217. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 24a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

103/2020 EBAZPENA, abuztuaren 26koa, Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez zenbait jarraibide onesten baitira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten arte eskolen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2020-2021 ikasturtean.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariak ebazpen hau onestearen aldeko txostena aurkeztu du. Indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta garatzeko balioko duten jarraibide batzuk onestea du xede ebazpenak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten arte eskoletan behar bezalako antolaketa eta funtzionamendu egokia lor daitezen 2020-2021 ikasturtean, haien autonomiaren esparruan.

Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 267/2019 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Eranskinean ageri diren jarraibideak onestea. Jarraibide horietan Nafarroako Foru Komunitateko arte eskolen antolaketa eta funtzionamendua arautzen dira 2020-2021 ikasturterako, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez.

2. Ebazpen hau eta eranskina Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

3. Ebazpen hau eta eranskina igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusira, Hezkuntza Baliabideen Zuzendaritza Nagusira, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura, Lanbide Kualifikazio, Enpresa eta Enplegurako Zerbitzura, Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzura, Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzura, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzura, Hezkuntzako Informazio Sistemen Zerbitzura, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura, Ikastetxeetako Informazioa Kudeatzeko Bulegora, Corellako Arte eta Goi mailako Diseinu Eskolara eta Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolara.

4. Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 26an.–Lanbide Heziketako zuzendari nagusia, Tomás Rodríguez Garraza.

ERANSKINA

Jarraibideak, arte eskolen antolaketa eta funtzionamendua arautzeko 2020-2021 ikasturtean, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez

Ikasturte hasierako jarraibideek indarreko araudiaren alderdi batzuk zehaztu eta argitzen dituzte, eta arautu gabeko beste batzuk arautzen, arte ikastetxeen antolaketa eta funtzionamendua hobetzeko arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez. Horrez gain, ikasturtean lehentasunez landu behar diren ildoak ezartzen dituzte.

Jarraibideak zazpi kapitulutan daude bereizita:

Lehenbizikoa da urteko programazio orokorrari buruzkoa, eta hartan argibideak jasotzen dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak emateak dituen berezitasunei buruz. Halaber, urteko programazio orokorrak eranskin bat dauka, honako hauei buruzkoa: kontingentzia plana; arte eskolen parte-hartzea “Jarduketa Plana” prestatzeko; biurteko hobekuntza plana, eta beste alderdi batzuk, kontuan hartu behar direnak programazio didaktikoetan.

Bigarrenean, Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoaren inplementazioari heltzen zaio, bai eta programa berariazkoei ere, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez. KIMUA programa, Spainskills txapelketak, enpresetako egonaldiak, lanbiderako informazioa eta orientazioa, eta berrikuntza eta mugikortasun proiektuak.

Hirugarrenean, jarraibideak zehazten dira Hezkuntza Departamentuaren beste programa orokor batzuk garatzeko; esate baterako, “Elkarbizitza. Laguntza programa”, “Berdintasuna eta hezkidetza. Skolae Programa” eta “Aniztasunari Erantzuteko Plana”.

Laugarrenean, jarraibideak ezartzen dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak garatzeko.

Bosgarrenean, Hezkuntza Departamentuko beste irakaskuntzetarako ere amankomunak diren jarraibideak azaltzen dira.

Seigarrenean, antolaketako berariazko alderdi batzuk zehazten dira, beharrezkoak direnak arte eskolen funtzionamendurako; eta oharrak egiten dira, bereziki, 2020-2021 ikasturteko curriculum plangintzaren eta arreta digital ez-presentzialaren gainean eta irakasleen eskola-orduen gainean.

Zazpigarrenean, erreferentziazko agiri estrategikoa eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan gehien erabiltzen diren arauak azaltzen dira.

I. KAPITULUA

Arte eskolen planifikazioa. Urteko programazio orokorra

1.–Arte eskolak: urteko programazio orokorra.

Urteko programazio orokorra (UPOa) arte eskolaren plangintza, antolamendu eta funtzionamendurako oinarrizko tresna da, eta haren bidez zehazten dira ikasturtean zehar garatuko diren hezkuntza proiektua, antolaketarako eta funtzionamendurako arauak eta kudeaketa proiektua.

Dokumentu hori prestatzeko orduan, zorroztasuna, erraztasuna eta erabilgarritasuna hartuko dira kontuan.

Autonomiaren, erantzukizunaren eta efizientziaren printzipioekin bat etorriz, zuzendaritza taldeak bere baliabideak kudeatuko ditu, eta Hezkuntza Departamentuak ezarritako prestakuntza eskaintza taxutuko du (antolaketa, ordutegia, kanpo eta barne koordinaziorako egutegia, etab.), ikasleentzako laguntza eta emaitza akademikoak hobetzeko.

Indarreko araudian ezartzen dira urteko programazio orokorrean agertu beharreko atalak, eta ekainaren 23ko 216/2020 Ebazpenean jaso dira 2020-2021 ikasturterako zehaztapenak, kontingentzia planari buruzko eranskina barne. Zehazki, zehaztapen horiek jasota daude ebazpen horren II. eranskineko I. kapituluan, “A) Xedapen orokorrak” apartatuan.

Ebazpen horretan adierazitakoaz gain, arte eskolek zenbait alderdi kontuan hartu beharko dituzte, bereziki, urteko programazio orokorrean, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez. Hona hemen alderdi horiek:

1.1. Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen jarduketa planarekin lotutako neurrien berrikuspena eta programazioa.

Arte eskolek berraztertu, eta, beharrezkoa bada, zuzendu beharko dituzte Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak ezarri duen jarduketa planean definitzen diren sei jarduketa-ildo estrategikoekin lotutako neurriak. Jarduketa-ildo horiek garatzen dira Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren uztailaren 28ko 67/2020 Ebazpenaren 1. jarraibidean. Ebazpen horren bidez, zenbait jarraibide onetsi ziren, arautzearren hezkuntza sistemaren Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoen antolaketa eta funtzionamendua 2020-2021 ikasturtean.

Hona hemen sei ildo estrategiko horiek:

a) Berrikuntza metodologikoa eta teknologikoa.

b) Lanbide informazioa eta orientazioa hobetzeko modu erabakigarrian laguntzea.

c) Lanbide Heziketa Dualaren garapena eta finkapena.

d) Kanpoko ekintzen sustapena.

e) Ikastetxearen identitatea ezaugarritzea.

f) Genero ikuspegia txertatzea.

1.2. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen programa berariazkoen berraztertzea:

Arte eskolek berraztertu eta programatuko dituzte eskoletan bertan ezarritako planak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzekin loturikoak.

1.3. Arte eskolekin elkarlanean aritzea jarduketa plana egiteko, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzekin loturik.

Arte eskoletako gobernu organoek jarduketa plana prestatzen lagun dezaten sustatzeko, arte eskolako zuzendariak, ikastetxeko gobernu organoen parte-hartzea bermatuko duen eta ikastetxeak berak erabakitzen duen barne prozesuaren ondoren, txosten idatzi bat bidaliko dio Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari, egoki jotzen diren proposamen edo iradokizunekin, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez, Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluak kontuan har ditzan 2020ko Jarduketa Plana prestatzeko orduan.

Txosten hori 2020ko abenduaren 31 baino lehen bidaliko da, eta alderdi hauek jorratzen ahalko ditu: tituluak berritzea, prestakuntza eskaintza, enplegurako prestakuntza, lanbide arloko informazioa eta orientazioa, berrikuntza, antolaketa eta kudeaketa eredua edota arte eskolak nahi duen beste edozein alderdi.

2.–Biurteko hobekuntza plana.

Arte eskolek biurteko plan berri bat aurkeztuko dute 2020-2022 urteetarako, ikastetxearen eta departamentuen jardunari buruzkoa, oinarri hartuta 2019-2020 ikasturteko azken memorian biurteko planari egindako ebaluazioa. 2018-2020ko biurteko planean lortu ez diren helburuak mantentzen ahalko dira, eta beste hobekuntza arlo batzuk ere bai, 2017-2018ko jardunaren autoebaluazioan hautemandakoak, amaitutako biurteko planean sartu gabeak. Azken bi ikasturte horietan lortutako emaitzen bilakaeraren analisia eguneratu behar da. Horretarako, EDUCA erabiltzen ahalko da emaitza akademikoak ateratzeko eta ebaluazioa egiteko.

Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien garapena eta ezarpena. 2020-2021 eta 2021-2022 ikasturteetan aplikatuko dira plan horiek. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak txostena bidaliko du Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzura. Txosten horretan emanen da, arte eskola bakoitzerako, jardunari buruzko biurteko hobekuntza plan berrien gainean egindako ikuskapenaren emaitza zehatza, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez.

3.–Programazio didaktikoak.

Arte eskolek prestakuntza moduluen programazio didaktikoak prestatu beharko dituzte, baita modulu horien zati diren lan unitateenak ere, eta behar den planifikazio-dokumentuan jasoko dira.

Programazio didaktikoetan gauzatzen da nola garatuko den curriculuma ikasgelan. Programazio didaktikoetan alderdi hauei erreparatuko zaie bereziki:

a) Hezkuntzari buruzko Lege Organikoaren curriculum berria duten zikloak ezartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena.

b) Hezkuntzako kontseilariaren abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduak indarra hartzearen ondorioz egin beharreko egokitzapena. Foru agindu horren bidez arautu ziren Nafarroako Foru Komunitateko arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta irakaskuntzen ziurtapena.

c) Goi mailako zikloetako moduluetarako, ECTS kredituen baliokidetasuna zein den jaso behar da programazio didaktikoetan.

d) Kontingentzia planetik etortzen diren adierazpenak kontuan izanda egin behar diren egokitzapenak, izan litezkeen egoeren arabera.

Bestalde, ikasleek programazio didaktikoen oinarrizko alderdiei buruzko informazioa jaso beharko dute, arte eskola bakoitzak ezartzen duen bidearen bitartez, Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarri bezala. Foru agindu horren bidez, ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema ezarri zen Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetarako.

Orobat, ikasleek eta gurasoek edo legezko ordezkariek (ikaslea adingabea bada) erreklamazio sistemaren berri jasoko dute, arte eskola bakoitzak ezartzen duen prozeduraren bidez, honako hauei dagokienez: erreklamazio motak, prozedurak eta erreklamazioak jartzeko epeak. Erreklamazio sistema hori ezarrita dago maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduan.

II. KAPITULUA

Nafarroako Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoaren inplementazioa eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako programa berariazkoak

4.–Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren garapena.

Hezkuntza Departamentuak Lanbide Heziketako Plan Estrategikoa prestatu du, zeinak jarraibideak ezartzen baititu zehazteko zer ekintza garatu behar diren Lanbide Heziketaren arloan, baita beste lanbide irakaskuntza batzuen arloan ere (Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumen diren irakaskuntzak, prestakuntza ziklotan antolatzen direnak; besteak beste, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak). Plan estregiko hori prestatu da Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin lankidetzan, eta era aktiboan parte hartu dute Nafarroako eragile ekonomiko eta sozialek, prestakuntza ematen duten entitateek, toki garapenerako agenteek, klusterrek, enpresa elkarteek eta industria nahiz zerbitzu enpresek.

Plan Estrategikoaren hiru ardatzen esparruan daude ekintza horiek. Zehaztutako hiru ardatzak hauek dira:

–Nafarroan, Lanbide Heziketaren bidez S3 estrategiari sostengua ematea.

–Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari balioa ekartzea.

–Lanbide Heziketa indartu eta etengabe eguneratzea.

Hiru ardatz horiek 16 helburu, 53 jarduketa eta 137 ekintza zehatz jasotzen dituzte. Ekintza horietako bakoitzak zehaztuta ditu ebaluatzeko eta betetze maila neurtzeko adierazleak. Esparru horretan kokatzen dira arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan azken ikasturteetan garatutako jarduketa guztiak, baita 2020-2021 ikasturtean aurreikusten direnak ere.

Horrenbestez, arte eskolek ordu kopuru bat dute Plan Estrategikoa garatzeko ekintzak gauzatzeko; hain zuzen ere, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak 2020-2021 ikasturterako lehenesten dituenak gauzatzeko; ekintza horiek KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko izanen dira batez ere. Horretarako, arte eskolek ekintza horien arduradunak izendatuko dituzte.

Koordinazio handiagoa izan dadin aipatutako plan estrategikoa inplementatzearen arduradunen artean, arte eskolako zuzendaritzak erraztasunak emanen dizkie izendatutako arduradunei lana ongi egin dezaten, eta, besteak beste, eskola orduetan ikastetxetik kanpoko bileretara joaten utziko zaie.

5.–KIMUA programa. Proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza (POEI).

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan, jarduketa ildo nagusietako bat da ikasteko metodologia aktiboak erabil daitezela bultzatzea eta, zehazki, proiektuetan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza erabil dadila. Alde horretatik, ekainaren 27ko 324/2018 Ebazpena onetsi zen, eta haren bidez onetsi zen KIMUA programa eta arautu zen zein diren baldintzak Nafarroako ikastetxeetan metodologia aktiboen sareak garatzeko, ezartzeko eta aitortzeko.

KIMUA programaren barruan, koordinatzaileen eta dinamizatzaileen figura sortzen da ikastetxeetan, eta figura horiek funtzio garrantzitsuak dituzte paradigma metodologiko berria garatzeko eta finkatzeko, ekainaren 27ko 324/2018 Ebazpenaren 12. eta 13. oinarrietan ezarritakoaren arabera.

Funtzio horiek garatzeko, beharrezkoa da aipatu figura horiek ordutegi espezifiko egoki bat izatea eta irakaslana koordinatzeko organoetan lankidetza handiago bat, jarraibide honen arabera:

a) KIMUAko dinamizatzaileak: badute eskola-ordu kopuru bat ikastetxearen tamainaren eta ikastetxeak KIMUA programan duen partaidetzaren arabera, 2020-2021 ikasturteko plantillan islatu den bezala.

Arte eskolako zuzendariak izendatuko ditu, bi baldintza hauek aldi berean betetzen dituzten irakasleen artetik: KIMUA programako hasierako prestakuntza izatea edo antzeko beste bat metodologia aktiboei buruz, eta ikasgelan proiektuak egin izana proiektuetan oinarritutako lankidetza bidezko ikaskuntza aplikatuz. Gainera, ahal dela, dinamizatzailea ez da zuzendaritza taldekoa izanen. Baldin eta ez badago aurreko baldintzak betetzen duen irakaslerik, arte eskolako zuzendariak izendatuko du baldintza horien arabera egokiena iruditzen zaion pertsona. Dinamizatzaileen izendapena jakinaraziko zaio Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari 2020ko irailaren 18a baino lehen, posta elektronikoz, helbide honetara idatzita: metodologiasactivas.fp@educacion.navarra.es.

b) KIMUAko koordinatzaileak: 2020-2021 ikasturtean 6 koordinatzaile daude, zenbait eskola-ordu dituztenak beren eginkizunei heltzeko.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak izendatuko ditu KIMUAko koordinatzaileak.

Arte eskola bakoitzean erreferentziako KIMUAko koordinatzaile bat izanen da, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak izendatua eta jakinarazia izanen dena 2020ko irailean zehar.

c) KIMUA programa inplementatzeaz arduratzen direnen koordinazioa sustatzeko, arte eskolak honako hau erraztuko du:

–KIMUAko dinamizatzaileek beren eskola-ordutegiaren barruan esleitutako eskola-orduak ostegunetan izatea, 11:00etatik 14:00etara.

–KIMUAko koordinatzaileek beren eskola-ordutegiaren barruan esleitutako eskola-orduak ostegunetan izatea, 10:00etatik 14:00etara.

d) Zuzendaritza taldeak sustatu behar du KIMUAko dinamizatzaileek parte hartzea Koordinazio Pedagogikorako Batzordean, KIMUA programa ezartzeari eta garatzeari dagokion orotan.

Arte eskoletako zuzendariei dagokie gidatzea eskola horietako aldaketa metodologikoa, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez; horrenbestez, proiektuetan oinarritutako lankidetza bidezko ikaskuntza garatzeko bide emanen duten egitura funtzionalak sortu beharko dituzte, eta, orobat, neurriak hartuko dituzte ordutegiak, espazioak, irakasleak eta abar egon daitezen.

Lankidetza bidezko proiektuak garatzen diren zikloetan, zikloko koordinatzaileek funtzio hauek izanen dituzte, bat etorriz otsailaren 10eko 25/1997 Foru Dekretuaren 45.3 artikuluan ezarritakoarekin, eta KIMUA programaren garapen esparruaren barruan:

–Gidatzea, lanbide arloko departamentuko buruak gainbegiratuta, zikloko irakasleen koordinazio bilerak.

–Diagnostikatzea prestakuntza zikloan KIMUA programa ezartzearekin eta garatzearekin lotutako premiak.

–Hautematea premia materialak eta dagozkion gestioak egitea zikloan behar diren baliabide materialak erosteko, KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko behar direnak barne.

