212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

2. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. XEDAPEN ETA IRAGARKIAK, HERRIEN ARABERA ANTOLATUAK

TUTERA

Ordenantza, Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituena. Behin betiko onespena

Udalak, 2020ko maiatzaren 19an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza. Erabaki zuen, bestetik, indarrik gabe uztea Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, 2018ko otsailaren 26an egindako osoko bilkuran onetsia eta 2018ko 102. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua (maiatzaren 29an).

Erabaki hori 2020ko 128. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, ekainaren 15ean, eta handik aurrera jendaurrean egoteko hogeita hamar egun balioduneko epea iragan da inork aurkeztu gabe erreklamazio, kexa edo oharrik haren kontra. Beraz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 325. eta 326. artikuluekin bat, hasierako onespena behin betikoa bilakatu da, eta hortaz Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen da “Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko, merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko laguntzak arautzen dituen ordenantza”.

Argitara ematen da, eta ohartarazten, behin betiko onespen honen kontra bide hauetakoren bat erabil daitekeela:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa zuzenean aurkeztuz Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusian, bi hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Gora jotzeko errekurtsoa aurkeztuz, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, iragarki hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denetik hasita.

Tuteran, 2020ko abuztuaren 3an.–Jarduneko alkate udalburua, Anichu Agüera Angulo.

ORDENANTZA, TUTERAKO EKINTZAILETZARAKO, ENPLEGUA SUSTATZEKO, MERKATARITZA LOKALAK BERRITU, ERABERRITU ETA IREKITZEKO ETA ENPRESEN LEHIAKORTASUNA HOBETZEKO LAGUNTZAK ARAUTZEN DITUENA

I. TITULUA

Xedapen orokorrak

1. artikulua. Xedea.

Ordenantza honen xedea da Tuterako Udalak hiriaren ekonomia eta enpresen jarduera sustatzea. Horretarako, dirulaguntzen bitartez, Tuteran enplegua eta ekintzailetza sustatu eta eta enpresen lehiakortasuna hobetu nahi dira, baita merkataritzako lokalak berritu, eraberritu eta irekitzea ere.

Testu arauemaile honek laguntza hauek arautzen ditu:

–Enpresa jarduera berriak sortzeko laguntzak.

–Enplegua sustatzeko laguntzak.

–Tuterako hirian merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak.

–Jada dauden enpresen eta saltokien lehiakortasuna hobetzeko laguntzak.

2. artikulua. Dirulaguntzak emateko eskumena duen organoa.

Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak emateko eskumena izanen duen organoa, hark izanen baitu dagokion gastuaren gain erabakiak hartzeko eta baimenak emateko ahalmena.

3. artikulua. Onuradun izateko baldintza orokorrak eta betebeharrak.

a) Lantokia Tuterako udal-mugartean izan beharko dute pertsona fisikoek edo juridikoek.

b) Bai dirulaguntza eskatzeko unean, bai dirulaguntzaren gainerako likidazioa egiteko unean, halakorik bada, Ogasunarekiko, Gizarte Segurantzarekiko eta Tuterako Udalarekiko betebeharrak egunean izan beharko dituzte. Betebehar hori betetzen ez bada, dirulaguntza erabat ukatuko da.

c) Dagozkion udal lizentziak izatea edo horiek lortzeko prozedura hastea eskatu izana.

d) Ordenantza honetan araututako laguntza programa eta lerro bakoitzerako ezarri diren baldintza espezifikoak betetzea.

e) Lerro bakoitzean ezarritako epean, diruz lagundutako enpresa-proiektu edo kontratuak mantentzea.

f) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko lortutako beste dirulaguntzen, laguntzen, diru-sarreren edo baliabideen berri ematea organo emaileari. Jakin bezain laster emanen da horren berri, eta, betiere, jasotako funts publikoak zertan erabili diren justifikatu baino lehen.

4. artikulua. Baztertze orokorrak.

Ezin izanen dira dirulaguntza hauen onuradun izan:

1) Administrazio publikoak eta haiei loturik edo haien mendean dauden entitateak.

2) Udalaren laguntzak behin eta berriz eskatu dituzten sustatzaileak edo lehenago eskuratutako laguntzak eraginkortasunez eta behar bezala baliatu ez dituztenak.

3) Enpresa instrumentalak.

4) Ezin izanen dira dirulaguntzen onuradun izan Dirulaguntzen Lege Orokorraren 13. artikuluko inguruabarretako batean dauden pertsona fisikoak nahiz juridikoak.

5) Laguntzetatik kanpo gelditzen dira joko aretoak eta/edo apustu etxeak diren enpresa-jarduerak.

6) Laguntzetatik kanpo gelditzen dira prostituzio etxeekin lotutako jarduerak, edozein dela ere lotura hori.

5. artikulua. Eskaerak nola aurkeztu: epea eta ebazpena:

1) Eskaerak Tuterako Udaletxeko HLZn (erregistroan) eta Lourdes auzoko bulegoan aurkeztuko dira, irekitzeko ezarritako ordutegietan. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluak baimendutako erregistro ofizialetako batean aurkezten bada proposamena, egintza horren berri eman beharko zaio Udalari, proposamenak aurkezteko epearen barnean, mezu bat bidaliz industria@tudela.es helbide elektronikora.

2) Eskaerak, ordenantza honen eranskinetan aipatzen den dokumentazioarekin batera (jatorrizkoa edo behar bezala konpultsatutako kopia), urte bakoitzeko deialdian finkatzen den epearen barnean aurkeztuko dira. Lerro bat baino gehiagotarako eskaera egiten dutenek behin baizik ez dituzte aurkeztuko dokumentu komunak.

3) Aurkeztu beharreko dokumentazioari dagokionez akatsak edo hutsak dituzten eskaerei hamar egun balioduneko epea emanen zaie, jakinarazpenaren biharamunetik aitzina, akatsak zuzentzeko edo behar diren agiriak aurkezteko. Ohartarazten da, alabaina, agiririk aurkezten edo akatsik zuzentzen ez bada, interesdunak eskaera bertan behera uzten duela joko dela. Horrelakoetan, eskaera artxibatu eginen da, beste izapiderik egin gabe.

4) Urtero, iragarki bat argitaratuko da Nafarroako Aldizkari Ofizialean, eta haren bidez irekiko da eskabideak aurkezteko epea.

5) Eskabideen aurkezpen ordenari jarraikiz tramitatu eta ebatziko dira espedienteak, muga izanik urte bakoitzean aurrekontuan erabilgarri dagoen kreditua. Eskaera bati heldu ezin zaionean deialdiaren urtean aurrekontuan kreditu erabilgarririk ez izateagatik, hurrengo urteko deialdian ebatziko dira, baita kreditua lortzen denean ere horretarako izendatutako aurrekontu-egozpenean.

