217. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

378/2020 EBAZPENA, irailaren 7koa, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak emana, Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2020-2021eko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onesten dituena. DDBN identifikazioa: 522902.

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken deialdia Nafarroako 2017-2020 Nazioarteko Planaren barnean kokatzen da; izan ere, plan horrek bilatzen du Nafarroako herritarrak gai izan daitezela ingurune global batean arlo pertsonalean eta profesionalean garatzeko dauden aukerak aprobetxatzeko. Gainera, Nafarroako Foru Komunitatea nazioartekotzen laguntzeko funtsezko tresna da, eta zuzenean bat egiten du Nafarroaren espezializazio adimentsuaren estrategiarekin (S3).

Beken xedea da Nafarroako tituludunek prestakuntza eta esperientzia profesionala lortzea, Europar Batasunetik kanpoko entitateetan praktikak eginez, hori lagungarri izan dadin lan bizitzara sartzeko eta etorkizunean Nafarroako enpresak nazioartekotzeko.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32. artikuluak ematen dizkidan eskudantziak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko beken 2020-2021eko deialdia onestea.

2. Beka horiek emateko oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen 1. eranskinean ageri dira.

3. 175.500 euroko gastua baimentzea, 2020ko gastu-aurrekontu indarduneko “Nazioarteko praktikak” izeneko 810003-81430-4809-146100 partidaren baliokidea izateko asmoz 2021eko aurrekontuan gaitzen den partidaren kargura, betiere kreditu egokia eta nahikoa badago ekitaldi horretan.

4. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, orok jakin dezan.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 7an.–Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia, Izaskun Goñi Razquin.

1. ERANSKINA

Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetan praktikak egiteko 2020-2021eko beken oinarri arautzaileak

1. oinarria.–Xedea.

Beken helburua da tituludun berriek prestakuntza praktikak egitea Europar Batasunetik kanpoko herrialdeetako nortasun juridikodun entitateetan (enpresak, ikerketa zentroak, GKEak, enbaxadak, kontsuletxeak, Espainiako Turismo Institutuko eta Kanpo Merkataritzako Institutuko bulegoak eta merkataritza ganberak) diziplina anitzeko nazioarteko taldeetan beren lanbide eta lan gaitasunak hobetzeko asmoz, hezkuntza sistematik lan bizitzara errazago pasa daitezen.

2. oinarria.–Bekak entitate laguntzaileen bidez kudeatzea.

Entitate laguntzaileen bidez kudeatuko dira beka hauek; izan ere, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren Zuzendaritza Nagusiak lankidetza hitzarmen bat sinatu du haiekin, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan ezarritakoaren arabera.

Hona hemen entitate horiek: Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa eta Nafarroako Unibertsitatearen Career Services. Entitateek zerbitzua emanen diete interesdun guztiei, ikasketak non egin dituzten kontuan hartu gabe.

3. oinarria.–Onuradunak.

1. Beka eskatzeko unean beharkizun hauek betetzen dituzten pertsonek jasotzen ahalko dute beka:

a) Nafarroarekin lotura izatea, Nafarroan jaioa izateagatik, foru izaera zibila izateagatik edo Nafarroan erroldatua egoteagatik deialdi hau argitaratu aurreko bi urtean gutxienez. Hori frogatzeko, erroldatze-ziurtagiria aurkeztu beharko da.

b) Unibertsitateko titulu bat izatea.

c) Unibertsitate ikasketak amaitu ondoren, unibertsitateko tituludunek atzerrian praktikak egiteko beka bat jaso ez izana.

d) Deialdia argitaratzen den unera arte 183 egunetan baino gehiagotan kotizatu ez izana Gizarte Segurantzako 1. eta 2. kotizazio taldeetan.

e) Nafarroako Gobernuak aurreko deialdietan emandako nazioarteko praktiketarako beka bati uko egin ez izana, ezinbestean izan ezean.

f) Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten online prestakuntza planean aurrez izena ematea, titulua non eskuratu den kontuan hartu gabe.

g) Europar Batasunetik kanpoko herrialde bateko nortasun juridikodun entitate batek bere egoitzan praktikak egiteko hautatu izana. Hori lortzen ahalko da bai baliabide propioen bidez, bai entitate laguntzaileek egiten dituzten eskaintzen bidez; entitate horiek beren webguneetan ezarriko dituzte praktika horiek eskatzeko dauden epeak.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluak onuradun izateko ezarritako debeku-egoeretako batean ere ez egotea. Eskabide-orrian ageri den erantzukizunpeko adierazpenaren bidez frogatzen ahal da hori.