–Arrazionalizatzea eta koordinatzea espazio eta baliabide didaktikoen erabilera, zenbait moduluren, ikasgairen eta zikloren artean partekatzen badira, batez ere KIMUA programa ezartzeko eta garatzeko baliatzen direnak.

Bukatzeko, 2020-2021 ikasturtean, lankidetza ekintzak sustatuko dira Europako herrialdeetako Lanbide heziketako ikastetxeen artean, eTwinning plataformaren bidez. Horretarako, “ABP sin fronteras” taldea sortu da, zeinetan parte hartuko baitute Nafarroako Foru Komunitateko eta beste herrialde batzuetako ikastetxeek. Ikasturte honetarako, esperientzia pilotu gisa, aurreikusten da Nafarroako 5 ikastetxek parte hartzea, baita Frantziako Pays de Nay eskualdeko beste 5ek ere.

6.–Spainskills.

Hezkuntza Departamentuaren iritziz, ikastetxeek espezialitateen lehiaketetan parte hartzea aukera egokia da arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketak eta Lanbide Heziketa sustatzeko eta ikasketa horien erakargarritasuna eta bikaintasuna sustatzeko. Ikasleek parte hartzea motibatzeko eta lanerako aurreikuspenak hobetzeko pizgarri bat da haientzat. Gainera, Espainian bi urtez behin egiten diren lehiaketetan (Spainskills) parte hartzeak aukera ematen die, lehenengoak geldituz gero dagokien “Skill”ean, Europako lehiaketetan (Euroskills) eta nazioartekoetan (Worldskills International) parte hartzeko.

Espainiako hurrengo lehiaketa 2021ean eginen da (SpainSkills 2021). Hezkuntza Departamentuak 2020-2021 ikasturtean finka dezan zein Skills lehiaketatan parte hartuko duen Nafarroak eta zein ikaslek eta irakaslek osatuko duten Nafarroako taldea, 2021eko otsailean eginen da Nafarroan ikasleen lehenbiziko hautapena eta, kasua bada, behar diren Skill lehiaketak. Horretarako, beharrezkoa da arte eskola bakoitzean aldez aurretik hautatzea lehiaketa nazional horietan parte hartzeko proposatuko diren ikasleak, 2020-2021 ikasturteko lehendabiziko hilabeteetan. Horretarako, arte eskolako zuzendariak jakinaraziko dio Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak Lanbide Heziketaren ikastetxeko zuzendariekin 2020-2021 ikasturtean egiten duen lehendabiziko bileran zehazten den egunean, zer Skills lehiaketatan parte hartu gogo duen, parte hartuko duten ikasleak eta irakasleak zehaztuta proposamenean.

Ikasleak hautatu eta prestatzeak ohiz kanpoko ahalegina eskatzen die eginkizun horretan inplikatzen diren irakasleei; izan ere, ikasgelan kasuan kasuko moduluen curriculumak garatuz prestatzeaz gainera, beharrezkoa da praktikak nabarmenki handitzea. Horregatik, 2020-2021 ikasturtean arte eskolako zuzendaritzak ordu osagarriak esleitzen ahalko dizkie irakasleei lan hori egin dezaten.

7.–Egonaldiak enpresetan.

Enpresetako egonaldiak prestakuntza ekintzak dira, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan irakats dezaketen irakasleei ahalbidetzen dietenak eguneratze proiektu bat garatzea, artistikoa, teknologikoa eta didaktikoa, benetako ingurune profesional eta artistiko batean.

2020-2021 ikasturtean, Hezkuntza Departamentuak hiru modalitate desberdin eskaini ditu enpresetan egonaldiak egiteko:

a) EE–1: astean egun bat ikasturte osoan zehar, eskola-ordutegian. Berekin dakar hiru irakastordu eta bi ordu osagarri murriztea. 2021. urteko urtarrilean eginen da modalitate honen deialdia 2021-2022 ikasturterako.

Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoak kudeatzen du modalitate hori. Argibide gehiagotarako, Zerbitzuen katalogoko tramiteen fitxa kontsultatu daiteke (“Egonaldiak enpresetan Lanbide Heziketako, Arte Plastikoetako eta Diseinuko eta Kirol Irakaskuntzetako irakasleen gaurkotze zientifiko eta teknologikorako”), helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/7801/Estancias-en-empresas-para-actualizacion-cientifica-y-tecnologica-del-docente-Curso-2019-2020

b) EE–2: iraupen txikiko aldiak eskola ordutegitik kanpo. Ez dakar berekin inolako ordutegi murrizketarik. Modalitate honen deialdia ikasturte guztian dago irekia.

Lanbide Irakaskuntzak Garatzeko Bulegoak kudeatzen du modalitate hori. Informazio gehiago lortzeko, aurreko atalean aipatutako izapideen fitxan jasotako informazioa kontsultatu daiteke.

c) EE-3: egonaldiak Europar Batasuneko beste herrialde bateko enpresetan. Egonaldi horiek gutxienez 2 egunekoak izaten ahal dira, eta 2 hilabetekoak gehienez, eta Erasmus + Europako urteko programaren deialdiaren barnean gara daitezke.

Lanbide Heziketaren Berrikuntza, Nazioartekotze eta Kalitaterako Ataleko Lanbide Heziketa Nazioarteratzeko Bulegoan kudeatzen da modalitate hori. Informazio gehiago nahi izanez gero, zerbitzuen katalogoko fitxa hau kontsulta daiteke:

http://www.navarra.es/home_es/ServiciosEmpleado/ficha/16184/Becas-para-estancias-del-Profesorado-de-FP-para-formacion-en-centros-y-en-empresas-de-la-Union-Europea-Curso-2020-21

8.–Berrikuntza proiektuak.

Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren ebazpen baten bidez, Berrikuntza Proiektuen 2020-2021 ikasturteko deialdia onetsiko da arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetarako eta Lanbide Heziketako irakaskuntzetarako, Nafarroan irakaskuntza horiek ematen dituzten ikastetxe publikoentzat.

Deialdi horrek erantzuten dio Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoan adierazitakoari, eta sartuta dago “Sormena, izaera ekintzailea eta berrikuntza indartzea Lanbide Heziketan” helburuan, I. ardatzaren barnean (“Lanbide Heziketak laguntza ematea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiari”).

Proiektuaren koordinatzaileak 3 ordu osagarri kontsignatu ahal izanen ditu astean bere ordutegiaren barruan, deialdia onesten duen ebazpenean ezartzen diren funtzioak garatzeko.

9.–Mugikortasun proiektuak.

Mugikortasun proiektuak, zeinak bideratzen baitzaizkie arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetako irakasleei, 2018-2019 ikasturtean hasi ziren, eta erantzuten diote Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoan adierazitakoari, bi alderdi hauetan: batetik, “Lanbide Heziketak enpresen nazioartekotzean laguntzea” helburuan (irakasleen trukerako ekintzak eta nazioarteko prestakuntza egonaldiak areagotzeko jarduketa gisa), 1. ardatzaren barnean (“Lanbide Heziketak laguntza ematea Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren S3 Estrategiari”); eta bestetik, “Etengabeko berrikuntza bermatzea materia pedagogikoan” eta “Irakasleen prestakuntza eguneratzea eta ekoizpen-merkatuaren beharrei etengabe egokitzea” helburuetan, bi-biak 3. ardatzaren barnean (“Lanbide heziketa indartu eta etengabe eguneratzea”).

2020-2021 ikasturterako, jarduketa hau sustatuko da, eta aukera emanen du aurreko paragrafoan adierazitako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxe publikoetako irakasle talde batzuek prestakuntza egonaldiak egin ditzaten beste herrialde batzuetako enpresetan eta/edo prestakuntza entitateetan. Mugikortasun proiektuen gaiak eta parte hartuko duten irakasleak hautatzeko irizpideak zehazteko, bai eta proiektu horien garapen eta antolaketarekin lotutako beste alderdi batzuk ere, kontuan hartuko da Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak mugikortasun proiektu hauen garapena eta antolaketa arautzeko emandako ebazpenean ezarritakoa.

10.–Lanbiderako informazioa eta orientazioa.

Lanbiderako informazioa eta orientazioa gakoak dira hezkuntzaren munduan, eta bereziki arte plastikoetako eta diseinuko irakaskuntzen arloan. Helburua da hezkuntza sistemak eskaintzen dituen baliabideen eta aukeren berri ematea, jendeak izan dezan lan merkatuan sartzeko behar duen kalifikazioa, eta orientazioa izan dezan prestakuntzari buruzko erabakiak hartzerakoan, bermatzeko, ahal den neurrian, jendeak arrakasta izanen duela arlo pertsonalean eta profesionalean.

Hezkuntza Departamentuak beharrezkotzat jotzen ditu lanbiderako informazioaren eta orientazioaren ekintzak, arte eskoletan egiten direnak, eta egitura baten bidez antolatzea 2020-2021 ikasturtean. Azken helburua da Lanbiderako informazioaren eta orientazioaren plan bat eratzea, lanbiderako informazioaren eta orientazioaren ekintza guztiak egituratuko dituena, dela taldeka dela banaka, eta zuzenduko zaiena hezkuntza sisteman arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak eta Lanbide Heziketako irakaskuntzak ikasten dituztenei, baita lanbide kualifikazioa hobetu nahi duen edozeini ere.

Horrekin erantzuna eman nahi zaio Lanbide Heziketari buruz zenbait xedapenetan ezartzen denari –zehazki, Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan, eta uztailaren 29ko 1147/2011 Errege Dekretuaren VI. tituluan ezartzen denari–, eta erantzun hori zabaltzea beste lanbide irakaskuntza guztietara (hots, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren eskumen diren irakaskuntzak, prestakuntza ziklotan antolatzen direnak; besteak beste, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak).

Horrek esan nahi du antolaketa esparru bat bultzatu behar dela lanbiderako informazioa eta orientazioa emateko, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan. Esparru hori hiru ardatzetan finkatu nahi da, hasiera batean, Lanbide Heziketako irakaskuntzetan bezalaxe. Hona hemen hiru ardatz horiek:

–Lanbiderako informazioa eta orientazioa hezkuntzako lehendabiziko etapetan.

–Lanbiderako informazioa eta orientazioa trantsizio garaietan.

–Genero arrakalaren aurkako borroka arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan.

III. KAPITULUA

Hezkuntza Departamentuko beste programa orokor batzuk garatzea

11.–Bizikidetza. “Laguntza” programa.

Hezkuntza Departamentuak bizikidetza planak egiteko orientazioa, prestakuntza eta aholkularitza emanen du, “Laguntza” programaren bidez eta ikastetxeen eskura jartzen diren beste baliabide batzuen bidez.

“Laguntza” programaren bidez sostengua emanen da irakasleak pixkana-pixkana trebatzen joan daitezen emozioen hezkuntzan, gatazken konponketan eta eskola bitartekaritzaren arloan, azkar eta kalitatez esku hartu ahal izateko edonolako indarkeria edo ezinegona sor dezaketen egoeren aurrean.

Arte eskola bakoitzaren bizikidetza planean curriculum eta antolaketa neurriak jasoko dira bizikidetza, tratu ona eta eskola giroa hobetzeko. Nabarmenduko da zein garrantzitsua den hezkuntza komunitate osoa inplikatzea arlo horretan prebentzio lana egiteko eta tratu onak ikasteko, emozioen hezkuntza lantzeko, gatazkak konpontzeko, emozioen aldetik seguruak eta osasungarriak diren inguruneak sortzeko; hori guztia, eskola-jazarpena eta indarkeria mota guztiak saihesteko konpromisoa harturik.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoa arduratuko da hezkuntza komunitateari prestakuntza eta aholkularitza emateaz. Aholkularitza Bulegotik antolatzen den prestakuntzaren helburua izanen da irakasleak eskolako bizikidetzaren arloan trebatzea.

Bizikidetzaren arloko Aholkularitza Bulegoaren webguneak zenbait baliabide, eredu, protokolo eta iradokizun jartzen ditu ikastetxeen eskura beren jarduketa plana zehazten laguntzeko eta berariazko erantzuna bideratzeko zenbait kasuren aurrean (suizidioak, dolua, ziberbizikidetza eta abar).

Ikastetxe guztietan, bizikidetza plana eta haren urteko zehaztapena eguneratu beharko dira, eta egokituko dira orri honetan bildu den bizikidetzari eta indarkeriaren prebentzioari buruzko indarreko araudira.

12.–Berdintasuna eta hezkidetza. Skolae programa.

Skolae da proposamen egituratu bat, Hezkuntza Departamentuak prestatutakoa, erantzun bat ematera datorrena araudiak Nafarroako hezkuntza sistemari arlo jakin batean (hots, genero-bereizketa aintzat hartzen ez duen pertsonen berdintasuna sustatzea) eskatzen dion erantzukizunaren aurrean.

Skolae gako-elementu bat da ikastetxeen eraldaketa globalerako, eta ikastetxeak eraldatzea bilatzen du. Irakasteko gaitasunak hobetu nahi ditu, ikasleei “Berdintasunean bizitzen ikasteko” gaitasuna garatzen laguntzeko.

Finkatutako helburuek ikastetxearen bi antolaketa mailak hartzen dituzte: batetik, ikasgela eta, bestetik, ikastetxea egituratzen duten elementuak. Proposatzen diren helburuek hezkidetzako ikuspegiaren alde egitea errazten dute, hala curriculumaren edukietan eta beste elementu batzuetan, nola ikastetxea osatzen duten beste elementu batzuetan; horrez gain, berdintasunean bizitzen ikasteko hezten dute eta hartarako kultura sortzen dute.

Aplikazio progresiboaren bidez, ikasleek berdintasunean bizitzeko gaitasuna garatuko dute, eta jokabide eta eredu berriak ikusgai jarriko dira, emakumeenganako indarkeriarik gabeko kultura berdinzalea sortzen laguntzeko; hala, ikasleek erantzun argi eta irmoa ematen ahalko dute diskriminazioaren, indarkeriaren eta genero desberdinkerien aurrean.

Ikastetxe bakoitzak bere hezkidetzaren nortasun plana prestatuko du, bere testuingurua kontuan harturik; prozesu horretan, Hezkuntza Departamentuko talde teknikoaren laguntza eta aholkularitza izanen du, prestakuntzaren bidez eta koordinaziorako Skolae sareen bidez.

Horretarako, prestakuntza instituzionaleko 12 ordu bideratu beharko ditu gutxienez.

Argibide gehiago:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/skolae-profesorado

12.–Aniztasunari erantzutea.

Ikastetxea da, bere osotasunean, bertako ikasle guztien aniztasunari erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua emateko arduraduna, eta, horretarako, konpromiso irmoa erakutsi behar du bikaintasunaren, berdintasunaren eta genero-berdintasunaren printzipioekin, hezkuntza inklusiboaren oinarri diren aldetik.

Ikasleen aniztasunari ahalik eta egokien erantzuteko, funtsezkoa da irakasle talde osoaren lana. Erantzun hori ikasturtea antolatzeko alderdi nagusietako bat izan behar da.

12.1. Antolaketari dagozkion alderdiak.

Ikastetxeak koordinazio-bide eraginkor bat ezarriko du bermatzeko irakasle talde osoak modu koherentean jokatzen duela ikasleei hezkuntza-arreta inklusiboa ematean, ibilbide akademiko osoan. Arreta inklusiboa arte eskolen antolaketa-egitura guztietan landu beharko da.

Irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuen hasierako ebaluazioa izanen da ikasleentzako hezkuntza-erantzun inklusiboa eta hezkidetzan oinarritua planifikatu eta diseinatzeko erabiliko den baterako berrikuspen tresna. Irakasle taldeak, tutoreak gidaturik, behar diren neurriak ezarriko ditu (hezkuntza arlokoak zein metodologiari, antolaketari edo curriculumari lotutakoak) hezkuntza arloko esku-hartzeari erantzuna emateko, adostasunez betiere.

Koordinazioa etenik gabea izanen da, egindako jarduketen jarraipen zorrotza, egokitzapenak eta ebaluazioa egin ahal izateko, kontuan harturik edozein unetan hautematen ahal direla ikasle guztiek aurrera egitea galarazten duten oztopoak.

Neurrien ezarpenak paradigma kontestualari erantzunen dio Ikaskuntzaren Diseinu Unibertsalaren (IDU) ikuspegitik, hala, curriculumaren malgutasuna sustatuz, curriculuma irekia eta inklusiboa izateko hasieratik, etorkizuneko beharrezko eta ekidin ezinezko egokitzapenak murrizten saiatuz.

Salbuespenezkoagoak diren bestelako neurriak antolatuko dira, bakarrik, erantzun puntual bat emateko jarduketa oso zehatz eta justifikatuei, egin ezin direnean ohiko testuinguruan.

Espezialistek partekatutako ikaskuntzaren bidez parte hartuko dute, xedea izanda, zenbait helburu indartzeaz gain, ikasle guztiek parte hartzea ikaskuntza komuneko prozesuan.

Prozesu horren sustapena eta garapena ikastetxeko zuzendaritzaren eta Koordinazio Pedagogikorako Batzordearen (KPB) ardura izanen da.

