231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

IRUNBERRI

Ordenantza, bide publikoetan pasabideen lizentziak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Irunberriko Udalak, 2020ko ekainaren 25ean egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Bide publikoetan pasabideen lizentziak arautzen dituen ordenantza.

Erabaki hori 2020ko 165. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, uztailaren 27an.

Legez ezarritako epea igaro delarik inork erreklamaziorik eta/edo alegaziorik aurkeztu gabe, bidezko da behin betiko onestea, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatuarekin bat.

Irunberrin, 2020ko irailaren 8an.–Alkatea, Rocío Monclús Manjón.

ORDENANTZA FISKALA, BIDE PUBLIKOETAN PASABIDEEN LIZENTZIAK ARAUTZEN DITUENA

1. artikulua. Oinarria.

Ordenantza hau honako lege testu hauen babespean ezartzen da: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 122. artikulua; Nafarroako Toki Entitateen Ondasunen gaineko Erregelamenduaren 93.-96. artikuluak (urriaren 18ko 280/1990 Foru Dekretuaren bidez onetsia); eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 100. artikulua eta hurrengoak.

2. artikulua. Definizioak.

1.–Pasabidea: bide publikoko espazio baten erreserba da, espaloiaren egitura eta haren zintarria aldaturik edo aldatu gabe, ibilgailuak pareko eraikinera sartu edo handik atera ahal daitezen.

2.–Gau eta eguneko pasabideak: ibilgailuak egunaren hogeita lau orduetan pasatzen ahalko dira, eta debeku izanen da, beraz, ibilgailuak haren parean aparkatzea.

3. artikulua. Zerga-egitatea.

1.–Ordenantza honen zerga-egitatea da toki erakundearen jabari publikoaren erabilera pribatiboa edo aprobetxamendu berezia, ibilgailuak sartzeko edo pasatzeko espaloietan edo bide publikoan barna, erabilera pribatuko eraikin edo orubeetan, sestra aldaturik nahiz aldatu gabe.

2.–Ordenantza honen xedeko tasagatik likidatzen diren eskubideak bereiz ordaindu behar dira obra lizentziaren tasaren gaineko ordenantzari, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergari eta bateragarriak diren gainerako ordainarazpenei jarraikiz ordaindu behar direnetatik.

4. artikulua. Subjektu pasiboa.

1.–Subjektu pasiboak dira eta tasa ordaintzera beharturik daude, zergadunak diren aldetik, pertsona fisiko zein juridikoak eta, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomikoa edo ondare bereizia osatzen duten entitateak, baldin eta, ordenantza honen 3. artikuluan ezarritako kasuetako batekin bat etorriz, toki erakundearen jabari publikoa beren alde erabili edo aprobetxatzen badute edo hari onura ateratzen badiote.

2.–Lizentziaren titularraren edo titularren kontura izanen da ordainketa, eta subsidiarioki, finkaren jabearen kontura.

3.–Pasabide lizentzien eskatzaileak eta titularrak izan daitezke finkaren jabea, negozio-lokalaren errentaria edo hura erabili eta lupertzeko eskubideren baten titularra, ez beste inor. Eskatzailea ez bada jabea, azken horren adostasuna agertu beharko da eskaeran.

5. artikulua. Lizentzia eskatzea.

Pasabide lizentzia eskuratzeko, ondokoa egiaztatu beharko da:

1.–Etxebizitzen kasuan, garajeak edo aparkalekuak betetzea, bai eta eraikinak ere, Irunberriko Udal Planeamenduaren xedapenak.

2.–Merkataritzako, industriako edo negozioko establezimenduen kasuan, ibilgailuak sartu eta ateratzen ibiltzeko beharra, haien ezaugarriak direla eta.

3.–Pasabide lizentziaren eskabidearekin batera, honako agiri hauek erantsi beharko dira:

a) Eskatzailearen adierazpena, lokala merkataritza edo industria jardueraren bati atxikita egoteari buruz.

b) Lokalaren kokapenaren planoa, katastroko erreferentzia, eraikinaren zenbakia, lokalaren atea, behar bezala identifikaturik. Era berean, planoak pasabidearen baldintzak adieraziko ditu; hala, sarbidearen zabalera zehatza azalduko du, eta ukitzen dituen zuhaitz, hiri-altzari edo bide publikoko oztopoak, halakorik ukituz gero.

c) Merkataritza edo industriako lokalak badira, eta 5 ibilgailu baino gehiago gordetzen badira, lokala irekitzeko lizentzia (aurretiaz, jarduera sailkatuaren espedientea izapidetua izan beharko du, hura beharrezkoa bada).

d) Lokalaren jabearen adostasuna, eskatzailea ez bada, bai eta erantzukizun subsidiarioaren onarpena ere, ordenantza honetan ezarritako betebeharrei dagokienez.

Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean ezarritakoarekin bat, lokalaren jabea zergadunaren ordezkoa izanen da aprobetxamendu bereziaren tasan, ibilgailu motordunak espaloietan edo jabari publikoko beste ondasun batzuetan barna pasatzeari dagokionez.

e) Pasabide lizentziaren titularrek Udalari baimena eskatu beharko diote pasabidean zernahi aldaketa egiteko. Handitzeko eta lekuz aldatzeko, lizentzia berria eman beharko da eta, hortaz, ordenantza honetan xedaturiko izapide eta baldintzak bete beharko dira.

f) Espaloia eta zintarria egokitu behar baldin badira eraikinera edo lokalera sartzeko, pasabide lizentziaren eskabideari erantsi beharko zaizkio obra lizentziaren eskabidea eta hirigintzako lizentziaren tasaren ordainagiria.

6. artikulua. Lizentzia ematea.

1.–Lizentziak Alkatetzaren ebazpen bidez emanen edo ukatuko dira, Udaleko zerbitzu teknikoek txostena egin ondoren.

Pasabidea egokitzeko obren baimena ere ebatziko da, hura eskatu bada; baimena ematekotan, eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren ordainketa eskatuko da.

2.–Pasabide lizentziak kasuan-kasuan baimenduko dira beti, ordenantza honetan ezarritako irizpideen arabera, jabetza eskubidea salbu dela eta hirugarrenen kalterik gabe.

3.–Pasabide lizentziek ez dute eskubide subjektiborik sortzen batere. Udalak noiznahi eskatzen ahalko dio titularrari pasabidea deuseztatzeko, ordenantza honetan araututako baldintzetan.

4.–Oro har, kasu hauetan ez da emanen pasabide lizentziarik:

a) Pasabideak okupatuko balitu lorategiak edo zuhaitzak dauden tokiak edo, hurbiltasunagatik, oztopatuko balu halakoen garapen edo kontserbazio normala.

b) Eraikinen kantoi edo alaketan, trafikoaren edo oinezkoen segurtasuna oztopatuko edo arriskuan jarriko balitz, urbanizazioaren ezaugarriak direla eta.

c) Bide publikoaren zabalera edo beste ezaugarri batzuk direla eta, posible ez balitz eraikinera sartzea egin gabe aurreranzko biraketa-maniobra bakarra, edo beste ibilgailuen zirkulazioa oztopatuko balitz, edo pasabidetik pasatuko liratekeen ibilgailuen pisu edo ezaugarriengatik espaloia edo galtzada kaltetzeko arriskua sortuko balitz.

d) Espaloiaren zabalera, oinezkoen zirkulazioaren intentsitatea edo pasabide lizentzien kopuru handia dela eta, zirkulazio hori edo beste erabilera orokor bat arriskutsu bihurtuko edo nabarmenki murriztuko balitz.

e) Interes kulturaleko ondasun, hiri-altzari, semaforo, bide-seinale edo trafiko handiko eremu batetik hurbil egoteagatik, halakoari kaltea edo mugapena ekarriko balio.

5.–Lizentziak eman ondoren, udal zerbitzuek “pasabide erroldan” gehituko dituzte haien titularrak.

6.–Aprobetxamendua bukatu eta gero, lizentziaren titularrak baja ematera beharturik egonen dira eta, behar izanez gero, Udalak utzitako plakak itzultzera. Bestela, iritziko zaio aprobetxamenduak jarraitzen duela harik eta diskoak ematen diren arte.

7.–Ibilgailuak sartzeko baimenak eten eginen dira hala ezarritako edo ezartzen diren egunetan eta orduetan, pasabideak dauden bideetan Udalak baimendutako ekitaldiak, jaiak, azokak edo feriak antolatzen direnean, edo obra publikoak edo pribatuak egin behar direnean, direla larrialdikoak edo programatuak, eta horrek ez du inola ere eskubiderik emanen ordaindutako tasaren zati proportzionala itzultzeko.

7. artikulua. Zerga-oinarria, tasa eta tarifak

1.–Ordenantza honen prezio publikoaren zenbatekoa ezarriko da oinarritzat hartuz ordenantza honen xedea den aprobetxamendu bereziaren balioa, I. eranskinean jasotzen den moduan.

2.–Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua ematen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasten bada.

3.–Tasa urtero likidatuko da, egutegi fiskalaren arabera. Aprobetxamendua hasi edo bukatzen den kasuetan, horren arabera moldatuko da zergaldia, halako eran non kuota hiruhileko naturalen arabera hainbanatuko baita, hasierakoa edo bukaerakoa ere barne harturik.

4.–Ez da salbuespenik onartuko zerga honi dagokionez.

