227. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

30/2020 EBAZPENA, irailaren 23koa, Nafarroako Arartekoak emana, urtebeteko bi prestakuntza-beken deialdirako oinarriak onesten dituena, Zuzenbideko gradua dutenentzat, Nafarroako Arartekoa instituzioan aritzeko.

Nafarroako Arartekoa instituzio publikoa da, herritarren eskubideak eta askatasun publikoak babesten eta hobetzen dituena eta Nafarroako administrazio publikoen jarduera gainbegiratzen duena. Hori horrela, Nafarroako Arartekoak uste du Zuzenbideko unibertsitate-titulua duten pertsonen prestakuntza sustatzea interesgarria dela, zuzenago ezagutu ditzaten Nafarroako Arartekoak egiten dituen jarduketak, batez ere ikuspuntu praktiko batean, tutoretza baten ikuspegi eta irizpideekin, zeinak orientatu, lagundu, prestatu eta zuzenduko baititu bertan aritzen diren denboran.

Horretarako, erabaki da Zuzenbideko gradua dutenentzat bi prestakuntza-beken deialdiko oinarriak onartzea, Nafarroako Arartekoa instituzioan aritzeko.

Deialdia oinarri arautzaile hauek eta kasu bakoitzean Nafarroako Arartekoa instituzioari aplikatzekoa zaion araudiak ezartzen dutenaren mende egonen da.

Horren ondorioz, 2005eko azaroaren 21ean Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak onartutako Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Erregelamenduak ematen dizkidan eskumenak erabilita, honako hau

EBAZTEN DUT:

1. Urtebeteko bi prestakuntza-beken deialdia onestea, Zuzenbideko gradua dutenentzat, Nafarroako Arartekoa instituzioan aritzeko.

Eranskinean agertzen diren oinarriek arautzen dute deialdi hau.

2. Deialdia argitaratzea Nafarroako Parlamentuaren Aldizkaria Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta instituzioko gune digitalean (www.defensornavarra.com).

Iruñean, 2020ko irailaren 23an.–Nafarroako Arartekoa, Francisco Javier Enériz Olaechea.

ERANSKINA

Urtebeteko bi prestakuntza-beken deialdiaren oinarriak Zuzenbideko gradua dutenentzat, Nafarroako Arartekoa instituzioan aritzeko

1. oinarria.–Xedea.

1.1. Deialdiaren xedea da, Zuzenbideko gradua duten pertsonentzako bi prestakuntza-beka ematea, lehiaketa bidez, Nafarroako Arartekoa instituzioan aritzeko.

1.2. Deialdiaren helburua da Zuzenbideko gradua dutenentzat prestakuntza juridikoa bultzatzea, instituzioan herritarren eskubideak babesteko eta hobetzeko egiten diren jarduerak zuzenean ezagutu ditzaten.

2. oinarria.–Iraupena.

2.1. Beka bakoitzak hamabi hilabete iraunen du, eta haien hasiera aurreikusten da:

–Lehenengoa, aukeratze prozesua bukatu bezain laster, behar diren tramiteak bete eta gero.

–Bigarrena, 2020ko azaroaren 1ean.

2.2. Data hauek aldaketak izan ditzakete kasu bakoitzean eman daitezkeen egoeraren arabera.

2.3. Bekak ezin dira luzatu.

3. oinarria.–Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.

3.1. Bekak 1.050 euroko zenbateko gordina izanen du hilean, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko zaio. Diru-kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena eginen zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.

3.2. Bekaren onuradunaren araubidea besteren konturako langileenaren parekoa izanen da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza-programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.

3.3. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da pertsona onuraduna noiz hasten den prestakuntza-programan eta noiz uzten duen, enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko erregelamendu orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen erregelamendu hori.

3.4. Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.

4. oinarria.–Bateraezintasunak.

Prestakuntza-beka bateraezina izanen da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako bekekin, bai eta beste administrazio, instituzio edo entitate publiko zein pribatu batzuek edo partikularrek emandako bekekin ere, instituzioak aurkakoa adierazi ezean.

5. oinarria.–Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.

5.1. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa izatea. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Zuzenbideko graduaren unibertsitate-titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortu izana. Zuzenbideko graduaren baliokidea izanen da Zuzenbideko eta beste zientzietako gradu bikoitza.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Jarduteko gaitasun osoa izatea, eta ez izatea bekaren xede den prestakuntza-jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik.

f) Zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzea, eta ez kobratzea administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezinik.

