212. ALDIZKARIA - 2020ko irailaren 18a

1. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.4. DIRU-LAGUNTZAK, LAGUNTZAK ETA BEKAK

317/2020 EBAZPENA, abuztuaren 20koa, Hezkuntzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2020. urteko deialdia onesten duena. DDBN identifikazioa: 520975.

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek lan esanguratsua egiten dute Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan.

Parte-hartze horri esker, eskolako dinamika sustatzeko hezkuntza eta kultura jarduerak programatu eta antolatzen dira ikasleen gurasoen elkarte eta federazioen bitartez, eta elkarte horiek ikastetxeetako zenbait hezkuntza-eginkizunetan duten parte-hartzea sustatzen da. Horren adibide dira, esaterako, gurasoen prestakuntza jarduerak antolatzea.

Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuak aurkeztu duen txostenean proposatu du Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2020ko deialdia onestea.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari eta foru-sektore publiko instituzionalari buruzko martxoaren 11ko 11/2019 Foru Legearen 32.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2020. urteko deialdia eta haren oinarri arautzaileak onestea. Ebazpen honen I. eranskinean ageri dira.

2. Deialdi honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko, 2020ko gastuen aurrekontuan gehieneko gastu hau baimentzen da:

ZENBATEKOA

AURREKONTUKO PARTIDA

EKITALDIA

45.000

420002-42110-4819-324200

2020

3. Ebazpen hau eta eranskinak Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratzea.

4. Ebazpen hau eta eranskinak igortzea, behar diren ondorioak izan ditzaten, Hezkuntza Departamentuan dagoen kontu-hartzaile delegatuari, Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura, Inklusio Atalera eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegora.

5. Ebazpen honek ez du administrazio bidea amaitzen, eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, argitaratu eta biharamunetik hasita.

Iruñean, 2020ko abuztuaren 20an.–Hezkuntzako zuzendari nagusia, Gil Sevillano González.

I. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioei laguntzak emateko 2020. urteko deialdia

Nafarroako Foru Komunitateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioek jarduerak egitea bultzatu eta sustatu beharraz jabeturik, Hezkuntza Departamentuak laguntzak emateko 2020ko deialdi hau argitaratu du. Hauek dira deialdiaren oinarriak:

OINARRIAK

1.–Xedea.

Deialdi honen xedea da oinarriak ezartzea laguntzak emateko ikasleen gurasoen elkarteen federazioei, jarduerak programatu eta antola ditzaten.

2.–Helburua.

Laguntzen helburua da eskolako dinamika indartzea ikasleen gurasoen elkarteen federazioen jardunaren bidez eta haiek ikastetxeetako hezkuntza eginkizunetan duten parte-hartzea bultzatzea.

3.–Onuradunak.

Deialdi honetan parte hartzen ahal dute legearen arabera eratutako Nafarroako Foru Komunitateko Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxe baimenduetako ikasleen gurasoen elkarteen federazioek, Nafarroako Gobernuko Elkarteen Erregistroan inskribatuta baldin badaude.

4.–Jarduera diruz lagungarriak.

4.1. Deialdi honen xedea da gurasoen parte-hartzea bultzatzea Nafarroako ikastetxeetako bizitza kultural eta sozialean, baita prestakuntza-bizitzan ere. Horretarako, diruz lagunduko dira gurasoentzako prestakuntza eta informazio jarduerak, gai hauen ingurukoak: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.2. Federazioek ikasleekin eta hezkuntza komunitateko gainerako eragileekin ikastetxeko ordutegitik kanpo egiten dituzten eskolaz kanpoko jarduerak ere diruz lagunduko dira, gai hauei buruzkoak badira: berdintasuna, bizikidetza baketsua, kultura, ingurumen hezkuntza, kontsumo arduratsua, energia aurreztea eta efizientzia, eta abar.

4.3. Aldi honen berezitasuna kontuan hartuta, hezkuntza komunitate guztiarekin on line egiten diren prestakuntza jarduerak balioetsiko dira. Jardueron helburua izanen da balioetan oinarritutako hezkuntza indartzea eta tresna telematikoen ezagutzan laguntzea eta sakontzea; izan ere, tresna horiek ikasten laguntzen dute eta ikasleen, gurasoen eta irakasleen arteko lotura indartzen dute.

