231. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 7a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ARANTZA

Herri-lurren ordenantzaren aldaketa. Behin betiko onespena

Arantzako herri-lurren aprobetxamenduak arautzen dituzten ordenantzen testu bategineko aldaketaren hasierako onespena 2020ko 82. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, apirilaren 21ean, argitaratu ondotik, emandako epea iragan denez haren aurkako erreklamaziorik aurkeztu gabe, behin betiko onetsitzat jo da.

Ondotik, testu osoa argitaratzen da, orok jakin dezan eta gainerako ondorioak izan ditzan, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea betez.

Arantzan, 2020ko irailaren 22an.–Alkatea, Dabid Iturria Almandoz.

ARANTZAKO UDALAREN HERRI-LURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUZTEN ORDENANTZEN TESTU BATEGINA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Arantzako udal mugapeko herri-lurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzen dituzten ordenantzak egokitzea da Ordenantza honen xedea.

2. artikulua. Herri-lurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.

3. artikulua. Herri-lurretako ondasunak bertzereduezinak, preskribaezinak eta bahiezinak dira eta ez dute tributurik ordainduko.

Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.

4. artikulua. Herri-lurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herri-lurren ordenantza hau eta, bertzela, Foru Zuzenbide pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren atalean xedatutakoa deusetan galarazi gabe.

II. TITULUA

Administrazioa eta xedapen egintzak

5. artikulua. Herri ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz, Arantzako Udalari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.

Herri-lurretako ondasunen inguruan Arantzako Udalak hartutako erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.

6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aurretik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Arantzako Udalak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela bertze bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapean edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasunezko aukerak.

Herri-lurretako ondasunak desafektatu ondotik bertze batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.

Itzultzea gertatzen bada, ondasunak Arantzako Udalaren ondarera itzuliko dira, herri-lurretako ondasun gisa. Hasierako prezioari esleipenaren ondoko urteetan diruaren balioak izan duen gorakada aplikatuta eginen litzateke itzultzea.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 140.2. artikuluak ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

III. TITULUA

Herri-lurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea

7. artikulua. Arantzako Udala herri-lurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da, eta kontra eginen dio horientzat kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saio edo ekintzari.

8. artikulua. Arantzako Udalak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.

9. artikulua. Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio Arantzako Udalak Nafarroako Gobernuari, lursailen inmatrikulazioa edo herri-lurren mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Komunikazio horien inguruan Arantzako Udalbatzaren akordioa beharrezkoa da.

10. artikulua. Eskualdatzerik egin nahi izanez gero, Arantzako Udalak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du ondasunak herri ondarearentzat berreskuratzeko.

11. artikulua. Arantzako Udalak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo bertze zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalteordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.

12. artikulua. Arantzako Udala, herri-lurrak herritarrengan eta Udalaren berarengan duen garrantziaren jakitun, bai ikuspuntu ekologiko zein ingurugiroari dagokionetik, baita ekonomikotik ere, herri-lur ondasunen mantentze, babeste eta berreskuratzeaz arduratuko da eta pribatizatzeko edozein saiakeraren edo haien kalterako den zeinahi ekintzen kontra eginen du.

13. artikulua. Arantzako Udalak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.

Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.

14. artikulua. Arantzako Udalak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udalak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.

15. artikulua. Herri-lurretan debeku dira eraikuntza mota guztiak. Ordenantzak indarra hartu baino lehen baimendu ziren eraikuntzetan mantentze lanak egin ahal izanen dira, Arantzako Udalak aldez aurretik baimena emanda eta behar den obra lizentzia ordainduta.

IV. TITULUA

Herri ondasunen aprobetxamendua

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

16. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:

a) Laborantza herri-lurren aprobetxamenduak.

b) Herri-larreen aprobetxamenduak.

c) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.

d) Herri-mendien aprobetxamenduak.

e) Herri-lurretako bertzelako aprobetxamenduak.

17. artikulua. Arantzako Udala herri-lurren ekoizpena abian jartzen, hobetzen eta egoki aprobetxatzen ahaleginduko da eta duten izaera sozialarekin bateragarri eginen du.

18. artikulua. 1. Orokorrean, Arantzako herri-lurretako aprobetxamenduen onuradun izateko famili unitateen titularrek honako baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den adingabe izatea nahiz judizialki gaitua.

b) Udaleko Biztanleen Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea urte bateko antzinatasunaz.

c) Urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian Arantzan bizitzea.

d) Udal honekin dituen zerga betebeharrak egunean izatea.

e) Aziendak, Arantzako Udalean inskribaturik edukitzea, nagusiki bazka ekoizten duten herri aprobetxamenduen onuradunentzat.