6) Merkataritza, industria eta enpleguko administrazio unitateak deialdian ezarritako irizpideen arabera aztertuko ditu eskaerak eta haiei erantsitako dokumentazioa; horretarako, beharrezkoak iruditzen zaizkion argibide osagarri guztiak eskatzen ahalko ditu.

Merkataritza, industria eta enpleguko administrazio unitateak izanen du datuak zehazteko, jakiteko eta egiaztatzeko egin behar diren izapide guztiak ofizioz egiteko ardura; izan ere, datuok oinarri hartuta eginen zaio ebazpen proposamena organo eskudunari, hark ebazpena eman dezan. Ebazpena eman eta jakinarazteko epea hiru hilabetekoa izanen da gehienez ere, eskaera aurkezten den egunetik hasita.

7) Egindako gastuen fakturek 205/2004 Foru Dekretuak agindutakoa bete beharko dute (haren bidez onartu baitzen fakturazio betebeharrak arautzen dituen erregelamendua). Fakturek, bidenabar, dirulaguntza eskatu duenaren izenean egon behar dute beti.

Fakturak ordaindu direla frogatzeko, bankuko ordainagiriak edo zordunketak aurkeztuko dira. Ez dira kontuan hartuko esku-dirutan ordaindutako 2.500 euroko edo gehiagoko operazioak, edo atzerri-dirutan kontrabalio hori dutenak, operazioan parte hartzen dutenetakoren batek enpresari gisa edo profesional gisa parte hartzen duenean; izan ere, halaxe xedatu da urriaren 29ko 7/2012 Legearen 7. artikuluan (iruzurraren kontrako prebentzio-ekintzak eta iruzurraren kontra borrokatzeko ekintzak areagotzearren tributuen eta aurrekontuen gaineko araudia aldatu eta finantza-araudia egokitzekoa). Nolanahi ere, zenbatekoari jarritako muga eguneratu eginen da lege indardunak unean-unean zer finkatzen duen kontuan hartuta. Lehenago zehaztutako zenbatekoak kalkulatzeko, ondasunak edo zerbitzuak operaziotan edo ordainketatan zatituta ematen direnean, guztien zenbatekoak batuko dira.

8) Esku-dirutan ordaindutako 2.500 eurotik beherako gastua benetan ordaindu dela frogatzeko, fakturaren igorleak egindako egiaztagiria aurkeztu beharko da.

9) Gobernu Batzarrak alda ditzake ordenantza honen eranskinetan ageri diren dokumentuak (eskabide orriaren eredua, erantzukizunpeko adierazpena eta abar), hala erabakitzen badu, baldin eta aldaketa horrek ez badu eraginik ordenantza honetan lerro bakoitzerako araututako funtsezko alderdietan.

6. artikulua. Jarraipena, ikuskapena eta kontrola.

Dirulaguntzen alorreko lege orokorretan xedatutakoaren arabera, Tuterako Udalari dagokio kontrol eta jarraipen ahalmena baliatzea, onuradunari ezarritako baldintzak betetzen direla egiaztatzeko. Horretarako, egoki irizten dizkion ikuskapen bisitak egin ahalko ditu.

Onuradunak edo erakunde kolaboratzaileak eta dirulaguntzarekin edo haren justifikazioarekin lotura duten hirugarrenak behartuak daude kontrol funtzio horiek erraztera eta horietan laguntza ematera.

Onuradunek identifikazio datuetan edo inguruabarretan izaten den edozein aldaketa jakinarazi beharko diote Udalari, baldin eta horiek kontuan hartu baldin baziren dirulaguntza emateko garaian. Jakinarazi beharko diote, baita ere, onuradunak onartutako konpromisoak edota betebeharrak aldatu badira.

Gerta liteke titulartasuna edo izena aldatzea deialdi honen babespean eskatu eta eman den edozer dirulaguntza eskatu edo haren onuradun izan den enpresa batean, edo enpresa subrogatzea. Era horretako aldaketarik gertatuz gero, unean bertan jakinarazi beharko dute onuradunek, baita horien frogagiriak aurkeztu ere, dirulaguntza eman eta urtebete igaro artean.

7. artikulua. Laguntzen metaketa, gehieneko zenbatekoa eta bateraezintasuna.

Dirulaguntzaren zenbatekoa ezin izanen da izan onuradunak gauzatuko duen jardueraren kostua baino handiagoa, berez edo bestelako administrazio publikoen edo erakunde pribatu nahiz publiko, nazioko nahiz nazioartekoen laguntza edo dirulaguntzekin batera.

Edonola ere, lerro bakoitzak baldintza bereziak ezarri ahal izanen ditu laguntzen metaketa onartzeari edo ez onartzeari buruz, dirulaguntzak emateko irizpideak ere bai.

Hori dela eta, dirulaguntzarako eskabidearekin batera konpromiso hau aurkeztu behar da: diruz laguntzen den kontratuaren indarraldian muga hori inoiz gainditzen bada, horren berri emanen da.

8. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Aurrekontua gauzatzeko oinarrietan ezarritakoari jarraikiz, laguntzaren % 75 ordainduko da lehen ordainketa batean, baldin eta dirulaguntzaren lerroan besterik arautu ez bada.

Onuradunak ordenantzaren helburua eta dirulaguntzen lerro bakoitzean ezarritako iraunaldia bete dituela egiaztatu ondoren eginen da azken likidazioa (onartutako dirulaguntzaren gainerako % 25a):

–1. lerroa. Enpresa jarduera berriak: 12 hilabete EJZn hasierako altatik.

–2. lerroa. Enpleguaren sustapena:

a) kontratu mugagabeak. 12 hilabete diruz lagundutako kontratuaren hasierako datatik.

b) Aldi baterako kontratua. Kontratua bukatzean.

–3. lerroa. Merkataritzarako lokalak berritu, eraberritu eta irekitzea: 12 hilabete tokiko gobernu batzarrak dirulaguntza ematea erabaki duenetik.

–4. lerroa. Jada dauden enpresen eta saltokien lehiakortasuna hobetzeko laguntza: 12 hilabete tokiko gobernu batzarrak dirulaguntza ematea erabaki duenetik.

9. artikulua. Finantzaketa.

Deialdia noiz egiten den, ekitaldi horri dagokion udal aurrekontuko aplikazioen kargura finantzatuko dira ordenantza honetako laguntzak, ezertan galarazi gabe ordenantza honen 5.5 artikuluan xedatutakoa.

10. artikulua. Dirulaguntza emateko ebazpena aldatzea.

Dirulaguntzak emateko kontuan izan diren baldintzak aldatzen badira, edo Estatuko edo atzerriko beste administrazio edo erakunde publiko edo pribatu batzuek ematen dituzten dirulaguntzak edo laguntzak batera lortzen badira, dirulaguntza emateko ebazpena aldatzen ahalko da.

11. artikulua. Dirulaguntzak itzuli beharra.

a) Jasotako zenbatekoak itzuliko ditu onuradunak eta berandutze-interesagatik dirulaguntza eman zenetik hasita legeak agintzen duen zenbatekoa eskatuko zaio, espedientea tramitatu ondoren, honelako kasuetan:

–Dirulaguntzari uko egitea.

