214. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 22a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

ERABAKIA, Nafarroako Gobernuak 2020ko irailaren 9an hartua, zeinaren bidez deklaratzen baita presakoa dela Asiaingo S-1 sektoreko UE-1 exekuzio unitateko hirigintza jarduketak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa, nahitaez desjabetzeko.

Oltza Zendeako Udalak, 2019ko azaroaren 2an egindako osoko bilkuran hartutako Erabakiaren bidez eta Asiaingo S-1 sektoreko UE-1 Exekuzio Unitatean lurzatiak dituzten titular batzuek eskatuta, onetsi zuen nahitaezko desjabetzearen espedientea irekitzea eta jendaurrean jartzea 15 eguneko epean.

Horretarako, erabakia 2020ko 3. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, urtarrilaren 7koan, eta jendaurrean egoteko epean ez zen inongo alegazio edo ohar idazkirik aurkeztu.

Horiek horrela, Oltza Zendeako Udalak, 2020ko otsailaren 27an egindako osoko bilkuran, behin betiko onetsi du ukitutako ondasun eta eskubideen zerrenda, desjabetzearen xede direnena. Halaber, erabaki du Nafarroako Gobernuari eskatzea deklara dezala presakoa dela, Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluan eta hurrengoetan ezarritako ondorioetarako.

Ukitutako ondasun eta eskubideak okupatzeko presaren arrazoia uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren 163. artikuluan dago jasota (arau horren bidez onetsi zen Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina); izan ere, hartan ezartzen da presako prozedura aplikatu beharko dela konpentsazio batzordean sarturik dauden jabeek sisteman parte hartu nahi ez dutenean, haiek udalari eskatu ondoan desjabetu dakizkiela beren ondasun eta eskubide ukituak batzorde horren alde.

Orobat, espedientean Oltza Zendeako Udaleko Idazkaritzak emandako txostena dago, zeinak jasotzen baititu aipatu 163. artikuluak aurreikusitako egoeran sartzen diren aurrekariak, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 322.1.b) artikuluaren ondorioetarako.

Horrez gain, udal eskatzaileak igorritako espedientean honakoak ere jaso dira: desjabetze espedientearen onuradun izanen den konpentsazio batzordearen eraketa eta konpentsazio batzordearen egiaztapena, desjabetze espedienteak dakartzan betebeharrei aurre egiteko behar adina funts izatearen gainekoa.

Nafarroako Gobernuak, Oltza Zendeako Udalak alegatutako arrazoiak ikusita eta balio justua ordaintzeko behar den kreditua badela egiaztatuta, justifikatutzat jotzen du desjabetzeak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela deklaratzea.

Horrenbestez, txosten juridikoa ikusirik, eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 57.b) artikuluak eta Nahitaezko Desjabetzeari buruzko Legearen 52. artikuluak emandako ahalmenak erabiliz, Nafarroako Gobernuak, Lurralde Kohesiorako kontseilariak proposaturik,

ERABAKITZEN DU:

1. Deklaratzea Asiaingo S-1 sektoreko UE-1 exekuzio unitateko hirigintza jarduketak ukitutako ondasun eta eskubideen okupazioa presakoa dela, nahitaezko desjabetzea egiteko.

2. Erabaki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, argitaratzen den egunetik beretik ondorioak izateko. Aditzera ematen da erabaki honek administrazio bidea amaitzen duela eta haren aurka, hautara, berraztertzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita; edo, bestela, zuzenean aurkaratzen ahal dela Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, bi hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Administrazio publikoek, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiazko errekerimendua egin dezakete, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

3. Erabaki hau Oltza Zendeako Udalari jakinaraztea.

Iruñean, 2020ko irailaren 9an.–Bigarren lehendakariordea, Nafarroako Gobernuko kontseilari-idazkariaren ordez, José María Ayerdi Fernández de Barrena.

Iragarkiaren kodea: F2010378