5.2. Baldintza horiek guztiak bekak irauten duen epe osoan bete beharko dira.

6. oinarria.–Baloratzeko baremoa.

Baremo honi jarraituz baloratuko dira eskabideak:

a) Ikasketa-espedientea: gehienez ere 10 puntu.

Espedientearen batez besteko nota baloratuko da dagokion unibertsitateak emandako puntuazioaren arabera.

Ez dira baloratuko 6 puntutik beherako batez bestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).

b) Bestelako unibertsitate-titulu ofizialak:

Zuzenbideko gradua ez den bestelako unibertsitate-titulu ofizialik izanez gero, Espainiako agintariek emana edo homologatua, puntu bat emanen da titulu bakoitzeko.

Unibertsitateko gradu titulua ez den bestelako titulua, dela masterra, dela doktoretza edo besteren bat 0,5 puntu titulu bakoitzeko.

c) Zuzenbide publikoari lotutako ikasgai edo arlo hauetan lortutako kalifikazioek: gehienez ere 10 puntu.

–Konstituzio-zuzenbidea.

–Zuzenbidearen iturriak.

–Oinarrizko eskubideak.

–Estatuaren antolaketa.

–Administrazio-zuzenbidea, zati orokorra.

–Administrazio-zuzenbidea, zati berezia.

–Nafarroako zuzenbide publikoa.

d) Hizkuntzen ezagutza.

Ikastetxe publikoek emandako ziurtagiriak edo titulu ofizialak soilik baloratuko dira.

Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun-agiria edo titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, gehienez ere 1 puntu hizkuntza bakoitzarengatik; baremo honen arabera:

HEOKO MAILA

ZIURTAGIRIA

PUNTUAK

1. eta 2. maila

A1 eta A2

0,00

3. maila

B1

0,40

4. maila

B2

0,70

5. maila

C1

1,00

Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.

e) Elkarrizketa pertsonala: gehienez ere 10 puntu.

Puntu gehien lortu dituzten bost pertsonei eginen zaie elkarrizketa. Ebaluazio Batzordeko kide batek eginen ditu elkarrizketak.

Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa; ekimena; erantzunen argitasuna eta ordena; gaiak beren artean lotzeko gaitasuna; jendeari harrera egiteko, talde-lanerako eta gizarte-harremanetarako gaitasunak; eta beste gaitasun sozial edo intelektual batzuk.

Beka eskatzaileei posta elektronikoz eginen zaie dei, gutxienez ere 48 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu eginen da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.

7. oinarria.–Eskaerak.

7.1. Interesdunek dagokion eskaera toki hauetako batean aurkeztu beharko dute:

a) Nafarroako Arartekoko Erregistroan. Emilio Arrieta kalea 12 behea, 31002, Iruñea.

b) Posta elektronikoz, dokumentu guztiak info@defensornavarra.com helbidera bidalita, 7.3 puntuan ezartzen dena kontuan hartuz.

c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokiren batean.

7.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskaera.

7.3. Eskaerarekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaeraren inprimakia, eranskineko ereduaren arabera betea eta izenpetua.

b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, lortutako merezimendu guztiak zehatz-mehatz jasota.

c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, ikasmaila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioak (batez besteko nota barne) eta zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen dituena.

d) Alegatzen dituen merezimenduak frogatzeko agiriak.

e) Hizkuntzak meritu gisa baloratzeko: hizkuntza ezagutzaren dutela bermatzen duten ziurtagiriak edo titulu-egiaztagiria.

7.4. Epean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakian finkatutako dokumentuak ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera hori jakinaraziko zaiola.

Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezingo da zuzenketarik egin.

7.5. Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emanen dute, behar diren jakinarazpenak jasotzeko.

7.6. Prestakuntza-beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

8. oinarria.–Ebaluazio Batzordea.

8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz.

8.2. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu, eta izangaien zerrenda bat eginen du, lortutako puntuazioaren araberakoa.

8.3. Ebaluazio Batzordea hauek osatuko dute:

–Instituzioko idazkari nagusiak.

–Nafarroako Arartekoaren aholkulari batek (idazkari-lanak egiten dituena).