4.4. Ezin izanen dira diruz lagundu giza eskubideak eta pertsonen arteko bizikidetza balioak errespetatzen ez dituzten jarduerak, edo herritarrentzat iraingarriak izaten ahal diren, haien duintasuna urratzen duten edo indarkeriaren justifikazioa iradokitzen duten ikurrak edo elementuak agertzen dituztenak, ez eta jarduera eta argitalpen politikoak ere.

4.5. Dirulaguntza jasotzeko, federazioek bi baldintza bete behar dituzte: dirulaguntza eskatzea, eta deialdi honetako 4.1 eta 4.2 puntuetan adierazten diren prestakuntza eta informazio jarduerak egitea. Egin ezean, eskaeratik abiatuta ematen den parte proportzionala ere ez da diruz lagunduko, ezta elkarte-kopuruarengatik edo matrikularengatik ematen dena ere.

5.–Aurkezteko epea eta tokia.

5.1. Eskaerak aurkezteko epea 20 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta biharamunetik.

5.2. Eskaerak Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo Nafarroako Gobernuko Erregistroaren edozein bulegotan, edo Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legean ezarritako edozein tokitan, edo ekainaren 23ko 70/2008 Foru Dekretuan aipatutako Nafarroako Foru Komunitateko Erregistro Orokor Elektronikoan.

6.–Aurkeztu beharreko dokumentazioa.

6.1. Deialdi honetan parte hartu nahi duten federazioek honako hauek aurkeztu beharko dituzte:

a) Behar bezala betetako eskabidea, II. eranskineko ereduari jarraikiz. Eranskinari gehitzea Federaziokoak diren Guraso Elkarteen ikastetxeen zerrenda.

b) Laguntzen xede diren jarduera guztien deskribapena, III. eranskineko ereduaren araberakoa.

c) Deialdi honetara aurkezten diren jarduera guztien zerrenda-laburpena, IV. eranskineko ereduaren araberakoa.

d) Laguntza transferentzia bidez jasotzeko eskabide-orria, banketxeak behar bezala betea, Nafarroako Gobernuari laguntza eskatzen dion lehenbiziko aldia baldin bada edo aurreko urteetako laguntzak jasotzeko bankuko kontua aldatu bada. Eskabide-orria Interneten eskura daiteke, helbide honetan:

http://www.navarra.es/home_es/Servicios/Recursos/Impresos+de+Tesoreria.htm

6.2. Aurkeztutako dokumentazioa aski ez bada edo deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen ez baditu, gehienez ere 7 eguneko epean dokumentazioa osatzeko edo akatsak zuzentzeko eskatzen ahalko zaie laguntzen eskatzaileei, eta ohartaraziko zaie hala egin ezean ulertuko dela atzera egin dutela beraien eskaeran.

7.–Eskaerak baloratzea eta laguntzaren zenbatekoa zehaztea.

7.1. Honako hauek hartuko dira aintzat federazio eskatzaile bakoitzari dagokion dirulaguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko:

–Onartutako eskaeren zerrenda.

–Federazio bakoitzari atxikitako elkarte kopurua.

–Ikastetxeetan matrikulatutako ikasleen kopurua (datu hori EDUCAren bidez lortuko da) eta

–Egindako jardueren kopurua.

7.2. Horretarako, irizpide hauek hartuko dira kontuan:

a) Federazioentzat esleitutako diru guztiaren % 10 zati berdinetan banatuko da onartzen diren eskaeren artean.

b) Diru guztiaren % 20, federazio bakoitzean federatutako elkarteen kopuruaren arabera.

c) Diru guztiaren % 20, ikastetxean matrikulatutako ikasleen kopuruaren arabera. Ikastetxeak hizkuntza ereduaren arabera bi guraso elkarte desberdin baditu, matrikulatutako ikasleak eredu bakoitzean esleituko dira. (Datua EDUCAren bidez lortuko da).

d) % 50, federazio bakoitzak 4. oinarrian ezarritakoari jarraikiz egin beharreko jarduerengatik aurkezten duen gastuen aurrekontuaren arabera.

4.4 puntuan adierazten den bezala, a), b) eta c) apartatuak bakarrik lagunduko dira federazioek beren eskaeretan proposatzen dituztenean 4.1 eta 4.2 puntuetan biltzen diren prestakuntza eta informazio jarduerak egiteko, eta ondoren horietakoren bat, gutxienez, garatzen direnean.

8.–Dirulaguntzak emateko prozedura.