Arte eskola bakoitzeko Aniztasunari Erantzuteko Planak jasoko ditu eskola horren irizpideak eta baliabideen eta neurrien antolaketa. Irakasle taldeen proposamenak jaso ondoren, ikasketaburutzak ikasleen premiei dagokien laguntza antolatuko du hezkuntza orientabidearen arduradunen aholkuei jarraikiz eta AEPn ezarritakoa kontuan hartuz. Halaber, zainduko da arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako edo bestelako irakaskuntzetako zikloetako mailetarako trantsizioa.

Arte eskolak hainbat programatan parte hartzen badu (Proeducar-Hezigarri, Skolae, Laguntza...), batzorde bat sortuko da, eta bertan egonen dira programetako koordinatzaileak, zuzendaritza lantaldeko pertsona bat eta orientazio departamentuko beste pertsona bat. Batzorde horrek zainduko du hobekuntza proposamenak koordinatuta daudela eta ikastetxeetan benetan gauzatzen direla.

Salbuespen gisa ohiko ikasgelatik kanpo laguntza ezarri beharra justifikatu behar denean, honako hauek zehaztuko dira: erabaki horren arrazoia edo xedea, lortu nahi diren helburuak eta testuinguru arruntean horiei erantzuteko dagoen ezintasunaren zergatia. Era berean, zehaztu eginen da zenbat denborarako aurreikusi den esku-hartzea, kontuan hartuz ikasgelatik kanpoko saioak ahalik eta gutxien izan behar dutela.

Ikastetxeetan ezartzen diren antolaketa, metodologia eta curriculum neurri guztien helburua izan behar da erantzun inklusibo bat ematea, sustatuko duena ikasleak ibilbide akademiko batean mantentzea, zeinak ahalbidetuko baitu zikloa bukatzea, lehentasunez horretarako ezarritako epean, eta hori ezinezkoa bada, denbora-tarte luzeagoetan bukatzea.

Hezkuntza arloko osasun premiei erantzuteko helburuarekin, iraileko lehen hamabostaldian ikastetxeetako zuzendaritzen eta lehen mailako arretako zentroen zuzendaritzen artean bilera bat egiteko beharra dagoela ezartzen da, gaixotasun kroniko bat diagnostikatu zaien edo zaintza espezifikoak behar dituzten ikasleen kasuak aztertzeko, 2020-2021 ikasturtean arte eskoletan prestakuntza jarduerak koordinatzea eta/edo egitea behar bada.

12.2. Hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei ematen zaien erantzuna arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan.

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan, honako berariazko erantzun hauek ematen zaizkie hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleei:

a) Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Onarpena. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan onartzeko prozesuan, talde bakoitzeko ikaspostu bat erreserbatuko da hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat eta beste bat desgaitasunak dituzten ikasleentzat.

–Erdi eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko probak eta gaitasun artistikoaren proba. Egokitzapenak eginen dira, Hezkuntzako kontseilariaren ekainaren 18ko 65/2012 Foru Aginduan ezarritakoari jarraikiz.

b) Arte eskolen aldetik:

–Abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduaren 7. artikuluan ezarritako neurriak aniztasunari erantzuteko, bai hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat (sartzeko curriculum egokitzapenak-SCE; ikasle bakoitzaren beharretara egokitutako prestakuntza ibilbide bat sortzea), bai adimen gaitasun handiko ikasleentzat (curriculuma aberasteko programak).

Egokitutako prestakuntza ibilbide bat sor daiteke “ebaluazio deialdiari uko egiteko” mekanismoa erabiliz, abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduaren 24. artikuluan ezarritakoaren arabera. Egokitutako prestakuntza ibilbide bat sor daiteke, halaber, behar bezala akreditatutako osasun arazo larriak dituzten ikasleentzat.

–Deitzen diren proba berariazkoetan, tresnak egokituko dira, baita, behar denean, denborak eta laguntzak ere.

–Moduluren bat gainditu gabe ikasmailaz igotzen diren ikasleentzat indartze programa berariazko bat prestatuko da; programa horretan, proposatzen diren neurriek ukitzen dituzten irakasleek parte hartuko dute. Indartze programa horretan, lantokietako, estudioetako eta lantegietako prestakuntza aldiak iraun bitartean, bertan aritzeagatik zuzeneko irakaslanerako eskola-orduak gutxitu zaizkien irakasleek hartuko dute parte.

–Ikasleei eta gurasoei edo legezko ordezkariei (adingabeak izanez gero) adieraztea badutela aukera amaierako ebaluazio deialdiari uko egiteko, ikasturteko 4 modulutan, eta gehienez hiru ikasturtez egon daitezkeela erdi eta goi mailako zikloko lehen mailan.

12.3. Orientazio gida, hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleentzat.

Hezkuntza Departamentuak beharrezko jotzen du estrategiak diseinatzea hezkuntza laguntzako berariazko premiak dituzten ikasleek prestakuntza eta lanbide ibilbide arrakastatsua izan dezaten.

Horretarako, Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoan xedatutakoarekin bat, lanbide irakaskuntzetan sartzeari eta enplegua lortzeari buruzko orientazio gida bat egin da, eta kolektibo bakoitzarentzako informazio eta orientazio ekintza espezifikoak prestatu. Izan ere, aipatu Lanbide Heziketaren Plan Estrategikoaren 2. ARDATZEAN (“Gure gizartearen kohesioari eta jasangarritasunari ekarpena” izenekoan), bat egiten dute bultzatu gogo diren zenbait helburuk eta jarduketa neurrik, zeinak lotuta baitaude gure gizartearen lurralde kohesioarekin eta kohesio pertsonalarekin, eta, zehazki, ardatz horren helburuetako bat da prestakuntza hori kolektibo bakoitzaren beharretara egokitzea, errazagoa izan dadin lanbide irakaskuntzetan sartzea.

Hezkuntza Departamentuaren web-orrian daude agiri horiek, “Lanbiderako informazioa eta orientazioa” izeneko atalean, helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/acceso

IV. KAPITULUA

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak garatzeko jarraibideak

13. Orientazio neurriak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikasleek ikasketak buka ditzaten sustatzeko.

13.1. Orientaziorako agiriak, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako heziketa zikloei buruzkoak.

Azken ikasturteetan, irakasleekin lankidetzan jardun da “PISTAK” izeneko dokumentazio bat prestatzen, heziketa zikloak egin nahi dituzten pertsonei orientazioa emateko. “PISTAK” izeneko dokumentazio horretan, alderdi hauen informazioa ematen da, besteak beste: zikloa egiteko gomendatzen diren aurretiazko ezagutzak, zikloa egiteko eta lanbidean aritzeko beharrekotzat jotzen diren abileziak eta ezaugarriak, egoki jotzen den dedikazio denbora, zailtasun handiagoa izaten duten moduluak, eta orientazioari buruzko beste alderdi orokor batzuk.

Hezkuntza Departamentuaren web-orrian daude agiri horiek, “Lanbiderako informazioa eta orientazioa” izeneko atalean, helbide honetan:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/acceso.

2020-2021 ikasturtean, agiri horiek berrikusi eta eguneratu eginen dira; hortaz, beharrezkoa izanen da arte eskolek laguntza ematea, baldin Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak izendatutako pertsonek hala eskatzen badiete.

13.2. NORA. Orientaziorako tresna mailakatua.

Nora da eskura dagoen beste tresna bat modu gamifikatuan lan egiteko ikasleen lanbiderako orientazioan. Tresna hori zuzenduta dago prestakuntza zikloak egin nahi dituztenei, eta bakoitzarentzat egokiak diren heziketa zikloak proposatzen ditu, norberaren nolakotasunak eta gaitasunak aztertuta.

13.3. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikasleek ikasketak buka ditzaten sustatzeko neurriak.

Lanbide irakaskuntzetan ikasle askok uzten dituzte irakaskuntzak, eta Hezkuntza Departamentuaren kezketako bat da hori. Izan ere, horrek esan nahidu sistemak porrot egin duela, eta, horrez gain, arazo bat da ikasketak uzten dituzten pertsona horientzat, haien prestakuntza ibilbidea eta laneratze aukerak zapuzten baitira. Tasa hori gutxitzeko, hezkuntza komunitate guztiak elkarrekin egin behar du lan, testuingurua kontuan hartuta, eta, beharrezkoa balitz, baita beste erakunde batzuek ere.

Hezkuntza Departamentuan zenbait datu bildu eta erregistratu dira aurreko ikasturteetan, jakiteko zer neurritan uzten dituzten ikasleek arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak. 2019-2020 ikasturtean hasitako azterketa eten zen osasun alertarekin, baina aurreikusten da 2020-2021 ikasturtean jarraitzea. Horretarako, 2020-2021 ikasturtean planifikatuko da azterketa talde baten lana, zeina osatuko baitute Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko langileek eta arte eskolek izendatutakoek.

Lortutako datu eta ondorioen arabera, jarduketa neurri orokorrak diseinatuko dira, besteak beste, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako uzte tasa murrizteko, baita maila bakoitzerako jarduketa-neurri berariazkoak ere.

14.–Ebaluazioa eta hobekuntza.

Ebaluazioak etengabeko hobekuntzaren zerbitzuan egon behar du, eta lehen mailako laguntza eta baliabide gisa hartu behar da, hobeki ezagutzen laguntzen baitu arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei buruz arte eskoletan egiten diren hezkuntza jardueren ondorioak eta errealitatea.

Alde horretatik, sustapen eta titulazio tasak hobetze aldera hobekuntza planean sartu beharreko neurriak eta esparruak ezartzeko orduan, kontuan hartuko dira ikasleen emaitzak (behar diren neurriak hartzeko informazio eta hausnarketa iturri izan beharko direnak) eta ikastetxeak bere jarduketa esparruko sektore artistiko, ekoizpen eta zerbitzu sektoreari buruz egindako beste analisi batzuen emaitzak.

Orobat, ikasleek ikasturtea hasi eta ez bukatzea eragiten duten egoera guztiak aztertu beharko dira, eta horretaz hausnartu, arrazoia edozein izanik ere; azterketa hori kontuan hartu beharko da ezartzeko zer esparru eta neurri sartu behar diren hobekuntza planean, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan ikasketak uzten dituzten ikasleen tasak murrizteko.

Hezkuntza Departamentuak bere azterketak egin ahal izateko, arte eskoletako zuzendariek segurtatu behar dute, ezartzen duten barne prozeduraren bidez, behar bezala beterik egotea Educan honako datu hauek, gutxienez, eskuratzen diren egunean:

–Ikasleen datu pertsonal guztiak.

–Prestakuntza ziklo bakoitzeko ebaluazio partzialei buruzko datu guztiak.

–Amaierako ebaluazio arruntari eta, behar denean, ebaluazio bereziei buruzko datu guztiak. Datu hauek, modulu bakoitzean lortutako zenbakizko kalifikazioaz gain, zenbakizko kalifikazioen eta zenbakizkoak ez diren kalifikazioen erregistro sistema ere jaso beharko dute, zeina ezarrita baitago abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduan.

–Matrikulak baliogabetzeari, matrikulei uko egiteari eta bajei buruzko datu guztiak, berariaz adierazita matrikularen baliogabetzearen, uko egiteen eta bajen arrazoia, bat etorriz abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduan ezarritakoarekin.

–Honako hauei buruzko datu guztiak: moduluen deialdiei uko egitea eta matrikulen baliogabetzeak (hurrengo ikasturterako plaza erreserbatuta).

Betiere, arte eskoletako zuzendariek segurtatu beharko dute ezen datu horiek guztiak, 2020-2021 ikasturteari buruzkoak, osorik bete direla 2021eko ekainean ikasturtea amaitzeko ezarritako egunerako, eta egun horretan eman beharko diote horren berri Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari.

15.–Goi mailako heziketa zikloetan sartzeko ikastaroa.

Garatzen ez den bitartean oinarrizko araudia Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoak (kontuan hartuta Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko abenduaren 9ko 8/2013 Lege Organikoak emandako idazketan) aipatzen dituen ikasgaiak arautzeko, Hezkuntza Departamentuak jarraitzen du apustu egiten haiek “goi mailako zikloetan sartzeko ikastaroa” izeneko ikastaro batean antolatzearen alde.

Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiaren ebazpen baten bidez arautuko da ikastaro hori 2020-2021 ikasturterako, bai eta hartan onartuak izateko prozesua ere. 2020ko irailean eginen da, eta urrian hasiko dira ikastaro horren eskolak. Sartzeko ikastaroa 2021eko ekainean amaituko da, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen ikasturte amaierarako ezarritako datetan.

16.–Nafarroako Enplegu Zerbitzuan profesionaltasun ziurtagirien eta/edo egiaztapen partzial metagarrien eskaera tramitatzeko jarraibideak.

Hezkuntzako kontseilariaren urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduak arautzen du Nafarroako hezkuntza sistemako Lanbide Heziketako ikasleek profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztapen partzial metagarriak eskatzeko prozedura.

Hori helburu, egoki da jarraibide hauek ematea Lanbide Heziketa Bereziko zikloetarako:

a) Eskaeren tramitazioa:

Arte eskola bakoitzak bere ikasleen profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztapen partzial metagarriak egiteko proposamena igorriko dio NL-NEZi, hala eskatu duten ikasleentzat, ondoren adierazten den dokumentazioarekin batera.

b) Honako hau da profesionaltasun ziurtagiriak eta/edo egiaztapen partzial metagarriak egiteko proposamenarekin batera aurkeztu beharreko dokumentazioa, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduaren 2. eta 5. eranskinetan jasotako ereduekin bat, hurrenez hurren:

–Profesionaltasun ziurtagiriaren banakako eskaera eta/edo egiaztapen partzial metagarrien banakako eskaera, kasuan-kasuan dagokiona, urtarrilaren 12ko 2/2017 Foru Aginduaren 1. eta 4. eranskinetan jasotako ereduekin bat, hurrenez hurren.

–NANaren/AIZren/pasaportearen fotokopia.

–Ikasle bakoitzaren ziurtagiri akademiko ofiziala. Horretan, gainditutako moduluak eta egiaztatutako gaitasun unitateak agertuko dira, bai eta Lantokiko Prestakuntza moduluan edo Lantokiko Prestakuntza moduluko prestakuntza unitatean lortutako “gai” kalifikazioa ere, egiaztatu ahal izateko profesionaltasun ziurtagirian sartuta dagoen lanez kanpoko praktika profesionalen modulua gainditu izana. Ikasketen ziurtagiri hori Educa kudeaketa sistemak ematen duen ziurtagiriaren bidez eginen da. Ikastetxeak sinatuta eta zigilatuta egonen da ziurtagiri hori.

c) Arte eskolak irteera-erregistroa eman beharko diote “Profesionaltasun ziurtagiria egiteko proposamena” izeneko agiriari, eta, eransten den dokumentazio guztiarekin batera, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Zerbitzu Zentralen erregistroan edo Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuko enplegu agentzietan aurkeztuko dute.

d) Behin profesionaltasun ziurtagiriak eta egiaztagiri partzial metagarriak eman ondoren, Nafar Lansare-Nafarroako Enplegu Zerbitzuak kasuan kasuko arte eskolei bidaliko dizkie.

17.–Urriaren 3ko 1/1990 Lege Organikoaren (hemendik aurrera LOGSE) babesean ezarritako arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetatik maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren (hemendik aurrera LOE) arabera ezarritakoetara igarotzea.

Titulu berriak ezartzeko prozesuan, zeinean LOGSEko curriculumaren eta LOEko curriculumaren araberako mailak batera izanen baitira ezinbestean, egoera horrek sortzen dituen egoera bereziak jarraian azaltzen diren ataletan jasotako xedapenen arabera konponduko dira.

17.1. LOGSEko zikloak gainditu gabe dituzten ikasleak, behin LOEko ziklo berriak ezartzeko prozesua, 2017-2018 ikasturtean eta aurrekoetan hasia, bukatu ondoren.

Arte eskolek egoera horretan dauden ikasleen berri eman beharko diote Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari. Kasu horietan, ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2020-2021 ikasturtean, arte plastikoetako eta diseinuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

17.2. LOGSEko goi mailako Dekorazio Lanen Proiektuak eta Zuzendaritza goi mailako zikloan (LOGSE) moduluren bat gainditu gabe duten ikasleak, Iruñeko Arte eta Goi Mailako Diseinu Eskolan modulu horiek emateari utzi ondoren.

Arte eskolak arreta presentziala antolatuko du, eskolako zuzendaritzak ezartzen duen ordutegian eta moduan, heziketa ziklo horretan moduluren bat gainditu gabe duten ikasleentzat, ziklo hori jadanik ez baita eskaintzen. Arreta presentzial hori emanen da 2020-2021 ikasturteko plantillan berariaz ezarritako irakastorduak erabiliz.

Ikasleei informazioa eman beharko zaie ikasturtearen hasieran, jakin dezaten zer ordutegi izanen den eta nola antolatuko den arreta presentziala 2020-2021 ikasturtean arte eskolan.

18.–Gainditu gabeko moduluak izanik, deialdi guztiak –arruntak eta bereziak– agortu dituzten ikasleak.

