23. ALDIZKARIA - 2020ko otsailaren 4a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

12/2020 FORU AGINDUA, urtarrilaren 28koa, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak emana, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak betetzeko behar diren langileak zehazten dituena, 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorra dela eta.

ELA, LAB, ESK eta STEILAS erakunde sindikalek greba orokorrerako deia egin dute. Erakunde sustatzaileen deialdiarekin bat, deitu da lanuztea egitera 2020ko urtarrilaren 30eko 00:00etatik 24:00etara arte.

Gobernuko agintaritzari dagokio funtsezkotzat hartzen diren zerbitzuak zein diren erabakitzeko eskumena, bai eta herritarren oinarrizko eskubideak babesteko behar diren neurriak hartzekoa ere, halaxe xedatzen baita martxoaren 4ko 17/1977 Errege Lege Dekretuaren 10. artikuluan, eta eskumen hori, kasu honetan, Nafarroako Foru Komunitateak erabili behar du, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 49. eta 58.1.b) artikuluetan xedatutakoaren arabera.

Lehen xedapen gehigarrian adierazten duenez, ekainaren 10eko 119/2002 Foru Dekretuak, egoera honetan aplikatzekoa denak, ahalmena ematen die Nafarroako Gobernuko kontseilariei eta erakunde autonomoetako organo eskudunei funtsezko prestazio publikoetarako gutxieneko zerbitzuak ezar ditzaten, baita horiei arreta emateko behar diren langileak ere, grebarako deia egin duten sindikatuei entzun ondoren.

Azaldutakoaren ondorioz, ebazpen honek helburu du urtarrilaren 30erako deitutako greba dela eta, langileen funtsezko gutxieneko zerbitzuak arautzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan. Horiek ezartzeko, aintzat hartzen da, funtsean, zerbitzu horiek ezinbestekoak direla behar bezalako arretari eusteko.

Honako hau dio, 2.4 puntuan, apirilaren 2ko 71/2019 Foru Aginduaren bidez onetsitako Basozainak/Guarderío de Medio Ambiente kolektiboaren Plan Zuzentzaileak: “Ingurumeneko larrialdiak. Egun, behar bezalako arreta ematearren Nafarroako ingurumeneko larrialdiei, eratuta daude bikotez osaturiko 3 talde eragile, goizeko eta arratsaldeko txandetan aritzen direnak urteko 365 egunetan. Talde horietako bakoitza Nafarroa banatzen duten eremuetako batean aritzen da”. “Talde horietaz gain, barruti bakoitzak, suteen kanpainetan (neguan eta udan), beharrezkoa den aldiro eta eguraldiak hala eskatzen duenean, basozain bat izan behar du goizean eta beste bat arratsaldean, elkarlanean aritzeko zuzenean kasuan kasuko larrialdiei arreta emateko taldearekin, hala behar izatera”.

Hori dela eta, Ingurumen Zuzendaritza Nagusiak beharrezkotzat jo du gutxieneko zerbitzuak finkatzea Ingurumena Zaintzeko Atalaren menpeko koordinazio unitateetan.

Azaldutakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.1 artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. 2020ko urtarrilaren 30erako deitutako greba orokorraren harira greba egiteko eskubidea erabiltzean, honako gutxieneko zerbitzu hauek errespetatu beharko dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan:

–Basozain bat koordinazio unitate eta txanda bakoitzeko.

2. Ingurumena Zaintzeko Atalak izendatuko ditu aurreko artikuluan aipatutako funtsezko zerbitzuak beteko dituzten gutxieneko zerbitzuetako langileak. Legez kanpokotzat hartuko da funtsezko zerbitzuak ez betetzea edo aldatzea, eta arau-hausleak izanen dira horren erantzule.

3. Aurreko artikuluetan xedatutakoak ez die inolako mugarik jarriko greba arautzen duen legeriak egoera horretan diren langileentzat aitortzen dituen eskubideei.

4. Foru agindu hau igortzea Greba Batzordeari, Ingurumena Zaintzako Atalari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Langileria Bulegoari eta Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiaren Lan Harremanen Atalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

6. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea amaitzen, eta gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahal dela haren aurka, Nafarroako Gobernuari zuzenduta, hilabeteko epean, foru agindua jakinarazi edo, kasua bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aitzina.

Iruñean, 2020ko urtarrilaren 28an.–Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilaria, Itziar Gómez López.

Iragarkiaren kodea: F2001323