217. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

812/2020 EBAZPENA, irailaren 8koa, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez graduatu ondokoei beka bat emateko deialdia onesten baita, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko, animalien eta landareen osasunari lotutako lanetan, bai eta denbora errealean polimerasaren kate-erreakzioaren teknikan oinarritutako zehaztapen analitikoen arloan ere.

Abeltzaintza Zerbitzuak proposatu du graduatu ondokoentzako beka bat emateko deialdia onestea, Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko. Eskatzen den titulazioa ondokoa da: Nekazaritza Ingeniaritzako Gradua, Albaitaritzako Gradua, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Gradua, Farmaziako Gradua, Biologiako Gradua, Biokimikako Gradua, Mikrobiologiako Gradua edo Kimikako Gradua.

Beka honen xedea da ezagutzak eskuratzea animalien eta landareen osasunarekin zerikusia duten zehaztapen analitikoak abian jartzeko, bereziki, denbora errealean polimerasaren kate-erreakzioaren teknikarekin zerikusia dutenak (RT-PCR).

Bekadunen esku utziko diren azterketek lanbide esperientzia baliotsua ekarriko diete, eta, aldi berean, oso baliagarriak izanen dira departamentu honentzat.

Ebazpen honi honako arau hauek aplikatuko zaizkio: azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea, Dirulaguntzei buruzkoa, eta apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretua, araubide orokorra ezartzen duena Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko.

Erabiliz Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilariaren azaroaren 9ko 68/2017 Foru Aginduaren bidez eman dizkidaten eskudantziak, agindu horren bidez departamentuko zuzendari nagusien esku utzi baitzen 2020ko gastu aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidari eta ondorengo aurrekontu-ekitaldietako antzeko partidei egotzitako gastuak eta ordainketak baimentzeko eskumena.

Adierazitakoarekin bat, erabiliz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren egitura organikoa onesten duen urriaren 23ko 258/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidanak,

EBAZTEN DUT:

1. Deialdia onestea graduatu ondokoei beka bat emateko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean ari daitezen, animalien eta landareen osasunari lotutako lanetan, bai eta denbora errealean polimerasaren kate-erreakzioaren teknikan oinarritutako zehaztapen analitikoen arloan ere. Ebazpen honen eranskinean zehazten dira deialdiaren oinarri arautzaileak.

2. 11.380,92 euroko gastua baimentzea, “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera: –2020ko ekitaldi ekonomikoa: 2.845,23 euro, 2020ko gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura; 900 euroko hiru hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 48,41 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2021eko ekitaldi ekonomikoa: 8.535,69 euro, horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2020ko gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2021. urtean). 900 euroko bederatzi hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 48,41 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

3. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

4. Ebazpen hau igortzea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Ekonomia Aferetarako Bulegora.

5. Deialdi hau eta oinarri arautzaileak erregistratzea Nafarroako Gobernuaren Dirulaguntzen Datu Basean (NGDDB).

6. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 8an.–Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusia, Ignacio Gil Jordán.

ERANSKINA

Beka bat Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean aritzeko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuan.
Deialdiaren oinarri arautzaileak

Lehena.–Xedea.

Deialdia onestea graduatu ondokoei beka bat emateko, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Atalean ari daitezen, animalien eta landareen osasunari lotutako lanetan, bai eta denbora errealean polimerasaren kate-erreakzioaren teknikan oinarritutako zehaztapen analitikoen arloan ere (RT-PCR).

Bigarrena.–Iraupena.

Bekak 12 hilabete arte iraunen du, 2020ko urriaren 1etik 2021eko irailaren 30era bitarte. Atalak eskatuz gero, beka luzatzen ahal da, epe bererako, hiru urte egin arte gehienez, hasierako epea eta luzapenak kontuan izanda.

Hirugarrena.–Zenbatekoa.

1. Bekaren zenbatekoa 11.380,92 eurokoa da, “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura, honela banatuta diru kopuruaren eta denboraren arabera:

–2020ko ekitaldi ekonomikoa: 2.845,23 euro, 2020ko gastu-aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren kargura; 900 euroko hiru hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 48,41 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

–2021eko ekitaldi ekonomikoa: 8.535,69 euro, 2021ean horretarako gaitzen den partidaren kargura; hots, 2020ko gastu aurrekontuko “Bekak” izeneko 700000-70110-4809-411100 partidaren baliokide izateko sortzen denaren kargura (horretarako baldintza izanen da kreditu egokia eta nahikoa izatea 2021. urtean). 900 euroko bederatzi hilekori dagozkien laguntzak dira, gehi 48,41 euro hilabetean, Gizarte Segurantzaren kontzeptuan.

