221. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

1410/2020 EBAZPENA, irailaren 18koa, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektoreak emana. Haren bidez agintzen da argitaratzeko “Erabakia, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudia aldatzen duena”, Gobernu Kontseiluak 2020ko irailaren 18an hartu zuen erabakiaren bidez onetsia.

Maiatzaren 12ko 110/2003 Foru Dekretuak onetsitako Unibertsitateko Estatutuetako 40. artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz, 2020ko maiatzaren 13an Gobernu Kontseiluak hartu zuen erabakia argitaratzeko agintzen da. Erabaki horren bidez, Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudia aldatu zen.

ERABAKIA, NAFARROAKO UNIBERTSITATE PUBLIKOKO IKASLEEN MUGIKORTASUNARI BURUZKO ARAUDIA ALDATZEN DUENA

Nafarroako Unibertsitate Publikoko ikasleek nazioarteko mugikortasun-programetan duten parte-hartzea Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudiaren bidez dago egituratua. Araudi hori Gobernu Kontseiluaren erabaki baten bitartez onartu zen, 2014ko azaroaren 25eko bilera arruntean.

3. edo 4. mailan mugikortasuna eginen duten ikasleei eskatzen zaizkien baldintzak homogeneizatzeko, eta mugikortasun-deialdien oinarrietako hainbat puntutan jasotako irizpideak araudian jasotzeko, ikasle batek mugikortasunerako ikaspostu bat eskuratzeko gainditu behar duen kreditu kopurua zehaztea proposatzen da. Gainera, ezabatu egiten da gainditu gabeko irakasgaiek titulazioaren barnean duten kokapenari buruzko baldintzatzaile oro.

Kontuan izanik Nazioartekotzeko Batzordeak 2020ko irailaren 10eko bileran eztabaida egin ondoren onespena eman diola erantsitako dokumentuari.

Horregatik guztiagatik, Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeak proposaturik, honako hau da Gobernu Kontseiluak, bere kideek aldez aurretik eztabaida egin eta gero, 2020ko irailaren 18an egindako bileran hartu duen

ERABAKIA:

Lehena.–Onestea Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudiaren aldaketa, I. eranskinean ezartzen den moduan.

Bigarrena.–Erabaki hau aditzera ematea Nazioartekotzeko eta Lankidetzako errektoreordeari, ikastegiei, Irakaskuntza Zerbitzuari eta Nazioartekotze eta Lankidetza Atalari.

Hirugarrena.–Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzeko agindua ematea.

Laugarrena.–Indarra hartzea. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik aurrera egiten diren deialdietan hartuko du indarra aldaketak.

Bosgarrena.–Erabaki honen aurka, zilegi da administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea Nafarroako Administrazioarekiko Auzietako Epaitegietan, bi hilabeteko epean, erabakia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioari buruzko uztailaren 13ko 29/1998 Legearen xedapenetan ezarritakoarekin bat.

Iruñean, 2020ko irailaren 18an.–Errektorea, Ramón Gonzalo García.

I. ERANSKINA

Artikulu bakarra.–Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudiaren aldaketa.

Aldaketa hauek egin dira Nafarroako Unibertsitate Publikoko Ikasleen Mugikortasunari buruzko Araudian, Gobernu Kontseiluak 2014ko azaroaren 24an hartutako erabaki baten bidez onetsi eta 2014ko abenduaren 23an Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan:

Bat.–36. artikulua honela idatzita gelditzen da:

36. artikulua. Parte hartzeko betekizunak.

1. Mugikortasun-programa batean parte hartzeko, NUPeko ikasleak arduraldi osorako egon behar dira matrikulatuak beren ikasketa-planean, bai eskaera egiten duten ikasturtean, bai mugikortasuna egiten duten ikasturtean. Aurrekoa gorabehera, Nazioartekotzeko Batzordeak zilegi izanen du arduraldi partzialean matrikulatutako ikasleen egoerak banaka baloratzea.

2. Deialdian parte hartzeko eta mugikortasuna egiteko, ezinbesteko baldintza izanen da ikasleak dagokion matrikularen tasak eta prezio publikoak ezarritako epeetan ordaindu izana.

3. Eskaera aurkezteko unean, ikasketetan jarraitzeko baldintzak bete behar ditu ikasleak.

4. Hirugarren mailan mugikortasuna egiteko ikaspostu bat eskuratzeko, nahitaezkoa izanen da eskabidea aurkezteko unean 48 ECTS gaindituta izatea. Laugarren mailako ikaspostuen kasuan, 102 ECTS izan behar dira gaindituta eskabidea aurkezteko unean.

5. Eskatzaileek, gainera, dagozkien deialdietan parte hartzeko ezartzen diren baldintza guztiak bete beharko dituzte.

Iragarkiaren kodea: F2010854