221. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 29a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

412/2020 EBAZPENA, irailaren 18koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez onesten baitira Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea hauteskunde-aktak telematika bidez aurkezteko jarraibideak, Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideek onetsitakoak.

Nafarroako Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortzen duen urriaren 3ko 182/1994 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (1994ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa), batzorde horri dagokio, besteak beste, Nafarroako enpresetan egiten diren hauteskunde sindikalak sustatzeari eta egiteari buruzko akordioak hartzea.

COVID-19ak sortutako osasun larrialdia eragin handia izaten ari da Nafarroako langileengan eta enpresetan, eta, horregatik, beharrezkoa da neurri bereziak hartzea sektore publikoko nahiz pribatuko enpresetan egiten diren hauteskunde prozesuen esparruan. Prozesu horiek irailean berrabiaraziko dira, bat etorriz Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeak sinatutako Erabakiarekin, zeina argitaratu baitzen 2020ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3koan.

Lan Zerbitzuaren egoitza den eraikineko erregistro bulegoa ez dago irekita, ez dituelako betetzen osasun krisiko egoera honetan bete beharreko baldintzak. Hori dela eta, beharrezkoa da agiriak telematika bidez aurkez daitezela bultzatzea eta ezartzea, hauteskunde sindikaletako erregistro publikoa kudeatzen duen bulego publikoan. Hori guztia, alde batera utzi gabe Langileen Estatutuaren 75. artikuluak ezartzen duen betekizuna, zeinak xedatzen baitu lan arloko agintaritzaren menpeko bulego publikoan aurkeztu behar direla boto-kontaketaren jatorrizko akta, boto baliogabeen edo aurkaratutakoen boto-paperekin batera, eta hauteskunde-mahaiaren eraketa-akta, erregistratu eta gordailutu daitezen, iragarki-taulan hamar egun baliodunez jendaurrean egon ondoren.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 265/2019 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiari dagozkio hauteskunde sindikalen erregistroaren gaineko eskudantziak.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea Nafarroako Foru Komunitateko Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeak onetsitako jarraibideak, zehazten dutenak nola aurkeztu, telematika bidez, enpresetako langileen ordezkaritza-organoetako kideak aukeratzeko hauteskundeetako aktak eta Foru Komunitateko Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen ordezkaritza-organoetarako hauteskundeetakoak.

Iruñean, 2020ko irailaren 18an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

NAFARROAKO HAUTESKUNDE SINDIKALETAKO JARRAIPEN ETA KONTROL BATZORDEAREN ERABAKIA, ZEINAREN BIDEZ JARRAIBIDEAK ONESTEN BAITIRA HAUTESKUNDE-AKTAK TELEMATIKA BIDEZ AURKEZ DAITEZEN, OSASUN KRISIKO EGOERA HONETAN

2020ko irailaren 9an bildu dira Nafarroako Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeko kideak; honako hauek, alegia:

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren ordezkari gisa, Javier Zubicoa, Lan Zerbitzuko zuzendaria, eta Iosune González, Lan arloko Erregistro Publikoen Bulegoko burua.

Zentral sindikalen ordezkari gisa:

UGTren aldetik: Amaia Villanueva.

CCOOren aldetik: Javier Ibáñez.

ELAren aldetik: Oskar Rodríguez.

LABen aldetik: Ainhoa de Miguel.

ADIERAZTEN DUTE:

Nafarroako Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea sortzen duen urriaren 3ko 182/1994 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera (1994ko 124. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, urriaren 14koa), batzorde horri dagokio, besteak beste, erabakiak hartzea Nafarroako enpresetan egiten diren hauteskunde sindikalak sustatzeari eta egiteari buruz.

COVID-19ak sortutako osasun larrialdia eragin handia izaten ari da Nafarroako langileengan eta enpresetan, eta, horregatik, beharrezkoa da neurri bereziak hartzea sektore publikoko nahiz pribatuko enpresetan egiten diren hauteskunde prozesuen esparruan. Prozesu horiek martxoan eten ziren, eta irailean berrabiarazi dira, bat etorriz Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordeak sinatutako Erabakiarekin, zeina argitaratu baitzen 2020ko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean, uztailaren 3koan.