Arte eskolek Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari adierazi beharko diote ba ote diren ikasleak edo ikasle ohiak zeinek, prestakuntza ziklo bat eginda, gainditu gabeko moduluak dituzten, horietarako deialdi guztiak –arruntak eta bereziak– agortuta.

Ikasle horientzat aparteko deialdi berariazko bat eginen da 2020-2021 ikasturtean, LOEko arte plastikoetako eta diseinuko teknikari edo goi mailako teknikari titulua lortu ahal izateko.

Hala bada, deialdi horren jarraipena eta ebaluazioa egiteaz arduratuko diren arte eskolako irakasleak hauek izanen dira: dagokien ikasleen amaierako ebaluazioaren deialdietan parte hartu ez eta ukitutako moduluan edo moduluetan irakaslana esleituta duten irakasleak. Ikastetxeko zuzendaritzaren eskumena izanen da aparteko deialdi berariazko horretaz arduratuko diren irakasleak izendatzea.

Ikastetxean ez badago baldintza hori betetzen duen irakaslerik, Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuak izendatuko ditu irakasleak, ukitutako moduluan edo moduluetan irakaslana esleituta dutenak eta destinoa beste ikastetxe batzuetan dutenak, aparteko deialdi berariazko horren arduradun gisa.

19.–Arte plastikoetako eta diseinuko teknikari titulua duten ikasleek Batxilergoko titulua lortzea.

LOEren 44. artikuluak, LOMCEren bidez aldatu baitzen, ahalbidetzen die Batxilergoko edozein modalitatetara iristea arte plastikoetako eta diseinuko teknikari titulua dutenei.

20.–Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikari titulua duten ikasleak unibertsitatean sartzea.

Arte plastikoetako eta diseinuko goi mailako teknikari titulua duten ikasleek “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuko urrutiko Batxilergoko irakaskuntzetan egiten ahalko dute matrikula, unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba prestatzeko. Irakaskuntza horietan matrikulatzen diren ikasleek eskubidea izanen dute ikaskuntzaren bilakaera egiaztatzeko ebaluazio prozesuan parte hartzeko. Hala ere, ebaluazio prozesu horretan lortutako kalifikazioek ez dute eskubidea emanen ikasketa espedientea aldatzeko.

Goi mailako teknikari titulua duten ikasleek aukera izanen dute unibertsitatean sartzeko ebaluazio proba egiteko, maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren hogeita hamaseigarren xedapen gehigarrian ezarritako baldintzetan.

21.–Txostenak egitea arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen eskaintza planifikatzeko.

Hezkuntza Departamentuari dagokio arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen eskaintza planifikatu eta programatzea Nafarroan. Horretarako, Hezkuntza Departamentuak helburu hauek ditu:

a) Prestakuntza guneak nola erabiltzen diren ezagutzea.

b) Eskura dauden guneak efizientzia handiagoz erabiltzea.

c) Guneen kudeaketan gardentasuna sustatzea, arte eskolek eta Lanbide Heziketako ikastetxeen sareak jakin dezaten nola erabiltzen diren eskura dauden guneak.

d) Hezkuntza Departamentuak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen plangintza orokorrari buruz hartu beharreko erabakietarako lagungarri bat izatea. Erdi mailako zikloetako irakaskuntzen eskaintza, lehentasunez, goizeko txandetan antolatuko da, derrigorrezkoaren ondoko beste irakaskuntza batzuetan bezala; Batxilergoan, konparazio batera.

Hori helburu, arte eskola bakoitzeko zuzendaritza taldeak ikastetxean eskaintzen diren zikloen analisi bat egin beharko du, eta horren gaineko txosten bat prestatu, gutxienez honako alderdi hauek jasoko dituena 2020-2021 ikasturteari buruz:

a) Arte eskolako prestakuntza guneen zerrenda: ikasgelak, laborategiak, tailerrak...

b) Prestakuntza gune bakoitzaren erabilera orduak egunez egun adierazten dituen taula, zein taldek erabiltzen duen adierazita. Goizeko erabilera orduak eta arratsaldekoak bereiziko dira. Ikasturtean zehar gune horien erabilera aldatuz gero, jakinarazi beharko da.

c) Hezkuntza Departamentuak proposatutako helburuak lortzeko egokitzat hartzen diren proposamenak.

Txosten hori 2020ko abenduaren 31 baino lehen igorri beharko zaio Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendaritzari.

22.–Irakasle espezialistak kontratatzeko eskaera.

Arte eskolek irakasle espezialistak kontratatzea eska dezakete. Bi kasutarako aurreikusten da, oro har, horrelako irakasleak kontratatzea:

–Irakasle espezialistei dagozkien moduluak.

–Prestakuntzan lan munduko pertsonen parte-hartzea komenigarria duten moduluak.

Bi kasuetan, gehienez ere 150 orduz kontratatuko da espezialista ikasturte bakoitzeko. Bigarren kasuan, ez da hamar orduko edo hortik beherako kontratazio eskaerarik tramitatuko.

22.1. 2020-2021 ikasturterako irakasle espezialistak.

Ikastetxeetako zuzendaritzek dagoeneko egin dituzte eskaerak 2020-2021 ikasturterako espezialistak kontratatu daitezen, zeinak beharrezko baitira ikasturte guztian zehar eskolak emateko esleituta duten irakaslanaren arabera dagokien moduluetan, bai eta 2020-2021 ikasturteko lehenengo hiruhilekoan edo lehengo hiruhilekotik aurrera modulu jakin batzuen prestakuntza prozesuan parte hartuko duten irakasle espezialistei dagozkien eskaerak ere.

Modulu jakin batzuen prestakuntza prozesuan 2020-2021 ikasturteko urtarriletik aurrera parte hartuko duten irakasle espezialistei dagozkien eskaerak 2020ko azaroaren 20a baino lehen egin behar dira.

22.2. 2021-2022 ikasturterako irakasle espezialistak.

Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren jarraibideekin bat eginen dira espezialisten kontratazio eskaerak 2021-2022 ikasturterako, honako data hauek kontuan harturik:

a) Irakasle espezialistei dagozkien moduluak ikasturte osoan zehar irakasteko kontratazio eskaerak 2021eko apirilaren 30a baino lehen egin beharko dira.

b) Epe hauetan egin beharko dira irakasle espezialisten eskaerak, komenigarritzat jotzen denean haiek parte hartzea modulu jakin batzuen prestakuntza prozesuan 2021-2022 ikasturtean:

–2021eko apirilaren 30a baino lehen, 2021-2022 ikasturteko lehen hiruhilekoan hastekoak diren espezialisten kasuan.

–2021eko azaroaren 19a baino lehen, 2022ko urtarriletik aurrera hastekoak diren espezialisten kasuan.

Horrenbestez, ikastetxeetako lanbide arloko departamentu didaktikoek aztertu beharko dituzte espezialistak kontratatzeko beharrak, eta bere ikastetxeko zuzendaritzari bidali beharko diote kontratazio proposamena, kontuan izanda zein den azken eguna kontratazio eskaera igortzeko Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuari. Proposamen horretan jaso beharko dira Hezkuntza Departamentuak eskatutako kontrataziorako datu guztiak. Eskaerek behar bezala oinarriturik egon beharko dute.

23.–Europass gehigarria.

Europass gehigarria agiri bat da, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen titulu ofizialari eransten zaiona, eta helburu du hirugarrenek hobeki ulertzea titulua zertan datzan, batez ere, beste herrialde bateko enplegatzaile edo erakundeek hobeki uler dezaten tituluaren esanahia, tituludunak eskuratutako gaitasunei dagokienez. Europass gehigarria ez da titulu ofizialaren ordezko bat, ingelesez azaltzen den osagarri informatibo bat baizik.

Gehigarri horretan tituludunak eskuratutako ezagupenak eta gaitasunak azaltzen dira, bere intereseko teknikari tituluari edo goi mailako teknikari tituluari dagokionez. Titulu ofizialetan ageri den informazioaren osagarri bat da, titulua hobeki ulertzeko, titulua egiten den herrialdetik kanpora, batez ere.

Ikasleak eskatuz gero, ikastetxeak behartuak daude gehigarri hori egin eta luzatzera, bat etorriz abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduaren 39. artikuluan ezarritakoarekin, eta esteka honetan dauden ereduen arabera:

http://www.educacionyfp.gob.es/eu/contenidos/estudiantes/ensenanzas-artisticas/suplemento-europass.html

24.–Erreklamazioak eta ebaluazio prozesuari buruzko agirien kopien eskaera.

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan gertatzen diren erreklamazioek kontuan hartu beharko dituzte martxoaren 5eko 21/2019 Foru Aginduan ezarritako alderdiak.

Ikasleei eta, horiek adingabeak izanez gero, legezko ordezkariei segurtatzeko ikasketen bilakaeraren eta errendimenduaren balorazio objektiboa eginen dela, eskatzen zaizkien argibide guztiak emanen dituzte irakasleek, eta, horretarako, ahalbidetuko dute probak, ariketak, lanak eta abar ikustea, ikastetxeak ezarritako prozeduraren arabera.

Orobat, ikasleek edo, adingabeak izanez gero, legezko ordezkariek zilegi izanen dute balorazio eta kalifikazioei buruzko argibideak eskatzea irakasleari. Argibideak eskatzeko edo bidezko erreklamazioak egiteko prozedura Hezkuntzako kontseilariak maiatzaren 21ean eman 49/2013 Foru Aginduan araututakoa izanen da.

Halaber, ikasleek eta, adingabeen kasuan, haien gurasoek edo legezko tutoreek eskubidea izanen dute eskuratzeko ebaluazioaren prozesuan erabili diren agirien eta bestelako elementuen kopiak, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 53.1a) artikuluaren arabera.

Arte eskolek zerbitzu hori gauzatzeko behar den berariazko prozedura (komunikazio bideak, eskaera epeak, entrega epeak, tasak...) arautu beharko dute plangintza instituzionalaren beren agirietan.

Hezkuntzako kontseilariaren maiatzaren 21eko 49/2013 Foru Aginduak, zeinak ezartzen baitu Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetan ematen diren unibertsitateaz kanpoko irakaskuntzetako ikasleak ebaluatzeko prozesuan erreklamazioak egiteko sistema, 10.4 artikuluan ezartzen du ezen, baldin modulu baten amaierako kalifikazioaren aurkako erreklamazioak aurkeztu eta gertatuko balitz kasuko departamentua pertsona bakar batek osatua izatea edo departamenturik ez izatea eta erreklamazioa jarri zaion modulua ikastetxean irakasle bakarrak emandakoa izatea, orduan ikastetxeko zuzendaritzak erreklamazio hori Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzura igorri behar duela, erreklamazioa jarri eta hurrengo bi egun balioduneko epean.

25.–Lanbide moduluak errepikatzen dituzten ikasleen amaierako ebaluazio saioen tenporalizazioa.

Abuztuaren 20ko 63/2019 Foru Aginduaren 15.4 artikuluan ezarritakoa garatu beharrez, jarraibide hau ematen da:

Modulu batzuk gainditu gabe maila errepikatzen duten ikasleek beren erreferentzia taldeko ikasleen epe berean egin beharko dituzte gainditu gabeko moduluak:

–Lehenengo maila errepikatuz gero, moduluak ikasturte osoan barna eginen dira, eta ebaluazioak, partzialak edo amaierakoak izan, talderako finkatutako egunetan eginen dira.

–Bigarren maila errepikatuz gero, moduluak ikasturte osoan barna eginen dira, enpresa, estudio eta lantegietako praktikaldia egin aurreko ebaluazio partzialeko saiora arte, kasuan kasuko ebaluazio partzialeko saioak eginda, taldeko gainerakoen kasuan bezala.

V. KAPITULUA

Hezkuntza Departamentuko beste irakaskuntzetarako ere amankomunak diren jarraibideak

26.–AbiesWeb eta eskolako liburutegia.

Ikastetxeek eskatuz gero, eskura dute AbiesWeb programa, eskolako liburutegien kudeaketa informatizatua egiteko programa. Hezkuntza Departamentuko Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuak instalatu eta martxan jarriko du. AbiesWeb erabiltzeko oinarrizko ikastaro bat antolatuko da, eta ikastetxeak programaren arduradun izateko aukeratzen dituen pertsonak joaten ahalko dira.

Era berean, informazio saioak antolatuko dira “Odisea” plataformaren aukera pedagogikoei buruz (eskolako liburutegi digitala).

Eskolako liburutegiaren kudeaketaren arduradunei ordu osagarri bat edo bi esleitzen ahal zaizkie kudeaketa informatikoa egiteko eta eskolako liburutegia garatzeko, betiere ikastetxeko ordutegia kontuan hartuta.

Eskolako liburutegiko arduradunen eginkizuna izanen da honako zeregin hauek egitea:

–Funts bibliografikoak eta bestelako materialak automatizatzea eta antolatzea.

–Mailegu sistema antolatzea.

–Artearen sektore profesionalarekin lotutako argitalpen artistiko eta zientifiko-teknikoak irakur daitezen bultzatzeko ekintzak sustatzea.

–Liburutegiaren aldetik laguntza ematea arte eskolan antolatzen diren programak eta proiektuak egiteko orduan.

–Liburutegiaren ordutegia antolatzea, bai eskola-orduetan bai eskola-orduetatik kanpo, bai eta arte eskolak zehaztutako beste ordutegi batzuk ere.

–Irakurmenaren hobekuntza sustatzea ikasleen artean “Odisea” eskolako liburutegi digitalaren bidez.

27.–Ikastetxeko hizkuntza proiektua.

Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetarako, aipatu proiektua aplikatzea borondatezkoa izanen da, bat etorriz Ikastetxearen Hizkuntza Proiektuaren prestaketa arautzen duen otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduaren lehen xedapen gehigarrian ezarritakoarekin.

Beren borondatez aplikatzea hautatzen duten ikastetxeek, otsailaren 19ko 16/2019 Foru Aginduan ezarritakoarekin bat, ez badute ikastetxearen hizkuntza proiektua prestatzen bukatu, jarraituko dute agiria prestatzen hizkuntza batzordearen bidez, 2020-2021 ikasturtearen bukaerarako zehaztuak izan ditzaten helburuak eta ikastetxearen hizkuntza planteamendua. Ikasturteko amaierako memorian dokumentua zein fasetan dagoen adieraziko da. Ikastetxeek ez badute hizkuntza proiektua egin, 2020-2021 ikasturtean zehar ikastetxeko egoera linguistikoaren diagnostiko bat egin beharko dute ikastetxeko hizkuntza batzordearen bidez. Diagnostiko horretan, curriculumeko hizkuntzen nahiz hezkuntza komunitateko kideek dituzten beste hizkuntzen erabilera eta presentzia aztertuko da eta adostasunez lortu beharreko hizkuntza helburuak ezarriko dira. Helburuak zehazteko eta diagnostikatzeko prozesuen emaitzak ikasturtearen amaierako memorian jasoko dira.

Ikastetxeek Eleaniztasunaren eta Arte Ikasketen Zerbitzuaren laguntza izanen dute. Era berean, honako esteka honetan orientazio gida bat izanen dute eskura:

https://sites.google.com/educacion.navarra.es/plcnavarra/plcihp

Curriculum hizkuntzei dagokienez, ikastetxeek Educa kudeaketa sisteman honako hauek zehaztu beharko dituzte:

–Maila bakoitzean ikasgai bakoitza zein hizkuntzatan ematen den (Ikastetxea Menua > Ikasketa plana > Ikasgaiaren hizkuntza).

–Ikastetxearen hizkuntza proiektuaren arduraduna (Langileak Menua > Irakasleak > Datu profesionalak).

–AHIPa koordinatzearen arduraduna, kasua bada: Bigarren Hezkuntzan Atzerriko Hizkuntzak Ikasteko Programa (Langileak Menua > Irakasleak > Datu profesionalak).

28.–Informazioaren eta komunikazioaren teknologiak.

28.1. Gaitasun digitala eta hezkuntzako teknologia.

Hezkuntza Departamentuak jarraituko du dagoeneko martxan dauden beste neurri batzuk sustatzen, hala nola banda zabal ultralasterra hedatzeko plana eta ekipamendua berritzeko eta hornitzeko plana.

Ikasturte honetan jarraipena emanen zaio Hezkuntzaren Eraldaketa Digitalerako estrategiari (ikasNOVA), bat-bat ereduaren arabera (ikasle bat, gailu bat). Horretarako, ikastetxeei orduak eman zaizkie ikasNOVAren arduradunarentzat.

Ikastetxeetako eta ikasgelako prozesuetan hezkuntza teknologiak integratzera bideratutako bi figura dira hezkuntza teknologiaren koordinatzailea eta ikasNOVA hezkuntzaren eraldaketa digitalaren arduraduna.

–Hezkuntza teknologiako koordinatzailea. Haren zeregina izanen da ikastetxean IKTen erabilera sustatzea, eta horretarako irakasleei prestakuntza emanen die, gailuak eta aplikazioak erabiltzean sortzen diren zalantza teknikoak argituko ditu, kontrolatu eginen du ekipamendu guztiak behar bezala GLPIn etiketatuta eta inbentariatuta daudela, eta bermatu eginen du ordenagailuak ez direla martxan jarriko administratzaile baimenekin. Hezkuntza Departamentuko teknikariak oraindik ikastetxe batera joan ez direnean gailuak martxan jartzera, Windows 7/8 ekipamendu guztiak eguneratu beharko dituzte Departamentuak prestatutako Windows 10era.

