231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

10/2020 FORU AGINDUA, urriaren 1ekoa, Herritarrekiko Harremanetako kontseilariarena, zeinaren bidez onesten baita Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketaren deialdia.

Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen helburuak garatzeko, eta Eskualdeetako eta Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna berresteko tresnan onartutako konpromisoak betez, foru agindu honek Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoa sustatu nahi du.

Euskarabidearen zereginen artean dago euskararen terminologiaren, dialektologiaren, lexikografiaren, toponimiaren eta egoera soziolinguistikoaren esparruetan jardutea, bat etorriz azaroaren 6ko 303/2019 Foru Dekretuak ezarritakoarekin, zeinak onesten baititu aipatu erakunde autonomoaren estatutuak.

Deialdi honen bidez, lehiaketa deitzen da Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoko proiektuak sustatzeko.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz.

AGINTZEN DUT:

1. Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen lehiaketaren deialdia onestea.

2. Lehiaketaren oinarri arautzaileak onestea, zeinei jarraikiz emanen baitira sariak. Foru agindu honen I. eranskinean jaso dira.

3. Lehiaketa antolatzeak dakartzan kostuei aurre egiteko, guztira 12.000 euroko gastua baimentzea, Nafarroako 2020ko Aurrekontu Orokorretako “Ikerketa linguistikoko lehiaketak eta sariketak” izeneko B30001 B3100 4809 334102 partidaren kargura. Ordainketak %19ko atxikipena izanen du PFEZari buruzko Foru Legearen testu bategina onesten duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren 42. xedapen gehigarrian sariak ordaintzeko xedatutakoa betetzeko.

4. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

5. Foru agindu hau eta eranskinak igortzea Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herritarrekiko Harremanetako Departamentuan duen Kontu-hartzailetza Delegatura, eta aipaturiko departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira nahiz Kudeaketa Administratibo eta Ekonomikoaren Atalera, bai eta Euskarabideko Programen Bulegora ere.

6. Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko urriaren 1ean.–Herritarrekiko Harremanetako Kontseilaria, Ana Ollo Hualde.

I. ERANSKINA

Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoen 2020ko lehiaketa

1.–Xedea.

Lehiaketa honen xedea dira Nafarroako euskarari buruzko ikerketa linguistikoak, lexikografia, dialektologia, toponimia eta soziolinguistika arlokoak, ikerketa lan horien hedapena sustatzeko.

Argitaragabeko lanak izan behar dute, ez paperezko edizioan, ezta edizio elektronikoan ere. Gaztelaniaz zein euskaraz idatziak izan daitezke.

2.–Parte-hartzaileak.

Lehiaketa honetan bakarka parte har daiteke, edo talde-lanean (koordinatzaile bat ordezkari dela).

3.–Sariak.

Ikerketa linguistikoko sariek bi modalitate izanen dituzte:

–Dialektologia, lexikografia eta toponimia modalitatea: Nafarroako euskarari buruzko lanak.

–Soziolinguistika modalitatea: Nafarroako soziolinguistikari buruzko lanak.

Modalitate bakoitzean puntuazio handiena lortzen duten lanak izanen dira irabazleak, eta 6.000 euro jasoko ditu bakoitzak. Sariak hutsik gera daitezke, baldin eta ikerketaren kalitatea nahikoa ez bada. Gertatzen bada modalitateren bat hutsik geratzen dela eskatzailerik ez dagoelako edo ikerketaren kalitatea nahikoa ez delako, beste modalitateko bi lan saritzen ahalko dira.

Sariei aplikatzen zaien zerga-araudia betez, dagokien atxikipena eginen zaie.

4.–Eskaerak aurkeztea.

4.1. Hautagaitzak aurkeztuko dira Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan. Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoa erabili behar bada, ziurtagiri digitala beharko da identifikatzeko. Horrez gain, eskabide-orria aurkeztu beharko da, II. eranskinean jasotako ereduaren araberakoa, eta ikerketa lanaren testua paperean edo PDF formatuan.

