227. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

27/2020 FORU AGINDUA, irailaren 23koa, Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak emana, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesten duena Iruñeko Donibane auzoko Codés multzoan jarduteko.

Irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuak, Nafarroan etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarriak arautzen dituenak, VI. kapituluko 4. atalean bizitegi multzoen berroneratze alorrean egin beharreko esku-hartze orokorreko proiektuak arautzen ditu.

Proiektu horien helburua da hiri finkatuko atari, etxe-sail edo eremu batzuk birgaitzea, modu koordinatuan eta aurretik programatuta, eta horrela atari bakar baten esparrua gainditzea. Horrekin bilatzen da eskalako ekonomiak lortzea, bai ikuspuntu ekonomikotik (lizitazio bateratuak egiteko aukera, kudeaketa gastu txikiagoak), bai administratibotik (espediente bateratuak aurkezteko aukera, tramitazio azkarragoa), eta, aldi berean, eraikuntzako eta arkitekturako konponbide homogeneoagoak eskaini ahal izatea (tratamenduari, kalitateari eta akaberei dagokienez) hiri-bilbearekin harreman estua duten etxe-sail edo eremuetan.

Aipatutakoarekin bat, esku-hartze orokorreko proiektu bat onesteko eskaera egin da 331 etxebizitzatarako, 23 ataritan banatuak, Iruñeko Donibane auzoan, Calor Codés multzoan. Hauek dira:

–Jerusalemgo Andre Maria, 1 eta 3.

–La Olivako monasterioaren plaza, 1, 2, 3 eta 4.

–Perdoneko Andre Maria plaza, 1, 2 eta 3.

–Kodesko Andre Maria, 1, 3, 5, 10, 12, 14, 16 eta 18.

–San Alberto Handia, 9, 11, 13, 12, 14 eta 16.

Gutxi gorabehera 1975. urtean eraikitako eraikinak dira, Sindikal izenaz ezagutzen den eremu batean; merkataritzako jarduera, bulegoak edo biltegiak dituzte beheko solairuetan, eta bost solairu, etxebizitzetarako. Gabeziak dituzte eraikuntzazko ezaugarrietan, portaera termikoari eta irisgarritasun unibertsalari dagokienez. Etxebizitzek berokuntzarako beroa ekoitzi eta banatzeko sistema zentralizatua dute, “Agrupación de Calor Codés” izenekoa.

Esku-hartzearen bidez inguratzaile termikoa, irisgarritasuna eta zentralizatutako instalazio termikoak hobetuko dira. Espedientean Etxebizitza Zerbitzuaren eta Iruñeko Udalaren txostenak jaso dira, non adierazten baita espedientea aztertu dela eta zuzen dagoela: betetzat jotzen dira herritarren parte-hartzearen betebeharra eta Iruñeko Udalaren parte-hartzearen betebeharra, eta proposatutako konponbide teknikoa birgaitzearen arloko jarduketa babesgarri gisa kalifika daiteke behin-behinean.

Aipatutako irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretuaren 83.3 artikuluak ezartzen du proiektuak etxebizitza arloan eskumena duen kontseilariak onetsi behar dituela foru agindu baten bidez.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Esku-hartze orokorreko proiektua onestea Iruñeko Donibane auzoko Calor Codés multzoko jabeen erkidego hauetarako: Jerusalemgo Andre Maria kalea, 1 eta 3; La Olivako Monasterioaren plaza, 1, 2, 3 eta 4; Perdoneko Andre Maria plaza, 1, 2 eta 3; Kodesko Andre Maria, 1, 3, 5, 10, 12, 14, 16 eta 18, eta San Alberto Handia, 9, 11, 13, 12, 14 eta 16.

Proiektua atari horiei guztiei aplikatuko zaie, honakoetan dauden atariei izan ezik, ez baitira proiektura bildu: San Alberto Handia kalea, 12 eta 14; Kodesko Andre Maria 3 eta 5, eta Jerusalemgo Andre Maria 1. Dena dela, esku-hartze orokorreko proiektuaren indarraldian zehar, noiznahi jakinarazten ahalko diote etxebizitzaren arloan eskumena duen departamentuari proiektura bildu nahi direla, eta hori nahikoa izanen da proiektua atari horietan ere aplikatzeko.

Ondorioak erabatekoak izan daitezen, beharrezkoa izanen da kasuan kasuko proiektuak aurkeztea Etxebizitza Zerbitzuari, eta jabeen erkidegoek eskatzea (eta lortzea) proiektu horiek behin-behinean kalifika daitezela birgaitze jarduketa babestu gisa. Behin-behineko kalifikazioaren eskaera foru agindu honen datatik hasi eta lau urteko epean egin beharko da. Hasierako lau urteko epea beste lau urtez luzatzen ahal da, jabeen erkidego onuradunek hala eskatuta.

2. Foru agindu honek ez du administrazio bidea amaitzen. Interesdunek, administrazio publikoek izan ezik, gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, foru agindu hau jakinarazi eta biharamunetik hasita. Administrazio publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du galarazten Nafarroako Gobernuari aurretiazko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Foru agindu hau igortzea ukitutako jabeen erkidegoei, esku-hartze orokorreko proiektua idatzi duen arkitektura estudioari, Iruñeko Udalari, Etxebizitzako zuzendari nagusiari, Etxebizitza Zerbitzuari eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita etxebizitzaren arloko argibideak ematen dituen webgunean ere (www.vivienda.navarra.es), behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko irailaren 23an.–Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako kontseilaria, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2010946