–Dirulaguntza eskuratzea, behar diren baldintzak faltsututa edo bete gabe.

–Dirulaguntza zer xedetarako eman zen, helburu hura ez betetzea.

–Justifikatzeko betebeharra ez betetzea edo epetik kanpo egitea.

–Onuradunari ezarritako beste edozein baldintza ez betetzea.

–Onuradunak Udalaren kontrol jarduerei uko egitea.

b) Onuradunak noraino bete ez duen, horren proportziokoa eta neurrikoa izanen da itzultzeko eskaera.

c) Itzulketak zuzenbide publikoko diru-sarreratzat hartuko dira. Hortaz, premiamendu bidez kobratzeari ekin dakioke, izan daitezkeen erantzukizunak kontuan hartu gabe.

d) Dirulaguntzei buruzko Lege Orokorraren 37. artikuluan ezarritako kasuetan, itzuli egin beharko da jasotako dirua, eta legezko interesa gehi % 25 eskatuko da, dirulaguntza ordaindu edo kontura eman zenetik itzultzea bidezkoa dela erabakitzen den eguna arteko denborari dagokionez.

e) Lau urtera preskribatuko du Administrazioak itzulketa aitortu edo likidatzeko duen eskubideak. Itzulketa eskatzeko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 17ko 38/2003 Lege Orokorraren 42. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.

f) Ez-betetze kasuetan, behar den espedientea tramitatuko da, kontraesanaren eta frogaren printzipioen araberakoa, eta interesdunari entzunaldia emanen zaio, egoki juzgatzen dituen alegazioak egin eta frogak aurkez ditzan. Tokiko Gobernu Batzarra izanen da dirulaguntzak bertan behera utzi edo ezeztatzeko organo eskudun bakarra. Oinarriotan biltzen ez den orotan, indarra duen legerian xedatuak aginduko du.

12. artikulua. Zehapen prozedura.

Dirulaguntzen arloko arau-hauste administratibotzat hartuko dira Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorrean tipifikatutako ekintzak eta ez-egiteak. Zehapen prozedura, zigorren graduazioa eta zehapen motak aipatu legean ezarritakoak izanen dira.

13. artikulua. Publizitatea.

Onuradunek jarduketak sustatu eta zabaltzeko egiten dituzten adierazpen guztietan Tuterako Udalak diruz lagundu dituela agertu beharko da.

14. artikulua. Minimis motako laguntzen araubidea.

Deialdiko dirulaguntzak “de minimis” motako laguntzak dira, Europako Batzordeak abenduaren 18an eman 1407/2013 Erregelamenduan xedatuarekin bat. Erregelamendu hori Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 107. eta 108. artikuluak “de minimis” laguntzei aplikatzeko moduari buruzkoa da.

II. TITULUA

Dirulaguntza lerroak eta programak

1. lerroa.–Enpresa jarduera berriak sortzeko laguntzak.

15. artikulua. Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak:

1) Enpresa onuradunak ekimen berriak izanen dira, eta baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Enpresako titularrek (bazkide guztiek, baldin eta erakunde eskatzailea sozietatea bada) ezin dute beren kontura jardun diruz lagunduko den jarduera ekonomikoan, berdin bakarka zein sozietate bateko kide izanik, diruz lagunduko den jarduera martxan jarri aurreko azken 3 urteetan, eta Tuterako udal-mugartearen barruan.

b) Enpresak juridikoki sortu berriak izanen dira, ez da onartuko aldez aurretik existitzen den jarduera baten handitzea, ez eta lehendik existitzen diren enpresen antzeko jarduera gauzatzen duten delegazioak irekitzea, ezta enpresa juridikoki aldatzea ere.

2) Tuterako Udalaren ekonomia-jardueren gaineko zergan alta hartzea, aurreko urteko urriaren 1etik abian den urteko irailaren 30era bitartean.

3) Behar diren obra lizentziak, kasuan kasuko jarduera egiteko beharrezkoak direnak (jarduera sailkatuena eta irekitzekoa) eta jarduera ekonomikoen gaineko zerga eskatu eta ordaindu izana.

4) Proiektuaren bideragarritasun txostena izatea, bai teknikoa bai ekonomiko-finantzarioa.

5) Proiektuari 12 hilabetez eustea, EJZko hasierako altatik aurrera; bestela, litekeena da dirulaguntza aldatu edo itzuli behar izatea. (Enpresa jarduera 12 hilabete baino gutxiagoko epean itxiz gero, enpresa onuradunak itxiera horren berri eman beharko dio Udalari, eta bildutako dirulaguntza itzuli, jarduera gelditzen den egunetik 12 hilabete bete arteko denboraren araberako heinean, jardueran gutxienez ere 9 hilabetez ari izan bada).

6) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak eta fakturak gordetzea, agiri elektronikoak barne, egiaztatze eta kontrol jardueren xede izaten ahal diren bitartean.

16. artikulua. Baztertze espezifikoak:

1) Deialdi honetatik kanpo daude aurreko urteetan lerro honen bidez dirulaguntza jaso duten pertsonak, enpresa jarduerak edo enpresak, betiere jarduera beretan edo antzekoetan aritzeko baziren laguntza horiek.

2) Ez dira jarduera ekonomiko berritzat hartuko deialdiaren aurretik jada jarduera ekonomiko batean aritu eta EJZeko beste epigrafe batean alta ematen dutenak.

3) Eskualdaketak diruz lagundu ahalko dira negozioaren eskualdatzailearen eta hartzailearen artean ez badago ezkontza-loturarik edo egoera horren parekatua den besteren bat eta/edo odol bidezko ahaidetasunik eta hirugarren gradurainoko ezkontza-ahaidetasunik.

17. artikulua. Diruz lagundutako gastuak:

1) Honako gastu hauek jaso dezakete dirulaguntza:

KONTZEPTUA

PORTZENTAJEA

MUGA

Lokalaren alokairua (gehienez ere 6 hilabete)

% 50

300 euro hilean

Industriarako nabearen erosketa

% 50

1.800 euro

Hornidurei alta emateko gastuak: ura, berokuntza, gasa eta argindarra

% 50

50 euro, kontzeptuko

Notarioen, erregistratzaileen eta negozioa abian jartzeko aholkularitzarekin zerikusia duten kontzeptuen zerbitzu-sariak

% 50

300 euro

Merkaturatzeko publizitateko gastuak: liburuxkak eta txartelak argitaratzea, katalogoak eta logotipoak diseinatzea, komunikabideetan iragarkiak jartzea, errotulazioa

% 50

400 euro

Web domeinua erregistratzea

% 50

60 euro

Web orria egitea

% 50

350 euro

Sustatzaileei jarduera martxan jartzeko prestakuntza ematea helburua duten ikastaro, jardunaldi eta mintegietara joatea

% 50

300 euro

Aktibo finkoak erostea

% 50

400 euro

Negoziorako beharrezkoak diren softwarea edo aplikazio informatiko espezifikoak erostea

% 50

300 euro

Marka eta merkataritzako izena erregistratzea

% 50

150 euro

Prototipoak diseinatzeko eta egiteko gastuak

% 50

200 euro

Frankizietan sartzeko kanonak

% 50

600 euro

35 urtetik beherako sustatzaileei, emandako laguntza % 15 handituko zaie. Kasu honetan, jardueraren sustatzaile guztiek 35 urte baino gutxiago izan behar dituzte.