4.2. Eskaerak aurkezteko epea 2020ko urriaren 31 artekoa izanen da.

4.3. Aipatutako epe, modu eta toki horietatik kanpo aurkezten diren testuak ez dira onartuko, ezta inskripzio fitxa osatu gabe dutenak ere.

5.–Dokumentazioa.

5.1. Eskabidearekin batera (II. eranskina), agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Ikerketaren egileen curriculum vitae-a, atal hauek biltzen dituena: datu pertsonalak, prestakuntza, argitalpenak, proiektuaren parte hartzea, aurkezpenak eta ponentziak, besteak beste.

Betiere, Euskarabideak beretako gordeko du parte-hartzaileei jatorrizko agiriak edo bestelako frogagiriak eskatzeko eskubidea, adierazitakoaren benetakotasuna egiaztatzeko. Curriculumean adierazitako zerbait edo aurkeztutako agiriren bat ez bada egiazkoa, Euskarabideak behar diren legezko ekintzak abiarazten ahalko ditu.

b) Egindako ikerlana. Bai euskaraz, eta bai gaztelaniaz ere, hizkuntza estandar eta zuzenean idatzia egon beharko da. Zitazioak eta aipu bibliografikoak ere eredu estandarrean eman beharko dira, esparru akademikoan dauden idaztarauak oinarri hartuz.

c) Azalpen txosten bat ikerketaren arlo bakoitzari buruzkoa (metodologia, erabilitako bitartekoak, iturriak...).

d) Proiektua argitaratzeko konpromisoa. Argitaletxearekin proiektua argitaratzeko sinatu den kontratua aurkeztu beharko da.

e) Foru Ogasunarekiko betebeharrak eguneraturik izatearen ziurtagiria

5.2. Interesdunak ez daude beharturik Nafarroako Gobernuak bere esku dituen edota beste administrazio batek egin dituen dokumentuen kopiak ekartzera. Nafarroako Gobernuak, non eta interesdunak ez duen aurka dagoela adierazten, eskubidea izanen du dokumentu horiek kontsultatzeko edo ateratzeko. Interesduna ezin izanen da aurka agertu dokumentuak aurkeztea exijitu bada zehapen -edo ikuskapen- ahalmenak gauzatzeko.

6.–Aurkezten diren lanen balorazioa eta epaimahaia.

6.1. Aurkezten diren lanak balioesteko, epaimahai bat eratuko da, hauek osatua:

–Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzuko zuzendaria, edo hark eskuordetzen duena.

–Mikel Belasko Ortega, toponimiaren arloan aditua, Euskararen Nafar Kontseiluko kidea, euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duena, edo hura ordezten duena.

–Xabier Erize Etxegarai, soziolinguistikan doktorea, Euskararen Nafar Kontseiluko kidea, euskararen eta euskal kulturaren eremuan izen ona duena, edo hura ordezten duena.

–Paskual Rekalde Irigoien, Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkariordea, edo hura ordezten duena.

–Teknikari bat Euskararen Sustapenaren eta Plangintzaren Zerbitzukoa, epaimahaiaren erabakiak jasoko dituena eta ahotsa izanen duena, baina botorik ez.

6.2. Aurkezten diren lanen balorazioa gehienez ere 100 puntukoa izanen da, irizpide hauei jarraikiz:

a) Curriculum vitaea: prestakuntza, argitalpenak, proiektuetan parte-hartzea, egindako ponentziak, eta abar. 15 puntu gehienez ere.

b) Xedea: gaiaren helburua, interesa, praktikotasuna eta berrikuntza. 25 puntu gehienez ere.

c) Metodologia: metodo enpirikoa, erabilitako baliabideak eta kontsultatutako iturriak. 25 puntu gehienez ere.

d) Emaitza: lanaren kalitatea eta sakontasuna. 35 puntu gehienez ere.

