227. ALDIZKARIA - 2020ko urriaren 2a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

94E/2020 EBAZPENA, irailaren 25ekoa, Unibertsitateko zuzendari nagusiak emana, unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken deialdia behin betiko ebazten duena, 2019-2020 ikasturterako. DDBN identifikazioa: 477232.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren urriaren 11ko 18/2019 Ebazpenaren bidez, unibertsitateko ikasketak egiten dituzten ikasleentzako beken eta laguntzen deialdi orokorra onetsi zen 2019-2020 ikasturterako. Deialdia 2019ko 211. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urriaren 24koan.

Unibertsitateko zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 75E/2020 Ebazpenaren bidez, (2020ko 155. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, uztailaren 16koa), aipatu deialdia behin-behinekoz ebatzi zen. Unibertsitateko Zerbitzuak behar diren kudeaketak egin ditu deialdian emandako beken eta laguntzen ordainketa-aginduak egiteko. 2020ko abuztuaren 17an bukatu zitzaien epea interesdunei, behin-behineko ebazpena berrikusteko eskaera aurkez zezaten. Eskaerak aztertu eta erantzun ondoren, bidezkoa da behin betiko ebazpena ematea, zer beka eta laguntza eman diren eta ukatu diren adierazteko.

Deialdiaren 11.4 oinarria betez, Unibertsitateko Zerbitzuak behin betiko ebazpena proposatzen du, 2020ko irailaren 9an bildu zen Beka Batzordeari kontsulta egin ondoren.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1 d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Ebazpen honen I. eta II. eranskinetan jasota dauden beken eta laguntzen emakidak eta ukoak, 2019/2020 ikasturtean unibertsitateko ikasketak egiten ari diren ikasleentzako, behin betikotzat jotzea. Eranskin horietakoek aldatzen edo, hala badagokio, behin betikotzat jotzen dituzte, Unibertsitateko zuzendari nagusiaren uztailaren 3ko 75E/2020 Ebazpenaren bidez behin-behinean ebatzitakoak.

2. I. eta II. eranskinak “Nafarroa.es/home.eu/” atarian eta Hezkuntza Departamentuko Informazio Bulegoan argitaratzea.

3. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitara dadila agintzea.

4. Ebazpen hau igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateko Zerbitzura eta Araubide Ekonomikoaren Atalera.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta haren aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Sarrigurenen, 2020ko irailaren 25ean.–Unibertsitateko zuzendari nagusia, Ana Burusco Juandeaburre.

Iragarkiaren kodea: F2011140