5.–Ez da aplikatuko murriztapenik edo hobaririk zerga honetan.

8. artikulua. Eraikuntzazko ezaugarriak.

1.–Pasabideak egin behar badira, baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Pasabidea egitean, ez da aldatuko sestra ofiziala fatxadaren eta espaloiaren arteko elkarguneak eratzen duen lerroan.

b) Titularrak izendaturiko pertsona eskudunek eginen dituzte pasabideak egin, aldatu edo kentzeko obrak, baina betiere udal zerbitzuek ikuskaturik.

c) Materialak eta eraikuntzazko ezaugarriak izanen dira obra lizentzia ematean zehazturikoak.

d) Pasabide edo ibilgailuendako sarbide bakoitza, zintarriaren gainean neurtua, ez da izaten ahalko lokalerako sarbidea baino luzeagoa, eta betiere izanen da Udalak baimendurikoa.

e) Debeku da ibilgailuak bide publikotik eraikinetara sartzea eta eraikinetatik bide publikora ateratzea behin-behineko edo aldi baterako elementu mugikorrak, arrapalak, oholak, harea eta abar erabiliz, arrazoi justifikatuengatik baimen berezia ematen denean izan ezik.

9. artikulua. Seinaleztapena.

1.–Udalak emanen ditu seinaleztatzeko plakak, erabileran. Lizentziaren titularraren eginkizuna izanen da haiek jartzea, mantentzea, ordeztea –behar izanez gero– eta erabilera edo aprobetxamendua bukatutakoan kentzea.

2.–Seinaleztatzeko plakak era finkoan jarriko dira, sarbide-eremuaren erdigunetik ikusteko moduan, eta 1,50 metroko garaieran gutxienez. Komeni bada ikusi ahal izateko, kopia bat emanen da, titularrak plaka edo disko gehigarria jar dezan.

3.–Ez da hasten ahalko pasabidea erabiltzen, harik eta seinaleztatzeko plakak behar den moduan jarri arte, eta horiek kendu egin beharko dira aprobetxamendua bukatutakoan.

4.–Debeku dira pintura, errotulu, seinale edo adierazpen grafikoak, baldin eta, pasabide lizentziarekin loturik egon gabe, nahastea sortzen badute lizentzia mota horrek berez ezartzen dituen aparkatze mugen inguruan.

5.–Bigarren plaka bat eman behar bada gaizki erabili edo zaindu delako, lizentziaren titularraren kontura izanen da.

10. artikulua. Ikuskapena, iruzurra eta zehapenak.

1.–Udal zerbitzuek edo horretarako gaiturik dagoen udal agintariak pasabide lizentziarik gabe aprobetxamendu hori egiten ari diren lokal edo espazio guztien berri emanen diote Udalari.

2.–Iruzurtzat hartuko da behar den baimena eskatu gabe aprobetxamendua egitea. Gainerako arau-hausteetan eta zehapenei dagokienez, jarraikiko zaio Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/95 Foru Legean eta harekin bat heldu diren arauetan xedatuari.

3.–Pasabidearen erakusgarria jartzen bada izan gabe Udalaren baimena, Udalak eraikin horren titularra den pertsona fisiko edo juridikoari edo, halakorik bada, bertako errentariari eskatuko dio bost eguneko epean aipatu erakusgarria kentzeko, edo pasabide lizentzia eskatzeko.

Aipatu epea iraganik, ez badu baimena eskatu edota erakusgarria kendu ez badu, Udalak isuna ezarriko dio arau-hausleari, 5 eurokoa araua hausten den egun bakoitzeko.

4.–Pasabide lizentzia duen zernahi tokitan baimenik ez duen ibilgailua aparkatzeak 100 euroko zehapena ekarriko dio arau-hausleari. Ordenantza honetan ezarritako arauak urratuz gero, urriaren 30eko 6/2015 Legegintzako Errege Dekretuan xedatuari jarraikiz ezarriko da zehapena (LED horren bidez onetsi zen Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina).

AZKEN XEDAPENAK

Lehena.–Ordenantza honetan aurreikusi ez den orotan aplikatuko da Ordenantza fiskal orokorrean, indarrean badago, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatua.

Bigarrena.–Ordenantza honek indarra hartuko du testua Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean, eta espresuki aldatu edo indargabetu arte egonen da indarrean.

I. ERANSKINA

Tasaren zenbatekoa.

A) Ibilgailuak espaloietan barna sartu eta ateratzea:

–Familia bakarreko etxebizitzak: 25 euro urtean.

–3 eta 25 toki arteko eraikinak edo orubeak: 70 euro urtean.

–25 tokitik gorako eraikinak edo orubeak: 100 euro urtean.

Iragarkiaren kodea: L2010604