215. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 23a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

264/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 17koa, Eskubide Sozialetako kontseilariak emana, adineko pertsonak 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jantokietara joateko laguntza ekonomikoen deialdia onesten duena, baita haien kudeaketan laguntzen duten entitateak aukeratzeko prozedura ere. DDBN identifikazioa: 520506.

Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen 2. artikuluan ezartzen denez, botere publikoen jarduketek, gizarte zerbitzuen arloan, funtsezko helburu hauek izanen dituzte, besteak beste: pertsona guztien bizi kalitatea hobetu eta haien normalizazioa, parte-hartzea eta integrazioa sustatzea gizartean, politikan, ekonomian, lanean, kulturan eta hezkuntzan; autonomia pertsonala, familiarra eta taldeena sustatzea; kohesio soziala eta elkartasuna sustatzea; pertsonen eta taldeen bazterketa egoerei aurrea hartu eta haietaz arduratzea; eta mendekotasunak eta oinarrizko baliabide ezak eragindako premiei erantzutea. Orobat, xedatzen du gizarte zerbitzuen sistema publikoaren prestazioak ezarriko dituen tresna Gizarte Zerbitzuen Zorroa izanen dela.

Martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuak, zeinaren bidez aldatzen baita ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua, gizarte zerbitzu orokorren zorroa onetsi zuen. Foru dekretu horren II. eranskinean (“Bermatu gabeko prestazioak”), jantokietarako prestazio ekonomikoak aurreikusten dira adinekoei laguntzeko prestazioen artean. Prestazio horren xedea da adinekoei dirulaguntzak ematea jantokietan menu orekatu bat jateko aukera izan dezaten, prezio onean.

Beraz, deialdi honen xedea da baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei jantokietara joateko laguntzak ematea, eguneroko dieta orekatua ziurtatua izan dezaten. Gisa horretara, beren ingurunean bizi kalitate onarekin irautea sustatzen da, haien autonomia indartzen da eta mendekotasun egoerei aurrea hartzen zaie.

Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak Nafarroako Aurrekontu Orokorren kargura ematen diren dirulaguntzei aplikatzen ahal zaien araubide juridiko orokorra ezartzen du, onura publikoko edo gizarte intereseko jarduerak sustatzeko helburua duten kasuetarako.

Foru lege horren 17.1 in fine artikuluan, dirulaguntzak emateko banakako ebaluazioaren araubidea ezartzen da. Araubide horretan, araudiak edo oinarri arautzaileek eskaerak ebaluatzeko eta dirulaguntza ebaluazio horren arabera esleitzeko irizpideak ezartzen dituzte, eta espedienteak aurkeztu ahala tramitatzen eta ebazten dira, aurrekontuan horretarako kreditua dagoen bitartean.

Aipatutako foru legeak, orobat, aukera ematen du deialdiak aurrekontu ekitaldia hasi baino lehen onesteko, betiere baldintza gisa ezartzen bada, dirulaguntzak emateko, kreditu nahikoa egon behar dela kasuan kasuko ekitaldian.

Lege horrek, bestalde, dirulaguntzak kudeatzeko entitate laguntzailearen figura jasotzen du, eta, zuzenbide pribatuaren menpeko pertsonak direnean, horiek publikotasun, konkurrentzia, berdintasun eta bereizkeriarik ezeko printzipioei jarraitzen dien prozeduraren bidez aukeratu beharra ezartzen du.

Azaroaren 6ko 301/2020 Foru Dekretuaren bidez, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren estatutuak onetsi ziren, eta erakunde horri eman zitzaizkion deialdi honen xedeko arloari buruzko eskumenak.

Nafarroako Gobernuak 2020ko abuztuaren 1ean hartutako Erabakiaren bidez, baimena eman da deialdi bat onesteko adineko pertsonei laguntza ekonomikoak emateko, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jantokietara joan daitezen. Laguntzak banakako ebaluazioaren araubideari jarraikiz banatuko dira.

Espedienteari lotutako txosten teknikoak eta juridikoak ikusita, argi dago deialdi hau onestea egokia eta interes publikokoa dela, eta deialdia eta oinarri arautzaileak legezkoak direla.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen bidez eta Eskubide Sozialetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen abuztuaren 14ko 92/2019 Foru Dekretuaren bidez esleitu dizkidaten ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Adineko pertsonak 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jantokietara joateko laguntza ekonomikoen deialdia onestea, baita deialdi hori arautuko duten oinarriak ere, foru agindu honi I. eranskin gisa gehitu zaizkionak.

2. Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoen kudeaketan lagunduko duten entitateak aukeratzeko prozeduraren oinarriak onestea, foru agindu honi II. eranskin gisa gehitu zaizkionak.

3. 50.000,00 euroko gastua baimentzea “Jantokietarako dirulaguntza” izeneko 920005 93100 4809 231B02 aurrekontu-partidaren kargura, edo 2021eko Gastu-aurrekontuan horretarako gaitzen den antzeko partidaren kargura, betiere kreditu aski baldin badago.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

5. Foru agindu hau igortzea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari, Ekonomia eta Aurrekontuak Kudeatzeko Ataleko Kontabilitate Zentroari, Idazkaritza Tekniko Nagusiko Administrazio Aferetarako Bulegoari eta Dirulaguntzen Datu Base Nazionalari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 17an.–Eskubide Sozialetako kontseilaria, M.ª Carmen Maeztu Villafranca.

I. ERANSKINA

Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza
ekonomikoen deialdiaren oinarri arautzaileak

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da laguntza ekonomikoak ematea baliabide ekonomiko urriak dituzten adineko pertsonei, errazagoa izan dakien 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarte jantokietara joatea.

2.–Lankidetza hitzarmenak entitate laguntzaileekin.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak lankidetza hitzarmenak izenpetuko ditu entitate laguntzaileekin, horiek II. eranskinean ezarritako prozeduraren arabera aukeratu ondoren. Hitzarmen horietan lankidetzaren nondik norakoak eta baldintzak ezarriko dira, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11. artikuluan erabakitakoari jarraituz.

3.–Pertsona onuradunak eta baldintzak.

3.1. Gizarte Zerbitzu Orokorren Zorroa onesten duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretua aldatu zuen martxoaren 20ko 30/2019 Foru Dekretuaren II. eranskineko B-11 atalean (“Jantokietarako prestazio ekonomikoa”) xedatutakoaren arabera, honako hauek izanen dira deialdi honetan arautzen diren laguntzen onuradunak:

Adineko pertsonak eta, orobat, haien ezkontideak, bikotekide egonkorrak edo haiekin antzeko lotura afektiboa duten pertsonak.

3.2. Hona hemen laguntza hauek jasotzeko baldintzak:

a) Erretiroko edo baliaezintasuneko pentsioduna izatea, eta 60 urte beteak izatea.

b) Alargun pentsioduna izatea, eta 55 urte beteak izatea.

c) Autonomia funtzionala izatea jantokian beren kasa moldatzeko.

d) Establezimenduetako elkarbizitzan gorabeherak sor ditzakeen portaera arazo larririk ez izatea.

Salbuespen gisa, adierazitako baldintzak betetzen ez dituzten eskatzaileei ere ematen ahalko zaie laguntza, gizarte zerbitzuen txosten baten bidez egiaztatzen bada laguntza jasotzeko beharra dutela.

4.–Eskaeren aurkezpena eta ekarri beharreko dokumentazioa.

4.1. Eskaerak aurkeztea.

4.1.1. Eskaerak eta erantsi beharreko dokumentazioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, telematika bitartez (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulego baten bidez edo administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietatik edozeinetan.

4.1.2. Eskaerak oinarrizko gizarte zerbitzuetan edo Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren bulegoetan banatuko diren inprimakien bidez aurkeztuko dira. Erakunde horren web-orrian ere eskura daitezke.

4.2. Aurkezteko epea.

Eskaerak aurkezteko epea honako hau izanen da:

–2020. urtean, deialdia argitaratu aitzin, jantokia erabiltzen ari diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, deialdia argitaratu eta biharamunetik hasita. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sortuko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

–Zerbitzua deialdia argitaratu ondoan erabiltzen hasten diren pertsonentzat, hilabeteko epea izanen da eskaera aurkezteko, jantokira joaten hasten diren egunetik aurrera. Laguntza ematen bada, zerbitzua ematen hasten den egunetik sortuko da, jantokiaren titularra edo kudeatzailea den entitate laguntzaileak hala ziurtatuta.

Nolanahi ere, eskaerak aurkezteko epea 2021eko urriaren 31n bukatuko da.

4.3. Eskabideari erantsi beharreko dokumentazioa.

a) Entitate laguntzailearen erantzukizunpeko adierazpena, honako hauek adierazten dituena:

–Asteko zein egunetan erabiliko den jantoki zerbitzua.

