215. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 23a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

ERROMANTZATUA

Udal ordenantza, Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatzeko txartelak arautzen dituena. Akats zuzenketa

Akatsak atzeman direnez Desgaitasuna duten pertsonendako aparkatze txartelak arautzen dituen udal ordenantza behin betiko onesteko iragarkian (2020ko 197. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, irailaren 2koa), zuzendu egin dira. Ordenantza jarraian azaltzen den bezala gelditu da.

Erromantzatuan, 2020ko irailaren 3an.–Alkatea, Aitor Sola Ochotea.

UDAL ORDENANTZA, DESGAITASUNA DUTEN PERTSONEI APARKATZEKO TXARTELAK EMATEA ARAUTZEN DUENA

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen helburua da desgaitasuna dutenei aparkatzeko txartelak emateko edo berritzeko arauak ezartzea, kontuan hartuz desgaitasuna dutenen aukera berdintasuna eta haien gizarteratzea. Hori, legedi honekin bat: Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an eman zuen 98/376/EE Gomendioa eta 8/98 Jarrera Komuna (EE), 1997ko abenduaren 19koa, Kontseiluak Europako Elkartea eratzeko Itunaren 189 C artikuluan ezarritako prozedurarekin bat onetsia, desgaitasuna dutenek aparkatzeko txartel bat izan dezaten Kontseiluaren gomendio bat emateari begira (Hamabien K., 62/24, 1998ko otsailaren 26koa); Oztopo Fisiko eta Zentzumenezkoei buruzko uztailaren 11ko 4/198 Foru Legea, martxoaren 25eko 22/2003 Foru Legearen bidez aldatua; eta abenduaren 19ko 19/2001 Legearen 7.b artikulua; azken lege horrek Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna (martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsia) aldatu zuen.

2. artikulua. Baldintzak.

2.1.–Aparkatze txartela eskuratzeko eskubidea izateko, beharrezkoa da ondotik ematen diren baldintzak betetzea egoera bakoitzerako.

2.2.–Ezintasun iraunkorra duten gidariak.

1. Desgaitasuna duen pertsonak indarra duen gidabaimena izan beharko du.

2. Mugikortasuna murrizten duen desgaitasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko dira:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa duela adierazten duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen desgaitasunak modu larrian eragiten diola:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–100 metro baino gutxiagoko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

c) Aurreko b) azpiapartatuak adierazten duenaren ordez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren txostena, ziurtatzen duena gutxienez ere 7 puntukoa dela garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunen baremoan eskatzaileak duen puntuazioa, bat etorriz Minusbaliotasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren III. eranskinarekin.

2.3.–Ezintasun iraunkorra dutenen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak.

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimena eduki beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, desgaitasuna duenarekin zer familia lotura duen adierazten duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena.

3. Zaintzen duten ahaideak mugikortasuna murrizten dion desgaitasuna izatea; hori dela eta, honako hauek frogatu beharko dira:

a) %33ko desgaitasuna edo handiagoa duela adierazten duen ziurtagiria.

b) Nafarroako Osasun Zerbitzuak emandako osasun agiria, frogatzeko ezen desgaitasunak modu larrian eragiten diola:

–Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, makulua, eskumakilak, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartuz.

–100 metro baino gutxiagoko tartean gelditu gabe ibiltzeko, gaitz organiko edo funtzionalek eraginda.

–Aulki gurpilduna behar izatea bere joan-etorrietarako.

–Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela eta.

c) Aurreko b) azpiapartatuak adierazten duenaren ordez, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren txostena, ziurtatzen duena gutxienez ere 7 puntukoa dela garraio kolektiboa erabiltzeko zailtasunen baremoan zaindutako ahaideak duen puntuazioa, bat etorriz Minusbaliotasun maila aitortu, onartu eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1993 Errege Dekretuaren III. eranskinarekin.

3. artikulua. Eskaeraren prozedura.

Txartela Udalaren bulegoetan eskatuko da, eta eskabidearekin batera honako hauek aurkeztuko dira:

–Karnet neurriko argazki bat, koloretakoa, desgaitasuna duen pertsonarena.