2. Famili unitateko kideak etxe berean bizi diren guztiak izanen dira. Nolanahi ere, famili unitate independentetzat hartuko da guraso jubilatuek osatua, familiakoekin bizi arren, betiere haien diru-sarrerak lanbide arteko gutxieneko soldata baino apalagoak baldin badira.

3. Artikulu hau ulertzerakoan sor daitezkeen zalantzak Arantzako Udalak ebatziko ditu, Osoko Bilkuran eta banan-banan Mendi Batzordearen txostena egin ondotik.

19. artikulua. Arantzako Udalak zuzenean esleitutako lur guztien erregistroa eramanen du eta hartan sartuko ditu onuradunen izenak, datu pertsonalak, lurraren azalera eta kokapena eta izandako aldaketak.

II. KAPITULUA

Laborantza, irazelai eta belar sorotako herri-lurren aprobetxamendua

20. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean esleituko zaie famili unitateko titular diren bizilagunei, ordenantza honen 17. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen badituzte, Osoko Bilkurak aldez aurretik aldeko iritzia emanda.

21. artikulua. Herri-lurrez baliatzeko esleipenean, Arantzako Udalaren irizpideak berdintasuna eta zuzentasuna izanen dira, eta lehentasuna ematen die baldintza hauek betetzen dituzten famili unitateko titular bizilagunei:

a) Diru iturri nagusia nekazaritza edo abeltzaintza izatea.

b) Jabetzan edo bertze nolanahi ezaugarri bertsuko lurrik ez izatea.

c) Herri-lurretan bertzelako aprobetxamendurik ez izatea.

22. artikulua. 1. Aprobetxamendu mota honetarako, Arantzako Udalak urteko sari bat ezarriko du azalera unitate bakoitzeko, eta hura urtero zehaztuko da. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra zuen saria aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen ariora.

2. Urte bakoitzari dagokion saria epe bakarrean ordainduko da.

23. artikulua. 1. Herri-lurren aprobetxamendu epea 10 urtekoa izanen da, bertze 5 urtez luza daitekeena Osoko Bilkuran hitzartu ondoren. Mendi Batzordeak bost urtean behin berraztertuko ditu emandako aprobetxamenduak eta bertan behera utzi ditzake emandako baldintzetan betetzen ez badira.

2. Partikularrek herri-lurretan izandako gastuengatik ez dute dirulaguntzarik jasotzeko eskubiderik izango aprobetxamendu epea bukatzen denean edo baldintzak behar bezala ez direlako bete aprobetxamendua ezeztatzen denean.

24. artikulua. 1. Herri-lurren aprobetxamendua zuzenean eta pertsonalki eginen da, eta ez da baimenik emanen azpierrentamendurik egiteko edo bertze batzuei uzteko.

2. a) Aprobetxamenduak esleitzeko garaian lehentasuna izango dute diru-sarrera nagusiena abeltzaintzatik hartzen dutenek.

b) 20.000 m²-tik gorako esleipenetan kanona handitu eginen da, 10.000 m²-ko hain zuzen ere (20.000 m², 30.000 m²). 40.000 m²-tik gora, berriz, kopurua progresiboki handituko da, orduan ere 10.000 m²-ko.

c) Emandako lur eremua udalak markatuko du eta gastuak adjudikaziodunaren kargura geldituko dira.

25. artikulua. 1. Arantzako Udalak egoki deritzen frogapenak egiten ahalko ditu edozein unetan, laborantza zuzenean eta pertsonalki egiten dela egiaztatzeko.

2. Ondoko kasu hauetan ulertuko da herri-lurrak ez direla zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ari:

a) Nekazaritzako makinaria izanik, esleitutako herri-lurrak lantzeko erabiltzen ez denean.

b) Nafarroako Gobernuko Landazaintza Zerbitzuaren edo Arantzako Udaleko Mendi Batzordearen txostenari jarraituz, lurrak zuzenean eta pertsonalki lantzen ez dituztenean.

c) Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Aitorpenean nekazaritzako etekinik aitortzen ez duenean, horretara beharturik egonda.

d) Laborantzako lurren jabeak izanik, hirugarrenei errentan utzita dituztenean.

e) Bazka ekoizten duten herri-lurren esleipen hartzaileak izanik, aziendak Udal honetako abere aberastasunaren katastrotik ateratzen dituztenean.

26. artikulua. Onuradunek zuzenean aprobetxatu eta landu beharko dituzte laborantzako herri-lurrak.