Norgehiagokako araubidea erabiliko da dirulaguntzak emateko, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 17. artikuluan adierazitako moduan.

9.–Prozeduraren tramitazio eta instrukzio organoak.

9.1. Eskaerak Hezkuntza Zuzendaritza Nagusiak tramitatuko ditu, eta instrukzio organoa Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzua izanen da.

9.2. Aurkezten diren eskaerak honako hauek osatuko duten balorazio batzorde batek aztertuko ditu:

–Batzordeburua: Inklusio Ataleko burua.

–Batzordekideak: Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzuko bi teknikari.

9.3. Batzordearen eginkizuna da aurkezten diren eskaerak baloratzea eta dagokien puntuazioa esleitzea, 7. oinarrian ezarritako irizpideei jarraikiz.

10.–Ebazpena.

10.1. Dokumentazioa azterturik, balorazio batzordeak balorazioa egin eta Inklusio, Berdintasun eta Bizikidetza Zerbitzura igorriko du, laguntzak emateko proposamena egin dezan.

10.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiari dagokio deialdiaren ebazpena egitea, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeak ematen dituen eskumenen arabera.

10.3. Eskaerak aurkezteko epea bukatzen denetik hiru hilabete igarotzen badira espresuki ebazpenik eman gabe, eskaera ezetsi egin dela ulertuko da, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 23. artikuluan xedatu bezala.

11.–Jakinarazpena eta errekurtsoak.

11.1. Deialdiaren ebazpena Nafarroako Gobernuaren web-orrian argitaratuko da, jakinarazpenaren ondorioekin, honako hauek adierazita: laguntza hauen onuradun diren federazioen zerrenda, bakoitzari ordaindu beharreko diru kopurua eta baztertu diren federazioen zerrenda, halakorik bada, baztertzeko arrazoiak azalduta.

11.2. Hezkuntzako zuzendari nagusiaren ebazpenaren aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

12.–Dirulaguntzaren ordainketa eta justifikazio ekonomikoa.

12.1. Finantzatzeko moduko gastu justifikatua: Gastu justifikatutzat joko da, dirulaguntza ordaintzearen ondorioetarako, diruz lagundutako ekintzara edo jarduerara bideratutako gastua, baldin eta gastu hori 2020ko urtarrilaren 1etik 2020ko urriaren 31ra bitarte egin eta ordaindu bada.

12.2. Dirulaguntzaren ordainketa:

12.2.1. Diruz lagundutako jarduera bakoitzari dagokion dirulaguntza jasotzeko, entitate onuradunak honako agiri hauek aurkeztu beharko dizkio instrukzio organoari 2020ko urriaren 31 baino lehen:

a) Egindako jardueraren gaineko txosten edo memoria labur bat, aurreikusitako helburuak noraino bete diren azalduta. Memoria horri elementu material edo grafikoak (argazkiak) erantsi beharko zaizkio, Nafarroako Gobernuak diruz lagundutako jardueren berariazko erreferentzia azaltzeko. Zehazki, diruz laguntzen den jarduera sustatzeko edo hartaz informatzeko egiten diren agirien ale bana sartu beharko da, eta, hala balegokio, kartelarena, esku-orriarena, triptikoarena edo publizitatearen beste edozein euskarrirena, baita, kasua bada, diruz lagundu diren argitalpenen aleak ere.

b) Gastuen justifikazioko kontua. Kontu hori V. eranskineko ereduaren araberakoa izanen da, jardueran egindako gastuak bilduko ditu, eta, horietako bakoitzerako, hartzekoduna, zenbateko osoa eta ordainketaren data adieraziko ditu.

c) Aurreko kontuarekin batera, hantxe adierazitako gastuak justifikatzen dituzten fakturak aurkeztuko dira, baita ordainketa benetan egin dela frogatzen duten agiriak ere.

Fakturak indarra duen legediari jarraikiz luzatuak izanen dira, honako datu hauek jarrita: fakturatzen duen enpresaren izena edo sozietate-izena eta IFZ, faktura noiz egin den, kontzeptua, zenbatekoa eta fakturatutako objektu edo kontzeptu bakoitza, zigilua, aplikatu den balio erantsiaren gaineko zerga (BEZa) eta egilearen sinadura.