–Desgaitasunaren ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua.

–Osasun ziurtagiriaren edo Nafarroako Mendekotasun Agentziaren txostenaren fotokopia konpultsatua (2. artikuluan aipatu dira).

–Gidabaimen eguneratuaren fotokopia konpultsatua.

–Ibilgailuaren zirkulatzeko baimenaren fotokopia konpultsatua.

–NANaren fotokopia konpultsatua.

–Herrian erroldaturik egotearen ziurtagiria. Eskaera familiako batek edo zaintzaile batek egiten duenean, desgaitasuna duen pertsonaren eta eskatzailearen arteko loturari buruzko datuak sartuko dira, eta biek herrian bizi beharko dute.

4. artikulua. Txartelaren erabilera.

4.1.–Txartela ibilgailuaren aitzineko partean paratuko da, txartelaren aurrealdea kanpotik argiro ikusten dela.

4.2.–Indarraldia bost urtekoa izanen da txartela ematen denetik eta hura burututa ez du baliorik izanen, eta hartu zen tokian itzuli beharko da. Han, bidezko bada, berritu eginen da.

4.3.–Txartela duen ibilgailua aparkatzen ahalko da:

a) Ordutegi mugarik gabe, desgaitasuna dutenendako erreserbatuta eta seinalatuta dauden lekuetan.

b) Denbora tarte mugatu batean, bai zamalanetarako erreserbatuta dauden lekuetan (seinale bidez aparkatzeko debekua adierazi denetan) bai bestelakoetan, udaltzainek espresuki baimena emanez gero.

4.4.–Ondoko kasuetan, ezin izanen da inola ere ibilgailua aparkatu baimen honen babespean:

a) Txartelaren titularra eramaten ez denean.

b) Oinezkoen pasabideetan.

c) Espaloiaren gainean.

d) Orokorrean, ibilgailuen nahiz oinezkoen joan-etorria larriki trabatzen den tokietan.

5. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

5.1.–Arau-hauste administratiboak dira:

a) Txartela lortzeko aurkezten diren datuak faltsutzea eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

b) Txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea.

c) Beste baten txartela erabiltzea.

5.2.–Faltsutzea egin dutenak eta txartela eskatzen dutenak izanen dira arau-haustearen erantzuleak.

5.3.–a), b), c) apartatuetan tipifikaturiko arau-hausteak astunak izanen dira.

5.4.–Arau-hauste mota bakoitzari aplikatzen ahal zaizkion zehapenak Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen 52. artikuluan aurreikusten denari lotuko zaizkio eta, kasu bakoitzean, proportzionaltasun printzipioaren arabera mailakatuko dira, Sektore Publikoaren Araubide Juridikoari buruzko urriaren 1eko 40/2015 Legearen Atariko Tituluan legez aurreikusitako irizpideei jarraikiz.

5.5.–Bidezko diren zehapenak ezartzeko, lehenik tramitatuko da Administrazio Publikoen zehapen ahalmena erabiltzeko erregelamenduz aurreikusitako legezko prozedura.

XEDAPEN IRAGANKOR BAKARRA

Lehenago emandako txartelen edukitzaileek urtebete izanen dute ordenantza honetan xedatuarekin bat etorriz eman zaizkiela frogatzeko. Udalak, aitzinetik, jakinarazpena eginen die, hartan aurreikusitako dokumentazioa aurkez dezaten; Udalak kontzesioa kentzen ahalko du, aipatu den hori betetzen ez badute edo ezarritako irizpideei jarraikiz txartela ematea bidezkoa ez bada.

AZKEN XEDAPEN BAKARRA

Ordenantza honek indarra hartuko du, eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, bere testua oso-osorik Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutakoan eta Estatuko edo Foru Komunitateko Administrazioek toki entitateen egintza edo erabakiak indargabetzeko duten eskumena erabiltzeko epea iragandakoan.

Iragarkiaren kodea: L2010516