1) Lokalaren alokairuaren gastuetatik bazterturik daude errentatzailearen eta errentariaren artean badago harreman juridikoa edo ahaidetasuna, odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren hirugarren graduraino. Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan dagoenean edo udalaren jabetzakoa denean, alokairuak ez dira diruz lagunduko. Gehienez ere, jarduera hasi eta alokairuaren lehenengo 6 hilabeteetarako emanen da dirulaguntza. Ez dira diruz lagunduko ez fidantzak, ez bermeak, ez eta aldez aurretik ordaindutako zenbatekoak ere.

2) Nabe industrial baten erosketari dagokionez, baztertuak daude erosketak baldin eta errentatzaile eta errentariaren arteko harreman juridikoa edo ahaidetasunekoa badago, odolkidetasunaren edo ezkontza-ahaidetasunaren hirugarren graduraino; edo pertsona fisiko edo juridikoren bat aldi berean bada errentatzailea eta errentaria.

3) Hornidurei alta emateko gastuak: ura, berokuntza, gasa eta argindarra. Negozioaren egoitza ohiko etxebizitzan dagoenean, hornidura-gastuei ez zaie dirulaguntzarik emanen. Zergak salbuetsirik daude.

4) Notarioen, erregistratzaileen eta negozioa abian jartzeko aholkularitzarekin zerikusia duten kontzeptuen zerbitzu-sarietako gastuen barruan ez dira egonen zergen, lanaren eta kontabilitatearen alorrean jasotako aholkularitza ordaintzeko kuotak.

5) Merkaturatzeko publizitateko gastuak: liburuxkak eta txartelak argitaratzea, katalogoak eta logotipoak diseinatzea, komunikabideetan iragarkiak jartzea eta errotulazioa.

6) Sustatzaileek enpresa jarduera orokorraren abiatzearekin ikusteko duten egindako prestakuntza ikastaro, mintegi eta jardunaldiak, baita diruz laguntzen den jarduerarekin zuzenean eta berariaz ikusteko duten jarduerak ere, diruz laguntzen den jarduera hasi baino aurreko 18 hilabetean eginak izanen dira. Ez zaie diruz lagunduko graduko ikasketei, masterrei eta graduatu ondoko ikastaroei.

7) Aktibo finkoei dagokienez, berriak izan behar dute, eta hauexek: mahai gaineko ordenagailuak, inprimagailuak, ordenagailu eramangarriak, salmenta-puntuko terminalak, etiketak jartzeko sistemak, kodeen irakurgailuak, balantza elektronikoak eta kutxa erregistratzaileak. Tablet edo ipad delakoak erosten badira, unitate bakarra erosteko dirulaguntza emanen da soilik, eta enpresaren jarduerarako beharrezkoa dela behar bezala justifikatu beharko da. Enpresa jardueraren helbide soziala ohiko etxebizitza bada, dirulaguntza 200 eurokoa izanen da gehienez.

8) Prototipoak diseinatu eta eraikitzeko gastuetan horiek eraikitzeko materialak sartzen dira.

Kontzeptu horietatik kanpo gelditzen dira zergak eta tasak.

18. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

1) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua (I. eranskina).

2) Jarduera eratu duten pertsona fisikoen edo legezko ordezkarien NANak eta enpresaren IFK.

3) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

4) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

5) Erantzukizunpeko adierazpena, onuradun izateko baldintza orokorrak betetzen direla dioena. (2. eranskina).

6) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (2. eranskina).

7) Erantzukizunpeko adierazpena, non jasoko baita eskatzaileak betetzen duela Emakumeen eta Gizonen arteko Berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legearen 18.2 artikuluan zehaztutakoa. (2. eranskina).

8) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (4. eranskina).

9) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria (5. eranskina).

10) Enpresa proiektua azaltzen duen memoria, eta bideragarritasun txosten teknikoa eta ekonomiko-finantzarioa.

11) Egoitza-baimena, egoiliar berrien kasuan.

12) Sustatzailearen edo sustatzaileen lan bizitza.

13) Enpresaren eraketaren eskritura.

14) Merkataritzako lokalen edo nabe industrialen alokairu kontratuaren kopia, edo salerosketa eskriturarena.

15) Onartutako gastuen edo kostuen behin betiko fakturak, berdin jatorrizkoak edo konpultsatuak izan. Gastuak faktura elektronikoen bidez ere froga daitezke, baldin eta zerga arloan onartuak izateko behar diren baldintzak betetzen badituzte.

16) Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua) bankuko transferentzia, bankuko egiaztagiria edo ordainketaren laburpena. Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa. Epeka ordaintzekoak badira, ezarritako epeen barruan dauden horiek jasoko dute laguntza.

2. lerroa.–Enplegua sustatzeko laguntzak.

19. artikulua. Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak:

a) Langabezian dauden pertsonak kontratatuko dira, baldin eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuan enplegu eskatzaile gisa inskribatuak egon badira, gutxienez, hilabete batez, etenaldirik gabe, eta kontratua egin aurre-aurretik.

b) 30 urte baino gutxiago edo 45 urte baino gehiago izateko baldintza diruz lagundutako lan-harremana hasten den egunean bete beharko da.

c) Dirulaguntza kontratu mugagabeetarako eskatzen bada, langile berriak kontratatzean modu garbian handitu behar da onuradunaren plantilla finkoa eta guztizko plantilla, kontratazioa egin aurreko sei hilabeteetan enpresan izan den batez besteko plantilla oinarri hartuta. Dirulaguntza aldi baterako kontratazioak egiteko eskatzen bada, guztizko plantilla handitu beharko da, arestian adierazitako epea oinarri hartuta.

d) Enpresak langileak mantendu beharko ditu, lan kontratu bakoitzean ezarritako epeak iraun bitartean. (Kontratatu den pertsonak enpresan baja egiten badu, baldintza berak betetzen dituen beste pertsona batek ordezkatu beharko du, baldintza beretan ordezkatu ere. Horretarako, hilabeteko epea izanen da bajaren dataz geroztik, eta Tuterako Merkataritza, Industria eta Enplegu Departamentuari horren berri eman beharko zaio, gehienez ere 15 egunean, kontratu berriaren dataz geroztik).

e) Kontratazio mugagabearen kasuan, aurreko 24 hilabeteetan enpresa berean lan-harreman mugagaberik izan ez duten langabeak kontratatzen ahal dira.

f) Aldi baterako kontratazioaren kasuan, kontratua sinatu aurreko urtebetean enpresarekin lan-harremanik izan ez duten langileak kontratatzen ahal dira.

g) Behin dirulaguntza emanda eta deialdiak dirulaguntzaren % 25 kobratzeko ezartzen duen epea iraganda, onuradunak aurkeztu beharko ditu kontratu horrek sortu dituen nomina eta egiaztagiri guztien kopiak.