–IkasNOVA arduradunaren funtzioak irakaskuntza ikaskuntza prozesuekin lotuta daude, baita hezkuntza teknologiak ikasleen gaitasun digitalak garatzeko modu gisa integratzeko moduarekin ere. Besteak beste, haren funtzioetako bat da gainerako irakasleei prestakuntza ematea, alderdi metodologikoei, tresna nahiz aplikazioei, erabilera arauak errespetatzeari, mailegurako araudiari, edukiak sortzeari eta abarri buruz.

Bi figura horiek modu koordinatuan lan egin behar dute, elkarren artean zerikusia duten prozesuak baitaude (hiru metakategoriatan banatu ditugu: kudeaketa, komunikazioa eta didaktika). Hausturak, finantzen kudeaketa edo fidantzak bezalako kudeaketak, elkarrekin landu beharko dituztenak.

Funtzio zehatzak ikasNOVA atarian argitaratuko dira

https://ikasnova.digital/

IkasNOVA arduraduna ikasleen hezkuntza digital segururako eta errespetuzkorako eskubidearen sustatzailea ere izanen da, Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren 83. artikuluan xedatutako baldintzetan.

28.2. IKT zerbitzuen katalogoa.

Langile guztiei (irakasleei eta AZLei) helarazi beharko zaie IKT zerbitzuen katalogoa, zeinak informazio garrantzitsua izanen baitu, ikastetxeen informatikari eta konektibitateari buruzkoa.

Helbide honetan egonen da eskuragarri:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/serviciostic

Halaber, ikasNOVAren atarian ere egonen da: https://ikasnova.digital.

28.3. Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (ELZ).

Zerbitzu eskari batzuk jakinarazteko eta eskatzeko, Erabiltzailearen Laguntza Zentroa (ELZ) erabil daiteke.

Ikastetxeko edozein langilek (irakasleek nahiz AZLek) ematen ahal dute IKTen matxuren berri; horretarako, ELZra dei egin beharko dute (848 425050), arazoa azalduz eta matxura duen ekipamendua itsasgarrian duen zenbakiaren bidez identifikatuz.

Zerbitzu eskariak IKT zerbitzuen katalogoaren bidez eskainitakoak izanen dira, eta, kategorizazioaren arabera, ikastetxeko zenbait langilek eskatzen ahal izanen dituzte.

Matxura urrutitik ELZko langileen laguntzarekin konpondu ezin daitekeenean, IKT ekipamenduaren mantentze kontratuaren adjudikazioduna den enpresako (gaur egun CONASA da) teknikari bat bidaliko da ikastetxera, matxura konpon dezan.

28.4. Inbentarioko online aplikazioa.

https://inventario.educacion.navarra.es/glpi/ inbentarioko online aplikazioan (GLPI), ikastetxe bakoitzak bere ekipo informatikoen inbentarioa ikusten ahalko du, baita horien gorabeherak ere, berriak zein amaitutakoak, eta egokitzat jotzen duen informazioa edo jarraipenak gehitzen ahalko ditu.

IKT zerbitzuen katalogoan aplikazio hori erabiltzeko gidaliburu erraz bat dago, ikastetxeko kontuarekin eta pasahitzarekin atzitzen ahal dena.

28.5. IKT ekipamenduaren inbentarioa.

GLPI aplikazioan etiketatuta eta inbentariatuta daude ikastetxeetako ekipamendu informatiko guztiak (mahai gaineko ordenagailuak, pantailak, ordenagailu eramangarriak, chromebook gailuak, chromebox gailuak, tabletak, proiektagailuak, arbel digitalak, monitore interaktiboak eta inprimagailuak).

Itsasgarriak oso garrantzitsuak dira matxura bat dagoenean ekipamenduak identifikatzeko; hori dela eta, ikastetxeak neurriak hartu beharko ditu ikasleek itsasgarririk ken ez dezaten. Itsasgarri horiek desagertzen badira, ikastetxeak zenbaki berdineko beste batzuk jarri beharko ditu, edo errotuladore ezabaezin batekin idatzi beharko du ekipamendu zenbakia (zenbaki hori inbentarioaren online aplikazioan bila daiteke).

Ikastetxeko Hezkuntza Teknologiako koordinatzaileak aldizka berrikusi beharko du online aplikazioaren inbentarioa, bermatuz ez dela falta ekipamendu bat ere eta ez dela agertzen kendutako ekipamendurik.

28.6. IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratua.

Ikastetxeetako IKT ekipamenduko matxurak konpontzeko kontratu bat dago (egun CONASA enpresa da adjudikazioduna), eta haren bidez egunean bertan edo hurrengo egunean konpontzen dira gorabeherak edo ordezko ekipamendu bat uzten da ikastetxean, inolako kosturik gabe.

IKT zerbitzuen katalogoan kontratu horren laburpena ikusten ahal da.

Barnean hartzen ditu hardwarearen matxurak (piezak edo ekipamendu osoak ordeztea) eta sistema eragilearen arazoak.

Konpondutako edo ordeztutako ekipoa erabiltzeko prest gelditu behar da; horretarako, baliteke beharrezkoa izatea sistema eragilea berriro instalatzea, inprimagailuak eta arbelak konfiguratzea, antibirusa, inbentario-agentea eta LibreOffice instalatzea eta erabiltzailearen dokumentuak konpondutako ekipora pasatzea.

Ez daude estalita erorikoak, nahita egindako kalteak, ekipamendua gaizki erabiltzearen ondoriozko kalteak, lapurretak, gainkarga elektrikoak eta abar. Kasu horietako gehienak Nafarroako Gobernuak kontratatutako aseguru batek estaltzen ditu eta Ondare Zerbitzuak kudeatzen du aseguru hori. Ikastetxeak eman behar du ezbeharraren partea (informazio gehiago hemen: 848 42 32 37).

28.7. Ekipamendua erostea. IKT zerbitzuen kontratuak, lizentzia digitalenak eta bestelako IKT hornidurenak.

Hauxe dago jasota unibertsitatekoak ez diren ikastetxe publikoetako zuzendaritza taldeei IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT horniduren kontratuak egiteko eskumena eskuordetzen dien ebazpenean:

“Unibertsitateaz kanpoko ikastetxe bateko zuzendariak kontratatzen ahalko ditu ikastetxearen IKT zerbitzuak, lizentzia digitalak eta IKT hornidurak, irakaslanerako beharrezkoak direnak, baldin eta kontratuaren zenbatekoak 5.000 euro (BEZa kanpo) gainditzen ez baditu, gastua zentralizatuta badago edo hornidurak eta zerbitzuak arautzeko esparru akordioa badago.

Eskaintzen diren zerbitzuak hobetze aldera, bai eta ikastetxeetako ekipamendu informatikoaren eta sareen kudeaketa eta mantentzea hobetzeko eta ikastetxeen premiak hobeki ezagutzearren, Hezkuntzako Teknologien eta IKT Azpiegituren Zerbitzuaren oniritzi teknikoa izan beharko dute IKT zerbitzuen, lizentzia digitalen eta IKT ekipamenduen horniduraren kontratuek (esate baterako, ekipamendu informatikoa, mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, pantaila interaktiboak, chromebook eta chrometab gailuak, inprimagailuak eta proiektagailuak eta antzeko ekipamendu guztiak), diru-kopurua edozein delarik ere.”

Esparru-akordio bat dago, eta horren arabera hornitzaile batzuk homologatu dira, eta ikastetxeetarako egokienak diren ekipo informatikoak aukeratu (mahai gaineko ordenagailuak, ordenagailu eramangarriak, proiektagailuak, monitore interaktiboak, arbel digitalak, chromebook gailuak, pantailak, inprimagailuak, etab.).

Non eta ez duen Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak salbuespenik baimentzen, hautatutako ekipoen zerrendan egon behar du ikastetxeek erosten duten ekipamendu informatikoak, eta hornitzaile homologatuei erosi behar zaie.

IKT zerbitzuen katalogoan argitaratuta daude ekipoen nahiz hornitzaileen zerrendak, dagozkien eskaera-txantiloiekin, baita ikastetxeek ekipamendu hori erosteko jarraitu behar dituzten argibideak ere.

Ikastetxeak ezin izanen du onartu dohaintzan emandako edo bigarren eskuko ekiporik, arazoak sortzen baitituzte mantentze-lanetan eta segurtasunean, Hezkuntzako Sistemen, Sareen eta Euskarrien Atalak baimendutako salbuespenak izan ezik.

28.8. Softwarea.

IKT zerbitzuen katalogoan askotariko sistema eragileen irudiak daude, dagoeneko aplikazio ugari instalatuak dituztenak, ikastetxeek modu errazean klona ditzaten ordenagailuetan, eta, horrez gain, ELZk kudeatzen ahal dituen hainbat soluzio dituzte instalatuak.

Gomendatzen da Windows 7 eta Windows 8 dituzten ekipo guztiak eguneratzea eta horietan Windows 10 instalatzea, Hezkuntza Departamentuak egindako W10en irudia erabilita.

ELZk (Erabiltzailearen Laguntza Zentroa) urrundik kudea ditzake Hezkuntza Departamentuak egindako W10 sistema eragilea duten ordenagailu guztiak (mahaigainean Nafarroako Gobernuaren ikurra dute). Ikastetxeak nahi izanez gero, sistema eragilea urrutitik instalatzeko eskatzen ahal dio ELZri, edo eskatzen ahal du askotariko aplikazio informatikoak instalatzeko, Windows 10 duten ordenagailuetan kasuan.

Gogorarazten da ikastetxeek obligazioa dutela ekipoetan erabiltzen duten eta haietan instalatuta dagoen softwarea legezkoa dela ziurtatzeko.

LOEren 132.d artikuluaren arabera, betebehar hori zuzendariari dagokio, araudiak esleitzen dizkion eskumenei jarraikiz.

Hezkuntzako Teknologien eta Informazio Sistemen Zerbitzuak software librea erabiltzea gomendatzen du, baldin eta posible bada eta beharrei erantzuten badie.

Ikastetxe batek software jabeduna erabiltzen badu ekiporen batean, dagokion lizentzia eta hori egiaztatzen duten agiriak izan beharko ditu.

28.9. Hezkuntza Teknologia koordinatzaileen eta ikasNOVA arduradunen prestakuntza.

Ikasturte berri bat hasten den bakoitzean, Hezkuntza Teknologien koordinatzaile arduradunaren lanpostuan lehenengo aldiz aritzen diren irakasleek aurrez aurreko prestakuntza egin beharko dute eskola-ordutegian, nahitaez. Bertan azalduko zaizkie haien betebeharra, dauden tresnak, jarduteko modua eta Hezkuntza Departamentuak ikastetxeen eskura jartzen dituen baliabideak.

Hezkuntza teknologien koordinatzaileen prestakuntza eta ikasNOVA arduradunen prestakuntza asteazken goizetan izanen da, 09:00etatik 10:30era.

Aurretik eginkizun hori gauzatzen zuten Hezkuntza Teknologien arduradunen koordinatzaileek ere prestakuntza hori jaso dezakete beren borondatez.

Prestakuntza horretarako deialdia Irakasleari Laguntzeko Zentroen bidez eginen da.

28.10. Ikastetxeetako prozesuetan datu pertsonalak babestea.

Hezkuntza Teknologien koordinatzaileak DBEDBLO (abenduaren 5eko 3/2018 Lege Organikoa) bete dadin ere sustatuko du, ikastetxeko prozesuetan datu pertsonalak babesteari dagokionez.

Hezkuntza Departamentuan orrialde bat dago datu pertsonalak babesteari buruzko informazio espezifikoarekin, eta informazio hori zuzendaritza taldeek jakin behar dute, ikastetxeetako prozeduretan datu pertsonalak tratatzeko arduradunak baitira, eta, horrez gain, datu pertsonalak kudeatu behar dituzten ikastetxeko langileen artean ere hedatu behar da:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/informacion-sobre-proteccion-de-datos

Orrialde horretan honako atal hauek daude:

1. Datu pertsonalak babesteari buruzko informazioa: atal honetan jasota dago Hezkuntza Departamentuak tratatutako datu pertsonalak babesteari buruzko araudiak eskatzen duen informazio guztia.

2. Tratamendu jardueren erregistroa: atal honetan azaltzen da zer den Tratamenduko Jardueren Erregistro bat. eta Hezkuntza Departamentuak sortu eta argitaratutakoarekin lotzen da.

3. FAQ. Maiz egiten diren galderak: atal honetan azaltzen dira ikastetxeetan datu pertsonalak jasotzeari eta tratatzeari buruz egin ohi diren galderak.

4. Intereseko agiriak: atal honetan deskargatzen ahal dira datuen babesarekin lotutako ereduak eta intereseko agiriak, bereziki hezkuntzaren alorrekoak.

VI. KAPITULUA

Antolaketaren gaineko alderdiak

29.–2020-2021 ikasturteko curriculum plangintza.

Ikusirik 2019-2020 ikasturtean jarduera presentziala eten dela COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, arte eskolek ekintza zehatzak aurreikusi behar dituzte 2019-2020 ikasturtean eskuratu ez diren ezinbesteko jakingaiei heltzeko.

Hori helburu, zuzendaritza taldeak berariaz aipatu beharko du 2020-2021 urteko programazio orokorrean nola helduko dion gai horri, eta begiratuko du irakaskuntza-programazio bakoitzean txertatzen direla curriculuma eta hezkuntza-jarduerak errekuperatu eta egokitzeko planak, ikasle guztiek aurrera egiten dutela ahalbidetzeko. Plan horiek prestatzeko, oinarri hartuko dira ikasleen banakako txostenak, 2019-2020 ikasturtearen bukaeran egindakoak, eta, hala badagokio, baita azken memorietan jasotzen den informazioa ere, 2019-2020 ikasturtean landu gabe utzitako curriculumaren ezinbesteko alderdiei buruzkoa.

30.–Arreta digital ez-presentzialaren plana, ikasleei eta familiei zuzendua, ikasle adingabeen kasuan.

Arreta ez-presentziala emateko egoera gehiago gertatzen ahal direla aurreikusiz, zuzendaritza taldeek arreta digital ez-presentzialaren plan bat artikulatu beharko dute, haren bidez ekiteko ikasleek eta, kasua bada, haien familiek informazioaren eta komunikazioaren teknologien erabilerari dagokionez izan ditzaketen prestakuntza premiei, era horretan haien arteko komunikazioa albait onena izan dadin.

Plan hori prestatzeko, webgune honetan ikusgai jarriko diren oharrak eta materialak erabiliko dira: ikasnova.digital/PANP (arreta ez-presentzialaren plana).

Irakasleek plan horretan ezarritako jarraibideei jarraikiko diete.

31.–Lanaldia.

31.1. Ohar orokorrak.

Uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 1. artikuluan xedatutakoaren arabera, irakasleek, oro har, Nafarroako Gobernuaren mendeko funtzionarioentzat finkatzen den lanaldi bera izanen dute, beren eginkizunetara egokitua.

Bestalde, uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 2. artikuluak ezartzen du ezen irakasleek astean hogeita hamar ordu emanen dituztela ikastetxeko jardueretan, eta gainerako orduak (ikastetxean egon beharrik gabekoak) irakas-jarduerak prestatzeko erabiliko direla, eta irakasleen hobekuntza profesionalerako, galarazi gabe irakasleek duten obligazioa batzorde eta hautapen epaimahaietan edo antzeko jardueretan parte hartzeko, horretarako izendatzen dituztenean.

31.2. Eskola-orduak.

18 eskola-orduetan sartzen dira ikasleei zuzeneko eskola edo irakaskuntza ematea eta aplikatu beharreko gainerako jarduerak eta zereginak, bai uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 22. artikuluan ezarritakoaren arabera, bai Nafarroako irakaskuntza publikoa hobetzeko itunak aplikatzetik sortzen diren erabakien arabera.

Zuzeneko irakaskuntza-orduen artean daude ikasleei eskola edo irakaskuntza ematekoak, izan talde/klase arruntarekin emandako orduak edo banaketa orduak.

31.3. Zuzeneko irakaskuntzaren orduak murriztea, Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren ondorioz, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez.

Nafarroako irakaskuntza publikoaren kalitatea hobetzeko itunaren emaitza gisa, zeina argitaratu baitzen irailaren 14ko 86/2018 Foru Aginduaren bidez, zuzeneko irakaskuntza-orduak murriztu dira, eta murriztutako ordu horiek honela erabiliko dira: ordu bat ikastetxeko koordinazio lanetarako eta plangintza instituzionaleko agiriak prestatzeko, eta beste ordua ikastetxeak parte hartzen duen proiektuak, programak eta planak egiteko, bai eta aipatu foru aginduan adierazten diren zereginetarako.