–Jantokira joaten hasi(ko) den eguna.

b) Deialdi honen 3. oinarriko baldintzak betetzen ez dituzten eskaera berezietarako, gizarte zerbitzuen txosten soziala erantsi beharko da, egoera berezi hori gertatzen dela justifikatzeko.

4.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ofizioz egiten ahalko ditu legeen arabera bidezko diren jarduketak, interesdunek eskabidean emandako informazioa egiaztatzearren.

5.–Prozeduraren antolamendua, instrukzioa eta ebazpena.

5.1. Laguntzak emateko prozeduraren antolamendua eta instrukzioa Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako Programen eta Dirulaguntzen Kudeaketaren Atalari dagozkio.

5.2. Laguntza ekonomikoen gaineko ebazpena ematea Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileari dagokio, instrukzio organoak proposamena egin ondotik.

Hori ebazteko gehieneko epea Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 17. artikuluan aurreikusitakoa izanen da. Epe hori bukatuta, interesdunek eskaerak ezetsitzat jo beharko dituzte. Berariazko edo ustezko ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Eskubide Sozialetako kontseilariari zuzendua, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

5.3. Ebazpenak laguntza ekonomikoaren eskatzaileei eta entitate laguntzaileei jakinaraziko zaizkie. Ebazpenean, emandako dirulaguntzaren zenbatekoa finkatuko da.

5.4. Dirulaguntza eranskin honen 8.2 puntuan adierazi bezala ordainduko da.

6.–Laguntzak.

6.1. Laguntza hauen xedea da 2020ko azaroaren 1etik 2021eko urriaren 31ra bitarteko lanegunetan entitate laguntzailearen lokaletan egiten den otordu nagusia. Laguntzaren xede izan daiteke, orobat, asteburuetan eta jaiegunetan ematen den zerbitzua, baldin eta entitate laguntzaileak zerbitzu hori eskaintzen badu eta onuradunak baliabide ekonomiko urriak baldin baditu.

6.2. Laguntza ematea.

Deialdi honetan aipatzen diren laguntzak emateko prozedura banakako ebaluazioaren bidez tramitatuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17.1 artikuluan xedatutakoarekin bat.

Eskatzaileak eta entitate laguntzaileak I. eranskineko 3. oinarrian eta II. eranskineko 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen dituztela egiaztatu ondoren, balorazio ekonomikoa eginen da.

Laguntzaren zenbatekoa eskatzailearen ahalmen ekonomikoaren eta familia-unitateko kideen kopuruaren araberakoa izanen da, baremo honi jarraikiz:

URTEKO PER CAPITA ERRENTAREN TARTEA

(kide bat familia-unitatean)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

Urteko LGSra bitarte

3,00 euro/eguna

> Urteko LGSa, baina ≤ urteko LGSaren %125

1,00 euro/eguna

Urteko LGSaren %125 baino handiagoa

0,00 euro/eguna

FAMILIAREN URTEKO ERRENTA TARTEA

(bi kide familia-unitatean)

LAGUNTZAREN ZENBATEKOA

Urteko LGSaren %125era bitarte

3,00 euro/eguna

> LGSaren %125, baina ≤ urteko LGSaren %160

1,00 euro/eguna

Urteko LGSaren %160 baino handiagoa

0,00 euro/eguna

Eskatzailearen ahalmen ekonomikoa kalkulatzeko, familia-unitatearen errenta hartuko da aintzat, eta honako hauek kontatuko dira:

a) Lan etekinak, barne izanik aurreikuspen sozialeko prestazioak eta pentsioak, zein den ere haien araubidea.

b) Kapital higigarria eta horren etekinak.

c) Kapital higiezina eta horren etekinak.

Familia unitatetzat hartuko da eskatzaileek eta haien ezkontideek, bikote egonkorreko kideek edo antzeko afektibotasun-harremana dutenek osatzen dutena, bai eta haien seme-alaba adingabeak ere, eta adinez nagusiko seme-alabak ere bai, desgaitasuna baldin badute.

Nolanahi ere, haien kapital higigarria 18.000 eurotik gorakoa bada edo kapital higigarriaren etekinak 300 eurotik gorakoak badira, ez da laguntzarik emanen.

Konputatu beharreko aldia hauxe izanen da: eskaera aurkezten den egunean aitorpena aurkezteko epemuga bukatua duen azken ekitaldi fiskala.

6.3. Laguntzaren indarraldia.

Behin eskaera baloratuta eta eskatzaileari dagokion laguntzaren zenbatekoa zehaztuta, indarraldia ezarriko da. Arau orokor gisa, zerbitzuaren hasiera egunetik (jantokiaren titularra den entitate laguntzaileak ziurtatua) 2021eko urriaren 31ra arte emanen da laguntza.