Erreziboak eta/edo kutxako tiketak ez dira inola ere onartuko.

d) Laguntza hartzen duen entitateko idazkariaren ziurtagiria, entitateko buruak ontzat emana, non azalduko baitira jarduera gauzatzeko harturiko bestelako diru-sarrerak, laguntzak edo dirulaguntzak, horrelakorik bada.

e) Dirulaguntzaren xedeko informazio edo prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua, VI. eranskinaren arabera.

12.2.2. Justifikatutako gastua aurrekontuko gastua baino txikiagoa bada, proportzio berean murriztuko da 7.2.d) oinarrian zehaztutako diru-laguntzaren alde aldakorra.

13.–Bateragarritasuna.

Dirulaguntza hau bateragarria da Espainiako edo atzerriko beste administrazio publiko edo erakunde publiko zein pribatu edo partikular batzuek jarduera bera egiteko ematen dituztenekin.

Hala ere, emandako zenbatekoak, bakarrik edo beste dirulaguntza, laguntza, diru-sarrera edo baliabide bereki batzuekin baturik, ez du behin ere gaindituko entitate onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

14.–Onuradunek bete beharrekoak.

Hauek dira onuradunen betebeharrak:

a) Dirulaguntza ematea ekarri duten jarduerak oinarri arautzaileei jarraikiz egitea.

b) Proiektuaren edo jardueraren zabalkundea eta publizitatea egiten den guztietan adieraztea dirulaguntza nork eman duen. Ildo horretan, elkarteek sustatzen dituzten eta deialdi honen arabera emandako laguntzak jasotzen dituzten programetan, argitalpenetan, iragarkietan eta abarretan adierazi beharko da Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan antolatzen direla. Aipamen hori Hezkuntza Departamentuaren jarraibideen arabera egin beharko da.

c) Organo emaileak egin ditzakeen egiaztapenei men egitea.

d) Diruz lagundutako jarduera finantzatzeko eskatutako eta/edo lortutako bestelako laguntza, diru-sarrera edo baliabideen berri ematea dirulaguntza eman duen organoari.

e) Entitatearen izaera dela-eta kontabilitatean eskatzen ahal zaizkion betebeharrak betetzea.

f) Jasotako diruaren erabilerari buruzko frogagiriak gordetzea, egiaztatze eta kontrolaren xede izaten ahal diren bitartean.

g) Dirulaguntzei buruzko Foru Legeak onuradunei ezartzen dizkien gainerako betebeharrak.

15.–Gardentasun betebeharrak.

Entitate onuradunek Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legean aipatzen diren gardentasun betebeharrak bete beharko dituzte, dirulaguntza jasotzen badute Nafarroako aurrekontu orokorren kontura eta ondoko bi inguruabar hauek gertatzen direnean:

a) Emandako dirulaguntza 20.000 eurotik gorakoa izatea urtean.

b) Emandako dirulaguntza entitate onuradunaren negozio-zifraren edo urteko aurrekontuaren % 20tik gorakoa izatea.

Aurreko atalean ezarritako mugak gainditzen ote diren jakiteko, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak edo haren erakunde publikoek urte naturalean emandako dirulaguntza guztien kopuruak batuko dira. Urte batean baino gehiagotan ordaintzen diren dirulaguntzen kasuan, aurrekontuko ekitaldi bakoitzean emandako kopurua hartuko da kontuan ondorio horietarako, ez guztizko batura. Erreferentziako urteko negozio-zifra edo aurrekontua honako hauetako txikiena izanen da:

a) Aurreko urteko negozio-zifra edo gauzaturiko aurrekontua.

b) Kasua bada, dirulaguntza zein ekitalditan ematen den, ekitaldi horretan entitatearen organo eskudunak onartutako aurrekontua edo negozio-zifra.

Aipatu diren inguruabarrak gertatzeagatik gardentasun betebeharra duten entitate onuradunek ondoren adierazten den informazioa eman beharko dute dirulaguntzarik jasotzen badute:

a) Entitatearen gobernu, administrazio eta zuzendaritza organoen osaera.

b) Organo horiek osatzen dituzten kargudunen zerrenda.

c) Entitateak aurreko urtean kargudun bakoitzari ordaindutako ordainsari gordinak eta gainerako diru konpentsazioak, kontzeptuz kontzeptu. Sortu berriak diren entitateen kasuan, informazioa haien aurrekontuetan edo plan ekonomiko-finantzarioan dagoena izanen da.

d) Kargudun bakoitzak gobernu, administrazio eta zuzendaritza eginkizunetan ematen duen dedikazioaren araubidea.

e) Entitate onuradunaren urteko azken kontuen kopia bat.

