212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. LURRALDEAREN ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

67E/2020 EBAZPENA, irailaren 1ekoa, Lurraldearen Antolamenduko zuzendari nagusiak emana, Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko D-9 unitate morfologikoaren xehetasun-azterlana, Residencial Ori, S.L.k sustatua, behin betiko onesten duena.

Urtarrilaren 23ko 2E/2020 Ebazpenaren bidez, Lurraldearen Antolamenduko eta Etxebizitzako zuzendari nagusiak hasiera batez onetsi zuen Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko D-9 unitate morfologikoaren xehetasun-azterlana, Residencial Ori, S.L.k sustatua.

Ebazpen horrek ez zuen xedapenik ezartzen eta 2020ko 29. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 12koan, eta egunkarietan 2020ko urtarrilaren 28an, eta hogei eguneko epea ireki zen jendaurrean egoteko eta alegazioak egiteko.

Horretarako ezarritako epearen barrenean, 2020ko otsailaren 18an Juan Antonio Iriarte Zancajo jaunak alegazio idazki bat aurkeztu zuen. Hona hemen idazkia, laburturik, eta alegazioei emandako erantzunak:

Edukia:

Alegaziogileak dio xehetasun-azterlanean ez dela aurkeztu 85/1995 FDaren 48.1b) artikuluan eskatutako “planean aurreikusitako determinazioak eta xehetasun-azterlanean lortzen direnak aplikatzetik ateratzen den eraikigarritasunari buruzko azterlan konparatiboa”.

Horrez gain, adierazten du bizileku-erabilerarako eraikitako azalera 3.946,84 m²-tik 5.403,15 m²-ra pasatu dela, 85/1995 FDaren 48.2 artikulua urratuz, eta neurketa hori jasotzen duen dokumentazio grafikoa erantsi du.

Alegaziogilearen iritziz, sustatzaileak adierazitako energia-efikazia eta -eraginkortasuneko arrazoiak arrazoizkoak izan litezke lerrokadura berria justifikatzeko, baina ez solairu bat gehiago egin eta eraikitako gehieneko azalera 1.456,31 m² handitzeko.

Azkenik, aipatzen du errekerimenduari erantzuteko dokumentuan D-10.2 eta D-10.3.2 partzelen eguzkialdian izan daitekeen eragina aztertzen dela eta “onartzen dela” aipatutako partzelak “aurreikusitako lerrokaduran kasurik txarrenean leudekeela eta iradokitzen dute horien lerrokadurak eta altuerak alda daitezkeela. Hori baldintzatze bat da partzela horientzat”. Partzela horiek UGPSko 33.1 artikuluko gutxieneko eguzkialdia baino handiagoa izanen luketen arren, egungo antolamenduarekin baino ordu gutxiago izanen lituzkete.

Erantzuna:

Xehetasun-azterlanak ez du ondoriozko eraikigarritasunaren azterlan konparatiborik ez delako behar. Izan ere, eraikigarritasun hori ez da aldatzen. Eraikigarritasuna unitate morfologikoaren fitxaren araberakoa da, eta ez dago inongo alderik indarreko fitxarekin alderatuta. Aipatutako azterlan hori beharrezkoa da eraikigarritasuna eraikinen lerrokaduren, sestren eta altueren araberakoa denean, eta ez parametro baten bidez, esku artean dugun kasuan bezala.

Planteatutako lerrokadurak, indarreko araudian planteatutakoak bezala, gehieneko lerrokadurak dira, ez nahitaezkoak eta, hortaz, eraikinaren inguratzaile bat ezartzen dute, zeinaren barruan unitateko fitxan zehaztutako gehieneko eraikigarritasuna gauzatu daitekeen bakarrik.

Gehieneko eraikigarritasuna bezala, sestra gainean eraikitako gehieneko azalera ere ezin da aldatu xehetasun-azterlan baten bidez. Hori dela eta, planteatzen den eraikinaren gehieneko altuera berriak aukera ematen du beste bolumetria bat erabiltzeko, baina ez sestra gaineko eraikigarritasuna aldatzeko.

Gogoan izan behar da espedientearen xedea dela D-9 unitate morfologikoaren bolumenak berrantolatzea eta eraikinaren gehieneko solairu kopurua eta altuera aldatzea. Xehetasun-azterlanak ez ditu hirigintzako beste determinazio batzuk aldatzen (hala nola gehieneko eraikigarritasuna edo eraikitako gehieneko azalera). Xehetasun-azterlanaren xede eta eskumenekoak diren hirigintzako antolamendu xehatuko determinazioak bakarrik aldatzen ditu.

Solairu kopurua handitzeko justifikazioa energia-efikazia eta -eraginkortasunaren alorreko arrazoiak dira, aukera ematen baitute gehieneko eraikigarritasuna eraikin-bolumen lineal bakar batean agortzeko, fatxadaren orientazio berarekin eta bi orientazioko etxebizitzak eraikitzeko aukerarekin.

D-10.2 eta D-10.3.2 partzelei dagokienez, alegaziogileak dioenaren kontrara, xehetasun-azterlanak ez die inolako baldintzarik ezartzen. Aipatzen duen errekerimenduari erantzuteko dokumentuak partzela horien hirigintzako determinazioak aldatzeko aukerak aupatzen ditu. Bestalde, alegazio-idazkian onartzen denez, proposatutako antolamenduarekin bete egiten dira UGPSaren araudiaren 33.1 artikuluan ezarritako baldintzak, D-10.2 eta D-10.3.2 partzeletako eraikinetako fatxaden gutxieneko eguzkialdiari dagokionez.

Proposamena:

Horregatik guztiagatik, alegazioak ezestea proposatzen da.

Dokumentuak ez du aldaketarik izan hasiera batean onetsi zenetik. Hirigintza-antolamendu xehatuko determinazioak baizik ez ditu jasotzen, xehetasun-azterketa baten xede eta eskumen direnak. Bat dator Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginaren xedapenekin (testu hori uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsi zen), baita Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialean biltzen diren determinazioekin ere.

Lurralde eta Paisaia Zerbitzuaren 2020ko abuztuaren 14ko txostena ikusirik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bateginak (uztailaren 26ko 1/2017 Legegintzako Foru Dekretuaren bidez onetsiak) ezarritakoarekin bat, eta Lurralde Antolamenduko, Etxebizitzako, Paisaiako eta Proiektu Estrategikoetako Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen urriaren 30eko 262/2019 Foru Dekretuak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebazpen honen azalpen zatian adierazitako moduan ebaztea.

2. Behin betiko onestea Erripagainako Udalez gaindiko Plan Sektorialeko D-9 unitate morfologikoaren xehetasun-azterlana, Residencial Ori, S.L.k sustatua.

3. Ebazpen hau eta onetsitako agiria Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea eta Eguesibarko Udalari, Iruñerriko Mankomunitateari, alegaziogileari eta espedientearen sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

4. Adieraztea ebazpen honek administrazio bidea amaitzen duela, eta haren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahal dela, Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiaren Administrazioarekiko Auzien Salaren aurrean, bi hilabeteko epean ebazpena argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 10. eta 46. artikuluetan xedatutakoarekin bat, Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 112.3 artikuluari dagokionez.

Dena dela, administrazio publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik edo, hala bada, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita zenbatuko dira epe horiek.

Iruñean, 2020ko irailaren 1ean.–Lurralde Antolamenduko zuzendari nagusia, Izaskun Abril Olaetxea.

Iragarkiaren kodea: F2010138