20. artikulua. Baztertze espezifikoak:

–Honako hauei eragiten dieten kontratazioak: enpresaburuen edo enpresetako zuzendaritza karguak dituztenen edo administrazio organoetako kide direnen ezkontideak, aurrekoak, ondorengoak eta ezkontza edo odol bidezko bigarren mailara bitarteko beste ahaideak, eta orobat haien gisakoak, izatezko bikoteen kasuan.

–Sustatzaileak edo laguntza eskatzen duten enpresen bazkideak.

–Aldi baterako laneko enpresak.

–Honako hauek ez dira dirulaguntzen xede izanen:

a) Langileen Estatutuari buruzko Legeak (martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako testu bategina) 2. artikuluan ezartzen dituen lan harreman bereziak eta beste legezko xedapen batzuetan ezarritakoak.

b) Kontratazioaren aurreko hogeita lau hilabetean enpresa, enpresa-talde edo entitate berean kontratu mugagabe baten bidez zerbitzuak eman dituzten langileekin egiten diren kontratazioak. Orobat, langileak aurretik lan-harremanak izan baditu onuren eskatzaileak oinordetzen dituen enpresekin, Langileen Estatutuari buruzko Legearen 44. artikuluan ezarritakoaren arabera.

c) Administrazioaren emakida bat dela-eta egindako kontratazioak.

–Bazterturik geldituko dira kontratuak baldin eta metatu egiten badira deialdian dirulaguntza izateko eskatzen den denbora-mugara ailegatzeko. Horretan, salbuespena izanen dira lehendik diruz lagundutako kontratuak, mugagabeak bihurtu badira.

21. artikulua. Laguntzen zenbatekoa:

1) Dirulaguntza bildu ahal izateko, enpresaren plantilla osoa handitu beharko da, kontratazio berriaren data baino 6 hilabete lehenago zegoenaren aldean; haren hasiera datak urte bakoitzeko aurreko urteko urriaren 1etik abian den urteko irailaren 30a bitartekoa izan behar du.

2) Kontratu mugagabeetarako eta gutxienez 12 hilabetekoak diren kontratuetarako laguntzen zenbatekoa:

–2.400 euro, kontratu mugagabearekin edo gutxienez 12 hilabeteko kontratuarekin plantillari gehitzen zaion lagun bakoitzeko. 2.800 euro emanen dira kontratazioa talde hauetako batean dauden pertsonekin egiten denean (5 kontratazio gehienez enpresa bakoitzeko):

–Emakume langabeak.

–30 urtetik beherako gazte langabeak.

–45 urtetik gorakoendako lanpostua.

–Langabezia luzeko pertsonak, adina edozein delarik.

–Desgaitasuna duten langabeak.

–Genero indarkeriako biktimak.

–Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzeko Errentaren, Zuzeneko Enplegu Aktiboaren edo Enplegu Babestuaren programetan (edo horien ordez sortzen diren programetan) kontrataturik egon diren pertsonendako lanpostua.

Lanaldi partzialeko kontratuak badira, egiten den lanaldiaren ehunekoaren arabera hainbanatuko da.

3) Aldi baterako kontratuetarako laguntzen zenbatekoa:

–1.000 euro, plantillan gutxienez ere 6 hilabeteko lanaldi osoko kontratuarekin gehitzen den pertsona bakoitzeko. Diru kopurua 1.300 eurokoa izanen da, kontratazio horiek talde hauetako batean dauden pertsonekin egiten direnean:

–Emakume langabeak.

–30 urtetik beherako gazte langabeak.

–45 urtetik gorakoendako lanpostua.

–Langabezia luzeko pertsonak, adina edozein delarik.

–Desgaitasuna duten langabeak.

–Genero indarkeriako biktimak.

–Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzeko Errentaren, Zuzeneko Enplegu Aktiboaren edo Enplegu Babestuaren programetan (edo horien ordez sortzen diren programetan) kontrataturik egon diren pertsonendako lanpostua.

Lanaldi partzialeko kontratua bada, lanaldia zenbatean murriztu den, proportzio berean gutxituko da dirulaguntza.

Lan kontratua etenik gabeko 6 hilabetez mantendu beharko da gutxienez.

Aldi baterako kontratua mugagabe bihurtzen bada, aurreko puntuan xedatutakoaren arabera kontratazio mota horri dagokion laguntzaren gainerako zenbatekoa eskatzen ahalko da.

4) Iraupen luzeko langabetzat hartuko dira kontratazio unean eta hamabi hilabetez, gutxienez ere, kontratazioaren aurreko hemezortzi hilabetean enplegu eskatzaile gisa inskribatuak egon diren langabeak.

Kontratazioak kasuan kasuko hitzarmen kolektiboek markaturiko jarraibideen arabera eginen dira.

22. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua (I. eranskina).

b) Pertsona edo enpresa eskatzailea identifikatzeko datuak: kontratatuaren izena, NANa edo AIZ zenbakia, jaioteguna, kontratazio data, lanpostua eta dedikazio denbora (6. eranskina).

c) Kontratatuaren lan bizitzaren kopia.

d) Egindako kontratuaren kopia.

e) Erantzukizunpeko adierazpena, Dirulaguntzei buruzko 38/2003 Lege Orokorraren 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako debekuak ez dituela urratzen adierazten duena (2. eranskina).

f) Enpresako plantillari buruzko adierazpena. (3. eranskina).

g) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain dauden laguntza eskaeren berri ere eman behar da (4. eranskina).

h) Banku helbideratzeari buruzko datuen jatorrizko alea, eredu normalizatuaren araberakoa.

i) Enpresaren nortasun juridikoaren egiaztagiria.

j) Enpresaren lan bizitzaren txostena, lantoki bakoitzerako eta kotizazio kontuaren zenbaki bakoitzerako.

k) Sustatzailearen edo sustatzaileen lan bizitza, enpresak ezartzeko edo sortzeko 1. lerroko laguntzak eskatzen dituzten enpresen kasuan.

l) Ekonomia jardueren gaineko zergaren alta agiria, Tuterako udalerrikoa.

m) Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean, Nafarroako Foru Ogasunean eta gainerako tributu administrazioetan zorren ordainketa eta gainerako betebehar formalak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria. Tuterako Udalak ofizioz egiaztatuko du harekiko zorren ordainketa eta betebeharrak eguneratuak dituela.

n) Desgaitasuna frogatzea, dagokion agiri ofizialaren bidez.

o) Generoko indarkeriaren biktima dela frogatzeko, babesteko agindua edo fiskaltzaren txostena.

p) Enplegu eskariaren txartelaren fotokopia.