Dirulaguntza eskatzeak berekin dakar baimena ematea organo emaileak zuzenean eskuratu ditzan behar diren ziurtagiri telematikoak, frogatzen dutenak eskatzaileak egunean dituela tributu betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak. Eskabidean interesdunak horri berariaz uko egiten badio, berak aurkeztu beharko ditu aipatutako betebeharretan egunean dagoela adierazten duten ziurtagiriak.

2. Oinarri honen 1. atalean eskatzen diren beharkizunak betetzen direla frogatuko da 6. oinarrian adierazitako dokumentazioa aurkeztuz.

4. oinarria.–Beken baldintzak: zenbatekoa, iraupena eta lan harremanik eza.

1. Prestakuntza bekaren diru-zenbatekoa gastu hauek estaltzeko erabiliko da: egonaldia, bidaia, bisak eta istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako nahitaezko aseguru bat. Beka bakoitzaren diru-zenbatekoa deialdiaren II. eranskinean destinoko herrialdearen arabera adierazitakoa da.

Jasotzen den zenbatekoa pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari (PFEZa) lotuta dago.

2. Praktiken iraupena 6 hilabetekoa izanen da gutxienez, eta bekek estaliko duten gehieneko aldia ere 6 hilabetekoa izanen da.

3. Beka jasotzeak ez du lan harremanik sortuko destinoko entitateekin, eta ez du inolako konpromisorik ekarriko aurrerantzean onuraduna plantillan sartzeko.

Prestakuntza atzerrian egiten denez, onuradunak ez dira sartu behar Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean, Prestakuntza programetan parte hartzen duten pertsonak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartzeko baldintzak arautzen dituen urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuaren arabera.

5. oinarria.–Eskaerak aurkezteko epea eta modua.

1. Eskaerak aurkezteko epea deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko azaroaren 16an bukatuko, egun hori barne.

2. Eskaerak aurkeztu baino lehen, entitate laguntzaileetako batek (Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Unibertsitatea-Gizartea Fundazioa edo Nafarroako Unibertsitatearen Career Services) berrikusi beharko ditu, deialdian eskatzen diren betebeharrak betetzen dituztela bermatzearren.

3. Eskaera bakarra aurkezten ahalko da parte-hartzaile bakoitzeko.

4. Eskaerak Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuko Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzura zuzenduko dira, eta Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren izapideen katalogoko fitxa erabiliz aurkeztuko dira, ahal dela: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8629/Becas-a-titulados-as-universitarios-as-para-realizar-practicas-internacionales-2020-2021 (aurrerantzean, laguntzen fitxa).

Beka fitxa horren bidez eskatzerik ez badago, dokumentazioa 6.2 oinarrian adierazi bezala aurkezten ahalko da, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako tokietatik edozeinetan. Eta aurkeztu izanaren berri eman beharko da mezu elektroniko bat bidaliz helbide honetara: practicasinternacionales@navarra.es.

6. oinarria.–Bekak eskatzeko dokumentazioa.

1. Bekak eskatzeko, honako dokumentazio hau aurkeztu beharko da, eta dokumentuak eskaneatuta, bereizita eta behar bezala identifikatuta egonen dira, zein bere izenarekin:

a) Laguntzen fitxan eta entitate laguntzaileen web-orrietan eskura dagoen ereduaren araberako eskabidea.

b) Nortasun agiri nazionalaren edo baliokidearen fotokopia.

c) Foru Komunitatean jaio ez bada, Nafarroan erroldatua izatearen ziurtagiria edo foru izaera zibila izatearena.

d) Unibertsitateko titulua.

e) Unibertsitateko ikasketa-espediente ofiziala, ebaluatutako batez besteko nota 1etik 10era bitarteko eskalan agertu behar duena.

f) Lan bizitzari buruzko txostena.

g) Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Nafarroako Unibertsitateak praktikak atzerrian egiteko eskaintzen duten prestakuntza planean aurrez izena eman duela frogatzen duen agiria.

h) Prestakuntza praktikak eginen diren Europar Batasunetik kanpoko herrialdeko entitateak onartu izanaren egiaztagiria.

i) Egin beharreko praktikei buruzko txostena: entitatea, kokalekua, hasteko eta bukatzeko egunak, egin beharreko zereginen deskripzio zehatza, laguntza poltsa (hala badagokio), tutorea eta gainerako alderdi garrantzitsuak.