Arte eskolen kasuan, eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak proposatutako zeregin, plan eta proiektuak izanen dira ondorioztatzen direnak Nafarroako Lanbide Heziketaren Kontseiluaren “jarduketa planean” proposatutako sei jarduketa lerroetatik, zeinak eskolek txertatu eta bere egin baitituzte egoki jo ahala, beren autonomia baliatuz, ikastetxeko hezkuntza proiektuan eta urteko programazio orokorrean.

Zehazterakoan eskola-ordu gisa zenbatzen diren bi ordu horien dedikazioa, gainerakoen gainetik lehentasuna izanen du orduak ematea ikastetxearen zuzendaritzak erabakitako eta bere plangintza instituzionaleko agirietan jasotako zeregin, plan eta proiektuetan, aurreko apartatuan aipatutako beste batzuen artean.

Horretarako, zuzendaritza taldeak lan plan bat ezarriko du, eta hura betetzen dela begiratzeaz arduratuko da. Lan plan hori nahitaezkoa izanen da, eta irakasleen gainerako aukera guztien aurretik lehenetsiko da. Planak “edukiak” eta “egikaritzeko egutegia” izeneko atalak izanen ditu, eta azken horren barrenean, bileren maiztasuna zehaztuko da.

Hori helburu, ikastetxeko zuzendaritza taldeari dagokio lan plan horretarako orduak zehaztea, zeinak ikasleen ordutegitik kanpora egiten ahalko baitira.

31.4. Astean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Astean zenbatu beharreko 5 ordu osagarriak erabiliko dira jarduerak eta zereginak egiteko, ondorioztatzen direnak uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 24. artikuluan, “hezkuntza kalitatea hobetzeko itunetan” eta jarraibide hauetan ondorio horietarako ezarritakoa aplikatzetik.

Arte eskolen kasuan, eta arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez, jarraibide hauek hartu beharko dira kontuan astean zenbatu beharreko ordu osagarri horietan egin beharreko jarduerei dagokienez:

–Zaintzak egiteko, 34. jarraibidean ezarritakoari jarraituko zaio. Eranskin honetako zaintzak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan.

–Koordinazioari eskaintzen zaizkion orduak (departamentuko bilerak, irakasle taldeenak...) egiten ahalko dira ikasleen ordutegiarekin bat ez datorren ordutegian. Ikastetxeko zuzendaritzari dagokio zehaztea.

–Plangintza instituzionalaren tresnak prestatu eta berrikustea.

31.5. Hilabetean zenbatu beharreko ordu osagarriak.

Hilabetean zenbatu beharreko 5 ordu osagarriak erabiliko dira jarduerak eta zereginak egiteko, ondorioztatzen direnak uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 26. artikuluan (klaustroa, ebaluazio saioak eta irakasle taldea, familiei arreta ematea, beste jarduera osagarri eta eskolaz kanpoko batzuk, plangintza instituzionaleko tresnak, prestakuntzarako 35 orduak), “hezkuntza kalitatea hobetzeko itunetan” eta jarraibide hauetan ondorio horietarako ezarritakoa aplikatzetik.

31.6. Irakasleen lanaldiaren laburpena.

Laburpen gisa, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako irakasleen jardunaldia honako hau izanen da:

IRAKASLEEN LANALDIAREN LABURPEN KOADROA

URTEKO LANALDIA

(225/1998 FDaren 1. artikulua)

ASTEAN 30 ORDU IKASTETXEKO JARDUERETARAKO

(225/1998 FDaren 2. artikulua)

ASTEAN 25 ORDU (ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ESKOLA-ORDUEN ETA ORDU OSAGARRIEN BATURA)

(225/1998 FDaren 21-24. artikuluak)

18 ORDU

ZUZENEKO IRAKASKUNTZAKO ORDUAK (Ikus 41.2)

ESKOLA-ORDU GISA ZENBATZEN DIREN ORDUAK (Ikus 41.2)

2 ORDU

ESKOLA-ORDU GISA ZENBATZEN DIREN ORDUAK (Ordutegia berreskuratzea. 2019ko hitzarmena) (Ikus 41.3)

ASTEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK, ASTEAN 5 ORDU (Ikus 41.4)

HILABETEAN ZENBATU BEHARREKO ORDU OSAGARRIAK, ASTEAN 5 ORDU (225/1998 FDaren 26. artikulua)

URTEKO LANALDIA OSATU ARTEKO GAINERAKO ORDUAK (Ikus 41.1)

Ekaineko eta iraileko eskola gabeko lanegunetan, egunean ikastetxean egon beharreko bost orduko lanaldi etengabea egin beharko dute irakasleek.

31.7. Informazioa arte eskolen jarduera berariazkoei buruz eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak eta ikastetxeek berek sustatutako programa eta proiektuei buruz.

Arte eskolek, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez, laburpen taula bat bidali beharko diote Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari, 2020ko azaroaren 1a baino lehen, azaltzen duena ikastetxean zereginak nola banatuko diren astean zenbatu beharreko 5 ordu osagarriei dagokienez eta eskola-orduak 20tik 18ra murriztearen ondorioz ateratzen diren 2 orduei dagokienez; han jasoko da, halaber, zein izanen den irakasleen parte-hartzea (ordutan) zazpi ordu horietan egin beharreko jardueretan. Dokumentu hori, zeina informatiboa izanen baita Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuarentzat, oinarri izanen da analisia egiteko, 2020-2021 ikasturtean zehar, arte eskoletan (arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez) garatzen diren zereginei buruz.

32.–Zuzendaritza taldeen koordinazioa.

Arte eskolak elkarrekin eta lanbide heziketako irakaskuntzak eta kirol irakaskuntzak ematen dituzten beste ikastetxe batzuekin hobeki koordina daitezen, eta dauden programetan parte hartzea bultzatzeko asmoz, zuzendariak ez du irakastordurik izanen astearte goizetan, ikastetxean posible den neurrian. Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak edo haren zerbitzuek egiten dituzten bileretarako deiek lehentasuna izanen dute Hezkuntza Departamentuko beste zerbitzu batzuek egindako gainerako parte-hartze deien aurretik.

33.–Irakasleak lanera ez agertzea.

Aldi baterako ezintasun batengatik irakaslea lanera agertzen ez denean arte eskolako zuzendaritzak egin behar duen kontrola Hezkuntza Departamentuko webgunean ezarritakoari jarraituko zaio:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/incapacidad-temporal

Aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileek bajaren frogagiria aurkeztu behar dute gehienez ere 3 eguneko epean, lanera huts egindako lehen egunetik zenbatzen hasita. Baja berresteko parteak sendagileak erabakitzen duen maiztasunarekin aurkeztuko dira, Gizarte Segurantzaren barruan daudenen kasuan, eta Mufacekoen kasuan, berriz, hamabostean behin edo hilean behin, fakultatiboak hala erabakiz gero. Alta-agirien kasuan, agiria egin eta gehienez 24 orduko epean jakinaraziko da.

Bajaren edo altaren berri emateko jatorrizko agiriak Hezkuntza Departamentura igortzeko, bide hauek erabiltzen ahal dira: posta arrunta, aurrez aurre Nafarroako Gobernuaren Erregistro Ofizialaren edozein bulegotan, edo Erregistro Orokor Elektronikoa.

Ordezkapenetarako, kotizazioetarako eta nominan eragina duten bestelako elementuetarako dauden epeak ongi betetzearren, proposatzen da, ahal den guztietan, komunikazioak Erregistro Orokor Elektronikoaren bidez egitea.

Parteak bidaltzeko orduan gertatzen den edozein gorabeheraren berri emateko, helbide elektroniko hau erabil daiteke modu osagarri gisa: bajaseducacion@navarra.es.

Era berean, nahitaezkoa da lantokira kopia bat bidaltzea ahalik eta lasterren, lantokiak jakin dezan zehatz-mehatz zein egunetan huts egin behar duen, bajaren bilakaera eta/edo bukaeraren berri izan dezan eta, orobat, ordezkapen bat eskatu ahal izan dezan. Ikastetxearekiko komunikazio bidea ikastetxe bakoitzak erabakiko du, zuzendaritza talde bakoitzak finkatzen duen funtzionamenduaren arabera.

Alta-agiriari dagokionez, horren berri emateko epea betetzen ez bada eta hutsegiteen ziurtagiria aurkezten ez bada irakaslea ikastetxera itzultzen den egunetik hasita 2 egun naturaleko epean, zuzendaritzak horren berri emanen dio Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari, indarreko araudian ezarri bezala jokatzeko. Irakasleari ere jakinaraziko zaio idatziz.

Garrantzitsua da adieraztea ezen, gaixotasun bajengatiko egoerak kontrolatu eta komunikatzeaz gainera, erditzeagatiko lizentzia edo ama ez den gurasoarentzako lizentzia tramitatzeko komunikazioa hiru eguneko epean egitea gehienez, ezarritako prozedurari jarraikiz.

34.–Zaintzak arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetan.

Arte eskoletan ematen diren arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak hezkuntza etapa batekoak baino gehiagokoak izaten dira:

–Lanbide Heziketa Bereziko zikloak.

–Derrigorrezko hezkuntzaren ondokoa: erdi mailako zikloak.

–Goi mailako hezkuntza: goi mailako zikloak.

Irakasleak huts eginez gero, zaintzak antolatzeko sistema bat ezarri beharko du arte eskolak, bermatzearren norbait izanen dela Lanbide Heziketa Bereziko zikloetako eta erdi mailako zikloetako ikasleei arreta emateko. Goi mailako zikloetan irakasleak huts eginez gero, arte eskolako zuzendaritzak aukeran izanen du zaintza jartzea ala ez.

Zaintzako irakaslearen eginkizun nagusiak hauek dira:

a) Irakasleak huts egiteagatik edo beste edozein arrazoirengatik libre gelditzen diren ikasleei arreta ematea.

Irakaslea lanera ez agertzea aurreikusita badago, irakasleak ikasketaburuarekin koordinatuko ditu egin beharreko jarduerak.

b) Korridoreetan ordena zaintzea, eta, oro har, ikasleek gelaz kanpo duten portaera. Horrek ez du esan nahi beste irakasleek eginkizun hori bete behar ez dutenik.

c) Beren zaintza-orduetan sortzen diren gorabehera guztiak konpontzea, bai eta arte eskolako norbait mediku beharrean gertatuz gero hartarako jarduketak egitea ere, eta ikasketaburua lehenbailehen jakinaren gainean jartzea.

d) Idatziz jakinaraztea ikasketaburuari ea irakasleak beren zaintza-orduetan joaten diren ala ez eskoletara, zaintza-txandetara, liburutegira edo bestelako jardueretara.

e) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Zuzendaritzak baimena eman dezake irakasleren baten zaintza-orduak berariazko beste jarduera batzuekin trukatzeko, baldin eta zaintza-ordu guztiak beteta badaude.

Educa aplikazioak modulu berri bat du irakasleen zaintza-orduak kudeatzeko, eta hura erabiltzea gomendatzen dugu. Ikasgelako koadernoaren agendarekin lotuta dago, egin beharreko jarduerak jakinaraztea errazten du, zaintzako irakasleak izendatzeko aukera ematen dio zuzendaritza taldeari eta prozesuaren estatistika bat eskaintzen du.

Gertatuko balitz arte eskolak ezarritako zaintzako irakasleek zaintzaren bat ezin betetzea, ikasketaburuak irakasle bat izenda dezake zaintza hori egiteko.

35.–Nahitaezko prestakuntza.

Etengabeko prestakuntza irakasleen eskubide eta betebehar bat da, bai eta Hezkuntza Departamentuaren eta ikastetxeen erantzukizuna ere, azken helburua izanik Nafarroako hezkuntza sistemaren kalitatea hobetzea irakasle lanbidea garatuz.

Ildo horretan, arte eskolek prestakuntza instituzionalaren programa bat ezarriko dute ikastetxeko irakasle guztientzat. Nahitaezko prestakuntza horrek 35 ordu iraunen du.

Ikastetxearen prestakuntza planean jasoko dira haren edukia eta ikasturteko ordu banaketa; zuzendaritza taldeak finkatuko eta antolatuko ditu, kontuan hartuta, arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei dagokienez, Hezkuntza Departamentuak prestakuntza lehentasunei buruz ezarritako jarraibideak, Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak proposatzen dituen lerro eta sare estrategikoak eta titulu berriak ezartzetik sortzen diren beharrak, bai eta ikastetxeko urteko hobekuntza planaren helburuak ere. Prestakuntza hori lehentasunezkoa izanen da, eta irakasle guztiek nahitaez egin beharko dute. Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak gainbegiratuko du irakasle guztiek egiten dutela.

2020-2021 ikasturtean, COVID-19ak eragindako osasun larrialdiaren ondorioz, eta ikusirik hezkuntza-jarduera presentziala eten egin zela 2019-2020 ikasturtea bukatu arte, etorkizunean gerta daitezkeen hezkuntza-arreta ez-presentzialak optimizatzearren, Hezkuntza Departamentuak 15 orduko prestakuntza-ekintzen plan bat ezarriko du gai hauek garatzeko: gaitasun digitala, prebentzioa, higienea eta osasunaren sustapena. Prestakuntza-ekintza horiek prestakuntza instituzionalaren barruan sartuko dira, lehentasuna izanen dute irakasleek egindako edo egin beharreko edo zuzendaritza taldeak planifikatutako beste edozein prestakuntzaren aurretik, eta nahitaez egin beharrekoak izanen dira irakasle guztientzat.

Orobat, izaera eta lehentasun bera izanda sartuko da gaitasun digitaletako prestakuntza, barnean hartuta tresna digitalen erabilerari dagozkion gaitasunak, ingurune ez-presentzialetan irakaskuntza eta ikaskuntza prozesuak garatzeko metodologiei dagozkienak, eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek gidatzen dituzten sareetan parte hartzeari dagozkienak, hala nola KIMUA Programaren parte den metodologia aktiboen sarea.

Horrez gain, izaera eta lehentasun berbera duela, 35 orduko prestakuntzaldi horren barruan, Skolae programa ezartzearen ondoriozko prestakuntzaldi bat sartzen ahalko da, 12 ordukoa gutxienez, programa horren gaineko ebazpenean jasota dagoen bezala.

Goian azaldutako prestakuntza hori lehentasunezkoa dela deusetan galarazi gabe, prestakuntza instituzionaltzat hartuko da, orobat, ikastetxeak, zuzendaritza taldeak gidaturik, beste proiektu estrategiko, plan eta lehentasunezko lerroetan parte hartzea Hezkuntza Departamentuak proposaturik, bai eta ikastetxeetako klaustroen eta irakasle taldeen lanaren ondoriozko prestakuntza beharrei erantzuteko jarduerak ere.

Prestakuntza instituzionala zabalagoa izan daiteke ikastetxeak berak edo, kasua bada, Hezkuntza Departamentuak ezartzen dituen beharrak betetzeko. Kasu horretan, irakasleen parte-hartzea boluntarioa izanen da.

Ikasturte berean beste ikastetxe batera lan egitera joaten diren irakasleek behar den akreditazioa aurkeztu beharko diote ikastetxe berriko zuzendaritzari, aurrekoan egin duten prestakuntza mota eta ordu kopurua adierazita.

35 orduko prestakuntza instituzionalaz gain, irakasleek prestakuntza indibidualerako eskubideaz baliatzen segitzen ahalko dute, nahi izanez gero.

Arte eskola bakoitza atxikia dago Irakasleentzako Laguntza Zentro (ILZ) bati, eta erreferentziazko aholkulari bat izanen du, ikastetxeko prestakuntza plana prestatzen laguntzen ahal duena, hautematen diren prestakuntza beharretan oinarrituta. Orobat, ikastetxeko prestakuntza plana prestatzean, kontuan hartu behar dira Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiko zerbitzuek zehaztutako prestakuntza premiak. Arte eskola bakoitzak prestakuntzako arduradun bat izendatuko du, lotura lanak eginen dituena ikastetxearen eta ILZko aholkulariaren artean eta arte eskolaren eta Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuaren artean. Ez bada inor izendatzen, ikasketaburuak hartuko du zeregin hori.

36.–Arte eskolen antolaketa-neurri berariazkoak.

Arte Eskolen jarduna ona izan dadin, ezinbestekoa da honako alderdi hauek kontuan hartzea:

36.1. Departamentuko burua aukeratzea.

Departamentu didaktiko bakoitzak buru bat izanen du, arte eskolako zuzendariak hautatua, eta ikasturte batez arituko da karguan.

Departamentuko burua honako hau izanen da: Bigarren Hezkuntzako irakasleen edo Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegokoa izanik, kasuan kasuko arte eskolan behin betiko destinoa duten espezialitateko irakasleetatik katedradun gisa antzinatasun handiena duena.

Bi irakaslek edo gehiagok antzinatasun bera baldin badute katedradun gisa, katedradun izateko oposizio-lehiaketan edo sarrerako lehiaketan lortutako ordenaren arabera eginen da izendapena.

Irakasle katedradunik ez badago, zuzendariak departamentuko kideetako bat izendatuko du departamentuburu, haiei entzun ondoren. Kasuan kasuko kidegokoak eta espezialitatekoak izanik, arte eskolan behin betiko destinoa duten irakasleek izanen dute lehentasuna.