3. lerroa.–Merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak.

23. artikulua. Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak:

1) Baldintza hauek betetzen dituzten pertsona fisiko, sozietate irregular eta pertsona juridikoek eskatzen ahal dute dirulaguntza:

a) EJZren ondoko multzoetariko batean dagoen establezimendu baten titularra izatea, edo behin betiko ebazpenaren tenorean izatea, jarduera berria bada:

–64. multzoa: elikagaien, edarien eta tabakoaren txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.

–65. multzoa: elikagaiak ez diren produktu industrialen txikizkako merkataritza establezimendu iraunkorretan.

–671. taldea: jatetxe zerbitzuak.

–672. taldea: kafetegi zerbitzuak.

–673. taldea: janaridun eta janari gabeko kafetegi eta taberna zerbitzuak.

–676. taldea: txokolate-denda, izozki-denda eta hortxata-dendetako zerbitzuak.

–681. taldea: hoteletako ostatu zerbitzuak.

–682. taldea: hostal eta ostatu-etxeetan ostatatzeko zerbitzua.

–755. taldea: bidaia agentziak.

–933. Irakaskuntzako beste jarduera batzuk.

–9331. Irakaskuntza, ibilgailuak gidatzen.

–9332. Atzerriko ikastaro eta ikasketen sustapena.

–9339. Irakaskuntzako beste jarduera batzuk.

–945. Albaitaritzako kontsultak eta klinikak.

–97. multzoa: zerbitzu pertsonalak.

Oharrak:

1.–Bat izanen dira negozioaren EJZ eta lokalean benetan egiten den jarduera. Ukatzeko arrazoia izanen da deialdiaren xedeko EJZn alta ematea eta jarduera horretan benetan ez aritzea.

2.–Aurretik deskribatu epigrafeez gainera, Tuterako Alde Zaharrean diruz lagungarriak izanen dira sormen eta kultura industrien sektoreko negozioak ere, Erribera Aldeko Nafarroako Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren planarekin bat etorriz.

2) Onuradun bakoitzak elkartze batean edo berak bakarrik eskaera egiteagatik jaso dezake dirulaguntza, baina ez proiektu beragatik, salbu eta dirulaguntzak lerro ezberdinetakoak badira.

3) Jarduera berria izanez gero, enpresa ekimenari buruzko txostena egin izana eta EJZn alta emanda egotea dirulaguntzaren behin betiko ebazpenaren tenorean.

4) Bere betebehar fiskalak eguneratuak izatea, hala Gizarte Segurantzarekikoak nola Nafarroako Gobernuarekikoak eta Tuterako Udalarekikoak, dirulaguntza eskatzeko tenorean. Betebehar hori ez betetzeak dirulaguntza ukatzea ekarriko du.

5) Behar diren obra lizentziak eskatu izana (nahitaezkoa, kasu guztietan) eta orobat kasuan kasuko jardueran aritzeko aginduzkoak direnak. Eskatzen den gutxieneko inbertsioa (3.000 euro) kalkulatzeko kontuan hartuko diren kontzeptu eta zenbatekoak Tuterako Udalean tramitatutako obra-lizentzian aitortutakoak izanen dira.

6) 10 langile izatea gehienez.

7) Tuterako hirigunean kokatuta egotea (baztertuak izanen dira hiriaren aldirietako poligonoetan ezartzen diren saltokiak).

Establezimendu berean jarduera ekonomiko bat baino gehiago eginez gero, diruz lagungarria den merkataritza jarduerari zuzenean loturiko inbertsioak bakarrik izanen dira diruz lagungarriak, eta merkataritza jarduera horrek izan beharko du saltegi horretako jarduera ekonomiko nagusia.

Dirulaguntza eskatzen duen enpresak egindako lanek ez dute dirulaguntzarik jasoko, ezta onuradunari loturiko enpresa edo entitateek egindakoek ere.

8) Dirulaguntzaren xede den lokalean merkataritza jarduera mantentzea 12 hilabetez tokiko gobernu batzarrean dirulaguntza ematea erabaki denetik; dirulaguntza itzuli edo aldatzen ahalko da itxiera ezinbestean gertatzen ez bada. 12 hilabeteak iraganik, baldintzak bete izanaren frogagiriak eskatzen ahalko ditu Udalak.

24. artikulua. Baztertze espezifikoak:

a) 647.7. epigrafea: Edozein elikagai eta edariren txikizkako merkataritza, autozerbitzuan edo araubide mistoan supermerkatuetan (hau da, 400 metro koadroko edo hortik gorako saltokia duten establezimenduetan).

b) 655. multzoa: Erregaien eta lubrifikatzaileen txikizkako merkataritza.

c) Poligonoetan jartzen diren saltokiak.

d) Tuterako Udalaren lokal batean garatzen diren merkataritzako ekimenak.

25. artikulua. Dirulaguntza jasotzen ahal duten jarduketak eta proiektuak:

A) Jarduketa diruz lagungarriak.

Epigrafe honetako dirulaguntzek jarduketa hauek finantzatuko dituzte:

a) Merkataritzako lokal berri bat irekitzeko edo lokal bat modernizatu, handitu edo egokitzeko obrak edo eraberritze lanak egitea.

b) Merkataritza lokalak hornitzea.

B) Diruz lagundutako gastuak:

1) Diruz laguntzen ahal diren jarduerekin zalantzarik gabe lotura duten gastuek jaso dezakete dirulaguntza, jarraian adierazten diren kontzeptuen ondoriozkoak badira.

a) Lokal berri bat irekitzeko edo lokal bat modernizatu, handitu edo egokitzeko obrak edo eraberritze lanak egiteari dagokionez:

a.1) Sartutako kontzeptuak:

–Igeltserotza, iturgintza, zurgintza edo margoketa lanak. Ateak eta leihoak.

–Zoruak eta estaldurak ezartzea sabai eta hormetan.

–Erakusleihoak eta fatxadak birmoldatu eta eraberritzea.

–Instalazio elektrikoak.

–Aire girotua eta berokuntza.

–Pertsianak, errotuluak, toldoak eta establezimenduaren kanpo irudiari on egiten dion edozein elementu paratzea.

–Kanpo itxiturako eta erakusleihoak babesteko elementuak.

–Elementu bereziak eta interes arkitektonikoa dutenak zaharberritzea.

–Oztopo arkitektonikoak kentzeko eta lokaletarako irisgarritasuna hobetzeko eraberritze lanak.

a.2) Baztertutako kontzeptuak:

–Lokalen erosketak, edo erosteko aukerak.

–Eraberritu eta egokitzeko azterlan eta proiektuak.

–Eskualdaketa eskubideen ordainketa.