2. Eskaera Nafarroako Gobernuak Interneten duen Atariaren laguntzen fitxaren bidez aurkeztu ezean, oinarri honen 1. atalean adierazitako dokumentazioa paperean eta euskarri elektronikoan (CDa edo USBa) aurkeztu beharko da, eta aurkeztu dela jakinarazi beharko da, mezu elektroniko bat igorriz practicasinternacionales@navarra.es helbidera.

3. Eskaerak eskatzen diren betebehar horiek betetzen ez baditu, interesdunari eskatuko zaio 10 egun balioduneko epean zuzentzeko, eta ohartaraziko zaio, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena emanen dela.

Ezin izanen dira zuzendu entitate laguntzaileek berrikusi gabeko eskaerak.

7. oinarria.–Bekak emateko irizpideak.

1. Bekak emateko irizpideak honako hauek izanen dira, eta gehienez ere 100 puntu lortzea eraginen dute:

a) Ikasketa-espedientea (gehienez ere 30 puntu, lortutako notarekiko proportzioan esleituak). Horren ondorioetarako, titulu bat baino gehiago izanez gero, praktikarekin zerikusia dutenen artetik batez besteko notarik handiena duena hartuko da aintzat.

b) Zer neurritan egokitzen zaizkion eginen diren praktikak eskatzailearen profil profesionalari (gehienez ere 60 puntu).

Baloratuko da destinoko entitatean egin beharreko lanak, horren onarpen agirian zehazten direnak, bat etortzea eskatzailearen titulazioarekin. Gauzak horrela:

–0 puntu emanen dira praktika ez badator bat titulazioaren profil profesionalarekin (egin beharreko lanen %25 baino gutxiago).

–30 puntu bat etortzea nolabaitekoa bada (egin beharreko lanen %25 eta %75 artean).

–eta 60 puntu bat etortzea handia bada (egin beharreko lanen %75 baino gehiago).

c) 10 puntu emanen dira Nafarroako enpresa batek Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean duen egoitza batean egiteagatik praktikak.

2. Berdinketa egonez gero, lehentasuna emanen zaio eskatzaile guztien artean ordezkaritza txikiena duen sexuko pertsonari. Berdinketak jarraitzen badu, hori zozketa bidez ebatziko da.

8. oinarria.–Bekak ematea.

1. Beka hauek norgehiagokako prozeduraren bidez emanen dira. Hartara, aurkeztutako eskaerak konparatuko dira haien artean lehentasuna ezartzeko, aurreko oinarrian ezarritako balorazio irizpideekin bat.

Bekak balorazio handiena lortzen dutenei emanen zaizkie, deialdirako erabilgarri dagoen 175.500 euroko kreditua agortu arte. Aurrekontuetan behar adina diru ez egoteagatik kontuan hartzen ez diren eskaerak ezetsitzat joko dira.

2. Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak ezarritako irizpideei jarraituz ebaluatuko ditu eskaerak, eta organo eskudunari ebazpen proposamena igorriko dio, non adieraziko baita onuradunek beka lortzeko betebehar guztiak betetzen dituztela.

3. Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusia izanen da prestakuntza beka ematea edo ez ematea ebatziko duen organo eskuduna.

Beka emateko ebazpenean hauek azalduko dira:

a) Onuradunaren datuak, destinoko herrialdea eta praktikak egiteko entitatea.

b) Bekaren zenbatekoa.

4. Ebazpena gehienez ere hiru hilabeteko epean eman eta jakinaraziko da, eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hasita. Epe horretan ebazpen espresik eman ezean, eskaerak ezetsitzat joko dira. Hala ere, organo eskuduna behartua dago bekak eman edo ukatzeko berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera, oinarri hauetan xedatutakoari jarraikiz.

Eskaeraren berariazko edo ustezko ezespenaren aurka interesdunek errekurtsoa jartzen ahalko dute, administrazio prozedura erkideari buruzko legeriari jarraikiz.

5. Beka eman zaiela jakinarazi ondoren, bekadunek hilabeteko epea izanen dute Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuari jakinarazteko onartzen duten. Jakinarazi ezean, beka galduko da.

