetan zehaztu gabeko laguntzak, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren balorazio teknikoaren bidez justifikatzen bada horiek eman egin behar direla.

Kontzeptu honen konturako gehieneko laguntza, urtean, honako hau izanen da, familia-unitateko kide kopuruaren arabera:

FAMILIA-UNITATEKO KIDEEN KOPURUA

URTEKO GEHIENEKO KOPURUAK

Kide bat

500 euro urteko eta familia-unitateko

2 kide

700 euro urteko eta familia-unitateko

3 kide

940 euro urteko eta familia-unitateko

4 kide edo gehiago

1.220 euro urteko eta familia-unitateko

5. apartatua.–Eskabideak aurkeztea.

Ordenantzak 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeraginezko efektuak izango ditu, eta onetsi eta gero, aurrekontu partidan dirua dagoen bitartean egiten ahalko dira eskaerak.

Eskabideak Uharteko eta Esteribarko Udalen Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erregistroan aurkeztu behar dira (San Joan plaza, 1, 3. solairua, Uharte) edo, bestela, Admnistrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako bideren bat erabili.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar ordenantza hau arautzen duten oinarriak onartzea.

6. apartatua.–Aurkeztu beharreko agiriak.

Eskabideak betetzeko, aurretiazko hitzordua eskatu beharko da erreferentziazko gizarte-langilearekin. Hark laguntza baloratu eta eskabideari gehitu beharreko agiriak zein diren adieraziko du.

Larrialdietarako laguntzaren eskabide eredua.

Diru-sarrerei buruzko datuak: indarrean dagoen azken errenta aitorpena. Aitorpena egin behar ez badu, Ogasunak emandako ziurtagiria, salbuetsita dagoela dioena. Lanean ari bada, azken 6 nominak.

Zorren fakturak edo ziurtagiriak edo osasun mentalaren txostena.

Agiri horiek guztiak gizarte-zerbitzuak baditu jada, horren berri eman beharko du, eta eskatzaileak ez ditu aurkeztu beharko.

7. apartatua.–Balorazioa.

Erreferentziazko gizarte-langileak baloratuko ditu eskabideak, eta haien berri emango die Mankomunitateko buruari eta kontu-hartzaileari. Kasu bakoitzean dagokion gizarte egoerari buruzko txostena ere bete beharko du.

Ebazpenean adieraziko dira laguntzaren zenbatekoa eta kontzeptua.

Baldintzak ez betetzeagatik ohiz kanpokoak diren eskabideak gizarte-langileek eta koordinatzaileak baloratuko dituzte.

8. apartatua.–Laguntzen ordainketa.

Laguntzak, oro har, 10 egunean ordainduko dira gehienez.

Laguntza batzuk aurreratzeko aukera dago, hala jasota badago gizarte-langilearen txostenean. Horretarako, erabakia sinatu beharko dute onuradunek eta erreferentziazko gizarte-langileak.

9. apartatua.–Eskaera ebaztea.

Ebatzi eta jakinarazteko epea, gehienez ere, hamar egun izango da. Epea kontatzen hasiko da eskaera, tramitatzeko, Mankomunitatearen erregistroan sartzen denetik hasita.

Behin epe hori berariazko ebazpenik eman gabe igaro eta gero, eskatzaileak eskaera ezetsitzat jo ahalko du, Dirulaguntzei buruzko Ordenantza Orokorrean ezarritakoarekin bat.

Dirulaguntza emateko ebazpenak amaiera emango dio administrazio bideari, eta eskatzaileari jakinaraziko zaio Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 40., 41. eta 42. artikuluetan ezarritakoarekin bat.

10. apartatua.–Onuradunek betebeharrak ez betetzea.

Mankomunitateak deuseztatzen ahal du emandako dirulaguntza, eta baita hasiera batean jasotako zenbatekoa itzultzeko eskatu ere, baldin eta:

–Eskatzaileak gezurra esan badu bazterketa egoeraren gainean.

–Laguntza ez bada erabili adierazitako xederako.

–Onuradun izaera galtzea justifikatzen duen beste edozein aldaketa jazo bada.

11. oinarria.–Errekurtsoak.

Emandako ebazpenen aurka berraztertzeko errekurtsoa, gora jotzekoa eta administrazioarekiko auzien jurisdikzioari zuzendutakoa jartzen ahalko dira, indarrean dagoen araudiarekin bat.

12. oinarria.–Araudia.

Deialdi hau agiri honetan bildutako arauei jarraikiz eginen da eta aurreikusten ez den orotan, berriz, hurrengo araudian ezarritakoa beteko da:

–Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legea.

–Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorra eta haren erregelamendua, uztailaren 21eko 887/2006 Errege Dekretuaren bidez onetsia, 87/2006 ED (Erregelamendua).

Iragarkiaren kodea: L2011391