212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.7. BESTELAKOAK

137/2020 EBAZPENA, irailaren 3koa, Garraioetako zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez finkatzen baita 2020ko azaroaren 7an eginen direla errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak, Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren bidez iragarri zirenak. Horrekin batera, eskaerak aurkezteko eta prozedura tramitatzeko epe berriak irekitzen dira.

Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren bidez, errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean eginen diren proben deialdia egin zen. Ebazpen hori 2020ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen, otsailaren 17koan.

Martxoaren 14ko 463/2020 Errege Dekretuaren bidez alarma-egoera deklaratu zen COVID-19ak eragindako osasun krisia kudeatzeko. Horren ondorioz, Garraioko zuzendari nagusiaren martxoaren 24ko 24/2020 Ebazpenaren bidez (2020ko 79. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, apirilaren 16koa), atzeratu egin ziren lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak, goian aipatutako 2/2020 Ebazpenaren arabera 2020ko maiatzaren 9rako aurreikusita zeudenak. Ezarri zen, orobat, alarma-egoera eta euste-neurriak bertan behera utzi ondoren, probak egiteko beste egun bat finkatuko zela, eta epe berriak irekiko zirela eskaerak aurkezteko eta prozedura tramitatzeko.

Nafarroako Gobernuak 2020ko ekainaren 19an hartutako Erabakiaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatea normaltasun berrian sartzen dela deklaratu zen, eta COVID-19ak eragindako osasun krisiari aurre egiteko beharrezko prebentzio neurri batzuk ezarri ziren, normaltasun berrirako trantsizio planaren 3. fasea gainditu ondoren. Erabaki horrek indarrik gabe utzi ditu alarma-egoeraren neurriak.

Adierazitakoa oinarri harturik, Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatu du, alde batetik, 2020ko azaroaren 7an egin daitezela errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak eta, bestetik, ireki daitezela izena emateko eta prozedura tramitatzeko epeak. Horrekin batera, proposatu du 2020ko martxoaren 16tik apirilaren 6ra bitarte deialdiaren oinarriekin bat etorriz aurkeztutako eskaerak baliozkotzat har daitezela, baldin eta eskatutako dokumentazioa erantsi badute.

Horrenbestez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak esleitutako ahalmenak erabiliz, eta bat etorriz Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzuak proposatutakoarekin,

EBAZTEN DUT:

1. Finkatzea 2020ko azaroaren 7an eginen direla errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko probak, Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren bidez iragarri zirenak.

2. Eskaerak aurkezteko 15 egun balioduneko epea irekitzea, ebazpen hau argitaratu eta biharamunetik kontatzen hasita.

Nafarroako Gobernuaren web atarian dagoen fitxan ikusgai jarriko dira behin-behineko zerrendak, zuzenketak egiteko azken eguna, behin betiko zerrendak, proba non eta zein ordutan eginen den, eta, osasun egoerak hala behartuz gero, gerta litezkeen data-aldaketak. Hona hemen fitxa:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/ficha/8430/Examen-para-obtener-la-competencia-profesional-de-transportes-2020

3. Adieraztea baliozkotzat hartzen direla probetan parte hartzeko 2020ko martxoaren 16tik apirilaren 6ra bitarte aurkeztutako eskaeren bidez egindako inskripzioak, deialdiaren oinarrien arabera egin baziren eta eskatutako dokumentazioa eransten badute.

4. Probak Garraioetako zuzendari nagusiaren urtarrilaren 15eko 2/2020 Ebazpenaren eranskinean xedatutakoari jarraikiz arautuko dira, salbu eta ebazpen honetan berariaz ezarri denari dagokionez. Izan ere, 2/2020 Ebazpen horren bidez, errepideko garraio publikoan aritzeko lanbide gaitasunaren ziurtagiria eskuratzeko asmoz Nafarroako Foru Komunitatean 2020. urtean eginen diren proben deialdia egin zen (2020ko 32. Nafarroako Aldizkari Ofiziala, otsailaren 17koa).

5. Ebazpen hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea, baita Nafarroako Gobernuaren web atarian ere, deialdiaren fitxan.

6. Ebazpen hau Garraioen Ikuskapen, Kudeaketa eta Antolamenduaren eta Mugikortasunaren Zerbitzura eta epaimahaikideei igortzea.

7. Adieraztea ebazpen honek ez duela bide administratiboa amaitzen eta beronen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dela, Lurralde Kohesiorako kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2020ko irailaren 3an.–Garraioetako zuzendari nagusia, Berta Miranda Ordobás.

Iragarkiaren kodea: F2010148