2. Betiere, bekadunak bere gain hartuko ditu Gizarte Segurantzaren araubidean sartzeagatik dagozkion betebeharrak, Estatuko araudiak horren gainean ezarritakoarekin bat.

Laugarrena.–Betebeharrak.

Betebehar hauek guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek hartzen ahalko dute prestakuntza beka:

a) Adinez nagusia izatea.

b) Espainiarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa, edo, Europako Erkidegoak sinatu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko tratatuen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.

c) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.

d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.

e) Titulu hauetako baten jabe izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua: Nekazaritza Ingeniaritzako Gradua, Albaitaritzako Gradua, Elikagaien Zientzia eta Teknologiako Gradua, Farmaziako Gradua, Biologiako Gradua, Biokimikako Gradua, Mikrobiologiako Gradua edo Kimikako Gradua.

f) Eskatutako titulua prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.

g) Bekaren xedeko prestakuntzan aritzea galaraz diezaiokeen ezintasun fisikorik edo gaixotasunik ez izatea.

Bosgarrena.–Eskaerak aurkeztea.

1. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoko hamabost egun baliodunean aurkeztuko dira eskaerak.

2. Eskaerak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren Erregistroan aurkeztuko dira (González Tablas kalea 9), edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aipatzen diren tokietatik edozeinetan.

Telematika bidez ere aurkez daitezke, Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariko zerbitzuen katalogoko fitxa erabiliz (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Fitxa horretan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Erregistro Orokor Elektronikoan sartzeko esteka bat izanen da. Identifikatzeko, ziurtagiri digitala eduki beharko da.

Behar diren baliabideak ez dituzten edo aholkularitza behar duten eskatzaileen tramitazioa errazteko, Nafarroako Gobernuak erabiltzaileari arreta emateko Info 012 gunea jartzen du haien eskura, Tuterako Foruen plazako 5-6 zenbakietan. Han aholku emanen zaie eskaerak aurkezteko moduaz, baina horretarako, aurreko paragrafoan ezarri bezala, behar-beharrezkoa izanen da ziurtagiri digitala izatea.

3. Eskaerarekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Eskaera.

b) Curriculum vitae-a, adierazten dituena egindako ikasketak, burututako jarduerak, argitalpenak, lortutako sariak eta aipatu nahi dituen merezimendu guztiak.

c) Ikasketa-espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko irakasgai guztien kalifikazioekin, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatuta.

d) Eskatutako tituluaren fotokopia, deialdi honen laugarren oinarriaren e) letraren arabera.

e) Seigarren oinarriko 2.II. puntuan adierazten diren merezimenduen egiaztagiriak.

f) Jaiotza-agiria edo Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.

g) Nafarroan duela urtebete bizi dela frogatzen duen agiria (adibidez: kasuan kasuko udalak emandako ziurtagiria).

h) Eskatzailearen erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13.2 artikuluari jarraikiz, adierazten duena ez dagoela onuradun izatea galarazten dioten egoeretako bakar batean ere.

Aski izanen da dokumentazioaren kopia soilak aurkeztea, baina aurkeztutako datuak edo agiriak ez-zuzenak edo faltsuak badira, behar diren erantzukizun penal, zibil edo administratiboak eskatuko dira.

4. Epe barrenean aurkeztutako eskaeran behar diren datu guztiak jasotzen ez badira edo eskatutako agiriak eransten ez bazaizkio, interesdunari eskatuko zaio gehienez ere hamar egun balioduneko epean akatsak zuzendu ditzala edo agindutako agiriak aurkez ditzala. Halaber, jakinaraziko zaio hori egiten ez badu eskaerari uko egin diola ulertuko dela. Kasu horretan, espedientea artxibatzeko ebazpena emanen da, eta interesdunari jakinaraziko zaio. Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezin izanen da zuzenketarik egin.

5. Prestakuntza beka jasotzeko eskaera aurkezteak berekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.

Seigarrena.–Eskaeren ebaluazioa.

