224. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 30a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

46/2020 FORU AGINDUA, irailaren 30ekoa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez luzatzen baitira irailaren 22ko 43/2020 Foru Aginduaren neurriak. Foru agindu horren bidez, berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu ziren Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz.

Irailaren 23an Osasuneko kontseilariaren 43/2020 Foru Agindua argitaratu zen, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri zehatz apartekoak hartu baitziren Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Zehazki, foru agindu horretan neurri murriztaileak ezarri ziren, eremu sozialean eta familiarenean batez ere, hala nola murrizketak ostalaritzan eta jatetxeetan, txikizkako merkataritzan, kultur eta kirol jardueretan, arautu gabeko prestakuntza zentroetan, merkatu txikietan, parke publikoetan eta beste batzuetan; orobat, bilkura sozialak murriztu ziren sei lagunera, eremu publikoan zein pribatuan, eta mugimenduak murriztu ziren udalerritik atera eta sartzeko.

Foru agindu hori judizialki berretsi zen Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salaren irailaren 25eko 117/2020 Autoaren bidez.

43/2020 Foru Aginduan ezarri ziren neurrien indarraldia ez zen zazpi egun naturaletik gorakoa, eta etengabeko jarraipena eta ebaluazioa egin behar zitzaien, bermatzeko egokitzen zirela egoera epidemiologikora. Egoera epidemiologikoa aldatzen ez bazen, beste zazpi egun naturalez luzatzen ahal ziren neurriak, edo aldatu, edo eraginik gabe utzi.

Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak 2020ko irailaren 28an egin txostenaren arabera, Azkoienen metatutako intzidentzia, egun, 3.004 kasukoa da 100.000 biztanleko azken zazpi egunean, eta 4.870 kasukoa 100.000 biztanleko, berriz, azken hamalau egunean. Tasa horiek nabarmenki gainditzen dituzte Foru Komunitateko tasa orokorrak; hortaz, beharrezkoa da neurri horiek luzatzea zazpi egun naturalez, kutsatzeen kurba apal dadin zehaztutako epean, osasun publikoa babesteko eta saihesteko etorkizunean neurri murriztaileagoak hartzea, herriko bizitza sozialari eta ekonomikoari kalte larria ekar liezaieketenak.

Kontuan izanik Azkoiengo udalerrian metatutako intzidentzia tasak eta oinarrizko eremu berean dauden udalerrietan metatutako intzidentzia tasa handiak, uste da proportzionatua dela neurriak luzatzea, zazpi egun naturaletarako soilik aurreikusten baita. Orobat, uste da beharrezkoak eta egokiak direla neurriak, osasun publikoa babesteko, kutsatzeen kurba apaltzeko eta saihesteko etorkizunean neurri murriztaileagoak hartzea, herriko bizitza sozialari eta ekonomikoari kalte larria ekar liezaieketenak.

Halaber, foru agindu honetan ezarritako neurriak segurtasun handiagoz kontrolatu eta gainbegiratzeko eta neurriak ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, argitzen da zein den herritik atera eta sartzeko eremuaren muga, betiere ezinbesteko zerbitzuak bermatuz herritarrei.

Neurri hauek Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu ezen osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justiziaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzek osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezarritako neurriak ebaluatuko dira egoera epidemiologikoaren arabera.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluaz baliatuz, ikusirik Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren txostena, Osasun Zuzendaritza Nagusiak proposaturik eta udal agintaritza eskudunari kontsulta egin ondoren,

AGINTZEN DUT:

Lehendabizikoa.–2020ko urriaren 1etik 7ra luzatzea, bi egun horiek barne, Osasuneko kontseilariaren 43/2020 Foru Aginduan ezarritako berariazko prebentzio neurri apartekoak Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz.

Bigarrena.–2.1 puntua aldatzea Osasuneko kontseilariaren 43/2020 Foru Aginduan, zeinaren bidez berariazko prebentzio neurri apartekoak hartu baitziren Azkoiengo udalerrian (Nafarroa), COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan zuen bilakaeraren ondorioz. Hona hemen:

“Bigarrena.–Prebentzioko osasun neurri hertsagarriak Azkoiengo udalerrirako (Nafarroa).

1. Azkoiengo hirigunean sartu eta bertatik ateratzeko mugimenduak mugatuta egonen dira, salbu eta behar bezala justifikatutako joan-etorriak, arrazoi hauetako batengatik egiten direnak:

a. Osasun zentro, zerbitzu eta establezimenduetara eta Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren 3. artikuluan jasotzen diren irakaskuntzako ikastetxeetara joatea, unibertsitateko irakaskuntza barne.

b. Lan arloko betebeharrak, profesionalak edo enpresarialak betetzea.

c. Ohiko bizilekura itzultzea.

d. Adinekoei, adingabeei, mendekotasuna dutenei, desgaitasuna dutenei edo bereziki kalteberak direnei arreta ematea eta haiek zaintzea.

e. Ezinbesteko edo premiazko kasuetan.

f. Antzeko beste edozein jarduera.

Hirugarrena.–Estatuko segurtasun kidego eta indarren, Foruzaingoaren eta Udaltzaingoaren lankidetza eskatzen da foru agindu honetan ezarritako neurriak betearazi eta zaintzeko helburuarekin. Horretarako, foru agindu honetan Azkoiengo udalerrirako ezartzen den konfinamendu orokorrerako agindua ez betetzea irailaren 16ko 9/2020 Foru Lege-dekretuaren arabera zehatuko da, horren bidez ezartzen baita, Nafarroako Foru Komunitatean, Covid-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko osasun arloko prebentzio eta euste neurriak ez betetzeagatik aplikatu beharreko zehapen araubidea.

Laugarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuko Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko kudeatzaileari, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzara, Barne Zuzendaritza Nagusira, Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusira, Azkoiengo Udalera, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Bosgarrena.–Foru agindu honek 2020ko urriaren 1ean hartuko du indarra, 00:00etan.

Iruñean, 2020ko irailaren 30ean.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011307