Hala entitate laguntzailea nola onuraduna edo haren ahaideak behartuak daude Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziari jakinaraztera jantoki zerbitzua aldi baterako edo behin betiko uztea dakarren edozein gorabehera.

7.–Laguntzaren bateragarritasuna bestelako prestazioekin.

Deialdi honetako dirulaguntzak bateragarriak dira beste administrazio publiko batzuek edo bestelako erakunde publiko zein pribatuek helburu bererako ematen dituztenekin.

Hala ere, ematen den zenbatekoak ezin izanen du inola ere gainditu dirulaguntzaren xede den jardueraren kostua, bakarrik hartuta edo beste laguntza edo dirulaguntza batzuekin batuta.

8.–Justifikazioa eta laguntzaren ordainketa.

8.1. Justifikazioa.

Entitate laguntzaileak, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziak ezartzen dituen epeetan, deialdiaren xedeko laguntza ekonomikoen onuradunek jasotako otorduen kopurua frogatzen duen agiria aurkeztuko du.

Ordea, ez dira justifikatu beharko onuradunek entitate laguntzaileak jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokaletatik kanpo egiten dituzten otorduak.

8.2. Laguntzaren ordainketa.

Onuradun bakoitzari dagokion laguntza ekonomikoaren zenbatekoa kalkulatzeko, ematen den diru zenbatekoa eta egin diren otorduen kopurua hartuko dira kontuan.

Onuradun bakoitzari dagokion diru kopurua entitate laguntzaileari ordainduko zaio zuzenean, aipatutako ziurtagiriak aurkeztutakoan.

Entitate laguntzaileari dagokio onuradun bakoitzaren egoera erregularizatzea eta kasuan kasuko laguntza ekonomikoa ordaintzea.

Ordainketak epe hauetan eginen dira:

–Lehen ordainketa, 2020ko azaroaren 1etik 2021eko otsailaren 28ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Bigarren ordainketa, 2021eko martxoaren 1etik ekainaren 30era bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

–Hirugarren ordainketa, 2021eko uztailaren 1etik urriaren 31ra bitarteko zenbateko justifikatuari dagokiona.

9.–Entitate laguntzaileen betebeharrak eta ez-betetzeak.

Honako hauek dira entitate laguntzailearen betebeharrak:

a) Funtsak onuradunei ematea, dirulaguntza arautzeko oinarrietan eta entitate emailearekiko hitzarmenean ezarritako irizpideei jarraituz.

b) Behar izanez gero, dirulaguntza emateko edo dirulaguntza jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin eta helburuak bete direla frogatzea.

c) Dirulaguntzak ematen dituen organoaren aurrean egiaztatzea hartutako funtsak banatu dituela, eta, hala badagokio, entregatzea onuradunek aurkeztutako justifikazioak.

d) Laguntzak ematen dituen organoak funtsen kudeaketari buruz egiten ahal dituen egiaztapenak onartzea, baita eskumena duten kontrol organoek –are Europar Batasunekoek ere– egiaztapen eta kontrol finantzariorako egin ditzaketen bestelako jarduerak ere, eta lan horien ondorioz eskatzen zaion informazioa eta dokumentazioa ematea.

10.–Laguntza itzultzea.

1. Hartutako zenbatekoa itzuli beharko da, osorik edo partez, dirulaguntza emateko ezarritako baldintzak betetzen ez badira, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35. artikuluan aipatzen diren zergatikoak gertatzen badira edo deialdi honetan berariaz aipatzen diren betebeharrak betetzen ez badira. Legez ezarritako kasuetan, gainera, bidezkoa izanen da dirulaguntza ordaindu zenetik itzuli beharraren gaineko ebazpena ematen den arte sortutako berandutze-interesak ordaintzeko eskatzea.

2. Dirua itzultzea eskatzeko prozedurak aipatutako artikuluan xedatutakoari jarraituko dio, eta hasten denetik hamabi hilabeteko epean ebatzi beharko da.

3. Orobat, entitate onuradunak ia betebehar guztiak betetzen dituenean eta bere konpromisoak betetzeko jarrera garbia erakusten duenean, proportzionaltasun-printzipioari jarraituz zehaztuko da itzuli beharreko zenbatekoa, ikusita dirulaguntza emateko ezarritako baldintzetatik zenbat eta noraino bete diren.

11.–Aurrekontu-kontsignazioa.

Laguntza hauek emanen dira aurrekontuan dagoen kontsignazioaren arabera.