Eskolan behin betiko destinoa duten irakasleen artean ez badago behar den kidegoko eta espezialitateko irakaslerik, behar den espezialitatean lizentziadun titulua edo horren baliokidea duen beste kidego bateko irakasle bat izendatuko du, eskolan behin betiko destinoa dutenen artetik. Horrelakorik ezean, zuzendariak departamentuko kideen arteko edozein irakasle izendatuko du, haiei entzun ondoren.

36.2. Irakasgaien eta moduluen banaketa eta hautaketa.

Ekainaren 20ko 27/2012 Foru Dekretuaren bidez uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuari erantsi zitzaion zortzigarren xedapen gehigarriak agintzen duenez (225/1198 Foru Dekretu horren bidez Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia erregulatu ziren), arte eskoletan zerbitzuak ematen dituzten irakasleei foru dekretu horren IV. tituluan xedatutakoa aplikatuko zaie.

Aipatutako IV. tituluan, eta, zehatzago, 28. artikuluan, hautaketaren hurrenkera ezartzen da, eta xedatzen da foru dekretu hori aplikatzearen ondorioz sor litekeen kasuistika garatuko dela urte bakoitzeko antolaketarako eta funtzionamendurako jarraibideetan.

Azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren bidez irakaskuntzan aritzeko behar diren prestakuntza arloko baldintzak zehaztu ziren, zehazki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako, Batxilergorako, Lanbide Heziketarako eta araubide bereziko irakaskuntzetarako, eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoetako espezialitateak ezarri ziren. Errege dekretu horren 8.2 artikuluan ezarrita dago Arte Batxilergoa arte irakaskuntzen ikastetxeetan ematen denean, behar diren arte irakaskuntzetako kidegoetako irakasleek ematen ahalko dituztela irakasgai horiek, prestakuntza egokia baldin badute.

Abenduaren 5eko 1284/2002 Errege Dekretuaren 3.2 artikuluan xedatutakoa aplikatuz (errege dekretu horren bidez Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoetako espezialitateak ezarri ziren, kidego horietako irakasleak aipatu espezialitateetara atxiki ziren eta eman beharreko irakasgaiak eta moduluak ezarri ziren), funtzionario horiek VI. eranskinean aipatzen diren Arte Batxilergoko irakasgaiak ematen ahalko dituzte hezkuntza administrazioek ezartzen dituzten baldintzetan, deusetan galarazi gabe azaroaren 29ko 1707/1991 Errege Dekretuaren V. eranskinean aipatzen diren espezialietateetako irakasleek irakasgai horiek emateko duten beharra eta lehentasuna.” Errege dekretu hori azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuak indargabetu zuen, baina horren IV. eranskina lehen aipatutako V. eranskinaren baliokidea da.

Halaber, abenduaren 5eko 1284/2002 Errege Dekretuaren 3.4 artikuluan xedatutakoa aplikatuz, arte plastikoetako eta diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko funtzionarioei dagokienez, funtzionario horiek Arte Batxilergoaren curriculumeko arte lantegiak irakasten ahalko dituzte, hezkuntza administrazioek ezarritako baldintzetan.

Hortaz, arte eskoletan, antolaketa neurri hauek aplikatuko dira:

36.2.1. Irakasgaien eta moduluen banaketa.

Banaketa hori egiteko orduan, batez ere arrazoi pedagogikoak eta espezialitatearekin lotutakoak hartuko dira kontuan.

a) Arte Batxilergoko irakasgaiak, ahal dela, Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek emanen dituzte, baldin eta bakoitzaren espezialitateak irakasteko eskumena esleiturik baldin badu azaroaren 8ko 1834/2008 Errege Dekretuaren IV. eranskinean ezarritakoa aplikatuz. Lehentasun hori galarazi gabe, aipatutako errege dekretuaren V. eranskineko espezialitatekoak diren Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko eta Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko funtzionarioek ere irakasten ahalko dute Batxilergoan.

b) Arte Batxilergoa arte irakaskuntzen ikastetxeetan ematen denean, kasu bakoitzerako prestakuntza egokia duten arte irakaskuntzetako kidegoko irakasleei esleitzen ahalko zaizkie irakasgaiak.

c) Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko funtzionarioek ematen ahalko dituzte Arte Batxilergoaren curriculumeko arte lantegiak.

d) Kasuan kasuko gutxieneko irakaskuntzak eta tituluak ezartzen dituzten errege dekretuetan ezarritako espezialitateetako irakasleek emanen dituzte arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloetako moduluak.

36.2.2. Hautatzeko ordena.

Hautatzeko ordena bat ezarriko da Batxilergoko irakasgaietarako, beste bat, desberdina, Batxilergoko arte lantegietarako, eta beste bat arte plastikoetako eta diseinuko zikloetako moduluetarako, aurreko puntuan ezarritako irizpideak errespetatuz.

A) Batxilergoko irakasgaiak, arte lantegiak kanpoan utzita.

1. Bigarren Hezkuntzako katedradunen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

2. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak, beren departamentuan ematen den espezialitateko titularrak direnak.

3. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakaslanik ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi badituzte.

4. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak, zerbitzu eginkizunetan daudenak.

5. Destinoaren zain dauden Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko irakasleak.

6. Bigarren Hezkuntzako irakasleen kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

7. Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak eta mugagabeko lan-kontratudunak.

8. Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

9. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

10. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakastordu aski ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi dituztenak.

11. Zerbitzu eginkizunetan dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak.

12. Destinoaren zain dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko irakasleak.

13. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

14. Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak eta mugagabeko lan-kontratudunak.

15. Administrazio edo lan araubidean aldi baterako kontratatutako irakasleak.

B) Batxilergoko arte lantegiak.

Hezkuntzako kontseilariaren 47/2015 Foru Aginduaren bosgarren xedapen gehigarriaren arabera (agindu horren bidez Batxilergoa ezarri, haren egitura garatu, antolaketa arautu eta ordutegia finkatu zen, Nafarroako Foru Komunitatean), arte eskolako zuzendariei dagokie irakasgai horiek arte eskolan dauden departamentuetako bati atxikitzea, eta departamentu hori arduratuko da irakasgaiekin lotutako kontuez.

C) Arte plastikoetako eta diseinuko zikloetako moduluak.

1. Arte Plastikoetako eta Diseinuko katedradunen kidegoko irakasleak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

2. Irakasle hauek:

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegokoak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

–Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegokoak, ikastetxean behin betiko destinoa dutenak.

Biek ere beren kidegoari dagozkion moduluen artean aukeratuko dute, arte eskoletan ematen diren heziketa zikloei dagozkien tituluak eta gutxieneko irakaskuntzak ezartzen dituzten errege dekretuen arauekin bat.

3. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko irakasleak, behin betiko destinoa beste ikastetxe batean izan arren, irakastordu aski ez izateagatik destinoko ikastetxetik aldarazi dituztenak.

4. Zerbitzu eginkizunetan dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko irakasleak.

5. Destinoaren zain dauden Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko irakasleak.

6. Arte Plastikoetako eta Diseinuko irakasleen kidegoko eta Arte Plastikoetako eta Diseinuko lantegiko maisu-maistren kidegoko azken oposizio-lehiaketa gainditu dutenak.

7. Zerbitzu berezietan dauden funtzionarioak eta mugagabeko lan-kontratudunak.

8. Administrazio edo lan araubidean aldi baterako kontratatutako irakasleak.

36.2.3. Aukeratzeko lehentasuna.

Aurreko hiru ataletako bakoitzean, uztailaren 6ko 225/1998 Foru Dekretuaren 28. artikuluaren azkeneko zatian ezarritako irizpideen arabera zehaztuko da aukeratzeko lehentasuna (dekretu horren bidez erregulatu ziren Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza, Batxilergoa, Lanbide Heziketa eta Lanbide Hastapenerako Programak irakasten dituzten ikastetxe publikoetako irakasleen lanaldia eta ordutegia).

37.–Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentua.

Arte eskolek, inguruabarrek hala eskatzen dutenean, Artea Garatzeko eta Sustatzeko Departamentua eratzea proposatzen ahalko dute; haren eginkizunen artean egonen da ikastetxeko jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak programatzea eta garatzea, jarraian ezarritakoarekin bat:

a) Eraketa.

Departamentuak buru bat izanen du, eta, egiten den jarduera bakoitzeko, horren ardura duten irakasleak gehituko zaizkio.

b) Departamentuko burutza.

Artea Garatu eta Sustatzeko Departamentuko burua irakasle bat izanen da, karrerako funtzionarioa edo mugagabeko lan-kontratuduna, ikastetxean behin betiko destinoa izanik jardunean dagoena. Zuzendariak izendatuko du, urte baterako, beste departamentuetako buruen iritzia entzunda.

c) Departamentuko buruaren eginkizunak.

Departamentuko buruak, ikasketaburuaren menpean zuzenean, eginkizun hauek izanen ditu:

–Curriculum proiektuen prestaketan parte hartzea.

–Departamentuak ikasturte osoan eginen dituen jardueren urteko programa prestatzea. Programa horretan bilduko dira gainerako departamentuen, irakasleen, ikasleen eta gurasoen proposamenak.

–Ikasleei departamentuaren jarduerei buruzko informazioa ematea, ikastetxean eginen diren erakusketei eta kultur ekitaldiei buruzkoa bereziki.

–Erakusketak eta kultur ekitaldiak sustatu, koordinatu eta antolatzea, beste departamentuekin, klaustroarekin, ikasleen ordezkarien batzordearekin eta guraso elkarteekin elkarlanean.

–Ikasketa bidaien, eskola trukeen eta, oro har, ikastetxean ikasleekin antolatzen den edozein txangoren edo bidaiaren antolaketa koordinatzea.

–Eskola Kontseiluak jarduera osagarriak eta eskolaz kanpokoak egiteko ematen dituen baliabide ekonomikoak banatzea.

–Arte eskolako liburutegiaren erabilera antolatzea.

–Egindako jarduerak ebaluatzeko memoria bat prestatzea (urteko programazio orokorraren azken memorian sartuko da).

38.–NUHEOko irakasle laguntzaileak.

Irakasle laguntzaileak dira Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialarekiko (NUHEO) lankidetza programa Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan ematen dutenak.

Irakasle laguntzaileek eginkizun eta betebehar hauek izanen dituzte:

–Programan matrikulatutako ikasleak prestatzea kasuan kasuko hizkuntza irakaskuntzen ziurtagiria lortzeko.

–Koordinazio jardueretan parte hartzea eta programatutako estandarizazio lanak egitea.

–Ikasleen ebaluazioan parte hartzea, bai proba orientagarrietan (idatzizkoak eta ahozkoak), bai ziurtagiria lortzeko probetan (zaintza, idatzizko proben zuzenketa eta ahozko probetarako epaimahaiak).

–Ikasleei matrikulazio eta ebaluazio prozesuetan informazioa emateko lanean laguntzea.

Programa honetan laguntzaile izateagatik konpentsazio hauek jasoko dira:

Nafarroako Urrutiko Hizkuntza Eskola Ofizialaren lankidetzaren xede diren hizkuntza departamentuei irakastordu bat emanen zaie programan matrikulatutako 25 ikasleko. Irakastordu bat esleituko da mailako, ikasle kopurua 10etik gorakoa bada.

Irakasle laguntzaile guztiek 5 lanordu eman beharko dituzte urtean NUHEOren ziurtagiria lortzeko probetan (zainketa lana ziurtagiria lortzeko azterketetan, idatzizko azterketen zuzenketa eta ahozko proben epaimahaiko lana) bakoitzak konpentsatuta duen asteko irakastordu bakoitzeko.

Nafarroako Gobernuaren epaimahaiei buruzko araudian ezarritakoaren arabera erabakiko da nola tratatu kopuru hori gainditzen duten orduak.

NUHEOren departamentu bakoitzeko buruak bere irizpidearen arabera esleituko ditu goian aipatutako zereginak.

39.–Heziketa zikloetako irakasleen jarduera enpresetako, estudioetako edo lantegietako praktikaldiak irauten duen bitartean.

Enpresetako, estudioetako eta lantegietako praktikaldiak iraun bitartean, irakastordu gutxiago dituzten irakasleak, lehentasunez, zeregin hauetan arituko dira:

a) Enpresa, estudio eta lantegietako praktikaldiaren aurretik ebaluazio partzialaren azken saioaren ondoren gainditzeke geratu diren prestakuntza moduluak errekuperatzeko programa garatzea, bai praktikaldi horretara sartzen diren ikasleentzat, baita sartzen ez direnentzat ere. Aipatu errekuperazio programako irakasleek emandako arreta eginen da gainditu gabeko moduluak egiten diren guneetan, eta beharrezko ordutegi egokitzapenak egin behar dira arreta eman ahal izateko enpresa, estudio eta lantegietako praktikaldian sartzen diren ikasleei eta modulu horretara sartzen ez direnei.

b) Moduluren bat gainditu gabe ikasmailaz igotzen diren ikasleei arreta emateko, errekuperazio programen garapenean parte hartzea.

c) Zikloetako lehen mailako moduluetan laguntza ematea, irakaslana esleituta izanez gero.

d) Zuzendaritza taldeak kasuko departamentuko irakasleentzat zehaztutako zaintzak egitea.

e) Ikastetxean sortzen diren beharrak estaltzea, zuzendaritza taldeak hala eskaturik.

f) Ikastetxeko Lanerako Prestakuntza eta Orientabideak espezialitateko irakasleek laguntza emanen diete ikasleei eta ikasle izandakoei administrazio prozeduretan, eta, bereziki, ikasleek NAN elektronikoa edo ziurtagiri elektronikoa lortzeko prozedura erraztuko dute, haren bidez hartzen ahal baitute alta gazteen berme sisteman, besteak beste.

Aurretik deskribatu diren lehentasunezko jarduketak bermaturik daudenean, irakasleek, enpresetako, estudioetako eta lantegietako praktikaldia bitartean, honako hauetan erabil dezakete denbora:

a) Praktikaldiko tutorearekin kolaboratzea.

b) Hezkuntza Departamentuak onetsitako arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzen arloko berrikuntza proiektuetan parte hartzea.

c) Erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan sartzeko proben ebaluaziorako epaimahaietan parte hartzea, bai eta heziketa zikloetan sartzeko probak egiteko beharrezkoak diren gainerako jarduketetan aritzea ere.

d) Arte plastikoetako eta diseinuko heziketa zikloak egiteko behar den gaitasun artistikoaren proba ebaluatzeko epaimahaietan parte hartzea.

e) Mugikortasun programen ondoriozko beharrei erantzutea.

f) Metodologia aktiboak garatzeko asmoz (hala nola proiektuetan oinarrituriko ikaskuntza) sortzen diren lantaldeetan parte hartzea, lehentasunez KIMUA Prorgamakoak direnetan. Hori helburu, hurrengo ikasturtean ikastetxean emanen diren irakaskuntzei loturiko proiektuak planifikatu, antolatu eta programatuko dira.

g) Zuzendariak bere eskumeneko esparruan agintzen dion beste edozein eginkizun.

Departamentuko buruak banakako lan plana prestatu ondoren, ikasketaburuak gainbegiratu beharko du. Horretaz gain, Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuak ontzat eman beharko du.

Lan plana ongi betetzeko, horretan ari diren irakasleen ordutegi indibidualak aldatzen ahalko dira, ordutegiak prestatzeko irizpide orokorrak errespetatuz.

Enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia bukaturik, egindako jardueren memoria bat eginen dute irakasleek; gero ikastetxeko zuzendaritzak ebaluatuko du, eta Hezkuntzako Ikuskapen Zerbitzuari bidaliko zaio.

40.–Familientzako informazioa - Adin txikiko ikasleak.

Adin txikiko ikasleen kasuan, ikastetxeko irakasle guztiek informazioa emanen diete familiei, ahal den lasterren, ikaslearen jarduera akademikoaren gainean eragina duten eta garapen akademiko arrunta eragozten duten gorabehera garrantzitsu guztiei buruz. Informazioa koherentziaz igorriko dela bermatzeko, irakasleek ikaslearen tutorearekin koordinatuta igorri beharko dute informazio hori.

Horretarako, ikastetxeek prozesu horiei buruz beharrezkoa den informazio guztia emanen diete gurasoei edo legezko tutoreei. Bizikidetza gatazken kasuan, ukituak gertatzen diren adingabeen legezko ordezkariei ere informazioa emanen zaie edo informazioa eskuratzeko aukera eskainiko zaie, babestu behar diren datuak eta interesak salbuetsita. Komunikazioa ahalik eta lasterren eginen da; beranduenez, hiru eskola egun igaro ondoren gertaerak ezagutzen direnetik.

41.–Eskola informazioaren kudeaketa: Educa. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

41.1. Eskola informazioaren kudeaketa: EDUCA.

Educa koordinazioa: zuzendaritza taldeak edo hark eskuordetutako pertsonak aholkuak emanen dizkie ikastetxeko erabiltzaileei Educa kudeaketa sistemari buruz. Horrez gain, sistema horren aldaketen eta funtzionalitate berrien informazioa jasoko du, eta sustatu eta koordinatuko du haiek ikastetxean erabil daitezen.