1.–Ebaluazio batzorde batek baloratu eta hautatuko ditu deialdiko baldintzak betetzen dituzten eskaerak. Honako hauek osatuko dute batzordea:

Batzordeburua: Miguel Ángel Martínez Pérez. Abeltzaintza Zerbitzuko zuzendaria.

Batzordekidea: Jose Ignacio Pascal Gallegos. Landare Biologiaren Bulegoko burua.

Batzordekidea: Manuel Barrón Perea. Albaitaria.

Idazkaria: Pablo Fraile Jiménez de Maquirriain. Nekazaritzako Elikagaien Laborategiaren Ataleko kimikaria.

2.–Ebaluazio batzordeak izangaiek alegatu eta frogatutako merezimenduak kalifikatuko ditu, balorazio hauen arabera:

2.1. Ikasketa-espedientea:

Ikasketa-espedientearen batez besteko nota hartuko da kontuan. Batez besteko nota 10 bada, 5 puntu emanen dira; gainerako notekin, horren araberako hainbanaketa eginen da.

2.2. Bekaren jardueraren esparruari lotutako arloetako prestakuntza:

Ikastaroak: bekaren xedearekin lotura duten ikastaroak baloratuko dira:

–40 ordu baino gutxiagoko ikastaroak: 0,05 puntu ikastaroko.

–40tik 199 ordura bitarteko ikastaroak: 0,1 puntu ikastaroko.

–200 ordu baino gehiagoko ikastaroak: 0,2 puntu ikastaroko.

Tituluak:

–Beste titulu batzuk: 0,6 puntu titulu osoko. Tituluan baldin badaude bekarekin lotura duten edukiak eta loturarik ez dutenak, hainbanatzen ahalko dira, orduen eta kredituen arabera.

2.3.

Bekaren xedearekin lotura duten jardueretan lan egindako urte bakoitzeko 0,6 puntu emanen dira, edo haren banaketa proportzionala.

2.4.–Hizkuntzak.

Ingelesa baloratuko da, interes zientifikoko hizkuntza den aldetik; kontuan hartuko dira hizkuntza eskola ofizialetako tituluak, edo Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen irailaren 13ko 210/2010 Ebazpenean aitortutako erakundeetakoak. Ebazpen horrek baliozkotzeak ezarri zituen euskararen eta Europar Batasuneko hizkuntzen jakite-maila frogatzen duten titulu eta ziurtagirien artean, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren arabera.

A2 maila: 0,2 puntu.

B1 maila: 0,3 puntu.

B2 maila: 0,5 puntu.

C1 maila: 0,75 puntu.

3.–Merezimenduak kalifikatzeko prozesua bukatuta, ebaluazio batzordeak Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuko iragarki taulan (González Tablas kalea 9, Iruña) argitaratuko du aukeraturiko izangaien zerrenda, lortutako puntuazioaren araberakoa, baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko atariko zerbitzuen katalogoko berariazko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/).

4.–Ebaluazio batzordeak organo eskudunari igorriko dio bekak emateko proposamena, loteslea izanen dena.

5.–Hautatutako gainerako eskatzaileekin ordezkapenetarako zerrenda bat osatuko da, guztira lortzen duten puntuazioaren araberako hurrenkerari jarraikiz; hurrenkera horri zorrotz jarraituko zaio sortzen ahal diren bajak betetzeko, onuradunak uko egiten duenean, ezinbesteko kasuetan, baldintzak betetzen ez dituenean edo behar bezala arrazoitutako beste edozein kasutan.

Zazpigarrena.–Beka emateko ebazpena.

1. Ebazpen proposamena ikusirik, Nekazaritza eta Abeltzaintzako zuzendari nagusiak beka emateari buruzko ebazpena emanen du.

2. Prozedura ebazteko epea hiru hilabetekoa izanen da, deialdia Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita. Epe hori bukatzen denerako berariazko ebazpena argitaratu edo jakinarazi ez bada, uler daiteke eskaerak ezetsi egin direla administrazioaren isiltasunez.

3. Administrazio prozedura erkideari buruzko legedian ezarritako bideak erabiliko dira interesdunei jakinarazteko nori esleitu zaion beka eta, halakorik bada, gainerako eskaerak ukatu direla. Hori guztia Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren iragarki-taulan argitaratuko da (González Tablas kalea 9, Iruña), baita Nafarroako Gobernuaren Interneteko Atariko zerbitzuen katalogoko fitxan ere (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/). Beka emateari buruzko jakinarazpenean zehaztuko da zer baldintza ezarriko zaizkion onuradunari.

