214. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

73/2020 FORU AGINDUA, abuztuaren 27koa, Hezkuntzako kontseilariak emana, zeinaren bidez Lanbide Heziketako ikastetxe bateratu izendatzen baita “María Inmaculada” Berariazko Lanbide Heziketako ikastetxe pribatua, “María Inmaculada” ikastetxe bateratu pribatu izenarekin.

Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2006 Lege Organikoaren 39.5 artikuluan adierazten denez, legeak arautzen dituen Lanbide Heziketako ikasketak Lanbide Kualifikazioei eta Lanbide Heziketari buruzko ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoan aipatzen diren ikastetxe bateratuetan egiten ahal dira.

Azken lege horren 11. artikuluko laugarren apartatuan, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak honela definitzen dira: “Ikastetxe berriak dira eta, Kualifikazioen Sistema Nazionalaren esparruan, Lanbide Kualifikazioen Katalogo Nazionalean ageri diren tituluak eta lanbideko ziurtagiriak lortzera bideratzen diren lanbide heziketako eskaintza guztiak emanen dituzte”.

Halaber, 11.4 artikuluko bigarren paragrafoak ezartzen du ezen administrazioek, beren eskumenen esparruan, Lanbide Heziketako ikastetxe horiek sortu eta baimentzen ahalko dituztela, ezartzen diren baldintza eta betekizunei jarraikiz.

Ildo horretan, maiatzaren 7ko 564/2010 Errege Dekretuaren bidez (errege dekretu horrek aldatu zuen 1558/2005 Errege Dekretua, abenduaren 23koa, Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuen oinarrizko beharkizunak arautzen dituena), berriz idatzi zen abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko 3. apartatua. Bertan ezarri zen ezen hezkuntza administrazioek titulartasun pribatuko lanbide heziketako ikastetxe bateratu berriak baimentzen ahal dituztela, betiere nahitaezkoa izanda lan administrazioaren txosten lotesle bat.

Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza sistemako Lanbide Heziketaren antolamendua eta garapena arautzen dituen maiatzaren 26ko 54/2008 Foru Dekretuaren 18. artikuluko bigarren apartatuan ezartzen denez, Lanbide Heziketa ematen duten ikastetxeak ikastetxe bateratutzat jotzen ahalko dira, ekainaren 19ko 5/2002 Lege Organikoaren 11. artikuluari jarraikiz. Ikastetxe horiek arautuko dira irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuari jarraikiz, hartan arautzen baitira Nafarroako Foru Komunitateko Lanbide Heziketako ikastetxe bateratuak. Haren 3.2 artikuluak xedatzen duenez, ekimen pribatuko ikastetxe bateratuek ikastetxe bateratu pribatu izena hartuko dute.

Irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 5. artikuluan, ikastetxe bateratuak sortu eta baimentzea arautzen da. Artikulu horretan ezartzen da ezen, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluko hirugarren apartatuan agintzen denarekin bat, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren txosten lotesle bat beharko dela.

Iritzi da egokia dela beste ikastetxe batzuetara zabaltzea ikastetxe bateratuaren eredua, zeina erabiltzen baita Nafarroako ikastetxe bateratuen sare publikoan (Hezkuntzako kontseilariaren abenduaren 1eko 198/2010 Foru Aginduaren bidez sortua); hain zuzen, eredu hori zabalduko da titulartasun pribatuko Lanbide Heziketako ikastetxe batzuetara, lur eremu eta sektore bereziki aipagarrietan gure foru komunitatearen barruan aritzen direnetara. Hori ikusirik, bidezkoa da, puntu horretan eta Estatuko eta Nafarroako araudi aipatua bete beharrez, titulartasun pribatuko ikastetxe bateratuak sortzea Nafarroan.

Hori dela eta, Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak eta Lanbide Heziketaren Zuzendaritza Nagusiak egindako aldeko txostena ikusita, hartan onartzen baita Nafarroan ikastetxe bateratuaren eredua zabaltzea titulartasun pribatuko ikastetxeetara, horretarako baldintzak (irailaren 4ko 63/2006 Foru Dekretuaren 6. artikuluan bilduak) betetzen dituzten Lanbide Heziketako ikastetxe pribatuak eraldatuz, eta, abenduaren 23ko 1558/2005 Errege Dekretuaren 4. artikuluan agindutakoaren arabera, eskuratu ondoren Garapen Ekonomikorako Departamentuko Politika Ekonomiko eta Enpresarialaren eta Lanaren zuzendari nagusiaren txosten loteslea.

AGINTZEN DUT:

1. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiaren eskumenak bereganatzea –zeinak erabiltzen baitira bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluarekin–, Hezkuntza Departamentuari atxikitako ikastetxe bateratu pribatuak izendatzeko.

2. Ikastetxe bateratu pribatu izendatzea “María Inmaculada” Berariazko Lanbide Heziketako ikastetxe pribatua. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Hezkuntza Departamentuari atxikia egonen da (ikastetxearen kodea: 31004809).

3. Honako hau izanen da delako ikastetxearen izen ofiziala: “María Inmaculada” ikastetxe bateratu pribatua.

4. Foru agindu hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, eta ohartaraztea ezen gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko dela foru agindu honen aurka, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratzen denetik hasita, bat etorriz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 126. artikuluan eta Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 121. eta 122. artikuluetan xedatutakoarekin.

5. Hezkuntzako zuzendari nagusiari eta Lanbide Heziketaren zuzendari nagusiari ahalmena ematea behar diren xedapen guztiak eman ditzaten, foru agindu honetan xedatutakoa aplikatu eta garatzeko.

6. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 27an.–Hezkuntzako kontseilaria, Carlos Gimeno Gurpegui.

Iragarkiaren kodea: F2010151