Programaren izaera kontuan harturik, gehieneko zenbateko hori gaindituz gero, bidezkoa izanen da deialdiko kreditua handitzea, Eskubide Sozialetako kontseilariak onesten badu.

12.–Deialdiaren kontrako errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarri arautzaileen kontra, bidezko da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legean eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean xedatutakoarekin bat.

13.–Aplikatu beharreko araudia.

Oinarri arautzaile hauetan ezarritakoaz gain, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen xedapenak aplikatuko dira.

II. ERANSKINA

Oinarri arautzaileak, adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoen kudeaketan laguntzaile izanen diren entitateak aukeratzeko prozedurarako

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da foru agindu honen 2. puntuan aipatzen diren entitate laguntzaileak aukeratzea, hots, adineko pertsonak jantokietara joateko prestazio ekonomikoen kudeaketan instrukzio organoarekin batera arituko direnak. Aukeraketa hori Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 11.5. artikuluan xedatutakoaren arabera eginen da.

2.–Entitate laguntzaileak bete beharreko baldintzak.

Zuzenbide pribatuaren menpeko pertsona fisikoek edo juridikoek hartzen ahalko dute parte deialdi honetan, baldintza hauek betez gero:

a) Adineko pertsonei jantoki zerbitzua emateko prestatutako lokalen titularrak edo kudeatzaileak izatea.

b) Gaitasun tekniko-profesionala frogatzea.

c) Desgaituta ez egotea dirulaguntza publikoak lortzeko, ezta Administrazioarekin kontratatzeko ere.

3.–Eskaerak aurkezteko tokia eta epea.

3.1. Entitate interesdunek horretarako prestatu diren ereduen araberako eskaera aurkeztu beharko dute. Ereduak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako bulego nagusietan (González Tablas kalea 7, Iruña) eta erakunde beraren web-orrian eskuratzen ahalko dituzte.

Eskaerari eranskin honen 2. oinarrian ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzen duen dokumentazioa erantsiko zaio, honako agiri hauek, alegia:

a) Jantokiaren titulartasunari edo kudeaketari buruzko egiaztagiria.

b) Eskura dituen baliabide teknikoen eta giza baliabideen gaineko txostena eta azken hiru urtean egindako lanen azalpen laburra, jantokien kudeaketan duen esperientzia frogatzeko.

c) Erantzukizunpeko adierazpena, adierazteko ez dagoela dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua eta ez duela urratzen Kontratuei buruzko ekainaren 9ko 6/2006 Foru Legearen 18. artikuluan ezarritako inolako debekurik.

d) Zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekikoak egunean dituela dioen ziurtagiri eguneratua.

3.2. Eskaerak Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren Erregistroan (González Tablas kalea 7, 31005 Iruña) aurkeztuko dira, edo, bestela, telematikoki (ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuaren bidez sortu eta arautu zen Erregistro Orokor Elektronikoa erabiliz), Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorrean, posta bulego baten bidez edo indarrean dagoen administrazio prozedura erkideari buruzko araudian ezarritako tokietan.

3.3. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun baliodunekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

3.4. Aurkezten diren eskaerak osorik ez badaude, eskatzaileari eskatuko zaio hamar eguneko epean akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko, eta aditzera emanen zaio, bestela, bertan behera utziko dela bere eskaera, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzaileak horretarako emanen duen ebazpenaren bidez.

4.–Entitateak aukeratzeko irizpideak.

Eskaerak irizpide hauei jarraikiz baloratuko dira:

a) Baliabide teknikoak eta giza baliabideak: 10 puntu gehienez.

b) Esperientzia jantokien kudeaketan: 10 puntu gehienez.

c) Eskualdean duen ezarpena: 10 puntu gehienez.

Entitate laguntzaile gisa aukeratua izateko, balorazioan gutxienez 15 puntu lortu beharko dira.

Entitate laguntzailearen izaerak indarra izanen du baldintzek iraun bitartean eta aukeratua izateko betebeharrak betetzen diren bitartean.

5.–Ebazpena eta jakinarazpena.

Balorazio prozesua bukatuta, adierazitako irizpideei jarraikiz, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendariak ebazpena emanen du deialdia ebazteko.

6.–Entitate laguntzaileari ordaintzea.

Adineko pertsonak jantokietara joateko laguntza ekonomikoak kudeatzen entitate laguntzaileak egiten duen lanak ez du inolako konpentsazio ekonomikorik sorraraziko Administrazioaren kargura.

Iragarkiaren kodea: F2009389