27. artikulua. Onuradunek herri-lurrak ezin izanen dituzte erabili, Udalaren aldez aurreko baimenik gabe, esleipenekoak ez diren bertze aprobetxamendu batzuetarako.

28. artikulua. 1. Esleitutako herri-lurretan itxiturak egiteko Arantzako Udalaren baimena beharrezkoa da. Itxiturak harrizkoak edo zurezkoak izan daitezke edo taketak burdin hariekin eta landareekin ere. Debekatuta daude fabrika-obrako itxiturak egitea, hala nola adreiluzkoak, hormigoi-blokezkoak edo antzekoak, eta dagokion txaparekin identifikatuko dira.

2. Pasabideak eta bideak errespetatuko dira. Atakak jartzeko baimena eman ahal izango da interesatuak hura eskatu eta justifikatu ondoren eta Mendi Batzordeak kasu bakoitza aztertuta.

29. artikulua. Herri-lurrak ezingo dira jabego pribatuko lurrekin batera itxi.

30. artikulua. Herri-lurren aprobetxamendua ezin izanen da trukatu onuradunen artean, aldez aurretik interesatuek eskaria egin gabe eta Arantzako Udalak baimenik ematen ez badu.

31. artikulua. Arantzako Udalak, onuradunei hiru hilabete lehenagotik gaztigatuta, aprobetxamenduaren esleipenak bertan behera uzten ahalko ditu arbolak landatzea sustatzen badu edo herri-lurretan bertzelako hobekuntzak egin nahi baditu. Ohartarazi behar da laborantzako herri-lurren herritarren aprobetxamendua galtzeak ez diola onuradunari inolako kalte-ordainik ekarriko. Hobekuntzek Nafarroako Gobernuaren baimena behar dute aldez aurretik.

III. KAPITULUA

Herri-lurretako larreen aprobetxamendua

32. artikulua. Arantzako Udalaren herri-lurretako larreek ustiapen unitate bakarra osatzen dute, udalerriko herri-lur guztiak harrapatzen dituena.

33. artikulua. Herri-lurretako larreen aprobetxamendua modu hauetako batean eta lehentasunezko ordena honetan eginen da:

a) Herritarren arteko zuzeneko esleipena.

b) Antzinako ohiturari jarraituz.

34. artikulua. Ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten famili unitateetako titularrak diren herritarrak dira herritarren arteko zuzeneko esleipenaren onuradunak.

35. artikulua. Herri-lurretako larreen esleipenean, Arantzako Udalak erabiliko dituen irizpideak nekazari-abeltzaintza eta gizarte arlokoak izanen dira. Nagusiki nekazaritzan edo abeltzaintzan aritzen diren famili unitateek eta ekonomikoki apalenak direnek izanen dute lehentasuna.

36. artikulua. Aurreko lerroaldean aipatutako famili unitateen maila ekonomikoak zehazteko, Arantzako Udalak irizpide objektiboei jarraituko die, hala nola pertsona fisikoen gaineko errentaren aitorpena, landalurraren, abeltzaintzaren eta industriaren gaineko kontribuzioen kapital zergagarria, hiri-lurraren gaineko kontribuzioarena, norberaren etxebizitzari dagokiona kenduta, bai eta gisako izaera duen bertze edozein datu.

37. artikulua. Herritar abeltzainek zuzenean erabiliko dituzte larreak, ez baita zilegi bertzeri errentan eman edo uztea. Horri dagokionez, Arantzako Udalak ulertuko du ez direla zuzenean erabiltzen ari, familia unitateko titularrek aziendak ateratzen badituzte Nafarroko Gobernuko abereen erroldatik.

38. artikulua. Herri-larreetan bazkatzen den aziendak osasun ziurtagiria beharko du, herri-larreetan bazkatzen den Aziendaren Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluak eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko, eta aipatu Foru Legeko nahiz haren erregelamenduetako baldintza guztiak bete beharko ditu.

39. artikulua. 1. Larreen onuradunek azienda buru bakoitzeko ordaindu behar duten saria urtero finkatuko du Arantzako Udalak azienda mota bakoitzarentzat. Zenbatekorik batere zehazten ez bada, aurreko urtean indarra izan duen saria aplikatuko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokituta, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen ariora.

2. Urte bakoitzari dagokion saria epe bakarrean ordainduko da.

3. Arantzako Udalak tasa bat kobratu ahal izango du hektarea bakoitzeko, herri-larreen aprobetxamenduaren gainean Europako Batasunaren Nekazaritza Politika betetzeko luzatzen dituen ziurtagiriengatik.

IV KAPITULUA

Etxerako egurraren aprobetxamendua

40. artikulua. Mendian nahikoa izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoren, Arantzako Udalak epaitzak banatuko dizkie ordenantza honen 18. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten familia unitateei.

