219. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 25a - BEREZIA

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

44/2020 FORU AGINDUA, irailaren 24koa, Osasuneko kontseilariak emana, zeinaren bidez irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduan ezartzen ziren zenbait neurri luzatzen eta aldatzen baitira (Osasuneko kontseilariaren 42/2020 Foru Aginduan prebentzio neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz).

2020ko irailaren 11n, 206. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen irailaren 11ko 42/2020 Foru Agindua, zeinaren bidez prebentzio neurriak hartu baitziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz. Foru agindu horretan, unearen egoera epidemiologikoa kontuan hartuta, eta kutsatzeak saihesteko, gisa honetako neurriak hartu ziren: pertsonen kopurua mugatzea ospakizun sozialetan, ostalaritza eta jatetxe zerbitzuak ematen dituzten establezimenduetan; mugak ezartzea ostalaritzan eta jatetxeetan; edukiera mugatzea igerilekuetan, bide publikoko merkatuetan, joko eta apustu lokaletan, kultur ekitaldietan; elkarte gastronomikoak eta peñak ixtea; eta pertsonen bilkurak mugatzea eremu publikoan. Foru agindu horretan ezartzen ziren neurriak hartzeko funtsezko arrazoiak ziren, batetik, kutsaduraren goranzko kurba kontrolatzen saiatzea, berdindu zedin, eta, bestetik, hartu behar ez izatea neurri askoz murriztaileagoak, bizitza soziala eta eremu ekonomikoa nabarmenki mugatuko zituztenak.

Foru agindu horren hirugarren puntuan ezartzen zen jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen zitzaiela neurri haiei, eta hamabost eguneko epean gehienez ere, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko zirela.

Une hauetan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak dituen azken datuen arabera (38. asteari dagozkionak), intzidentzia metatuak, 7 eta 14 egunera, altua izaten segitzen du, goranzko joerarekin. Azken astean 1.999 kasu baieztatu dira (303 kasu 100.000 biztanleko), eta horrek ospitaleetan sortu duen oihartzuna handiagoa da aurreko astean baino, kolektibo kalteberetan eragina gero eta handiago izaten ari baita.

Beraz, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren datuak ikusirik, bidezkoa da foru agindu horretan ezartzen ziren neurriak luzatzea, eta horietako batzuetan aldaketa puntualak sartzea, idazketa argitzeko, segurtasun juridiko handiagoa emateko eta, ahal den neurrian, osasun publikoaren eta jarduera ekonomikoaren interesak hobeki harmonizatzeko. Neurri hauen indarraldia zazpi egun naturalekoa izanen da, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Foru agindu honetan adierazitako neurriak Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan dute arau-oinarria, lehen artikuluan xedatzen baitu osasun publikoa babesteko eta haren galera edo narriadura eragozteko, administrazio publikoetako osasun arloko agintariek, beren eskumenen esparruan, lege horretan aurreikusitako neurriak hartzen ahalko dituztela, urgentziazko edo premiazko osasun arrazoiek hala eskatzen dutenean.

Bestalde, Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrak 26.1 artikuluan adierazten duenez, osasunerako berehalako arrisku ohiz kanpoko bat baldin badago, edo zentzuz jokatuta susmatzen bada badagoela, osasun arloko agintariek egokitzat jotzen dituzten prebentzio neurriak hartuko dituzte, hala nola produktuak konfiskatu edo immobilizatzea, jarduerak bertan behera uztea, enpresak edo haien instalazioak ixtea, bitarteko materialen eta giza baliabideen interbentzioa, bai eta osasunaren ikuspuntutik justifikatutzat jotzen diren beste guztiak ere.

Azkenik, Osasun Publikoari buruzko urriaren 4ko 33/2011 Lege Orokorrak 54.1 artikuluan ezartzen duenez, eta ezertan ukatu gabe Osasun Publikoaren arloko Neurri Bereziei buruzko apirilaren 14ko 3/1986 Lege Organikoan aurreikusitako neurriak, salbuespenez eta aparteko larritasunak edo presak agindutako egoeretan, Estatuko Administrazio Orokorrak, autonomia erkidegoetakoek eta Ceuta eta Melilla hirietakoek beharrezkoak diren neurri guztiak hartzen ahalko dituzte, zeinek bere eskumenen esparruan, legea betetzen dela ziurtatzeko. Horrez gain, 2. artikuluan ezartzen du, zehazki, agintaritza eskudunak neurri batzuk hartzen ahalko dituela ebazpen arrazoituaren bidez, galarazi gabe Osasunari buruzko apirilaren 25eko 14/1986 Lege Orokorrean aurreikusitakoa; neurri horien artean aipatzen du bitarteko materialen edo giza baliabideen interbentzioa (b apartatua) eta jarduerak bertan behera uztea (d apartatua).

Azkenik, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. artikuluak, Justiziaren esparruan COVID-19ari aurre egiteko neurri prozesal eta antolaketakoei buruzko irailaren 18ko 3/2020 Legeak aldatutakoak, xedatzen du Justizia Auzitegi Nagusietako Administrazioarekiko Auzien Salak arduratuko direla baimen edo berrespen judiziala emateaz Estatukoak ez diren osasun agintaritzak osasun arloko legeriarekin bat hartzen dituzten neurriei, agintaritza horiek osasun publikorako urgente eta beharrezkotzat jotzen badituzte neurri horiek, oinarrizko eskubideak mugatzea edo murriztea eragiten dutenean, neurrien hartzaileak banaka identifikaturik ez daudenean.