–Instituzioko kudeaketa-teknikariak.

Aipatutako pertsonetako bat ez badago, Nafarroako Arartekoak instituzioko aholkulari bat izenda dezake.

9. oinarria.–Hautaketaren ondorengo prozedura.

9.1. Ebaluazio Batzordeak bekarako hautatu duen pertsonak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, hautaketa jakinarazi eta bost egun naturaleko epean:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.

b) Zuzenbideko graduaren tituluaren fotokopia.

c) Nafarroako herriren bateko erroldatze ziurtagiri eguneratua, antzinatasuna zehazten duena.

d) Jarduteko gaitasun osoa duela, eta bekaren xede den prestakuntza-jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez duela adierazten duen dokumentu bat. Eredu bat emanen da baldintza hori egiaztatzeko.

e) Zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzea, eta ez kobratzea administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezinik. Eredu bat emanen da baldintza hori egiaztatzeko.

9.2. Beka Nafarroako Arartekoaren ebazpen baten bidez emanen da, eta ebazpen hori instituzioaren gune digitalean argitaratuko da: https://www.defensornavarra.com.

Hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenei idatziz emanen zaie emaitzaren berri, eta lortu duten guztizko puntuazioa adieraziko zaie; nolanahi ere, espedienteko informazioa kontsultatzeko eskubidea izanen dute.

9.3. Eskatutako dokumentazioa ez bada aurkezten, edota aurkezten dena ez da eskatutakoa, interesdunak uko egin duela ulertuko da, eta zentzu horretan komunikatuko zaio.

9.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.

10. oinarria.–Deialdia hutsik geratzea.

Hautatze prozesu honen arabera deialdia hutsik geratzen bada, Nafarroako Arartekoa instituzioak aurreko deialdira aurkeztu ziren pertsonei deitzen ahal die, betiere deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta jasotako puntuazioa kontuan hartuta; edonola ere, hautaketa egokia lortzeko beharrezko neurriak hartzen ahal ditu.

11. oinarria.–Tutoretza.

11.1. Beken onuradunek aholkulari baten tutoretzapean jardungo dute.

11.2. Tutoreak bekaduna orientatu eta zuzenduko du instituzioan dagoen bitartean, eta hari laguntza emanen dio. Prestakuntza bideratu eta gainbegiratzeaz arduratuko da, orientabideak, gomendioak, iradokizunak eta, hala badagokio, zuzenketa oinarrituak ezarriz, prestakuntza hobea izan dadin. Bekadunen betebehar orokorrak eta espezifikoak betetzen direla zainduko du.

11.3. Tutoreak prestakuntza-plan orientagarri bat emanen dio bekaren onuradunari, bertan nahitaezkotzat jotzen diren ebaluazioak alde batera utzi gabe.

12. oinarria.–Onuradunaren betebeharrak.

Betebehar hauek ditu bekaren onuradunak:

a) Bekaren xedeko prestakuntza-jarduera betetzea.

b) Betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela frogatzea, bai eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla ere.

c) Emandako bekaren gainean egiten ahal diren egiaztapen-lan guztietan laguntzea.

d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea Nafarroako Arartekoa instituzioari.

e) Nafarroako Arartekoa instituzioari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamar egun natural lehenago gutxienez.

f) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

g) Bekak irauten duen bitartean eta ondoren, eta prestakuntza-jardueraren ondorioz ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

h) Jarduten ari den erakunde edo instituzioaren barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.

i) Nafarroako Ogasun Publikoarekin eta Gizarte Segurantzarekin dituen betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Emanen den ereduan, Nafarroako Arartekoari baimena ematen ahalko zaio onuradunak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen dituen datuak kontsultatzeko, jarduerak hasten diren unean.

j) Nafarroako Arartekoa instituzioaren datu pertsonalak babesteko legezko erregimena onartzea.

13. oinarria.–Prestakuntza-jardueraren hasiera eta uko egitea.

13.1. Onuradunak adierazten den egunean hasi beharko du lanean instituzioan. Adierazitako egunean onuraduna ez bada jardunean hasten, Nafarroako Arartekoari horren berri eman gabe, edo onuradunak lanean ez hasteko arrazoiak adierazi eta instituzioak ez badu ikusten ezinbesteko arrazoiak direla edo ez dagoela behar bezala justifikatuta, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.