41. artikulua. Arantzako Udalak urtero finkatuko du familia unitateei esleitu beharreko epaitzen bolumena, mendian dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada, eten eginen da aprobetxamendu hau, Udalari egoki iruditzen zaion denborarako.

42. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu.

43. artikulua. Esleitu diren epaitzetatik kanpora, zain iraulien esleipena eginen du, urtero, Arantzako Udalak. Zain irauliak, 18. artikuluko eskakizunak betetzen dituen eta Udalean eskaera aurkezten duen onuradunari esleituko zaizkio zuzenean. Udalak aprobetxamendu honengatik kobratuko diren tasak urtero ezarri ditzake. Onuradun bakoitzak ezin izango du urtean lote baten baliokidea baino gehiagoko kantitatea eskatu.

44. artikulua. Etxerako egurraren aprobetxamenduagatik ordaindu beharreko tasa urtero finkatuko du Udalak, kontuan harturik zein izan diren epaitzak markatzeak, bideak konpontzeak eta bertzelako lanek ekarritako kostuak, betiere behar bezala justifikaturik badaude eta epaitzei zuzenean egozten ahal bazaizkie.

45. artikulua. Epaitzak zozketaz esleituko dira; behar adina epaitza ez badago, daudenak zozketatuko dira eta hurrengo epaitzetan zerrendako gainerako eskatzaileek izanen dute lehentasuna.

46. artikulua. 1. Epaitza biltzeko epea zortzi hilabetekoa da zozketaren egunetik kontatzen hasita, Alkatetzak emandako baimen esplizituaren kasuan izan ezik.

2. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik gelditzen diren adarrak eta zotzak bildu eta pilatzera. Hondakin horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere Udalak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie.

Debekatuta dago hondakinak mendian botatzea (plastikoak, latak, etab.). Horiek bildu eta dagozkien zaborrontzietara bota beharko dira.

3. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei urtebetez ukatuko zaie aprobetxamendu honen kontzesioa, eta %100eko errekargua izanen dute sarian.

4. Adjudikaziodunen batek ez badu aprobetxatzen emandako lotea eta hurrengo urtean bertze bat eskatzen badu, berriz esleituko zaio aurreko urtekoa, moztu gabeko lotea bada. Aprobetxatzen ez duen bitartean, adjudikaziodunak ezin eskatuko du etxerako bertze loterik, eta moztu gabeko lote hori zozketatik kanpo geldituko da.

5. Kontzesiodunak mendiaren aprobetxamenduagatik eragin litzaketen kalte-galeren erantzuleak izango dira eta kalte horiek eta dagozkien zehapenak ordaindu beharko dituzte.

6. Aspaldiko ohitura denez, baliaezintasun iraunkorra duten auzokideek gaitz egurra eskatzeko lehentasuna izango dute.

V. KAPITULUA

Arantzako herri-mendiko aprobetxamenduak

47. artikulua. 1. Dauden bordak ordenantzaren arabera berritu daitezke. Ez dira aprobetxamendu gehiago emango borda berriak eraikitzeko.

2. Arantzan aurri zorian dauden borden aprobetxamendua galdutzat ematen da.

48. artikulua. 1. Energia elektrikoa sortzeko instalazioak ere, eguzki-iturri natural alternatiboetan oinarrituak, aprobetxamendutzat hartuko dira, dagokien kanonarekin.

49. artikulua. Herriko bizilagunetan inork ezin izanen dizkio eskuratutako eskubideak herriko bizilagun ez den bati bertzerenganatu. Hala eginez gero, Arantzako herri-lurren aprobetxamendurako edozein eskubide galduko du.

50. artikulua. Bizilagun batek bordaren gozamenerako eskubidea bertze bati utzi edo eskualdatzeko, baita gurasoek seme-alabei ere, Udalak esku hartu eta onartu beharko du.

51. artikulua. Arantzako udalak aprobetxamendu honengatik kobratuko diren tasak urtero ezarri ditzake.

VI. KAPITULUA

Herri-lurretako bertzelako aprobetxamenduak

52. artikulua. 1. Ehiza-ustiapena, herri-lurretan dauden barrutietan, gai hori arautzen duen foru araudia betez eginen da.

2. Era berean, onuradunek barrutiak seinaleztatu beharko dituzte eta haien erabilera eta aprobetxamenduagatik gerta daitezkeen kalteen erantzukizun osoa izango dute.