Informazio hori entitate onuradunaren legezko ordezkariak sinatuta aurkeztuko da, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoaren bide telematikoak erabiliz, eta dirulaguntza kudeatzen duen administrazio unitateari bidaliko zaio. Informazioa bidaltzeko epea hilabetekoa izanen da dirulaguntza ematen duen ebazpena jakinarazten edo, hala bada, argitaratzen den egunetik hasita.

Informazio hori urtebetez egonen da aztergai Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian argitaratzen denetik hasita, eta gehienez 15 hilabetez utziko da bertan, informazioa kudeatzen duen organoan sartzen den egunetik hasita. Epe hori iraganik, informazioa argitaratzeko ardura duen unitateak ofizioz kenduko du. Hala egin ezean, entitate onuradunak kentzeko eskatzen ahalko du, eta gehienez ere hilabeteko epean kendu beharko da, eskaera egiten denetik hasita.

Entitateak gardentasun betebeharra bete behar ez badu aurreikusitako inguruabarrak gertatzen ez direlako, horren gaineko aitorpena aurkeztu beharko du.

Entitateak ekitaldi berean dirulaguntza bat baino gehiago jasotzen badu, ez du informazioa errepikatu beharko dirulaguntza bakoitzerako, salbu eta hasieran eman zituen datuak aldatzen badira.

Onuradunak informazioa emateko betebeharrak ez betetzeak ekar ditzakeen zehapenak galarazi gabe, haiek bete ezean, onartutako dirulaguntza ordaindu gabe utziko da, eta, zenbatekorik kobratu bada, itzuli egin beharko da, eta aurrerakinak ere bai, Dirulaguntzei buruzko Foru Legearen 35.1.c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz.

16.–Ikuskapena eta kontrola.

Hezkuntza Departamentuak eskubidea du edozein motatako informazio osagarria eskatzeko eta diruz laguntzen diren jardueren ikuskapena eta kontrola egiteko.

Bere eskumenen esparruan, Hezkuntza Departamentuak federazio eskatzaileei ofizioz eskatzen ahalko die dokumentazio osagarria aurkezteko, federazioa osatzen duten elkarteen kopuruari eta elkarturiko familiei dagokienez horiek ematen dituzten datuen egiazkotasuna eta, hala denean, horiek ordaintzen dituzten kuotak egiaztatzeko.

Horregatik, deialdira aurkezten diren federazioek dokumentazio hori izan eta, hala denean, eman beharko diote Hezkuntza Departamentuari, egiaztapen eta kontrol jarduketak izan baititzakete.

17.–Betebeharrak ez betetzea eta laguntza itzultzea.

Deialdiaren oinarrietan ezarritakoa ez betetzeak, laguntza eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntza zertan erabili den ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak edo gezurrezko datuak emateak laguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra ekarriko dute, baita ordainketaren egunetik aurrerako berandutze-interesak ordaintzea ere, hala badagokio, Nafarroako Ogasun Publikoari buruzko apirilaren 4ko 13/2007 Foru Legearen 18. artikuluak ezarritakoaren arabera kalkulatuak, deusetan galarazi gabe Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutako gainerako erantzukizunak, hurrengo deialdietan parte hartzeko eskubidea galtzea barne.

18.–Errekurtsoak.

Deialdi honen eta oinarrien aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Hezkuntzako kontseilariari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera zenbatzen hasita.

19.–Aplikatu beharreko legeria.

Oinarri hauetan ezarri ez diren gaietan Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.

II. ERANSKINA

Ikasleen gurasoen elkarteen federazioek laguntza jasotzeko eskaera-orria.

III. ERANSKINA

Jardueren azalpen-txostena.

IV. ERANSKINA

Nafarroako Foru Komunitateko ikastetxeetako ikasleen gurasoen elkarte eta federazioentzako laguntzen deialdian aurkeztutako jardueren zerrenda eta laburpena.

V. ERANSKINA

Gastuaren justifikazioko kontua.

VI. ERANSKINA

Dirulaguntzaren xedeko informazio edo prestakuntza jardueretako parte-hartzaileen sinadurak biltzen dituen dokumentua.

Deskargatu beharreko artxiboak PDF formatuan daude.

Iragarkiaren kodea: F2009611