Educa arloan ikastetxeetan koordinazio lana eginen duten pertsonen erregistroa izateko asmoz, zuzendariak “Educa koordinatzailea” lanpostu osagarria esleitu beharko du aplikazioan.

Zuzendaritza taldeak bideak ezarri beharko ditu ikasturtean zehar laneratzen diren eta kudeaketa eginkizunak dituzten pertsonei Educaren gaineko jakintza eta erabilera bermatzeko.

Hezkuntza Departamentuak prestakuntza eta informazio saioak antolatuko ditu, koordinatzaileei, zuzendaritza taldeei eta administrazioko langileei Educa plataformaren berri emateko.

Hezkuntza Departamentuaren webgunean, Educari eta posta elektronikoari buruzko atalaren barnean, bai eta ikasNOVA atarian ere (http://ikasnova.digital), hainbat jarraibide eta bideotutorial argitaratzen dira, aplikazioaren moduluetara ohitzen laguntzen dutenak. Halaber, Educa taldearekin harremanetan jartzeko prozedura azaltzen da, funtzionaltasun berriak eskatu, gorabeherak jakinarazi edo euskarria eskatzeari begira.

2020an, EDUCA Portal argitaratu zen, Educa familias ordeztera datorren aplikazioa. Aplikazio horren bidez, herritarrak beren datu akademikoetan sartzen ahal dira, eta kudeaketa telematikoak egiten ahal dituzte; aurreinskripzioa, esate baterako.

Educaren barruan, mezularitza sistema bat dago hezkuntza-komunitateko kideen artean informazioa trukatzeko. Dena dela, helbide elektronikoko kontuak erabili beharra dagoenean, oroitarazten da sare publikoko irakasleek eta ikasleek @educacion.navarra.es posta-kontuak erabili behar dituztela jarduera akademikoan, tutoretza lanetan eta harreman profesionaletan.

Ikastetxe publikoek funtzio espezifikoetarako dituzten posta-kontuak Educa-ren bitartez kudeatzen dira (Ikastetxea > ikasNOVA posta eta kontuak > Kontuen kudeaketa). Kontu berriak ireki beharra dagoenean, zuzendariak eskatu beharko du Erabiltzaileen Laguntza Zentroaren bidez. Kontu korporatibo horiek karguei lotutako zereginetarako dira, eta ez dira eskoletan baliatuko ikasleekin.

Zuzendariak berrikusiko ditu Educa-tik ikastetxeen direktorioan (Ikastetxearen menua > Ikastetxearen datuak > Ikastetxearen informazioa) argitaratzen diren datuak (hala nola posta helbidea, telefono zenbakia, helbide elektronikoa eta webgunea), eta aurki ditzakeen akatsen berri emanen dio Educa euskarriari. Gogorarazi nahi da beste datu interesgarri batzuk gehi ditzakeela, adibidez, ikastetxearen helburuak, balioak, sariak eta abar.

Ikastetxeei gogorarazten zaie komeni dela EDUCAk eskura dituen funtzionaltasun guztiak erabiltzea; aipatzekoak dira, besteak beste, honako hauek: ikasleen jarraipena, ebaluazio saioaren kudeaketa (informazio fluxua), guardien kudeaketa, informazio esanguratsua.

41.2. ECOEDUCA kontabilitate sistema.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoan jasotako irakaskuntzak ematen dituzten Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren ikastetxe publiko guztiek ECOEDUCA kontabilitate aplikazioa erabiliko dute aurrekontua prestatu, onetsi, aldatu eta betearazteko, eta bertan jasoko dira ikastetxearen funtzionamendu normala, mantentze-lanak eta kontserbazioa bermatzeko behar diren diru-sarrera eta gastu guztiak.

Kobrantza eta ordainketak horretarako gaitutako kudeaketa kontu korrontearen bidez eginen dira.

Diru-sarrerak banku-kontuan agertzen diren unean edo agiri bidez diru-sarreraren berri izaten den unean kontabilizatu behar dira. Erabili beharreko euskarria diru-sarreraren jakinarazpena edo bankuko kontu-laburpena da.

Gastuei lotutako eragiketek haien justifikazioa frogatzen duten bidezko dokumentu euskarria izanen dute beti, nagusiki ikastetxearen izenean egin behar diren fakturak.

42.–Matrikulak bateragarri egitea.

2020-2021 ikasturtean arte plastikoetako eta diseinuko prestakuntza ziklo batean matrikulatuta dauden ikasleek aldi berean Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako edo Batxilergoko irakaskuntzak egin ditzakete, baina, betiere, azken ikasketa horiek egiteko, “Félix Urabayen” Nafarroako Helduentzako Bigarren Hezkuntzako Institutuan matrikulatzen badira, urrutiko araubidean, bertan sartzeko baldintzak beteta.

Goi mailako edo erdi mailako heziketa ziklo bat egiten ari diren eta Batxilergoko ikasketak amaitu ez dituzten ikasleek ikasketok amaitzen ahalko dituzte helduentzako irakaskuntzak ematen dituzten ikastetxeetan, baldin eta adinaren baldintza betetzen badute. Arteen modalitateko ikasleek 27. puntuan (“Batxilergoko titulua lortzea, araubide arruntean egoteko epea agortu ondoren” izenekoan) aipatzen diren proba libreen bidez amaitzen ahal dute Batxilergoa. Aipatu puntu hori Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana da, eta onesten ditu DBH eta Batxilergoa ematen dituzten ikastetxeen antolakuntza eta funtzionamendu jarraibideak.

2020-2021 ikasturtean arte plastikoetako eta diseinuko erdi mailako ziklo batean matrikulaturik dauden ikasleek, gainditzeke duten bakarra enpresetako, estudioetako eta lantegietako prestakuntzaldia baldin bada, zilegi izanen dute ikasketa horiek helduentzako Batxilergoko irakaskuntzekin bateratzea, baldin eta baldintza akademikoak eta Batxilergoan sartzekoak betetzen badituzte.

2020-2021 ikasturtean derrigorrezkoaren ondoko irakaskuntzetan eta/edo goi mailako irakaskuntzetan matrikulatutako ikasleek aldi berean egin ditzakete araubide bereziko kirol irakaskuntzak, onarpen prozesua bukatzen denean esleitu gabeko ikasposturik bada, itxaron zerrendan inor ez badago eta ordu-bateragarritasuna %90ekoa bada gutxienez.

43.–Unibertsitateko ikasleen praktikak ikastetxeetan.

Jarduera hori kasuan kasuko hezkuntza maila duten ikastetxeetan egin behar da, eta, antolatzeko eta gauzatzeko orduan, beharrezkoa da irakasleen parte-hartzea. Ikasturte bakoitzean ikasle horien tutoretza lana egiten duten irakasleek aintzatespen bikoitza izanen dute Hezkuntza Departamentuaren aldetik:

–Tutoretza: ikasturteko tutoretza lana ziurtagiri bidez jasoko da. Lekualdatze-lehiaketetan merezimendutzat joko da.

–Prestakuntza: praktiken tutoretza lana norberaren prestakuntza ordu gisa kontabilizatuko da; gehienez ere, 35 ordu. Orduak kalkulatzeko, tutoretzapeko praktiken ikasketa-planean aipatzen diren ECTS kredituen kopurua hartuko da aintzat. Ikasle baten tutoretza lanetan irakasle batek baino gehiagok parte hartzen badu, berdintasunean banatuko dira dagozkien prestakuntza orduak.

Praktiken tutoretzagatiko eta prestakuntzagatiko ziurtagiriak lortu ahal izateko, irakasleek jardueraren datuak jakinaraziko dizkiote Hezkuntza Departamentuari, ekainaren 1a baino lehen, Hezkuntzaren atarian dagoen inprimakia betez:

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/practicas

–Nafarroako Unibertsitate Publikoko gradu amaierako lanak/master amaierako lanak: praktiketan parte hartzen duten ikastetxeetako irakasle tutoreak eta zuzendaritza taldea joaten ahalko dira Giza eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak gradu amaierako lanak/master amaierako lanak defendatzeko antolatzen dituen aurrez aurreko saio batzuetara.

Praktikak egiteko ikasleak hartzen dituen ikastetxeari “prestakuntza ikastetxe” izaera aitortuko zaio, eta inguruabar hori baloratuko da Hezkuntza Departamentuak ikastetxeentzat ezartzen dituen deialdietan, kasuan kasuko deialdian ezartzen den moduan, halakorik jasotzen bada betiere.

Adingabea Babesteko Legearen arabera, curriculumeko praktikak egiten dituzten ikasleek sexu-izaerako delituen ziurtagiri negatiboa izan beharko dute. Baldintza hori betetzea Hezkuntza Departamentuak unibertsitate bakoitzarekin sinatzen duen hitzarmenean jasota dago, eta ikastetxeak agiri hori eskatzen ahalko dio ikasleari praktikak hasi baino lehen.

44.–Kalitatea kudeatzeko sistema.

Berritasun nabarmenak egin dira Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe publikoetan kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko programan.

44.1. SGCC 2020 arau berria.

2020-2021 ikasturtean indarrean sartuko da SGCC 2020 arau berria. Antolamendu, Prestakuntza eta Kalitate Zerbitzuak aldaketa esanguratsuenak aurkeztuko ditu eta baliabide berriak eskainiko ditu, horiek ikastetxeetan ezartzeko.

44.2. Prestakuntza pilulen bidezko prestakuntza.

Prestakuntza metodologia berri bat ezarriko da, arau berriaren apartatuei lotutako prestakuntza piluletan oinarritua, ikastetxeetako lan erritmoetara hobeki egokitzeko eta baliabideak optimizatzeko.

44.3. Ikastetxeen konpromisoak.

Kalitatea Kudatzeko Sistema ezarri eta mantentzeko programan parte hartzen duten ikastetxeek horren berri eman behar diote Lanbide Heziketaren Plangintza eta Berrikuntzarako Zerbitzuko zuzendariari, eta ardura hauek hartuko dituzte beren gain:

–Zuzendariak ikastetxearen Kalitatea Kudeatzeko Sistema etengabe garatzeko eta hobetzeko konpromisoa hartuko du, eta ikastetxearen Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren autodiagnostikoa egitearen arduraduna izanen da.

–Programan parte hartzen duten ikastetxeek Klaustroko kide bat izendatuko dute kalitate arloko arduradun. Kalitate arduraduna EDUCAn erregistratuko da.

–Kalitate arduraduna Kalitatea Kudeatzeko Sistema ikastetxean ezartzeko koordinazioaz arduratuko da, eta sistema osoaren dokumentazioa eta erregistroak antolatuta eta eskuragarri mantenduko ditu.

–Zuzendariak edo kalitate arduradunak, gutxienez, Kalitate Bulegoak antolatutako prestakuntza espezifikoan parte hartu beharko du, eta ikastetxeak dagokion Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezartzeko eta mantentzeko mailarekin bat datorren lana egiten duenaren ardura izanen du.

–Programan parte hartzen duten ikastetxeetako zuzendaritza taldeetako karguetan eta kalitate arduradunen karguetan lehen aldiz dauden pertsonek ikastetxean ezarritako Kalitatea Kudeatzeko Sistema ezagutzeko prestakuntza espezifikoa egin beharko dute.

44.4. Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren kanpo ebaluazioak.

2019-2020 ikasturtean COVID-19aren pandemia dela-eta egin ez ziren Kalitatea Kudeatzeko Sistemaren kanpo ebaluazioak 2020-2021 ikasturtean eginen dira, SGCC 2013 Arauari jarraituz.

“Kalitatearekiko konpromisoa”, “Kalitatezko Ikastetxea” eta “Ikastetxe Bikaina” aintzatespenak 2020-2021 ikasturtean eskuratu edo berritu nahi dituzten ikastetxeak SGCC 2013 Arauari jarraituz ebaluatuko dira.

45.–Lan arriskuen prebentzioa.

Arriskuen ebaluazioren bat eginez gero, ikasturte bukaerako memorian, Laneko Arriskuen Prebentziorako Atalak proposatu dituen eta benetan hartu diren prebentziozko neurriak azalduko dira, eta bete ez diren eta aurreikusitako gauzatze-epea iraungita duten neurriak arrazoituko dira.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako irakaskuntzako eta irakaskuntzaz kanpoko langileren bati erasotzen diotenean, ikastetxeetako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako protokoloa jakinarazi eta ofizioz aktibatuko dute.

https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/riesgos-laborales/protocolos-de-actuacion

Arte eskoletako zuzendaritzek klaustroetan jakinarazi beharko dute kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo bat dagoela. Halaber, horren berri emanen zaie irakaskuntzaz kanpoko langileei ikasturtean hasierako berariazko bilera batean.

Kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo hori Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean. Era berean, ikastetxeen barne-agirietan agertuko da: Internet, drive, etab.

Hezkuntza Departamentuko prebentzioko ordezkarien eginkizunei eta harremanetarako datuei buruzko informazioa Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxe guztien webguneetan argitaratuko da, erraz ikusteko modukoa den lehentasunezko toki batean.

Arte eskoletako zuzendaritzek kanpoko erasoen aurkako jarduketa protokolo horren berri eman beharko dute familiekin egindako bileretan.

46.–Ikastetxeetako ikerketa.

Hezkuntza Departamentuaren eta Nafarroako unibertsitate zentroen artean horretarako egindako hitzarmenean ezarri bezala gauzatuko da funts publikoekin sostengatutako ikastetxeetako ikerketa jarduera. Hitzarmen horrek barnean du ikastetxe laguntzaileek unibertsitateetan sortzen den jakintza zientifikoa helarazteko saioak jasotzeko duten eskubidea, besteak beste. Horren gaineko informazioa hemen eskuratu daiteke: https://www.educacion.navarra.es/eu/web/dpto/actividad-investigadora

VII. KAPITULUA

Erreferentziazko agiri estrategikoak eta araudia

47.–Erreferentziazko agiri estrategikoak.

–Lanbide Heziketaren 2017-2020 Plan Estrategikoa.

48.–Araudia Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzak.

48.1. Antolamendua.

–596/2007 Errege Dekretua, maiatzaren 4koa (arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendu orokorra).

–44/2010 Foru Dekretua, abuztuaren 9koa (arte plastikoetako eta diseinuko lanbide ikasketen antolamendua eta garapena Nafarroan).

–54/2016 Foru Agindua, 53/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua (ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan, ikasleak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren gaineko erregulazioa).

–52/2015 Foru Agindua, maiatzaren 22koa (Lanbide Heziketa Bereziko zikloen erregulazioa).

48.2. Onarpena. Zikloetan sartzeko probak.

–54/2016 Foru Agindua, apirilaren 29koa, apirilaren 28ko 53/2017 Foru Aginduaren bidez aldatua (ikastetxe publikoetan eta pribatu itunduetan, ikasleak erdi mailako eta goi mailako heziketa zikloetan onartzeko prozeduraren gaineko erregulazioa).

–43/2020 Ebazpena, maiatzaren 4koa. (Erdi eta goi mailako zikloetan onartzeko jarraibideen erregulazioa eta egutegia 2020-2021 ikasturterako).

–26/2020 Ebazpena, otsailaren 25ekoa, maiatzaren 7ko 44/2020 Ebazpenaren bidez aldatua (Heziketa zikloetan sartzeko 2020an egin behar diren probetarako deialdia).

–46/2020 Ebazpena, maiatzaren 22koa (gaitasun artistikoaren proba egiteko 2020ko deialdia).

48.3. Ebaluazioa eta prestakuntzaldi praktikoa enpresetan, estudioetan eta lantegietan:

–63/2019 Foru Agindua, abuztuaren 20koa (arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikasleen ebaluazioa, titulazioa eta ikasketen ziurtapena).

48.4. Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako berariazko programak.

–31/2012 Foru Agindua, apirilaren 3koa (atzerriko prestakuntza egonaldiak: arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzetako ikasleak eta irakasleak).

–324/2018 Ebazpena, ekainaren 27koa. (KIMUA programa onetsi zuen, eta haren bidez arautzen dira zenbait baldintza,metodologia aktiboen sareak garatu, ezarri eta ezagutzeko Nafarroako Foru Komunitatean heziketa zikloak ematen dituzten ikastetxeetan).

48.5. Beste batzuk.

–93/2008 Foru Agindua, ekainaren 13koa (ikastetxeetan aniztasunari nola erantzun arautzen duena).

–287/2013 Ebazpena (Unibertsitateko ikasleen prestakuntza praktikoan parte hartzen duten ikastetxe eta irakasleentzako aitorpena).

49.–Arte plastikoetako eta diseinuko lanbide irakaskuntzei buruzko lege aipamenak. Hezkuntzaren eta Lanbide Prestakuntzaren Ministerioa.

Helbide honetan kontsulta daitezke:

http://www.educacionyfp.gob.es/contenidos/estudiantes/ensenanzas-artisticas/artes-plasticas-diseno/ensenanzas-profesionales.html

Iragarkiaren kodea: F2010136