3. Arantzako Udaleko bide publikoaren erabileraren baitan, baso ustiapenetan, kamioiak eta makinaria handia erabiltzen direnean, Arantzako Udalak tasa bat kobratu ahal izango du ibilgalu hauek bide publikoa erabiltzeagatik. Tasa hau ordenantza honetan edo urtero eguneratzen ahal diren tasetan zehaztuko da.

V. TITULUA

Esleitzeko jardunbidea

53. artikulua. Aprobetxamenduen eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:

a) Arantzako bizilaguna izatea, urte bateko antzinatasunaz bederen eta urtean, gutxienez, bederatzi hilabete udalerrian bizitzea.

b) Udalerri honekin eta onuradunak loturak dituen toki entitateekin zerga betebehar guztiak eguneratuak izatea.

c) Udalerri honetan eta bertze batzuetan lurren jabea baldin bada, horien azalera eta lur mota (baratzak, belar soroak, etab.).

d) Errentan edo bertzela erabiltzen diren lurrak.

e) Azienda buruen kopurua, horien espeziea eta osasun ziurtagiria, larreen erabilpena eskatzen denean.

f) Famili unitateko kide bakoitzaren diru-sarrerak: nekazaritzaren, industriaren edo zerbitzuen sektorekoak, gizarte segurantzako pentsioen bidezkoak edo bertzelako errentatakoak.

Zinpeko aitorpen hori egiaztatzeko, Arantzako Udalak ahalmena izanen du errenta mailak egiaztatzearren beharrezkoak iruditzen zaizkion agiriak eskatzeko.

VI. TITULUA

Arau-hauste eta zehapenak

56. artikulua. Arau-hauste administratibotzat hartzen dira honako hauek:

a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.

b) Herri-larreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.

c) Aprobetxamenduen sariak Udalak finkatzen dituen epeetan ez ordaintzea.

d) Aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.

e) Zertarako esleitzen den herri-lurra, bertze zerbaitetarako erabiltzea.

f) Animalia hilak uztea.

g) Larratzeko eremuak ez errespetatzea.

h) Edozein eraikuntza mota zutitzea.

i) Auzolanean lanik ez egitea, horretarako behartuta dagoen kasuetan.

j) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dion edozein egintza edo ekintza.

57. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:

–a), b), c), d), e), f) eta g) letretako arau-hausteengatik, kontzesioa kenduko zaio, Nafarroako Gobernuko organo eskudunek ezar ditzaketen zehapenak deusetan ukatu gabe. Gainera, egindako kaltearen balioaren gutxienez halako 5 eta gehienez halako 10 ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 1.200 euro bitarteko isuna jarriko da.

–h) letrako arau-hausteengatik egindako kaltearen balioaren gutxienez halako 5 eta gehienez halako 10 ordaindu beharko da. Balio hori zehazterik ez badago, 60tik 12.000 euro bitarteko isuna jarriko da.

–i) letrako arau-hausteengatik huts egindako egun bakoitzeko 50 euroko isunarekin zigortua izango da.

Aurretik esandakoa ulertzen da batere ukatu gabe kalteak kitatu beharra eta kasuan kasuko erantzukizunak, edo bidegabeki eskuratutako produktuen eta arau-haustean erabilitako baliabide eta tresnen konfiskazioa.

XEDAPEN GEHIGARRIAK

Xedapen gehigarria.–Erregelamendu honek aipatzen duen saria IV. Tituluko III. Kapituluan herri-lurretako larreak aprobetxatzeagatik aipatzen den sariaren osagarria izanen da.

TARIFAK

Arantzako Udalak urtero aldatu ditzake herri lurrak erabiltzeagatik aplikatuko diren tasak.

a) Lantzeko lurrak (baratzak, alorrak): 0,06 euro/m²-ko.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten langileentzako Gizarte Segurantzako sistema berezian altan daudenak, 0,03 euro/m²-ko.

b) Arboladiak:

Arboladiak: 49,85 euro/ha-ko.

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 24,92 euro/ha-ko.

c) Erlauntzak:

Nekazaritza arloan norberaren kontura jarduten duten Gizarte Segurantzako langileentzako sistema berezian altan daudenak, 0,58 euro/erlauntza bakoitzeko.

d) Energia elektrikoa sortzeko instalazioak, eguzki-iturri natural alternatiboetan oinarrituak: 0,20 euro/m²-ko.

e) NPB (PAC)eko dirulaguntzan deklaratzeko zeditzen den lurra:

Orokorrean: 3 euro/ha.

Gizarte segurantzan, nekazaritza arloan jarduten duten norberaren konturako langileentzako sistema berezian altan daudenak: 0 euro.

f) Egur loteak:

30 euro/egur loteko.

Iragarkiaren kodea: L2010955