6. Onuradunen batek bekari uko eginez gero, beka hori aurrekontuetan kreditu nahikoa ez izateagatik ezetsi diren beste eskatzaile batzuei ematen ahalko zaie, betiere ezarritako lehentasun ordenari jarraikiz, baldin eta praktikaldia 11.1 oinarriaren c) letran ezarritako epean hasteko moduan baldin badaude.

9. oinarria.–Beka aldatzea ekar dezaketen inguruabarrak.

Bekaduna hartuko duen entitatearen beharrak direla-eta praktika egiteko lekua aldatzea proposatzen bada, praktikaren edukia aldatu gabe, eta bekadunak aldaketa hori onartzen badu, beka emateko ebazpena aldatuko da destino berriari dagokion poltsaren zenbatekora egokitzeko, betiere aurrekontuan dirua badago.

Era berean, ohiz kanpoko egoeretan (bekaduna hartzen duen entitateak jarduera etetea, baldintzak ez betetzea edo Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak baloratu beharreko ezinbesteko beste arrazoi batzuk), bekadunak zilegi izanen du antzeko ezaugarriak dituen beste praktikaldi bat eskatzea, baldin eta praktika alternatiboren bat baldin badago.

10. oinarria.–Justifikazioa eta bekaren ordainketa.

Beka honela ordainduko da:

1. Bekaren %30 praktikaldia hasi baino lehen ordainduko da, bidaiako eta destinoan ostatu hartzeko hasierako gastuak estaltzeko, ezer ere justifikatu beharrik gabe.

2. Praktikaldiko hasierako 5 hilabeteetako bakoitzaren bukaeran, bekaren %10 adinako ordainketak eginen dira, ezer ere justifikatu beharrik gabe.

3. Eta gainerako %20a bekaren xedeko praktikaldia bukatutakoan (6 hilabete) ordainduko da, honako frogagiri hauek aurkeztu eta gero:

a) Harrera entitatean egindako lanei buruzko memoria.

b) Atzerrian praktikak egiteko online prestakuntza planaren matrikularen ordainagiria.

c) Harrera entitatearen ziurtagiria, frogatzen duena prestakuntza praktikak ongi bete direla, hasierako eta bukaerako datak adierazita.

d) Eraginkortasun adierazleen 1. galdetegia, laguntzen fitxan agertzen dena.

Dokumentazio hori gehienez ere hamar egun balioduneko epean aurkeztu beharko da, praktikaldia bukatzen denetik hasita. Aurkezteko tokia eta modua 5.4 oinarrian adierazten direnak izanen dira.

11. oinarria.–Onuradunen betebeharrak.

1. Prestakuntza beken onuradunek betebehar hauek izanen dituzte:

a) Destinoko herrialdera joan baino lehen, istripuetarako, bidaiarako, laguntza medikorako eta erantzukizun zibilerako asegurua sinatzea. Asegurua onuradunek ordainduko dute, nahiz eta bekaren zenbatekoaren barnean dagoen.

b) Bi unibertsitateek, atzerrian praktikak egiteko, ematen duten online prestakuntza programa egitea.

c) Destinoko entitatean lanean hastea 2021eko martxoaren 1etik 2021eko maiatzaren 31ra bitartean, eta prestakuntza praktikak egitea sei hilabetez gutxienez.

d) Jabetza intelektual edo industrialari buruzko araudiarekin bat babestu beharreko edozein emaitza jakinaraztea praktikak egiten diren entitateari.

e) Prestakuntza beka zein entitatetan egiten den, hango ordutegia, arauak eta diziplina betetzea.

f) 10.3 oinarrian bekaren azken zenbatekoa ordaintzeko adierazten diren frogagiriak aurkeztea 10 egun balioduneko epean, praktikaldia bukatzen denetik hasita.

g) Laguntzen fitxan eskura dauden eraginkortasun adierazleen bi galdetegiak aurkeztea: 1. galdetegia, praktikak bukatutakoan (frogagiriekin batera), eta 2. galdetegia, berriz, praktikak bukatu eta sei hilabete igaro ondoren.

h) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrak betetzea.