–Eraikuntzaren egiturazko elementuak osatzen dituzten obrak eta instalazioak, hala nola eskailerak, karga-jasogailuak, igogailuak edo solairuartea.

b) Merkataritza lokalak hornitzeari dagokionez:

b.1) Sartutako kontzeptuak.

–Alarmak eta segurtasun eta zaintza sistemak.

–Salmenta-puntuko terminalak, barra kodeen irakurgailuak, zerrenda magnetikoen irakurgailuak eta tiketen inprimagailuak erostea.

–Balantza digitalak.

–Ordenagailu eta periferikoak, merkataritza kudeaketarako direnak: kontabilitatea, fakturazioa, biltegia eta salmenten automatizazioa.

b.2) Baztertutako kontzeptuak:

–Altzariak.

–Ibilgailuak, ibilgailu erosi berrietako hozkailuen egokitzapena salbu.

–Merkaturatzeko salgaiak erostea, hala nola erakutsi eta saltzeko altzariak.

–Merkataritza jarduerari lotutako zerbitzu edo fabrikazioa jardueretarako ekipamendu berariazkoa.

2) Kontzeptu hauek ezin dira inolaz ere dirulaguntzaren xede izan:

–Zergak eta tasak (lizentziak, BEZa, bide publikoaren okupazioa, etab.).

–Erabilitako ondasunak.

–Konponketa, ordezpen eta mantentze-lanen gastuak.

–Inbertsioak ez dira diruz lagunduko eskuratzailea bera denean aktiboen saltzailea edo jardueraren emailea, edo autofakturazioa ekar dezakeen antzeko kasuren bat gertatzen denean.

–Leasing edo renting bidez aktiboak eskuratzea.

–Enpresa jarduerarako behar-beharrezkoak ez diren ondasunak erostea edo gastuak egitea, eta enpresako bazkideen, zuzendarien, kudeatzaileen, jabeen edo haien familiarren erabilera pribatuari lotutakoak.

3) Kontuan hartu beharreko gastuak, ekipo eta programa informatikoak izan ezik, establezimenduko salmentagunerako erabiliko dira eta/edo establezimenduaren kanpoalderako (fatxada); bestela, aurkeztu beharreko memorian justifikatu beharko da hori beharrezkoa dela salmentaguneak behar bezala funtzionatzeko edo argiro izanen dela bezeroarentzako arretarako eta, oro har, establezimendua hobeki kudeatzeko.

4) Dirulaguntza biltzen ahalko dute iazko azaroaren 1etik aurtengo urriaren 31ra arte egindako jarduerek. Hasiera eguna obra baimenaren eskaeran agertzen dena izanen da, eta obra bukaerakoa, berriz, Udalak obraren bukaera onartzen duenekoa. Aipatu epearen barnean hasi baina urriaren 31n bukatzen ez direnak hurrengo deialdian sartuko dira, obra bukaera eskuratu ondoren.

5) Proiektu bakoitzeko, gehieneko dirulaguntza 10.000 euro da. Dirulaguntza jaso ahal izateko, proiektuek 3.000 euroko inbertsioa izan behar dute gutxienez. Lokalak hornitzea ez da kontuan hartuko zenbateko hori kalkulatzean.

26. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua. (1. eranskina).

b) Obra baimenaren edo legeztatzearen eskaera.

c) Obraren aurrekontu zehaztua.

d) Lokalaren alokairu kontratua edo jabetza eskritura.

e) Merkataritza Erregistroan behar bezala inskribatutako eratze-eskrituraren fotokopia konpultsatua, eta legezko ordezkariaren egiaztagiria (pertsona juridikoa baldin bada).

f) Pertsona fisikoaren edo jardueraren legezko ordezkariaren NANa, eta enpresaren IFK.

g) EJZren kopia.

h) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

i) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

j) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (2. eranskina).

k) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Gainera, adierazi eginen dira beste instituzio batzuei eskatutako laguntzak, deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain daudenak. (4. eranskina).

l) Erantzukizunpeko adierazpena, ereduaren araberakoa, enpresako langile kopuruaren gainekoa (7. eranskina).

m) Diruz laguntzen diren egindako jarduerak azaltzen dituen memoria. Besteak beste, egindako jardueraren aurreko eta ondoko egoeren argazkiak sartu beharko dira, baita egindako gastuen zerrenda izenpetua eta zenbakitua, kontzeptuen arabera ordenaturik eta zenbatekoak guztira emanik.

n) Egindako gastuen frogagiriak eta fakturak, zerrenda zenbakituan esleitutako ordena zenbakiaren arabera hurrenez hurren ordenatuak. Fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, edo zerbitzu kudeatzaileak adostuak.

o) Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua) bankuko transferentzia, bankuko egiaztagiria edo ordainketaren laburpena. Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa.

p) Obra bukaera.

q) Helbideratzeko bankuko datuen ziurtagiria.

r) Enpresa-ekimenari buruzko memoria (jarduera berria baldin bada).

27. artikulua. Laguntzaren zenbatekoa:

Dirulaguntza bakoitzaren kopurua honakoa izanen da:

–Honako kale hauetan dauden lokalak: Arbollones, Chapinerías, Concarera, Cunchillos, Horno Higuera, Hortelanos, Juicio, La Vida, Magallón, Merced, Pasaje, Plaza Vieja, Pontarrón, Portal, Rúa, San Julián, Tornamiras, Verjas: % 60.

–Alde Zaharreko gainerako kaleetan dauden lokalak (BBEPBko eremua): % 35.

–Hiriguneko gainerako kaleetan dauden lokalak: % 25.

Obra eta zaharberritze lanak egiteko dirulaguntza izateko, gutxieneko inbertsio gastua behar da: 3.000 euro. Dirulaguntza kalkulatzeko, hirigintzako lizentziak lortzeko aurkeztu den aurrekontu xehakatua hartuko da kontuan. Ezin izanen da dirulaguntzarik eman obra-lizentzian aitortzen ez diren kontzeptu eta zenbatekoetarako. Dirulaguntza kalkulatzeko, onartutako aurrekontu osoari eremugatik dagokion portzentajea aplikatuko da.

Merkataritzako lokalen hornidura kontzeptuetarako dirulaguntza izateko, nahitaezkoa da aurreko paragrafoan deskribatutako a) lerroa egitea (obra eta zaharberritze lanak). Eremuari dagokion portzentajearekin lagunduko zaio diruz b) apartatuari. Nolanahi, muga 1.000 euro izanen da.

Bi apartatuak kontuan hartuta (obrak eta zaharberritze lanak, lokalen ekipamendua), guztira dirulaguntza 10.000 eurokoa izanen da gehienez.

28. artikulua. Laguntzen bateragarritasuna.

Jarduera berriak ezartzeko, dirulaguntza hau bateragarri eta osagarria da ordenantza honetan arautzen diren gainerako laguntzekin, betiere eskatzaileak laguntzen onuradun izateko baldintzak betetzen baditu.

