212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

3/2020 EBAZPENA, irailaren 8koa, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusiak emana, Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko eta hala inskribatzeko prozedura abiatzen duena.

Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legeak arautzen du Nafarroako memoria historikoaren tokien deklarazioa, babesa, kontserbazioa eta haien hedapena, memoriaren transmisiorako gune izan daitezen eta bakearen eta bizikidetzaren kultura sustatzen lagundu dezaten. Xede horri begira, aipatu legearen 6. artikuluak eta hurrengoek Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroa sortzen dute, mota horretako tokiak kontrolatzeko eta horiei publizitatea emateko tresna gisa, eta bertan inskribatzeko prozedura arautzen dute.

Nafarroako Memoriaren Institutuak ofizioz proposatu du Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea halakotzat deklaratzea eta Nafarroako Memoria Historikoaren Erregistroan inskribatzea.

Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea sartuta dago Memoria Historikoaren arloko Koordinazio Batzorde Teknikoak 2017ko azaroaren 22ko bilkuran onetsitako behin-behineko erroldan, eta betetzen ditu Nafarroako memoria historikoaren toki gisa katalogatua izateko betekizunak. Gune horrek atxiloketa-gune gisa duen historiak esanahi memorialista berezia ematen dio. 1936ko uztaileko kolpe militarra abiatu eta berehala Iruñeko Presondegi Probintzialean gobernuaren arloko ehunka preso atxilo hartu ziren, Nafarroako komandante militarraren esku utzita. 1936. urtean soilik 1.536 pertsona espetxeratu ziren bertan zio hori egotzita. Altxatutakoek legez kanpo utzitako erakunde politiko nahiz sindikalen buru, militante eta jarraitzaileak ziren. Horietako gehienei ez zitzaien inolako prozedura judizialik abiatu ere. Gobernu arloko atxilotu izaera mantentzeari esker disidenteak fisikoki desagerrarazteko halako makineria bat ezarri zen, altxatutakoek ezarritako agintari guztiek ezjakinarena egiten zuten bitartean. Presoak askatu edo beste espetxe batzuetara lekualdatu behar zituztelako itxurak eginda, horietako asko Nafarroako hainbat tokitan erail zituzten, eta toki horietako batzuk (Valcardera, Ibero, Etxauri, Erreniega) Nafarroako Memoria Historikoaren Tokitzat daude aitorturik gaur egun. Kartzela horretan preso egondako Galo Viergeren testigantza izugarriak aditzera ematen duenez, espetxean zeudenek bazuten praktika horren berri, eta horrek nolabaiteko izu-giroa zabaltzen lagundu zuen, inork ez baitzekien ziur hurrengo irteera-zerrenda horretan sartuko zituzten. Iruñeko espetxeko irteera horiek berandura arte mantendu ziren, 1937ko ekainera arte gutxienez. Ordutik aurrera, eta diktaduran, zio politikoengatik atxilo hartutako presoak izan ziren bertan oraindik ere.

Horrenbestez, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuaren egitura organikoa onetsi zuen urriaren 30eko 271/2019 Foru Dekretuaren bidez aitortutako ahalmenak erabiliz,

EBAZTEN DUT:

1. Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea Nafarroako memoria historikoaren toki deklaratzeko prozedura abiatzea, eta Nafarroako Memoria Historikoaren Tokien Erregistroan haren prebentziozko idatzoharra egitea, LM-2020-0001 inskripzio zenbakiarekin, ebazpen honen eranskinean ezarritako ezaugarri eta baldintzak jasota.

2. Prozedura abiatzeak berekin dakar babes-araubidea aplikatzea, behin-behinean, berehala eta zuzenean, Nafarroako Memoria Historikoaren Tokiei buruzko abenduaren 26ko 29/2018 Foru Legean ezarritakoari jarraituz.

3. Kautelaz etetea bertan partzelazio-, eraikuntza- edo eraiste-lanak egiteko udal lizentziak eta toki horretarako emanak leudekeenen ondorioak.

4. Kautelaz etetea ondasunaren balioak arriskuan jar litzakeen esku-hartze oro.

5. Etete horiek mantenduko dira deklaratze eta inskribatze espediente hau tramitatzen den bitartean. Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusiak edozein unetan utz dezake bertan behera etenaldi hori, baldin eta inskribatu nahi den ondasun horrek arriskurik ez duela egiaztatzen bada.

6. Inskribatze espedientea ebazteko epea 12 hilabetekoa izanen da, gehienez, ebazpen hau argitaratu ondoren. Berariazko ebazpenik eman ezean, espedientea iraungitzat hartuko da, eta ezin izanen zaio ondasun horren gaineko prozedura berri bati hasiera eman hurrengo hiru urteetan, non ez den ondasunaren titularrak eskatuta egiten.

7. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzea, eta jendaurrean jartzea hilabetez, argitaratzen denetik hasita.

Epe horretan, pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkez ditzakete Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1) edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan ezarritako erregistroetako edozeinetan, Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzenduta.

8. Ebazpen hau jakinaraztea Herritarrekiko Harremanetako Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari, Nafarroako Memoriaren Institutuari eta Iruñeko Udalari, eta pertsona fisiko eta juridiko interesdunei hilabeteko entzunaldia ematea, ebazpen hau jakinarazten denetik aurrera, aurkez ditzaten beren eskubidea defendatzeko komenigarri iritzitako alegazio eta agiriak oro.

Pertsona fisiko eta juridiko interesdunek nahi adina alegazio aurkezten ahalko dituzte Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan (http://www.navarra.es/home_eu/Servicios/ficha/4537/Registro-General-Electronico1), Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Zuzendaritza Nagusira zuzendurik.

Iruñean, 2020ko irailaren 8an.–Bakearen, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen zuzendari nagusia, Martín Zabalza Arregui.

ERANSKINA

Tokiaren identifikazioa (deskribapena eta kokapena):

Iruñeko Presondegi Probintzial zaharreko memoriagunea.

Katastroko erreferentzia: 310000000002236981AE.

Kokatze kodea: 3-1281.

Ondasunaren ukitutako zatiak:

Lurzatia.

Zehaztapen kartografikoa (IDENA):

609878.4741374.443.

609876.4741377.443.

609887.4741381.443.

609888.4741378.443.

Balioen identifikazioa:

1936ko kolpe militarraren ondoren altxatu zirenek jendea atxilo hartzeko erabilitako espetxe nagusietako bat da. Bertatik pasa ziren eratutako kausarik ez zuten ehunka lagun, gobernu-preso gisa. Horietako asko, askatu edo lekualdatu behar zituztelakoan, erailak izan ziren, eta horregatik jotzen da izuaren leku gakotzat ideologia eta militantzia zio bakartzat harturik etsai politikoak sistematikoki desagerrarazteko prozesuan.

Titulartasuna:

Lur-eremuaren jabea:

Iruñeko Udala.

NANa/IFK: P3120100G.

Zainketa, seinaleztapen eta zabalkunderako neurri partikularrak:

Neurri orokorrak, 29/2018 Foru Legearen III. eta IV. tituluetan ezarritakoak.

Nafarroako memoria historikoaren toki gisa seinaleztatuko da eta Nafarroako memoriaren tokien mapan jasoko da.

Kautelazko babes-neurriak:

Ez dira zehaztu.

Iragarkiaren kodea: F2010288