212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

14E/2020 FORU AGINDUA, irailaren 8koa, Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak emana, eskumen batzuk departamentuko zuzendari nagusiei eskuordetzen dizkiena.

Nafarroako Gobernuari eta Lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41.2 artikuluak xedatzen du kontseilariek beren eskudantzien erabilera beste baten esku uzten ahal dutela.

Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuaren jardunean efizientzia eta arintasun handiagoa lortu nahian, komenigarritzat jotzen da indarreko araudiak ekonomia eta aurrekontuak kudeatzeko arloan kontseilariari ematen dizkion zenbait eskumenen erabilera zuzendari nagusiei eskuordetzea.

Horrenbestez, aipatu legezko araudiak eman dizkidan ahalmenak erabiliz,

AGINTZEN DUT:

1. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko zuzendaritza nagusietako titularrei eskuordetzea indarreko araudiak esleitzen dizkidan eskumen hauen erabilera, nork bere esparruan erabil ditzan: gastuak baimendu eta xedatzea, ordaintzeko betebeharrak aitortzea, aurrekontuko aldaketak, baita Nafarroako Gobernuaren 2012ko azaroaren 28ko Erabakian ezarritakoaren salbuespenak ere (erabaki horren bidez bidaia-gastuei buruzko jarraibideak onetsi ziren Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko langileentzat).

2. Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuko kontseilariak, hala ere, noiznahi bereganatzen ahal ditu eskumenak, edozein espediente edo afera ebazteko.

3. Foru agindu honen ondoriozko eskuordetzearen bitartez ematen diren ebazpenetan, inguruabar hori berariaz adierazi beharko da. Ebazpen horiek, ondorio guztietarako, kontseilariak emanak balira bezala hartuko dira, eta haien aurka gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Nafarroako Gobernuari zuzendua.

4. Foru agindu honek Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzen den egunetik beretik sortuko ditu ondorioak.

Iruñean, 2020ko irailaren 8an.–Unibertsitateko, Berrikuntzako eta Eraldaketa Digitaleko kontseilaria, Juan Cruz Cigudosa García.

Iragarkiaren kodea: F2010296