Zortzigarrena.–Jabetza intelektuala.

Egiten diren dokumentu eta lanen jabetza intelektuala Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarena izanen da, eta berak baizik ez du izanen haiek zabaldu eta argitaratzeko eskubidea.

Bederatzigarrena.–Jardueren hasiera eta ukoak.

1. Prestakuntza bekak jasotzen dituztenek organo eskudunak agintzen dien egunean hasi beharko dute lanean, edo, betiere, bekaren esleipena jakinarazi eta hamar eguneko epean, gehienez ere. Horrela egiten ez badu, ulertuko da onuradunak bekari uko egin diola behin betiko, non ez den ezinbesteko arrazoirik edo behar bezala justifikatutako beste edozein gorabehera.

2. Emandako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, organo eskudunak zilegi izanen du beka hori ebaluazio batzordeak ezarritako zerrendan hurrengo postuan ageri denari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte sortu diren betebeharrak betetzea.

Hamargarrena.–Betebeharrak eta bateraezintasunak.

1. Bekadunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 16. eta 19. artikuluetan ezarritako bateraezintasun eta betebehar orokorren araubidea bete beharko dute.

2. Jarduerak hasten diren unean, bekadunak ez dira jasotzen ariko bekarekin bateraezina den beste edozein laguntza publiko edo pribatu.

3. Jarduerak hasteko unean Nafarroako Ogasun Publikoko zergaduna bada, onuradunak zerga betebeharrak eguneraturik dituela egiaztatzen duen ziurtagiria aurkeztu beharko du, baita zinpeko adierazpen edo agindu bat ere, adierazten duena ez dela jasotzen ari, helburu berarekin, beste departamentu, administrazio, ente publiko edo pribatu batzuek emandako laguntza publikorik, bekarekin bateraezina dena.

4. Beka emateak zehazten duen prestakuntza teoriko-praktikoko jarduera betetzea, eta bekaren jarduketaren xedearekin eta eremuarekin lotutako jardueretan eta lanetan laguntzea. Beka jasotzen dutenek beren kabuz joan beharko dute departamentuaren instalazioetara.

5. Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo dirulaguntzen berri ematea beka eman duen organoari.

6. Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.

7. Prestakuntza jarduera gauzatu bitartean ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.

8. Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araudia betetzea.

9. Onuradunak egindako prestakuntza jardueraren azken memoria aurkeztu beharko du. Memoriak tutorearen adostasuna izan beharko du, eta hark balorazio bat gehituko du beka emateko baldintzen eta aurreikusitako helburuen betetze-mailari buruz.

10. Onuradunak prestakuntza jarduera bera egiteko beka edo dirulaguntza bateragarri bat baino gehiago metatzen badu, jasotako zenbatekoa ezin izanen da 18.000 eurotik gorakoa izan urtean, dela bakarka dela administrazio beraren, beste administrazio publiko baten edo Espainiako nahiz atzerriko erakunde publiko edo pribatu baten nahiz partikular baten beste dirulaguntzekin baturik.

Hamaikagarrena.–Tutoretza eta jarduerak.

1. Bekadunari tutore bat esleituko zaio. Tutoreak eginkizun jakin batzuk ezarriko dizkio, ordutegiak finkatuko ditu eta bekadunen betebeharrak eta jarduerak betetzen diren begiratuko du, haren ardura izanen baita bekaduna gainbegiratzea.

2. Beka emateak ez du inolaz ere sortuko lan, kontratu edo estatutu bidezko harremanik Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin.

3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko atsedenaldia emanen zaio onuradunari.

4. Zein unitate administratibotan egiten diren jarduerak, haren barne edo funtzionamendu araubideari jarraituko zaio eskubide horiek erabiltzeko.

5. Bekadunak prestakuntzarako beharrezkoak diren joan-etorriak egin beharko ditu.

Hamabigarrena.–Kalte-ordainak.

1. Bekadunak eskubidea du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuaren 21. artikuluan ezarritako kalte-ordainak jasotzeko.

Hamahirugarrena.–Kalteengatiko erantzukizuna.

Administrazio Publikoa izanen da bekadunak bere prestakuntza jarduera bitartean hirugarrenei eragiten dizkien kalteen erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du bekadunak, dolo, erru edo zabarkeria larriagatik izan dezakeen erantzukizuna eskatzea.

Iragarkiaren kodea: F2010351