Lehiaketarako onartzen diren lanen artean, epaimahaiak bi irabazle hautatuko ditu, eta lehiaketa eman gabe uzteko eskubidea izanen du, baldin eta aurkezten diren testuen kalitatea eta gaia ez badira lotzen lehiaketa hau deitzeko oinarri izan diren irizpideei.

Epaimahaiak balorazioa egin eta emaitza ebazten duenean, Euskarabideak parte-hartzaileei jakinaraziko die.

Euskarabideak bere web-orrian eta bere sare sozialetan jakinaraziko du epaimahaiaren erabakia.

7.–Irabazleen betebeharrak.

a) Argitalpenak epaimahaiak egindako ekarpen-ildoak eta hobetzeko proposamenak bete beharko ditu. Liburua argitaratu aurretik, epaimahaiari edizio-proba bat helarazi beharko zaio, behin betiko onespena eman dezan.

b) Ikerlana liburu formatuan argitaratu beharko da 2021eko ekainaren 30a baino lehen; argitalpenean Nafarroako Gobernuaren logotipoak azaldu beharko du, kontrazalean bederen, laguntzaile gisa. Liburuaren zortzi kopia emanen zaizkio Euskarabidea - Euskararen Nafar Institutuari.

c) Ikerketa lanen egileek, 8. puntuan egile eskubideetarako ezarritakoari kalterik egin gabe, baimena emanen dute aurkeztutako ikerketa lanak libreki eta kontraprestaziorik gabe erabiliak, erreproduzituak eta zabalduak izan daitezen euskarri digitalean, osorik edo partzialki, dialektologia, lexikografia, toponimia eta soziolinguistika sustatzeko helburuarekin, lehiaketa honen xedea hori izaki.

d) Toponimiarekin zerikusia duten lanei dagokienez, eta liburu modura argitaratzeko betebeharra gorabehera, baldin eta Euskarabideak ikusten badu ikerlaneko edukiak Toponimia Ofizialaren Datu Basean jasotzeko modukoak direla, autoreari edo koordinatzaileari eduki horiek aipatutako datu basera eramatea erraztuko duten formatuan edo formatuetan eskatzen ahalko dizkio.

e) Onuradunek eguneraturik izan beharko dituzte Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko beren betebeharrak.

8.–Egile eskubideak.

Lanaren jabetza intelektuala lanaren egileari dagokio.

Euskarabideak parte-hartzaileek beren lanen gainean dituzten eskubide moralak errespetatuko ditu.

Hautatzen diren lanen egileek baimena ematen dute beren izen-deiturak argitaratzeko Euskarabidearen webgunean, bere sare sozialetan eta proiektu hau zabaltzeko erabiltzen den edozein hedabidetan.

Ikerketa lanen egileek, 7. puntuan ezarritakoa gorabehera, aurkezten duten lan bakoitzaren eskubideak gordeko dituzte.

9.–Datu pertsonalen babesa.

Eskaeran emandako datuak tratatzeko, bai eta saria jasoz gero aurkezten diren gainerako datuak eta dokumentazioa tratatzeko ere, Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak bermatzeari buruzko abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoan eta gainerako legerian xedatutakoari jarraituko zaio.

Parte-hartzaile interesdunek eskubidea dute beren datuak ikusteko, zuzentzeko, ezabatzeko eta haien aurka jotzeko osorik edo partzialki, Euskarabideara joanda (Paulino Caballero kalea 13, 31002 Iruña). Prozedura honen oinarria da deialdian parte hartzen dutenek bere borondatez ematen duten baimena.

Euskarabideak baimena du parte-hartzaileen izen-abizenak eta irudia erabiltzeko eta argitaratzeko bere webgunean, bere sare sozialetan eta proiektua zabaltzeko erabilitako edozein hedabidetan jartzeko helburuz, ordainetan inongo kontraprestaziorik eman beharrik gabe eta erabilera hori egiteko denborazko eperik gabe.

II. ERANSKINA

Eskabidea (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2011434