Hobetu beharreko lokala Tuterako Alde Zaharrean baldin bada, BBBPBaren esparruan, dirulaguntzaren osagarri izanen dira Etxebizitza eta Eraikinak Zaharberritzeko Bulegoak kudeatzen dituen “Tuterako Alde Zaharrean obrak egiteko” dirulaguntzak.

Ordenantza honi jarraikiz ematen diren laguntzak bateragarriak dira bertze administrazio edo entitate batzuek ematen dituzten edonolako laguntzekin, baldin eta haien guztien baturak egindako eraberritzearen kostuaren % 65 gainditzen ez badu.

Dirulaguntzak batera ematen badira, ordenantza honek arautzen dituen laguntzek osatuko dute ezarritako gehienezko zenbatekoa.

29. artikulua. Dirulaguntzaren ordainketa.

Dirulaguntza osorik ordainduko da jarduera egin eta haren gaineko kontuak aurkeztu ondoren.

4. lerroa.–Merkataritzako enpresen lehiakortasuna hobetzea.

30. artikulua. Xedea:

Lerro honen xedea da sustatzea Tuteran garatzen diren ekonomia jarduerek berrikuntza teknologikoko tresnak inplementatu ditzaten, salmenta tradizonalaz gain beste salmenta bide bat irekitzea ahalbidetu dadin. Orobat, negozioen digitalizazioarekin lotutako proiektuak sustatuko dira (telelanaren sistemak, on line salmenak eta merkataritza elektronikoaren plataformak), lehiakortasuna eta produktibitatea hobetzen laguntzen dutenak.

31. artikulua. Onuradun izateko baldintza espezifikoak eta betebeharrak.

Dirulaguntza eskatzeko, pertsona fisikoek edo juridikoek gutxienez 12 hilabete eraman behar dute alta emanda Tuterako EJZn eskaera egiten denean, eta jarduera Tuteran garatu.

32. artikulua. Diruz lagundutako gastuak:

1) Merkataritza elektronikorako software tresnak erosi eta ezartzea, baldin badituzte online saltzeko aukera, ordainketa-pasabidea eta erosketa-orga.

2) Dauden denda birtualak egokitzea funtzio hori ezartzeko.

3) Webguneak sortu eta garatzea, on line saltzeko funtzionaltasuna daukatenak.

4) Negozioaren prozesuak eta telelanaren prozesuak digitalizatzeko gastuak.

5) Web posizionamenduaren gastuak eta bilaketa motorretako eta sare sozialetako sustapenarenak.

6) Prestakuntza, negozioari aplikatutako teknologia berriekin lotutako alor hauetan: digitalizazio prozesuak, merkataritza elektronikoa, telelana, sare sozialak, webguneak, ordaintzeko bideak Interneteko erosketetan, web posizionamendua. Prestakuntza arautua atal honetatik kanpo gelditzen da.

Lanak aurreko urteko urriaren 1etik abian den urteko irailaren 30a bitartean egindakoak izan behar dira.

33. artikulua. Dirulaguntzaren zenbatekoa.

Dirulaguntzaren zenbatekoa proiektuaren % 70 izanen da, eta 1.500 eurokoa, gehienez, eskaera bakoitzeko.

34. artikulua. Eskatzaileek aurkeztu beharreko agiriak:

a) Eskabidea, Tuterako Udalari zuzendua. (1. eranskina).

b) Pertsona fisikoaren edo jardueraren legezko ordezkariaren NANa, eta enpresaren IFK.

c) EJZren kopia.

d) Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak eguneratuak izatearen ziurtagiria.

e) Enpresak Ogasun Publikoarekiko zerga eta tributu betebeharrak eguneratuak dituela dioen ziurtagiria, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak luzatua.

f) Erantzukizunpeko aitorpena, eskatzaileak inolako debeku kausarik ez duela dioena (2. eranskina).

g) Beste erakunde publiko edo pribatu batzuei xede bererako eskatutako dirulaguntzen zerrenda. Eskatutako diru kopurua, entitateen izenak eta emandako diru kopurua zehaztu behar dira. Gainera, adierazi eginen dira beste instituzio batzuei eskatutako laguntzak, deialdi honetan parte hartzeko garaian beste erakunde batzuen ebazpenaren zain daudenak (4. eranskina).

h) Egindako gastuen frogagiriak eta fakturak, zerrenda zenbakituan esleitutako ordena zenbakiaren arabera hurrenez hurren ordenatuak. Fotokopia konpultsatuak aurkeztuko dira, edo zerbitzu kudeatzaileak adostuak.

i) Aurkeztutako fakturak ordaindu izanaren frogagiriak (jatorrizko dokumentuak edo horien kopia konpultsatua) bankuko transferentzia, bankuko egiaztagiria edo ordainketaren laburpena. Dokumentu horietan argi adierazi behar da nork egin eta nork jaso duen ordainketa.

35. artikulua. Datu pertsonalen babesa:

Datu Pertsonalak Babesteari eta Eskubide Digitalak Bermatzeari buruzko 3/2018 Lege Organikoari jarraikiz, adierazten da ezen emandako datu pertsonalak plegua kudeatzeko eta gero kontratazioa egiteko baizik ez direla erabiliko, adjudikazioduna izanez gero, eta Tuterako Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batzen ahalko zaizkiela. Datuak eskuratzeko, zuzentzeko, mugatzeko, aurka egiteko eta ezabatzeko eskubideak erabiltzen ahalko dira Udaleko Erregistro Orokorrera zuzendurik (Plaza Zaharra 1, 31500 Tutera).

XEDAPEN IRAGANKORRA

2020ko eskabideak aurkezteko epea oinarri hauek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2020ko azaroaren 15ean bukatuko.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean osorik argitaratzen den egunaren biharamunean hartuko du indarra, eta berariaz indargabetzen den arte egonen da indarrean.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Ordenantza honek indarra hartzearekin bat, indarrik gabe geldituko da aurreko udal ordenantza: “Tuterako ekintzailetzarako, enplegua sustatzeko eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzak arautzen dituen udal ordenantza, 2018ko otsailaren 26ko osoko bilkuran onetsia, eta 2018ko 102. NAOn argitaratua, maiatzaren 29an.

ERANSKINAK

1. eranskina.

Enpresa jarduera berriak sortzeko, enplegua sustatzeko eta merkataritza lokalak berritu, eraberritu eta irekitzeko laguntzetarako eskabidea.

2. eranskina.

Erantzukizunpeko adierazpena.

3. eranskina.

Enpresako plantillari buruzko adierazpena.

4. eranskina.

Xede berbererako dirulaguntza eskaeren zerrenda.

5. eranskina.

Hirugarrenen fitxa.

6. eranskina.

Kontratatutako pertsonaren datuak.

7. eranskina.

Enpresako langile kopuruarari buruzko erantzukizunpeko adierazpena.

Deskargatzeko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: L2008791