Lan Zerbitzuaren egoitza den eraikineko erregistro bulegoa ez dago irekita, ez dituelako betetzen osasun krisiko egoera honetan bete beharreko segurtasun baldintzak. Hori dela eta, beharrezkoa da hauteskunde sindikaletako erregistro publikora igortzen diren agiriak telematika bidez aurkez daitezela bultzatzea eta hori ezartzea. Hori guztia, alde batera utzi gabe Langileen Estatutuaren 75.6 artikuluak ezartzen duen betekizuna eta otsailaren 13ko 30/1995 Foru Dekretuaren 24.3 artikuluak ezartzen duena (foru dekretu horrek arautzen ditu Nafarroako funtzionario publikoen ordezkaritza organoetarako hauteskundeak). Horietan xedatzen da ezen lan arloko agintaritzaren menpeko bulego publikoan aurkeztu behar direla boto-kontaketaren jatorrizko akta, boto baliogabeen edo aurkaratutakoen boto-paperekin batera, eta hauteskunde-mahaiaren eraketa-akta, erregistratu daitezen, iragarki-taulan argitaratu ondoren.

2020ko ekainaren 5ean, Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea bildu egin zen, bideodei bidez, eta adierazi zen beharra dagoela hauteskunde-aktak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkezteko, egungo egoera dela eta. Halaxe jaso zen bileraren aktan. Bilera horretan, zenbait iradokizun egin ziren Administraziora helaraz daitezen jatorrizko aktak, eta Lan Zerbitzua izan dadin horien gordailuzaina.

Horrenbestez,

Jarraibide hauek onesten dira:

1. Oro har, Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez aurkeztuko dira hauteskunde sindikalen erregistro publikoan aurkeztu behar diren agiriak. Honako xedapen hauetan zehazten da zein diren agiri horiek: Langileen Estatutua (II. titulua); 1844/1994 Errege Dekretua, irailaren 9koa, Enpresan Langileen Ordezkaritza Organoetarako Hauteskundeen Erregelamendua onesten duena (25. artikulua); eta 30/1995 Foru Dekretua, otsailaren 13koa, Nafarroako funtzionario publikoen ordezkaritza organoetarako hauteskundeei buruzko Erregelamendua onesten duena.

2. Hauteskunde-akten kasuan, araudian ezartzen da jatorrizko agiriak behar direla. Agiri horiek telematika bidez aurkeztuko dira hasiera batez, aplikatu beharreko araudian ezartzen den epean. Jatorrizkoaren kopia zehatza aurkeztuko da, eskaneaturik, eta irudiak kalitate ona izan beharko du. Erregistro Orokor Elektronikoan zein egunetan aurkezten den, hori izanen da baliozko aurkezpen-data, ondorio guztietarako.

3. Hauteskunde sindikalen erregistroan gordailutu behar dira jatorrizko akta guztiak, erregistratu daitezen, prozedura honi jarraikiz:

a) Jatorrizko hauteskunde-aktak, Hauteskunde Sindikaletako Jarraipen eta Kontrol Batzordea eratzen duten sindikatu nagusiek (UGT, CCOO, ELA eta LAB) sustaturiko hauteskunde-prozesuetakoak, Administrazioan aurkeztuko dira, gordailutu daitezen, aldian-aldian egiten diren bilerak hasterakoan.

b) Beste sindikatu batzuek edo langileek beraiek sustaturiko hauteskunde-prozesuen kasuan, jatorrizko hauteskunde-aktak 15 egun balioduneko epean aurkeztuko dira, boto-kontaketaren akta idatzi zen egunetik hasita, Lan arloko Erregistro Publikoen Bulegoan (Nafarroako Gobernuko Lan Zerbitzua, “Printzearen Gotorlekua 1” eraikina, Iruña), aldez aurretik hitzordua eskatuta.

Iragarkiaren kodea: F2010846