13.2. Bekari uko eginez gero, Nafarroako Arartekoa instituzioari horren berri eman beharko zaio. Beka erabiltzen hasi ondoren, bekari uko eginez gero, Nafarroako Arartekoari berariazko ukoaren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamar egun natural lehenago gutxienez.

13.3. Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, posible izanen da zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak eta 10. oinarrian ezarritakoa kontuan hartuz.

14. oinarria.–Prestakuntza-bekaren gauzatzea.

Prestakuntza-beka gauzatzeko, onuradunak Nafarroako Arartekoa instituzioaren egoitzan egon beharko dira astean 30 orduz. Era berean, prestakuntza-premiek eskatzen dituzten joan-etorriak eginen dituzte.

Bekadunak 27 egun natural izanen ditu atseden hartzeko.

15. oinarria.–Jabetza intelektuala.

Bekarako hautatu diren pertsonek jabetza intelektualaren gainean dituzten eskubideak, Nafarroako Arartekoa instituzioan bekak dirauen bitartean egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, instituzioak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.

16. oinarria.–Lan- edo administrazio-harremanik eza.

16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berekin lan-harremanik, lan administratiborik edo lan estatutupekorik sortzea Nafarroako Arartekoa instituzioarekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Instituzioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekadunak bere plantillan sartzeko.

16.2. Prestakuntza bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak Nafarroako Ararteko instituzioko langileek gainbegiratuko dituzte eta langile horiek izanen dira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezingo dituzte instituzioko langileen eginkizunak bete edo beraientzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean instituzioko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.

17. oinarria.–Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.

Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Nafarroako Arartekoa instituzioarekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izanen duen gastuengatik langileei dagozkien ordain berberak jasotzeko.

18. oinarria.–Bekaren ordainketa itzultzea edo bertan behera uztea.

18.1. Nafarroako Arartekoa instituzioak eskubidea izanen du onuradunari eskatzeko jaso duen zenbateko osoa edo zati bat itzultzeko, edo zenbateko horiek bertan behera uzteko, kasu hauetan:

a) Beka eskatzeko eta lortzeko baldintzak faltsutu baditu edo beka ez ematea ondorioztatuko luketen baldintzak ezkutatu baditu.

b) Bekadunak bere gain hartutako betebeharrak eta eginkizunak betetzen ez dituenean, ardurarik gabe jarduten duenean, prestakuntzan errendimendu eta aprobetxamendu eskasa erakusten duenean, edo bere lanak kalitate gabekoak direnean.

c) Prestakuntza-beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzen direnean, aldez aurretik baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzen denean beka horrekin bateratu ezin den beste beka edo dirulaguntzaren bat, edo bekarekin bateraezina den lan edo jardueraren bat egiten denean.

d) Instituzioak bekaren inguruan egiten dituen egiaztatze-jardueretan parte hartzen ez duenean.

18.2. Nafarroako Arartekoak erabakiko du, ebazpen baten bidez, beka itzuli behar den edo bertan behera geratuko den. Horretarako, aldez aurretik espediente bat eginen da, txostenekin, frogekin eta onuradunaren alegazioekin.

18.3. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, dirua sartzeko modua, tokia eta epea edo beka eteteko epea adierazita.

19. oinarria.–Prestakuntzaren egiaztagiria.

Prestakuntza-beka amaitzean, Nafarroako Arartekoa instituzioak agiri publiko bat eginen du, onuradunak egindako prestakuntza egiaztatzeko. Beka osorik egin ez bada, instituzioak baloratuko du dokumentu hori egin edo ez, onuradunak egindako jardueraren arabera.

20. oinarria.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauen interpretazioen eta aplikazioen ondorioz ager daitezkeen gorabehera guztiak Nafarroako Arartekoak ebatziko ditu, oinarrietan ezarritakoaren eta aplikatu behar den araudiaren arabera.

21. oinarria.–Errekurtsoak.

Errekurtso hauek jar daitezke deialdiko oinarrien eta oinarriak betetzeko ekintzen aurka:

a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izanen dute Nafarroako Arartekoaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta, hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, oinarri hartuta urtarrilaren 13ko 29/1998 Legea (administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duena).

Eskaera orria (PDFa).

Iragarkiaren kodea: F2011084