2. Oinarri arautzaile hauetan edo Dirulaguntzei buruzko Foru Legean ezarritako betebeharrak osorik bete ezik, beka behar bezala aprobetxatu ezik edo praktikaldia egiten den entitateak kontrako txostena emanez gero, beka kobratzeko eskubidea galduko da, edo, kasua bada, diru hori itzuli egin beharko da, aipatutako foru legearen 35. artikuluan xedatutakoarekin bat.

Halaber, aurreko betebeharretako bat hein batean betetzen ez bada, emandako bekaren zenbatekoa berriro ere zehazten ahalko da, proportzionaltasun printzipioari jarraikiz, edo, zein den kasua, dagokion zenbatekoa itzuli beharko da.

3. Prestakuntza programa utziz gero Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuaren iritziz justifikatua dagoen arrazoi bategatik, bukatu gabe utzitako prestakuntzaldiari dagokion zenbatekoaren zati proportzionala itzuli beharko da eta/edo hori kobratzeko eskubidea galduko da.

12. oinarria.–Bekaren bateragarritasuna.

Deialdi honetako bekak bateraezinak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, beste administrazio publiko batzuek, beste erakunde publiko nahiz pribatu batzuek edo partikularrek, Espainiakoek nahiz atzerrikoek, gastu beretarako emandako beste dirulaguntza batzuekin.

Deialdi honetako prestakuntza bekak bateragarriak dira harrera entitateek praktikak egiteagatik ematen ahal dituzten laguntzekin.

13. oinarria.–Emandako beken publizitatea.

Nazioarteko Proiekzioaren Zerbitzuak jendaurrean jarriko ditu emandako bekak Ogasun Ministerioaren Dirulaguntzen Datu Base Nazionalaren bitartez (http://www.pap.hacienda.gob.es/bdnstrans/GE/eu/index), honako hauek adierazita: deialdia, laguntza zein aurrekontu kredituri egotzi zaion, onuraduna eta emandako diru kopurua.

Beka hauen onuradunen zerrenda, orobat, laguntzen fitxan argitaratuko da: http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8629/Becas-a-titulados-as-universitarios-as-para-realizar-practicas-internacionales-2020-2021

14. oinarria.–Oinarri arautzaileen aurkako errekurtsoa.

Oinarri arautzaile hauen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar dezakete interesdunek, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

II. ERANSKINA

Prestakuntza beken zenbatekoa, Europar Batasunetik kanpoko herrialdearen arabera

HERRIALDEAK

BEKAREN ZENBATEKOA

Angola

7.872 euro

Saudi Arabia

7.072 euro

Aljeria

4.983 euro

Argentina

6.233 euro

Australia

7.750 euro

Bolivia

5.880 euro

Brasil

6.585 euro

Kamerun

6.050 euro

Kanada

6.294 euro

Txile

6.821 euro

Txina

6.627 euro

Kolonbia

5.824 euro

Hego Korea

6.560 euro

Costa Rica

6.169 euro

Kuba

6.029 euro

Ekuador

5.440 euro

Estatu Batuak (ekialdeko kosta)

8.161 euro

Estatu Batuak (mendebaldeko kosta)

8.364 euro

Estatu Batuak (erdialdea)

7.785 euro

Egipto

4.893 euro

El Salvador

5.440 euro

Filipinak

5.840 euro

Ghana

6.720 euro

Guatemala

5.566 euro

India

6.204 euro

Indonesia

5.073 euro

Israel

5.405 euro

Japonia

9.840 euro

Jordania

5.120 euro

Kazakhstan

6.449 euro

Kenya

6.429 euro

Libano

5.053 euro

Malaysia

5.320 euro

Maroko

3.920 euro

Mexiko

5.393 euro

Nigeria

5.024 euro

Norvegia

5.954 euro

Zeelanda Berria

7.962 euro

Panama

5.566 euro

Paraguai

6.046 euro

Peru

5.920 euro

Dominikar Errepublika

4.669 euro

Errusia

6.260 euro

Senegal

5.053 euro

Serbia-Montenegro

4.426 euro

Singapur

7.427 euro

Hegoafrika

5.978 euro

Suitza

5.647 euro

Thailandia

5.680 euro

Taiwan

6.843 euro

Tunisia

4.146 euro

Turkia

4.944 euro

Ukraina

4.406 euro

Uruguai

6.206 euro

Vietnam

6.580 euro

Zerrendan agertzen ez diren herrialdeen kasuan, banakako kalkulua eginen da.

Iragarkiaren kodea: F2010268