Edonola ere, hemen ezartzen diren neurriak ebaluatu eginen dira aurrerago, gehienez ere zazpi egun naturaleko epean foru agindu hau argitaratzen denetik.

Osasunari buruzko azaroaren 23ko 10/1990 Foru Legearen 2.2 artikuluari jarraikiz,

AGINTZEN DUT:

Lehena.–Osasuneko kontseilariaren irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduaren lehen puntuko 1., 2., 3., 4., 6., 7., 9., 10. eta 11. zenbakietan ezartzen diren neurriak luzatzen dira baldintza berdinekin (foru agindu horretan prebentzio neurriak hartzen dira Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz).

Bigarrena.–Ondoren aipatzen diren neurriak aldatzen dira; honela idatzita geldituko dira:

a) “Lehen puntuko 5. zenbakia. Bide publikoan jarduten duten merkatuak.

Bide publikoan, aire zabalean edo sedentarioa ez den salmentan jarduten duten merkatuetan (merkatu txikiak), postuak aurrez aurre bereizita egon beharko dira, igarobide baten bidez. Bide horrek erabiltzaileak ibiltzeko espazioa markatuko du, eta erabiltzaileen artean gutxienez 1,5 metroko pertsonarteko distantzia gordetzen ahal dela bermatuko du. Elkarren ondoko bi posturen artean elementu isolatzaileak paratuko dira, postuen arteko independentzia gordetzeko; halakorik ez bada, 1,5 metroko tartea egon beharko da, gutxienez.

Barrutiak sartzeko gune bat eta irteteko beste bat edukiko ditu, eta biak ongi bereizita egonen dira.”

b) Lehen puntua, 8. zenbakia, igerilekuak.

“Aisialdiko igerilekuetan, kanpokoetan zein estalietan, edukieraren ehuneko berrogeita hamarreko muga gorde beharko da, hala haietara sartzeko nola aisialdiko jardueretan bertan.

Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko du kirol jardueretarako igerilekuen erabilera.”

c) Bigarren puntua honela geldituko da idatzirik:

“Debeku da alkohola saltzea 22:00etatik 8:00ak arteko tartean, publikoari saltzen dioten mota guztietako establezimenduetan, edozein dela ere duten lizentzia, salbu eta lizentzia hauek dituzten establezimenduetan: taberna berezia, ikuskizunetarako kafetegia, tabernak, kafetegiak eta jatetxeak. Horien baldintzak eta ordutegiak berariaz aurreikusitakoak izanen dira.”

Hirugarrena.–Irailaren 11ko 42/2020 Foru Aginduaren lehen apartatuari 13. puntua gehitzen zaio (foru agindu horren bidez prebentzio neurriak hartu ziren Nafarroako Foru Komunitatean COVID-19ak eragindako egoera epidemiologikoak izan duen bilakaeraren ondorioz).

13. 13. Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak egitea espazio itxietan.

Gorputz eta kirol jarduera zuzenduak espazio itxietan egiteko taldeetan ez dira arituko hamabost pertsona baino gehiago.

Nafarroako Kirolaren Institutuak arautuko ditu jarduera hauek egiteko baldintza espezifikoak.

Laugarrena.–Neurri hauen gaineko jarraipen eta ebaluazio etengabea eginen da eta, betiere, zazpi egun naturaleko epean gehienez ere, egoera epidemiologikoaren bilakaerarekin bat datozela ziurtatzeko; horren arabera, beraz, luzatu, aldatu edo bertan behera uzten ahalko dira.

Bosgarrena.–Neurri horietako batzuek mugatzen dituzte Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartu zuen Erabakian adierazitako horiek (gero Gobernuaren abuztuaren 26ko Erabakiak aldatu zuen erabakia), baina erabaki hori osotara aplikatzekoa da arautzen dituen gainerako neurriei dagokienez, foru agindu honetan xedatutakoaren kontrakoa ez den guztian, ezertan ukatu gabe aplikatu beharreko beste xedapen orokor batzuk.

Seigarrena.–Foru agindu honetan ezarritako prebentzio neurriak eta betebeharrak betetzen ez direnean, hori administrazioko arau-haustea bada, zehapenak jar daitezke aplikatu beharreko indarreko araudiarekin bat.

Osasun agintaritzek babesa eta lankidetza jaso dezakete udaltzaingoetatik, Foruzaingotik eta Nafarroako Foru Komunitatearen eremuan aritzen diren Estatuko segurtasun kidego eta indarretatik, foru agindu honetako neurriak ikuskatu eta gauzatzeko.

Zazpigarrena.–Foru agindu hau igortzea Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren Aholkularitza Juridikora, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan berrespen judiziala lortzeko tramita dezan, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Kudeatzailetzara, Lehendakaritzako eta Gobernu Irekiko Zuzendaritza Nagusira, Barne Zuzendaritza Nagusira, Turismo Zuzendaritza Nagusira, Nafarroako Kirolaren eta Gazteriaren Institutura, Osasun Zuzendaritza Nagusira eta Osasun Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusira.

Zortzigarrena.–Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2020ko irailaren 24an.–Osasuneko kontseilaria, Santos Induráin Orduna.

Iragarkiaren kodea: F2011109